Kontxa Naturagunea: Sastrakadia naturagune, jolastoki, ikasgela, aisia-leku… bilakatu dute Karrantzako Kontxa Eskolan
Sasiak garbituz, bazterrak txukunduz, lurra landuz eta ingurua atonduz, sastrakaz betetako eskola atzeko eremua naturagune bihurtu dute Karrantzako Kontxa Eskolan. Irakasleek eta ikasleek elkarrekin egindako lana izan da; behetik gora eraikitako proiektua. Familien eta instituzioen laguntza izan dute, baina, beste ezeren gainetik, eskolako kideen ilusioa eta motibazioa izan da egitasmoa aurrera eramateko motorra.
Hasieran ingurumen proiektu izendatu zutena, ikasleen jolastoki bilakatu da, aisialdirako desiratutako espazio, lanerako eremu, eskolak emateko gune ezin egokiago; jolastoki, ikasgela eta aisialeku.
Lehen begiratuan, eskola guztien antzekoa dirudi Karrantzako Kontxa Eskolak. Autoa hesiaren kontran aparkatu, eta hormigoizko patio zabala zeharkatzea da ate nagusira iristeko bidea. Futboleko jokalekuak, saskibaloiko kantxak, ateek eta saskiek egiten diete ongietorria ikasleei, irakasleei, beste langileei, gurasoei eta enparauei. Hasierako begi-kolpean, inork gutxik irudika lezake eskolak atzean naturagune aberats eta erakargarri bat izan dezakeenik, jolaserako, gozamenerako eta plazererako ez ezik, ikerketarako, esperimentaziorako eta eskolak emateko ere hamaika aukera eskaintzen dituena.
2016ko Gabonetan hasi zuten abentura, Rober Areizaga zuzendariaren beraren ekimenez. Pixkanaka, denbora libre zuenean, eskolaren atzealdeko eremua txukuntzen hasi zen; sasiak kentzeko makina hartu, baso itxian sartu, eta sasiak garbitzen eta sastrakak kentzen. “Gure eskola ingurune natural batean dago, baina zementuzkoa zen erabat. Desoreka handia ikusten genuen, eta zer edo zer egitea erabaki genuen”, argitu du. Horrelako dimentsioa duen egitasmo batean sartzeko ausarta izan behar dela dio, baina, beste ezeren gainetik, denbora eduki behar dela, lan izugarria eskatu baitie hutsetik hasita horrelako ingurune bat prestatzeak. “Eguneroko eskola aspergarri samarra gerta daiteke, gauza berriak egin ezean eta erronka berriei heldu ezean. Ilusioa eduki behar da ametsak aurrera eramateko”.
Udalaren jabetzakoa zen Kontxa Eskolaren atzeko eremua, baina erabat utzita zegoen, eta berreskuratu egin du eskolako komunitateak. Udalak laguntza eman die, adibidez, kamioia eskainiz hainbat material garraia-tzeko. Eta guraso-elkarteak ere diruz lagundu ditu. Bestalde, familiak ere inplikatu dira egitasmoan. Horregatik diote proiektua eskola-komunitate osoarena dela. Gainera, bide bat egin duten arren, proiektuak aurrera jarrai-tzen du, etengabe zaindu beharreko espazioa baita Kontxa Naturagunea, une oro erabiltzen, aldatzen eta egiten dihardutena. Batetik, aisialdirako erabiltzen dute ikasleek —goizeko atsedenean, bazkal osteko tartean nahiz hainbat arratsaldetan—; bestetik, arloak lantzeko eta eskolak emateko ere erabil daiteke. Hori irakasle bakoitzaren esku dago, oraingoz.
