ZENBATEKO GARRANTZIA DUTE BIZITZAKO LEHEN URTEEK?
XABIER TAPIA
Psikologo klinikoa
Gizakiaren ibilbidean lehen urteek duten garrantzia azken aldi honetan sarritan aipa-tzen den arren, esango nuke oso hausnarketa gutxi egiten dela gai honen inguruan. Horregatik da eskertzekoa Hik Hasik ematen digun gogoetarako aukera.
Lehen urte horien garrantzia aitortzeko orduan guztiok ados gaudelakoan, harira datozen bi gai jorratu nahi nituzke, biak ere elkarrekin txirikordatuz:
Nire ustez kritikagarriak diren ideia eta jarrera batzuk.
Garai hauetako lan profesionala.
Aipa ditzadan, beraz, kritikagarriak iruditzen zaizkidan hainbat jarrera eta uste.
1. Errespetu falta, 0-3 adin-tartearen inguruan
Haurrenganako errespetu falta.
Protagonista nagusiak haurrak dira, kontrakoa badirudi ere, baina ez da haien ahotsik entzuten ia, beste askoren ahotsak ozen asko entzuten diren arren: zaintza partekatua dela, kontziliazioa, gurasotasun-baimen bateragarri berriak, genero-ikuspegia, homo-gurasotasuna, mono-gurasotasuna, gurasotasun-kidetza, gizartearen beharrak etab. Haur txikiak beti hizpide, baina helduen ahotsak, kezkak eta eskubideak baino ez plazan (guztiz legitimoak, noski).
Profesionalenganako errespetu gutxi.
Ugariak dira 0-3 adin-tarte horretako profesionalenganako paternalismoak, topikoak eta ñoñokeria-kutsuko aipamenak: andereñoak zer jatorrak diren, zelako pazientzia duten, haien lana zein polita den, zenbait maite dituzten haurrek, zelako meritua duten…
Baina, meritu pertsonalaz harago, ez da haien profesionaltasuna ez aipa-tzen, ez aintzat hartzen ia, haien lanak, dohain pertsonalaz gain, beste inolako gaitasun profesionalik edo prestakun-tzarik eskatuko ez balu bezala. Meritu profesional handirik ez, beraz, eta are gutxiago kategoria profesionala. Ez dira gutxi halatsu pentsatzen duten goragoko lankideak ere, hezkuntza barrukoak, alegia.
Gurasoenganako errespetu falta.
Gurasoei dagokienez, uste dut paternalismo, txutxumutxukeria eta batez ere gutxiespen eta kritika gehiegi dagoela, eta, ez jakintzat ez ezik, erruduntzat ere jotzen dira: “Noski, halako amarekin zer nahi dun bada!”
Hainbat soziologoren iritziz, gero eta ugariagoak dira gurasoenganako kontrol sozialaren beharraz mintza-
tzen diren sektore politiko eta profesionalak: gurasotasuna ondo betetzen dutenei laguntza-politika bat eskain-tzea litzateke, alde batetik, helburua, eta, bestetik, guraso-erantzukizunak betetzen ez dituztenekin kontrol-politika bat ezartzea, eta, behar izanez gero, berreziketa-programak aplikatzea eta erantzukizun-kontratuak sinaraztea (etorriko dira horrelakoak ere). Esan beharrik ez dago, sektore ideologiko horien iritziz, bi taldeak maila sozio-ekonomikoaren arabera osatzen direla, salbuespenak salbuespen.
Baina ez dugu oso urrutira joan beharrik; gure artean ere gurasoez dagoen iritzia eta pertzepzioa nahikoa kritikoa eta gutxieslea da, gupidak jarrera horiek apur bat leundu arren.
Nahiz eta hainbat gurasok sarritan profesionalekin modu gogaikarrian eta umeekin ez oso egoki jokatu, ez dut uste gehiegi hartzen denik kontuan ez haien testuingurua eta ez haien egoera zehatza: haien sentipen intimoak, beldurrak, erruduntasunak, zalan-tzak, ulertuak izateko beharra, lan eta familia egoera zailak… Oso ohikoak dira horrelakoak, eta aintzat hartzeko modukoak.
