Naiara Ozamiz eta Miren Agurtzane Ortiz "ESKOLA- ETA LAN-JAZARPENA"

2018-05-01

 

Indarkeriaren definizioa oso konplexua da, indarkeria mota asko baitago. MOEk (Munduko Osasun Erakundea) honela definitzen du indarkeria: norberaren aurkako, beste pertsonen aurkako edo komunitate baten aurkako indarkeriaren edo botere fisikoaren nahitako erabilera, lesioak, heriotza, min psikologikoa edo garapen-nahasteak sor ditzakeena.

 

 
 

Indarkeria mota bat da jazarpena, eta gero eta gehiago jabetzen gara kidekoen artean gertatzen den jazarpenaz. Kidekoen arteko jazarpena testuinguru ugaritan gerta daiteke. Artikulu honetan, batez ere eskolan eta lanean gertatzen den jazarpenari buruz hitz egingo da.

 

Eskola-jazarpena

Ikerketa askok erakutsi dutenez, ikasle askok izan dute kidekoen arteko indarkeriarekin kontaktua eskolako urteetan zehar. Eskola-jazarpena hitzezko erasoen bitartez, eraso fisiko eta psikologikoen bitartez edo jazarpen sozialaren bitartez egin daiteke. Erasotzailearen helburua beste ume bati mina egitea eta hura menderatzea da.

Eraso fisikoen artean, bultzadak, ostikadak, ukabilkadak… izan daitezke; hitzezkoen artean, hitzezko irainak, adibidez; psikologikoen artean, beste pertsonaren autoestimuaren aurkako erasoak, biktimari segurtasun falta eta beldurra sorraraz diezazkioketenak; eta, eraso sozialen artean, beste pertsona alde batera uztea izan daiteke helburua.

Eskoletan gertatzen den jazarpenean, askotarikoak izan daitezke protagonistak: 

  1. Biktima: zama negatibo guztia jasotzen duen pertsona. 
  2. Erasotzailea: biktimari zuzenean jazartzen dion pertsona. 
  3. Erasotzailearen jarraitzaileak: jazarpena horiek hasi ez badute ere, zuzenean parte hartzen dute jazarpenean.
  4. Erasotzaile pasiboak: ez dute rol aktibo bat hartzen jazarpenean, baina erasotzaileari laguntzen diote.
  5. Erasotzaile posibleak: eskola-jazarpena onartzen duten pertsonak. Jazarpena errespetatu egiten dute, nahiz eta publikoki ez esan. 
  6. Behatzailea: jazarpena ikusten duten eta horren aurrean inolako jarrerarik hartzen ez duten pertsonak. 
  7. Defendatzaile posibleak: jazarpenarekin ados ez badaude ere, biktima defendatzeko jokabiderik hartzen ez dutenak. 
  8. Biktimaren defendatzaileak: biktimari laguntzen dioten bakarrak. Beraz, protagonista asko ikusten ditugu jazarpenaren agertoki horretan, baina horietatik bakarrak dira biktima defendatzen dutenak. 

Eskola-jazarpenak ondorio larriak izan ditzake biktimarengan. Eskola-porrota, autokontzeptu negatiboa, aldarte-nahasteak, bakartze soziala, antsietatea eta depresioa izan daitezke ondorioak. Kasurik larrienetan, suizidioarekin lotutako pentsamenduak ere bai. Gainera, haurtzaroa eta nerabezaroa identitatearen garapenerako garai garrantzitsuak direnez, epe luzeko ondorioak ere izan ditzake.

Eskola-jazarpenari aurre egiteko, garrantzitsua da prebentzioa egitea, baina baita jazarpen-egoerei aurre egitea ere. Eskolak, familiak eta ikasleek aktiboki parte hartu behar dute programetan. Gaur egun, Euskal Herrian 52 ikastola ari dira Finlandian sortutako KiVa programa ezartzen. KiVa programa hori oso arrakastatsua izan da Finlandian, eta jazarpen-egoeren prebentziorako eta egoera horiei aurre egiteko programak eskaintzen dituzte.

