SKOLAE PROGRAMA: Gure esperientzia SKOLAEn; berdintasunerako hezten

2018-12-01

Iruñeko Hezitzaile Eskolako irakasle-klaustroa 

 
 

SKOLAE programaren helburua da genero berdintasunean edo hezkidetzan heztea, eta ikusita azken egunetan zalan-tza eta ika-mika ugari sortu dela programaren inguruan, zuekin partekatu nahi dugu gure esperientzia, izan ere iazko ikasturtean zentro pilotua izan ginen programa hori inplementatzen.

UNESCOk bi lehentasun global ditu, eta horietako bat da genero berdintasunarena. Konpromisoa du hezkuntza-sistemetan genero berdintasuna sustatzeko, eta konpromiso hori gauzatzea sistema horien bitartez, Lehen Hezkuntzatik hasi eta goi mailako ikasketak bitartean, izan esparru formal edo ez-formala, esku hartzeko esparru guztietan, hasi azpiegituren planifikaziotik eta bukatu hezitzaileen prestakuntzan. Helburu hori lortzeko beharra jasotzen dute, bestalde, Europako, Estatuko eta Nafarroako legediek. Ikasturte bukaeran izandako jardunaldietan SKOLAE programan izan ginen 16 zentro pilotuek bizi izandako esperientziak partekatu genituen, eta guztiok adierazi genuen asko ikasi genuela gure geletako errealitateetan nola bideratu behar genituen gure asmoak.

Programak hiru jarduketa-eremutan eragiten du. Lehenengoa, irakaslegoaren prestakuntza da. Arlo horrek ahalbidetzen du genero desberdintasuna betikotzen duten mekanismo sozial eta kulturalak ulertzea, nahiz eta jakin gure gizartea berdintasunaren alde agertzen dela, oro har. Bestalde, aditu talde baten aholkularitza teknikoari esker, tresna egokiak eskaintzen dizkie irakasleei. Azkenik, gure hausnarketa pertsonala bera ere sakondu egiten da, eta aukera ematen digu begirada berdintasunetik jartzeko. Bigarren eremua familiak dira, eta horiek aukera daukate euren esperientziak partekatzeko, prestakuntza jaso, edo, besterik ez bada ere, jakiteko berdintasuna nola ari den lantzen eskolan.

Azkenik, hirugarren eremua ikasleekin egiten diren jardueretan oinarritzen da. Ikasleei lagundu egiten diegu beren prozesu pertsonaletan, eta guri dagokigunez, baita profesionaletan ere. Hainbat ekintza egiten ditugu ikasleei berdintasun eta elkarrekiko errespetuan oinarritutako harremanak ezartzeko beharrezkoak diren gaitasunak garatzen laguntzeko, askotariko eremuetan desberdintasunak antzemateko eta garapen osoa ahalbidetzen diguten alternatiba pertsonal eta gizarte mailakoak proposatzeko. Gelako ohiko ekintza eta edukiek berdintasuna transmititu dezaten ere bada gure eginkizunetako bat. Guk egin nahi dugun lanketa sistematizatzeari esker, lehen baino gehiago egiten ari gara, eta hobeto, izan ere aurrez ez zegoen hezkidetzako programa espezifikorik.

Hona iritsita, eta badakigunez sare sozialetan eta hedabideetan SKOLAE programaren inguruan hainbat sinesmen eta iritzi zabaldu direla, azalpen batzuk eman nahi ditugu. Genero berdintasunetik sustatzen den Hezkuntza afektibo-sexualak ez du bilatzen, maila nazionaleko komunikabideren batek bere titularrean jaso duen moduan, 0 eta 6 urte bitarteko haurrek jolas sexual erotikoak egin ditzaten inposatzea. Garapenaren psikologiatik neska eta mutilen prozesuak ulertzea da kontua. Berdintasunerako hezkuntzaren kontrakoak diren zenbait pertsonak azken asteetan planteatu dutenaren kontra, izan genituen ordu askotako formakuntzan eta ikastetxe desberdinetako irakasleriarekin partekatutako hausnarketetan, inori ez zitzaion bururatu ideia horren antzeko ezer. Aldi honetako ekintza hezigarriak badira, adibidez, baten batek mutil edo neska bati gustuko ez duen zerbait egiten dionean “ez” esaten ikastea, beren gorputzengatik sentitzen duten kuriositatea modu positiboan ulertzea edo zaintzera jolastea libreki aukera-tzea ahalbidetzen duten estereotipatu gabeko materialekin. Iritzi aniztasuna eta gizarte bezala aurrean ditugun erronkei aurre egiteko erabakiak har-tzea errazten duten kritikak —kasu honetan berdintasunerako hezkun-tza—, aberasgarriak eta beharrezkoak dira. Berdintasunaren aldeko neurriak hartzea bermatzeko egiten den lana suntsitzea bilatzen duten kritikek ez digute ekarpenik egiten.

Aita eta amek beren seme-alabak beraien sinesmenen arabera hezteko eskubidea ere planteatu da, bai eta berdintasunerako hezkuntzak ekarriko lukeen ustezko esku-hartzea edo injerentzia ere. Familiek aukera, balio eta sinesmen asko hautatu di-tzakete beren haurren hezkuntzan. Eskolak bere hezkuntza-proiektuan edo irakasle bakoitzak bere gelan, aukera pedagogiko asko hautatu eta zehaztu ditzake. Honek guztiak, ezinbestean, bateragarria izan behar du haurtzaroaren eskubideekin. Haur guztiek, izan neska izan mutil, eskubidea dute diren bezalakoak balora ditzagun, eskubidea dute pertsona gisa esparru guztietan hezteko eta eskubidea dute garatzeko askatasunean eta berdintasunean, eta hori guztia bermatu behar dute bai gurasoek eta bai eskolak ere. Beraz, berdintasunerako hezkuntza erakundeei eta familiei dagokigu, gure erantzukizuna da.

Berdintasuna, kasu honetan genero berdintasuna, pertsona eta instituzio bakoitza inplikatzen duen bidea da, eremu anitzetan, ez bakarrik heziketa-eremuan, baina ulertzen dugu honek gizarte garapenean funtsezko papera daukala. Berdintasunean eta berdintasunerako ez heztearen ondorioak horren jasangaitzak egiten zaiz-kigun datu eta albisteak dira: urtero beren bikote eta bikote ohiek hildako hamarnaka emakume, tratu txar fisiko eta psikologikoak, eraso sexualak, homofobia, soldata-arrakala, lanaren banaketa sexuala, emakumezkoen langabezia tasa altua… edo, besterik gabe, ezin libreki hautatu, generoa tarteko, pertsona bakoitza zoriontsu egiten duena.

Hezkuntza eremuan berdintasunerako lan egiteak gizarte justuago eta oparoago baterantz joatea ahalbidetzen digu, non emakume nahiz gizonezkoak modu osoago batean garatu gaitezkeen eta non gure bizi-aukerak askatasun gehiagorekin hartu ditzakegun.