2. Ezjakintasuna
Errespetu falta deigarria bada ere, zer esan 0-3 adin tarte honi buruz dagoen ezjakintasunaz?
Handia da, oro har, haurraren garapenari eta adin horretako lan profesionalari buruzko ezjakintasuna, eta ulergarria ere bai, neurri batean behintzat. Hala ere, profesionalen lanari buruz gizarteak duen ezjakintasuna mingarria izan badaiteke ere, are mingarriagoa da hezkuntzako hainbat profesionalek azaltzen dutena.
Prestakuntzan, azken 40-50 urte hauetan egin diren ikerketak eta argitaratu diren liburuak kontaezinak izan arren, guztiz da urria horien presentzia hainbat prestakuntza mailatan, ia nabari ezina.
Ezjakintasunak, ordea, ez dauka zertan arazo izan; ezjakintasuna, jakin-minari bidea emateko bada, ezaupide berrien akuilu ere bilaka daiteke; ezjakintasunaren arazoa esaera zaharrek diotenaren bidetik dator: “Gutxi ikasia, beti jakintsu”, edo “dena jakitun ustezko ez-jakin hutsak!” 0-3 adin-tarteko lanari buruz esaten diren itxurarik gabeko iritziak, deigarriak izateaz gain, auzo-lotsarako motibo ere izaten dira, lanbideko kideen ahotik entzuten direnean batez ere.
3. Inolako funts zientifikorik gabeko hainbat ‘ideologia’, gaur egun kalte handia egiten ari direnak
‘Aditukeria’
Adituen ustezko gehiagotasunean sinetsita, adituei ematen zaien lehentasunaz eta protagonismoaz ari naiz, haurren hezitzaileen zeregin bakarra adituon esanetara egote hutsa balitz bezala. Aditukeria horrek badu albo-kalte larri bat ordea: profesionalen eta gurasoen gutxiespena, deskalifikazioa; nabarmena eta agerikoa batzuetan, inplizitua eta disimuluzkoa gehienetan. Denbora falta aitzakia hartuta adituen ustezko nagusitasuna onartzen denean, nahasketa larri bat egiten da: esan dezadan labur, nahasi egiten baitira guztiz desberdinak diren bi dimentsio edo maila:
Ezagueraren maila
Bizitzaren maila
Ezagueraren mailan, adituek, jakin, gehiago jakin dezaketenez, ezinbestekoa da haien ekarpena. Bizitzan, ordea, gurasoek dute lehentasuna, eta baita profesionalek ere. Ez da aukera kontua; eguneroko bizitzan, gurasoak zein profesionalak dira haurren harremanetako kide afektibo, pribilegiatu eta protagonista nagusiak, eta ez adituak.
Beraz, haurren lehentasuna onartzekotan, adituen zeregin nagusia aipatutako protagonistei ondotik laguntzea eta haien zerbitzura ere egotea da, eta ez alderantziz.
Adi, beraz, aditukeriaren ideologia horrekin, haurren harremanetako kiderik garrantzitsuenak gutxiestera eta deskalifikatzera eraman gaitzakeelako, eta, batzuetan, baita haiek gutxiestera ere.
‘Berehalakokeria’
Emaitzak epe laburrean eta berehala lortu beharraz ari gara, haurrek haur izateko duten eskubidea bera guztiz zapuzteraino. Ideologia horrek presaren alarmak, presioak eta (hiper)estimulazioak pizten ditu, eta haurren erritmo biologikoak zein psikologikoak apurtzen, ume izateari baino ikasle izateari garrantzi handiagoa ematen baitzaio. Ustez txinatarra den esaera zahar bat datorkit burura: landare gaztea ez dela azkarrago hazten dio, hostoei tira eta tira egitegatik, eta, aldiz, ikusten ez diren sustraiak zaintzea dela kontua.
Geroxeago garatuko ditut ideologia horren nondik norako batzuk.
