ORUE ESKOLA. Psikomotrizitatea haurraren garapen integralerako ingurune seguru eta babesle

2018-11-01

Psikomotrizitate integra-tzailean jarduten duen Orue Eskolako kideek idatzi dute artikulu hau, psikomotrizitateak haurraren garapen osasuntsu baterako ingurune segurua sortzerako orduan nola laguntzen duen azaltzeko. Euren esanetan, pertsona seguru sentitzen da bere ingurunea kontrolatu behar ez duenean eta den bezala azal daitekeenean.

 
 

Jakina da segurtasun afek-tiboa dela pertsonaren garapen integralaren oinarria (garapen fisikoa, afektiboa, kognitiboa eta soziala), eta ingurune seguru eta babesleen bidez soilik sor daitekeela segurtasun hori. Pertsonak, seguru eta salbu sentitzen denean, ikasteko, lan egiteko, erlazionatzeko, lasaitzeko… gaitasuna gara dezake; hau da, mundura zabaltzeko eta ingurunea eraldatzeko gaitasuna garatuko du. Ingurune horietan, garunaren gaitasun primarioenek biziraupenerako arriskurik ez dagoela hautematen dute, eta garunak garapen integrala susta dezake egoera horretan. 

Ingurune seguru eta babeslea zer den ulertzeko, argi eduki behar dugu segurtasun eta kontrol kontzeptuen arteko desberdintasuna. Ingurune horrek ez du bere hezkuntza-proiektua jokaera-eredu batean oinarritzen. Ez du helburu jokaera kontrolatzea; izan ere, pertsona ez da ziur sentitzen zer egin ahal duen eta non kontrolatu behar duenean. Pertsona seguru sentitzen da bere ingurunea kontrolatu behar ez duenean eta den bezala azal daitekeenean. Hezkuntzan esku hartzeko modua zeharo aldatzen du horrek, arretagunea haurraren jokabidean jarri beharrean helduon ekin-tzen kontzientziazioan jartzen baitu.

Beste alde batetik, helduok, per-tsona autonomoak garen heinean eta erabakiak hartzeko gaitasuna dugunez, ingurune seguru hori bilatu, sor edo susta dezakegu. Haurrek, aldiz, ez. Haurrek bizikidetzako eta hezkuntzako espazioetan ingurune hori berma diezaieketen helduen beharra daukate. Beraz, helduon erantzukizuna da haurrentzat ingurune seguru eta babeslea sortzea. 

Horrelako inguruneak bermatzeko orduan, psikomotrizitateak duen balioaren indarra berretsi nahi dugu, ematen duen segurtasun-esparruaren bidez aipatutakoa betetzen baitu. 

Psikomotrizitate gela, ingurune fisiko legez, haurraren segurtasun fisikoa bermatzen duen espazio bat da. Haurrak ez du ingurunea mehatxu bezala hautematen, eta den bezala azal daiteke. 

Hori lortzeko, ezinbestekoa da helduon aurretiazko lana, eta, helduez ari garenean, ez gara ari psikomotrizistaz soilik; hezkuntza-talde osoa hartzen dugu aintzakotzat. Aurretiaz-ko lana, espazioaren dimentsioa, arriskutsuak diren egoeretatik babestea (lur irristakorra, erorikoak…), psikomotrizitateko materialen garbitasuna, sarbide egokitua… eta horrelako baldintzak kontuan hartzea da. Horiek zaintzen ez badira, helduok haurraren jokaera neurtzen egongo gara beti, haren segurtasun fisikoa ez mintzeko, eta kontrolerako ingurune bat sortuko dugu. Beraz, helduon eta gure ardurapean dauden haurren beharrizanetatik eraiki behar dugu. 

Segurtasun fisiko hori lortuz gero, segurtasun emozionalera helduko gara. Psikomotrizitate gela haurra onartua sentitzen den espazio pribilegiatua eta paregabea da. Desiratzen den toki bat da, ez gelan aurkitzen duenagatik (espazioa, materialak…), gela horretan izan daitekeenagatik eta egin dezakeenagatik baizik, han bizi eta sentitzen duenagatik; gainera, haurrak bere ekintzetan plazerezko ispilua eskaintzen dion heldu baten sostengua dauka, haurrari gelan bere lekua ematen diona.

Denborarekin eta espazioarekin lotutako baliabideek ere (espazioen egonkortasuna, objektuen ordena, ohiturak sortzen dituzten ekintzen errepikapena, arau argiak…), segurtasun afektiboa bermatzen duten loturak sortzen laguntzen dute. 

Bestalde, pertsonekin lan egiten dugunok ondo dakigu hezitzaile taldeak haurrei afektua adierazteko gaitasuna izan behar duela, haien emozio eta zentzumenetara egokituz. Beraz, afektiboa izatea ez da aukera bat, erantzukizun bat baizik.

Psikomotrizitateko prestakuntzan, bada nahitaezko alderdi bat, gaitasun hori lantzen duena, psikomotrizistok egokitzapen toniko-emozionala deri-tzoguna. Gaitasun hori prestakuntza pertsonalaren bitartez lantzen da, eta helduaren afektibitatearen kontzientziazioa du xede. Bizipen-saio horiek norberaren gorputzetik abiatzen dira, norberaren ezagutza landuz; gero, praktikan landuko dira, geure arazoa dena eta umearena dena desberdintzeko.

Haurrarekiko begirada desberdina izaten laguntzen digu horrek, eta haurraren jokabidea haren ondoezaren sintoma moduan ulertuko dugu, ez probokazio pertsonal moduan. Era berean, erabat aldatzen du helduaren esku-hartzea; izan ere, haurraren ikuspuntura egokitzea ahalbidetzen du, haren beharrizanetatik abiatuta, eta ez gureetatik.

Psikomotrizitatean, haurra da bere ikaskuntzaren protagonista. Haurrari bere burua babesteko, autonomiarako eta erresilientziarako tresnak ahalbidetzen dizkio horrek, eta herritartasun aktiborako ezinbesteko tresnak dira horiek. Jolasa haren desiratik hasten da, bakoitzaren erritmoak eta beharrizanak errespetatuz. 

Gainera haurrarengan sinesten dugu, izaki original eta paregabea den aldetik, kontuan hartuta berak bakarrik izan daitekeen izaki biziduna izatera heltzeko behar dituen gaitasunak hasieratik dituela. Sinesmen horrek erabat aldatzen digu haurra ikusteko modua, eta merezi duen protagonismoa ahalbidetzen dio.

Ondorio bezala, psikomotrizitateko segurtasun-esparruak (gela, espazioarekin eta denborarekin lotutako baliabideak, materialak, heldua…) ingurune seguru eta babesle bat sor-tzen du; haurraren segurtasun afektiboa bermatzen du horrek, eta haren garapen integrala sustatzen. Baina, gure ustez, kontzientziazio-prozesu hori erakundearen maila guztietan garatu behar da, ez zuzeneko arreta ematen duten hezitzaileengan soilik. Hau da, ingurune seguru eta babesle bilakatu behar du eskolak, bai haurraren, bai hezitzaileen segurtasun afektiboa bermatzeko; izan ere, zaintzen gaituztela sentitzen dugunean ikasten dugu zaintzen.