BESTEA

2018-12-01

ANA URRUTIA. EGURALDI IRAGARLEA

 
 

Gogoan dut nire alabak nola kexatzen ziren, gelako mutilek ipurdia ukitu zietelako, edo gona altxatu zietelako, kuleroak ikusi ahal izateko komuneko ate azpitik burua sartu zutelako… Gogoan dut alaben haserre aurpegia, jolastokia haiena zelako, zeukaten tokiaren % 80 haiek hartzen zutelako futbolean jolasteko, eta ez zeukatelako jolastokia beste kirol edo jolas batzuetarako hartzeko modurik. Gogoan dut hazten eta heltzen zihoazen heinean nola kexatzen ziren beren gelako mutil batzuez, sexu-desiraz begiratzen zietelako, edota “gero eta hobea hago…” eta horrelakoak esaten zizkietelako... Etxean, horrelako jokabideez hitz egiten genuen, eta uko egiten genion horrelakoak naturaltzat hartzeari, edota, irakasle batzuek esaten zigutenaren ildotik (“tira, Ana, badakizu, ume kontuak!”), garrantzirik ez emateari.  

Txikienak esan zidan behin inbidia handia ematen ziola nire eskolako ibilbideak, emakumezkoekin soilik ikasi eta ibili nintzelako, horrelako gauza guztietatik libratu nintzelako. 

Arrazoia zuen, horrelako gauza guztietatik libratu nintzen, baina emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean bizi eta hazteko aukera galdu nuen, beste sexukoekin eskubide eta aukera-berdintasunean biziz heltzeko aukera, eta eskola-esperientziaren barnean “bizitza bere osotasunean” bizitzekoa, sexu, sentiberatasun eta identifikazio askotarikoekin.

Emakumeekin soilik hezita, gu “bestetzat” hartzen gintuen mundu batean hazi ginen. Sistema patriarkal batean mugitzen ikasi genuen emakumeok geuk bakarrik errealitate hartan, horretaz jabetu ez arren. Emakumeak bakarrik geundenez, horrek ez zigun bizitzari aurre egiteko genero-ikuspegirik eman. Ez zizkiguten betaurreko moreak jantzi, ez eta itzaletik historia egin zuten erreferentziazko emakumeak aipatu ere. Ez genuen Feminismoa ikasi Historia liburuetan, eta ez zigun inoiz inork Angela Davisi buruz hitz egin. 

Nire alabak hazi egin dira, eta berdintasunaren aldeko borroka partekatzen dugu ikasgelan, jolastokian, jantokietan, korridoreetan. Sistema hau nola zokoratu eta hezkuntzan ikuspegi androzentrikoa nola baztertu ari gara bilatzen. 

Ez! Ez dugu gona-altxatze gehiagorik nahi, ez eta baimenik gabe inork inoren ipurdia ukitzerik ere, edota jolastoki bakar batean emakumeen espazioa murrizterik.