‘Errentagarrikeria’
Ageriko emaitzen lehentasunari dei-tzen diot errentagarrikeria: ageriko errendimenduaren eta emaitzen lehentasuna, barruko prozesu sakonen kaltetan. Emaitzen zaleek hobeto ulertze aldera, hauxe esan dezaket: ageriko portaerak eta azturak baino, azpiko prozesu afektiboak zein kognitiboak dira garrantzitsuenak, zaindu beharrekoak; mimoz, profesionaltasun zorrotzez eta behar besteko denboraz garatu behar dira, erritmo desberdinak errespetatuz, landare gaztearen ezkutuko sustraiak bezalaxe. Pikler-Loczy zaleek badute honetaz guztiaz guri zer irakatsi.
4. Presa eta presio-giroa
Leku askotatik sor daiteke presio-giro hori, baina faktore batzuk aipatuko ditut:
Oraintxe aipatutako ideologiak horiek
Demografia
Geroko eskolagintzan gehiegi zentratzea
Geroaren beldurra
Hainbat ideologia
Ez dut lehen esandakoa errepikatuko.
Demografia
Bi datu baino ez:
Europako ugalkortasun-indizea oso baxua bada (1,5), are baxuagoa Euskal Herrikoa (1,3).
Europan lehen amatasun-adina, batez beste, 30 urte ingurukoa da, eta Euskal Herrikoa, berriz, 33,4koa (40 urtetik gora lehen aldiz ama diren asko daude).
Haurrak horren gutxi eta berandu izatearen ondorio nagusietako bat haurrei buruz dugun irudi sozialaren aldaketa da:
Haurrak oso preziatu bihurtu dira.
Era berean, ez zaie merke atera-tzen ari horren preziatuak izatea.
Izan ere, itxaropenak aldatzen ari dira: handiak bezain negozia ezinak dira, lehenbailehen bete beharrekoak, alegia; ondo eta azkar hazi behar dira, ondo eta azkar ikasi behar dute, hizketan eta irakurtzen ondo eta azkar ikasi behar dute, eta idazten, autonomo izaten, pentsatzen… gauza bera; denetarik jan behar dute, eta ondo lo egin, igeri egin… Haur preziatuak bai, baina haur perfektu goiztiarrak diren neurrian. Haurrekin diharduten profesionalek badute, inork baino hobeto, gizartearen presio horren berri.
Geroko eskolagintzan gehiegi zentratzea orainaren kaltetan
Hauxe esan daiteke labur-labur: geroko eskolagintzak (6 urtetik aurrerakoak, legearen arabera) zilegitasun osoa du bere helburu, metodo eta identitate pedagogikoak burutzeko, noski; ez, ordea, bere mentalitatearen garroak 0-3 adin-tarte horretara luzatzeko, aro hori bere zerbitzura jarri nahian. Lehen, nahikoa inbaditu zuen, zoritxarrez, eskolaurrea edo 3-6 etapa, eta, orain, 0-3koa ere inbaditzen ari da.
0-3 adin-tarteak bere identitatea du, 6tik aurrerakoarekin ia zerikusirik ez duena; izan ere, lehen adineko haurraren ezaugarriak oso desberdinak dira.
Baina haur guztiak tropel berekoak balira bezala hartzen dira: ikasleen tropelekoak, alegia, bai 6 urteko umeak, eta baita 6 hilabetekoak ere! “Dena da hezkuntza, dena eskola” ideologia, haur-eskolarena, eskolaurrearena, lehenbaileheneko azturena eta ohiturena, (hiper)estimulazioarena, ikasketa goiztiarrena, aurre-ikasketena (aurre-irakurketarena, aurre-idazketarena), lehenbaileheneko autonomiarena…. Trebakuntza goiztiarraren enbor ideologikoaren ezpalak dira denak, haur txikien erritmo biologikoak zein psikologikoak hankapean harrapatzen dituztenak.
Haurrek, hau da, ikasleek, ikas dezatela azkar, ondo, ahal den gehiena eta geroko probetxuzkoa: oraina geroaren morroi. Erabat umetzen ari den gizarte hau bera da haurrak haur baino heldu nahiago dituena. Biolentzia pedagogiko-komertzial honekin kontrakoa ari dela lortzen jakingo balu!