Ikasleek eurek eraiki dute, eta eurena sentitzen dute
Areizagaren gidaritzapean, hainbat ikasle aritzen dira Kontxa Naturaguneko lanetan. “Talde berdea” izenpean lanean diharduten ikasleek hainbat jarduera egiten dituzte: garbitu, belarra bildu, hostoak jaso, txokoak apaindu, lurra kendu, orgatilan eraman… “Ikasleak beti prest daude parte hartzeko. Askotan, lana emateko eskatzen digute. Gauza praktikoak, baina, aldi berean, dibertigarriak egin nahi dituzte”, azaldu du proiektuaren sustatzaileetako batek, Irantzu Duce ikasketaburuak. “Nik lana nahi dut, zer egin dezaket?”, galdetzen diete irakasleei. Izan ere, ikasleek atsegin dute Kontxa Naturagunea zaintzeko eginkizunetan parte hartzea, hastapenetik inplikatu baitira egitasmoaren eraikuntzan. Horrexegatik, eurena sentitzen dute proiektua, eta zaindu egin nahi dute. Finean, Kontxa ez da ingurumen-proiektu bat soilik, ezta jolastoki edota baratze bat soilik ere. Askoz gehiago da: heziketarako, harremanetarako, bizitzarako… espazio bat da.
Sekulako aldea nabaritu dute Karrantzako Kontxa Eskolan, ingurumen-proiektua deiturikoa martxan jarri dutenetik. Liskarrak nabarmen gutxitu dira, eta askoz ere hobea da elkarbizitza. Irakasleen esanetan, horixe da akaso aldaketarik nabarmenena. “Ez dago liskarrik. Egon litezke 80 ume elkarren ondoan, hasi 2 urtekoetatik eta 12 urte artekoetara bitartean, eta denak batera jolasean bakean ibili”, dio Ducek. Hori oso lotuta dago patioaren erabilerarekin. Izan ere, aurrealdeko asfaltozko jolastokian, orain, ez da ia inor ibiltzen, “bizpahiru futbolzale” soilik. Eta, justu beste patio horretan dagoen futbol-zelaian, kontrakoa gertatzen da: “12 ikasle soilik egon litezke, eta sekulako istiluak eduki elkarrekin”.
Gatazkak gutxitzeaz gainera, irakasleak ohartu dira ikasleak elkarrekin ibiltzen direla orain nahasian, eta ez lehen bezala gelen, adinaren edo sexuaren arabera banatuta. Txikiak nagusiekin ibiltzen dira, anai-arrebak elkarrekin, zaletasunen arabera nahastuta… “Hamaika jolas motatako aukera dute, aukera ugari eta erakargarriak. Oso pozik etortzen dira, eta patioan egon nahi dute beti. Hemen denak elkarrekin ikus ditzakezue, ba-tzuk pasieran, beste batzuk lasai eserita irakurtzen, edo erremintak ikusten, harearekin tunelak egiten, enborretan jolasean, loreei begira, dinosauroekin berriketan… Eta hori oso pozgarria da guretzat”, azaldu du zuzendariak. Izan ere, Kontxa Naturaguneak horrenbesterainoko aukera zabala eskaintzen duenez, bakoitzak aukeratu dezake zer egin: batek mugimendua bila dezake, besteak lasai egotea, hirugarrenak lagunekin jolastea edo bakarrik irakurtzea, etab. Eta horrek berak ere gatazkak gutxitu egiten ditu.
Areizagak uste du Kontxa Naturaguneak eskola beste modu batera bizitzeko aukera ematen diela. “Ba-tzuetan, ni hemen geratzen naiz arratsaldetan, eta akaso ikasleek eskolaz kanpoko ekintzak dituzte, eta, denbora badute, niregana etortzen dira. Batzuetan, gurasoak ere ekartzen dituzte tokia erakutsi nahi dietelako. Horrek erakusten du ikasleentzat zer-nolako garrantzia duen leku honek, eta oso pozgarri da hori”.
Hamaika espazio eta material
Era askotako txoko, espazio, material eta natura-baliabideak ditu Kontxa Naturaguneak. Hona hemen horietako batzuen deskribapena:
- Sarrerako erakusketa: Kontxa Naturagunerako bidean, ezkerretako paretan, animalien gaineko informazioa eta haien argazkien erakusketa bat ageri da, ornodunetan eta ornogabeetan artean sailkatuta. Animalia bakoitzaren izen zientifikoa ere adierazi dute azpian, eta baita bakoitzaren ezaugarri nagusiak ere.