 

Lan-jazarpena

1980. hamarkadan, Heinz Leymann-ek lan-giroan gertatzen zen eskola-jazarpenaren antzeko jokabide bat aztertu zuen, eta mobbing hitzarekin definitu zuen jazarpen mota hori. Mobbing hitza ingeleseko “to mob” aditzetik dator, eta jazartzea esan nahi du. 

Etologiaren ikuspuntutik, Konrad Lorenz-ek mobbing terminoa definitu zuen, animalia batzuek espezie bereko koalizioetan indartsuagoak ziren animaliei eraso egiten zietela adierazteko. 

Lan-jazarpenaren barnean, honako jokabide hauek izan daitezke: biktimari besteekin duen komunikazioa galaraztea, adierazten ez uztea, inork hitz egin ez diezaion saiatzea, biktimari bere gaitasunetik oso azpitik edo oso gainetik dauden lanak agintzea, eta jazarpen psikologikoa edo fisikoa egitea.

Mobbing egoerek ere ondorio larriak izan ditzakete biktimarengan. Normalean, antsietatea agertzen da gehien. Antsietateak biktima porrotarekin, frustrazioarekin, autoestimu-gabeziarekin, distortsio kognitiboarekin eta loarekin arazoak izatera eraman dezake. Horregatik guztiagatik, langilearengan mendekotasunak, depresioa, nahaste paranoideak edo, kasu larrienetan, suizidioarekin lotutako pentsamenduak eragin ditzake. Bestalde, fisikoki, biktimek nahaste psikosomatikoak edota nahaste organikoak izan ditzakete. Eta, gizarte- eta familia-mailari dagokienez, mesfidantza eta haserrea senti ditzakete inguruan dituzten pertsonekiko, bakartuta senti daitezke.

Eskola-jazarpenari aurre egiteko programak badaude, baina, gaur egun, ez dago lan-jazarpenari aurre egiteko programa askorik. Horrelako programak garatzeko, hainbat erakundek parte hartu behar lukete. Hasteko, administrazio publikoek jazarpenari aurre egiteko kanpainak egin behar lituzkete. Eskolek eta lantokiek ere jazarpenaren aurka egin behar lukete, komunitatean jazarpenaren aurkako kultura sor dadin eta lantokietan dauden pertsonek babesa dutela ziurta dadin.

 

Ondorioak

Artikulu honetan aztertu daitekeenez, eskolan gertatzen den jazarpenaren fenomenoaren antzekoa gertatzen da lan-esparruetan ere. 

Etologoek, animaliak aztertzean ikusi dute, haiek instintu erasotzailea dutela bizirik irauteko. Instintu horrek biziraupenerako balio omen die. Gizakiok ere instintu hori ba omen dugu, baina ez dugu ahaztu behar izaki biopsikosozialak garela, eta, nahiz eta gure arbasoek instintu hori erabili bizirauteko, guk bilakaera garrantzitsua izan dugula eta gai garela arazoei eta bizirauteari beste modu batean aurre egiteko. Zaila da, indarkeriaz betetako gizarte honetan, indarkeria edo jazarpen-egoerak ez errepikatzea lan-eremuan, eskolan eta horrelako esparruetan. Baina pertsonak geldiaraz ditzake jazarpen-egoera horiek, bakoitzak bere lekutik, lan egiten duen erakundetik edo gizartean betetzen duen rolaren ikuspuntutik, jazarpenak salatuz, biktimari lagunduz edo ingurunea heziz. Bandurak esan zuenez, bai haurrek, bai inguruan ditugun pertsonek gure portaera sozialak errepikatzeko joera dute, eta alderantziz. Baina, portaera antisozialak bultzatzen diren bezala, posible da portaera prosozialak bultzatzea ere. Eta modu egokia izan daiteke hori, bai eskolan, bai lan-giroan jazarpen-egoerak gerta ez daitezen. Asko egin dezakegu denok, jazarpen-egoerak gerta ez daitezen, eta, egoera horien aurrean, pasibotasuna jarrera desegokia da, horrek beti erasotzaileari indarra ematen baitio.