Geroaren beldurra
Gurasoengan, geroaren beldurra da nagusi, larritasuna eragiten die horrek:
- Etorkizuna ilun ikusten da, zaila da, lehiakorra, ziurtasunik gabekoa.
- Mamuak ezagunak dira: langabezia, droga, alkohola, eskola-porrota.
Eskolan ere, ez da falta prebentzio-programarik; denetarik eta noiz-nahi: bakea, toxikomania, bullying-a, sexualitatea, sexismoa, elikadura, trafikoa, arrazakeria, ingurumena, kontsumoa…!! Haurrengan konfiantza zipitzik ez dagoen seinale da hainbeste prebenitu behar izatea.
Eta, konfiantzarik gabe, ilusiorik gabe, desordenarik gabe, abenturarik gabe eta tranpolin-jauzirik gabe, ez dago etorkizuna norberaren barrutik sortzerik.
Presaren eta presioaren kalte psikopatologikoak ez ditut aipatuko, oso larriak izan badaitezke ere.
0-3 aroko jardueraren oinarrizko helburuak, haurren humanizatze-prozesuan
Aipatu baino ez ditut egingo:
Haurrak seguru sentitzea, profesionalen eta haurren arteko konfiantza eta jarraitutasuna direla medio.
Haurrak harremanetan ondo kokatzea eta sentitzea, bai beren buruarekin eta bai besteekin.
Bere burua zaintzea, menpekotasunetik autonomiarako bide luzean abiatzea.
Mundura zabaltzea: haurrak munduaren kuxkuxero jostalari bihurtzea, “ikasle” ludiko (gorputza, motrizitate askea, zentzumenak, jolas-giroa…), “ikasketak” ondorio izan daitezen, eta ez helburu.
Sozializatzea: inguruneko hizkuntzak, kodeak, sinboloak, balioak bereganatzea (kultura, natura, artistak, artisauak, pailazoak, idazleak, poetak, pintoreak, musikariak, ipuin-kontalariak, eskulturagileak, etab.).
Humanizatze-prozesu horretan, honako ardatz hauek hartu behar lirateke kontuan:
1. Harremanak
2. Gorputza
3. Gurasoak
4. Prestakuntza
5. Profesionalen lanaren aintzatespena
Azken bi horiek garatuko ditut, labur bada ere.
Prestakuntza.
Profesionalen erronka ez da asmatzea, zertan ari diren jakitea baizik, zuzen ala oker, baina egiten ari direnaren jakitun izatea.
Galdera nagusia ez da “zer egin behar da?” galdera, “zertan ari gara?” baizik. Lehen galderak ageriko jokabidearekin du zerikusia; bigarrenak, aldiz, jokabidearen zentzuarekin; eta gogoratu beharra dago haur txikiak, gure portaeren begirale baino, gure portaeren zentzuaren zelatari eta atzemaile erneak ditugula, gure portaerarenak baino areago.
Eta, egiten dugunaren zentzua bilatzean, prestakuntza izango dugu bidelagunik leialena.
Prestakuntzak duintzen eta janzten gaitu, plazan beldurrak uxatzen laguntzen digu, eta, besteen aurrean uzkur eta lotsati azaldu ordez, tente eta gure lanaz eta geure buruaz profesionalki harro sentitzen lagun-tzen digu. Prestakuntzak egiten gaitu geure lanaren aktore eta sortzaile, eta ez besteen esaneko otzan eta zintzo. Prestakuntzak laguntzen digu nortasun profesionala marrazten, mamitzen, besteengandik bereizten eta edonori, profesionalki behinik behin, parez pare eta aurrez aurre begiratzen.
Askotxok uste du, ordea, haur txikiekin lan egiteko ez dela prestakuntza handirik behar, baita lanbideko kide askok ere: “Azken finean, jaten emateko, pixoihalak aldatzeko eta kontu batzuk esateko, ez dago asko jakin beharrik!”.