- Parke-gela: Kontxa Naturaguneko eremuan barrura egin, eta, eskuinetara, parke-gela dago. 25 enborrekin osatutako espazioa da. Hara joan ohi dira ikasleak irakurtzera, kontuak esatera, lasai egotera… Hori, denbora librean; eskola orduetan, berriz, edozein eskola han emateko aukera eskaintzen du. Gainera, eguraldi ona denean, arbola batetik bestera zintzilik, bi hamaka ere jarri ohi dituzte.
- Jolas librerako txokoa txikien-tzat: koloretako harriekin, makilekin, belarrarekin, ontziekin… osatutako espazio bat da, objektuak biltzeko eta sailkatzeko, eraikuntzak egiteko, garraiorako… balio dezakeena; haurrei euren kasa jolasean jarduteko aukera uzten diena, baina baita gidatutako proiektuak egitekoa ere.
- Baratze txikiak edo lorontzi handiak: parke-gelaren eta jolas librerako txokoaren alboan, lorontziak prestatzen ari dira, lur onez beteta, gero ontzi horietan hainbat barazki ereiteko.
- Irudimenaren espazioa: belar artifizialeko alfonbra bat, 10 m2 ingurukoa, jarria dute Kontxa Naturaguneko aldapa batean. Han, era askotako harriak dituzte, baita zenbait egur pusketa ere, umeen irudimenari atea irekitzen diotenak, hamaika figura ikusten baitituzte haiek harriei begira: bihotzak, arrainak, hanburgerrak, munstroen aurpegiak, itsasontziak… Haurrek, gainera, txoko hori osatzen parte hartzen dute, asteburuan mendian topatutako harriren bat ekarriz, edo egurren bat, edo hezur pusketaren bat besteen aldamenean jarriz.
- Bi hareatoki: haurrek izugarri gogoko dute eremu hau. Bi harea-toki dituzte: Lizarraren harea-tokia deiturikoa bata, eta Pagoaren harea-tokia deiturikoa bestea. Lehenak 25 m2-ko azalera du, eta 7 m3 hondar sartzen da han; bigarrenak, berriz, 30 m2-ko azalera du, eta 12 m3 hondar hartzen ditu. Adin guztietako haurrak ibiltzen dira horietan, 3 urtetik hasi eta 12 urtera artekoak: tunelak egiten dituzte, hondartzako tramankuluekin ibiltzen dira, kamioi eta hondeamakinetarako bideak egiten dituzte, oinutsik jarri eta hondarretan saltoka ibiltzen dira, hamaika irudi eraikitzen dituzte… Leku aparta da jolaserako eta gozamenerako.
- Agertokia: 20 m2-ko azalera duen eremua dute agertoki moduan prestatua, antzerkia, poesia-errezitaldiak, ipuin-kontaketak, dantzak… egiteko ezin aproposagoa. Gainera, harmailak ere badituzte ikusleentzat, aldapan jarrita.
- Informazio-panelak: landareen, fruta-arbolen, animalien, loreen… eta Kontxa Naturaguneko espazio eta material ia guztien inguruan informazioa emateko, panelak dituzte, kartoian idatzita eta plastikoz forratuta, eguraldiak honda ez ditzan. Edonork eskuetan hartu, irakurri, erabili eta atzera ere bere lekuan uzteko aukera ematen dute.
- Fruta-arbolak: zenbait fruta-arbola landatzeaz gainera –hala nola sagarrondoak, gaztainondoak, intxaurrondoak…–, gaur egun Kontxa Naturagunea den eremuan lehendik zeuden zenbait zuhaitz ere mantendu dituzte: lizarra, artea, haritza, astigarra…
- Egurrezko hamakak: Hamakontxa izenez ezagutzen duten espazioa da. Paletekin egindako egurrezko sei hamaka zabal dituzte. Haurrek atseden har dezakete gune horretan, hamaiketakoa edo askaria jan, irakurri, kontuak esan… edota baita eguzkitan siestatxoa egin ere.
- Gezurretako animaliak: erretxinarekin, plastikoarekin nahiz zeramikarekin egindako hamaika animalia dituzte, Kontxa Naturaguneko hamaika txokotan banatuta. Ikusgarriak dira, tamaina eta kolore guztietakoak, eta haurrek oso gustuko dituzte, beren egiantzekotasunarengatik; izan ere, esan daiteke ia ume guztiak direla animalien zaleak.