Nire ustez, ordea, 0-3 urte bitarteko lana, sakonik bada, horixe da sakonena, konplexuena, aberatsena, erabakigarriena, sortzaileena, eta, batez ere, intimitatearen inplika-tzailerik inplikatzaileena.
Eta zeri buruzko prestakuntza izango da? Gaiak nahi beste topa daitezke, baina, bat aipatzekotan, hauxe aukeratuko nuke, duen lehentasunagatik eta urgentziagatik: haurraren garapenari buruzko prestakuntza, haurraren garapenaren ezaugarriek markatu behar baitute gure jardun profesionala, eta ez gizartearen beharrek eta neurosiek.
Profesionalen lana aintzat hartzea.
Adin hauetako lanari buruz, lehen ere aipatu dut, gizartean betetzen duen zerbitzua guztiz onartua bada ere, eskatzen duen profesionaltasuna ez dela ia aintzat hartzen, edo, hartzekotan, zelofan ederrez bildutako topiko eta lausenga hutsez josita ageri dela.
Etapa honi kanpotik datorkiokeen errekonozimenduaren zain badaude profesionalak, egon daitezela lasai alferrik, trenbiderik gabeko trenaren zain. Ez da etorriko, interes kontziente eta inkontziente gehiegi baitago egoerak bere horretan jarrai dezan.
Nago, berriro ere, barruko lanak ez ote diren lehenik bete beharrekoak, eta ez naiz ari, noski, lan-baldintza edo aldarrikapen ekonomikoez (horiek ere bai, noski). Profesionaltasunaren aintzatespena etortzekotan, barrutik etorriko da.
Sozialki, bakardade handiko lan iluna deritzot etapa honetan egiten denari: haur-eskola terminoa ontzat hartzen badugu, eskolatzat hartzen baditugu 0-3 zentroak, orduan behe-beheko sotoko zoko ilunetako lan ikusgaitzaren itxura har dezake lanak; distira gutxikoa behintzat, goi-goi mailetako lan pedagogiko distiratsu eta prestigiodunaren aldean.
Ildo beretik, lanaren errekonozimendu faltak arriskuak lekartzake: bakardade-sentipena, etsipena, ilusio falta, aldarte txarrak, lana errutina bihurtzea, nekea, lanpostua hobetzeko aukera faltak ekarritako dezepzioa, prestakuntzarako gogo falta eta zen-tzurik eza, lanaren fruitua gerokoek jasoko duten kontzientzia…
Ez diot beti hala denik, baina horretatik ere badagoela uste dut, lotsa klandestinoaren isil-gordean sarritan.
Irtenbide bakarra barrura begirako gogoetan eta hausnarketan ikusten dut, bakarkakoan zein taldean: lan honek eskatzen dituen konplexutasunaren, aberastasunaren eta erantzukizunaren tamaina plazaratuko bada, argudioak eskuratu behar dira, bakarka eta taldean; aukeran, taldean nahiago, taldea, banakakoen bilgarri psikiko sendo eta babesleku ezin hobea izateaz gainera, eraginkorragoa ere izan daitekeelako plazan: elkarrekin bildu, elkarren lana ezagutu, elkarrekin eztabaidatu, elkarrekin gainbegiratu, elkarrekin ikasi, elkarrekin idatzi, elkarrekin izan profesional.
Identitate profesional propioa eta besteengandik desberdina berreskuratu behar da, eta etengabe berriztatu, badago eta zer jorratu eta zer gozatu; besterik ez bada, beste inork bere hatzaparrik sar ez dezan.
Haur txikiez hitz egitera gonbidatu, eta profesionalak izan ditut batez ere hizpide. Profesionaltasunaren zale izanik, profesioa eta profesionalak nabarmendu nahi izan ditut, besteengandik hain desberdin egiten dituzten ezaugarriak, konplexutasunak eta aberastasunak azpimarratu asmoz.
Lanbide honek nortasun berezia du, desberdina, eta, hala denez, prestakuntza desberdina, zientifikoa, sakona eta zorrotza, hau da, berariazko prestakuntza, exijitzen du, propioa, baina baita guk besteak, errespetu osoz, zintzoki eta etikaz aintzat har-tzea ere.