- Kontxasauroa: dinosauroen bildumarako txokoa da. Hamaika dinosauro dituzte, asko ikasleek eurek ekarriak; beste batzuk, berriz, erosiak. Dinosauro batzuek leku finkoa dute. Beste batzuk, berriz, batetik bestera mugitzen joaten dira; horrek aukera ugari ematen dizkie haurrei, jolaserako, adibidez. Ikasleen artean sekulako arrakasta duen eremua da.
- Habiak: habiak egin dituzte hainbat hegazti motarentzat, eta zuhaitzetan zintzilik jarri dituzte.
- Abenturazko ibilbidea: pasabide ezkutu bat da, aldapekin, lokatzarekin, harriekin, sastraka artean… Ikasleek oso gustukoa dute, txikienek bereziki, haientzat sekulakoa baita ibilbide osoan egitea lortzea, beldurrak alde batera utzita.
- Buru-hezurren txokoa: animalien buru-hezurrak ez ezik, bestelako hezur kuriosoak ere biltzen dira txoko honetan. Gehienak mendian bilatutakoak dira, eta ikasleek eta haien familiek ere parte hartzen dute espazio hau etengabe osatzen. Hasiera batean kontrakoa irudi lezakeen arren, ikasleen tokirik kuttunenetako bat da.
- Aire zabaleko gela: egurrezko lau mahai biribil dituzte, eta, bakoitzaren bueltan, enborrak, umeak eseri ahal izateko. Leku aproposa da taldean eta aire librean lanean edo jolasean aritzeko.
- Jakintsuen esanak: hemengo nahiz nazioarteko jende ospetsuen esanek osatzen dute txoko hau. Esaldi edo testu iradokitzaileak dira, adiskidantzarekin, esfortzuarekin, lankide-tzarekin… loturikoak. Beste batzuek, berriz, elkarrizketaren garrantzia, ingurumenaren zaintza, euskararen erabilera… bultzatzen dituzte. Baina, guztiek ere hausnarketarako eta gogoeta indibidual nahiz partekaturako deia egiten dute.
- Enborrez enbor: belarrezko pasabide luze bat da, eta, ibilbidean zehar, egur zatiak daude jarrita, hainbat tamaina eta lodieratakoak. Ikasleei zorua ukitu gabe batetik bestera igarotzeko deia egiten zaie. Koordinazio psikomotorra, gorputz-oreka, erronkak gainditzea, beldurrak uxatzea eta horrelako abileziak lan-tzeko balio du.
- Fruten eta barazkien erakusketa: bi bilduma ikus daitezke trenbideko trabes batzuetara erretxinarekin itsatsita, ia tamaina eta kolore errealekin: frutena eta barazkiena.
- Sendabelarrak eta usain-belarrak: erromeroak, salbiak, izpilikuak, ezkaiak, basamarrubitxoak, tipulina, txikori belarra, melisa, santolina, berbena limoiusaina… daude txoko honetan, bakoitza bere panelarekin eta dagokion informazioarekin. Uda aurrean, perrexila, estebia, martorria, apioa, oreganoa, mihilua, etab. ere izaten dute. A zer gozamena usaimenarentzat!
- Biltegia: Kontxa Naturagunean lanean jarduteko eta ingurua lantzeko beharrezko erremintak eta materialak gordetzen dituzte biltegian. Ikasleek neguan janzten dituzten botak eta katiuskak ere hantxe edukitzen dituzte.
- Lanabesen erakusketa: Enborrez Enbor deituriko joko-eremuaren aldamenean, eskola-eraikinaren atzeko paretan, lanabesen erakusketa dago. Horiek ere, bakoitza bere informazioarekin.
- Hazitegia: ezkurrak, urrak eta bestelako haziak lurpean sartu, eta hazitegi naturala egin dute.
- Baratzea: Kontxa Naturagunearen ertz batean, baratzea eraikitzeko lanetan ari dira.
Bisitei irekita
Kontxa Eskolako kideak prest daude beste ikastetxeei proiektua ezagutarazteko. Kontxa Naturagunea bisitatu nahi izanez gero, eskolarekin harremanetan jarri behar da 946107147 telefonora deituta, edo 014232aa@hezkuntza.com helbidera idatzita.