Iñaki Alonso: SAVE THE CHILDREN-EKO HAURTZAROKO POLITIKEN ARDURADUNA EAE-N
“Egoera ekonomikoaren ondorioz, familia batzuetako seme-alabei euren garapenerako aukerak murrizten ari zaizkie”
Haurren eskubideen defentsarako erakundeetan lanean ibilbide luzea egin du Iñaki Alonsok (Barakaldo, 1974). Langile klaseko familia batean jaioa, beken bidez, Zuzenbidean lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean eta Nazioarteko Zuzenbidean espezializatzeko masterra egin zuen Uppsalako Unibertsitatean (Suedia). Geroztik, Save The Children-en ez ezik, ACNUR edota UNICEF bezalako erakundeetan ere jardun du lanean, beti haurren eskubideen arloan. Bereziki, Latinoamerikan ibili da, laguntza humanitarioa ematen, gai horretan aditua baita. Uneotan, Save The Children-eko haurtzaroko politiken eta sentsibilizazioaren arduraduna da EAEn. Bere esanetan, tokatzen zaion familiaren arabera eta ikasteko dituen aukeren arabera, haurren etorkizuna determinatzen ari gara, eta hori horrela izan ez dadin, gizarte gisa, erantzutea dagokigu.
Euskal Herriko haurren artean gero eta desberdintasun handiagoak daudela salatu izan du Save The Children erakundeak. Zein da errealitatea? Desberdinkeria soziala handitzen ari da?
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzak publikatzen duen Pobrezia eta Desberdintasun Sozialen Inkestaren (PDSI) bidez neurtzen da haurtzaroko pobrezia zer-nolakoa den. Daturik berrienak 2016ko PDSIkoak dira, eta horien arabera, 14 urtez azpiko haurren artean, % 21,2 pobrezian edo pobrezia-arriskuan daude. 2015-2016. urteez geroztik pobreziaren datuek apur bat hobera egin dute, baina krisi aurreko egoerarekin alderatuz, nabarmen ikusten da desberdinkeria soziala handitu egin dela, eta gero eta arrakala handiagoa dagoela gehien dutenen eta gutxien dutenen artean.
Haurren pobrezia neurtzerakoan, zein irizpide hartzen dira kontuan?
Pobrezia egoeran daudela esaten da, arrazoi ekonomikoak tarteko, oinarrizko behartzat jotzen direnei aurre egin ezin dieten familiak. Oinarrizko behar horien artean leudeke bizitokiarekin, elikadurarekin, osasunarekin edota hezkuntzarekin zerikusia dutenak. Pertsonaren duintasunerako gutxienekoak diren gastu horiei aurre egin ezin dieten familiez ari gara.
Batetik, behar ekonomiko handiak dituzten familiak daude, eta, bestetik, berriz, pobrezian erortzeko arriskua dutenak. Horiek guztiek asko kezkatzen gaituzte, ikusten baitugu, egoera ekonomikoaren ondorioz, familia horietako seme-alabei euren garapenerako aukerak murrizten ari zaizkiela.
Haurren garapena kaltetzeaz hitz egin duzu. Adibiderik jar dezakezu?
Etxebizitzaren kasuan, adibidez, guk lan egiten dugun familia askok ezin dute hilabeteko alokairuaren kuota ordaindu, eta, beraz, bizitokia beste familia batekin edo birekin partekatu behar izaten dute. Horrek eragina du familia horretako haurrengan ere, espazio txikietan jende asko egon behar izaten dutelako. Bestalde, alokairuaren prezioak direnak direlako, aldiro, etxez alda-tzen aritu behar izaten dute. Horrek leku, ingurune, jendarte… ezberdin batera joatea esan nahi du eta berriz ere, euren harreman-sarea hutsetik eraikitzen hastea. Horrek guztiak segurtasun, egonkortasun, konfian-tza… falta itzela dakarkie haurrei.
Beste adibide bat jartzearren, denbora-librearen eremua aipatu nahiko nuke. Sozializatzeko jokamolde jakin batzuk daude ezarrita. Aisialdia erabat kontsumoari eta espazio zehatz batzuei dago lotuta, eta ondorioz, guk artatzen ditugun familiak denbora-libreko zirkuitu arrunt horretatik kanpo geratzen dira. Kirola egitea bezalako jarduera arrunt batean, esaterako, klubek gero eta kuota altuagoak ezartzen dituzte, eta gure familiek ezin dituzte ordaindu. Baina beste hamaika adibide ere jarri ahalko nituzke. Kontua da aisialdirako ohiko bideak ezin dituztela erabili, eta, etengabe, sozializaziorako esparrua murrizten ari zaiela.
Komunitate ezberdinak gizarte bakarraren barruan…
Bai, halaxe da. Esan dugun horrek guztiak, pixkanaka, sekulako desberdinkeria eragiten du jendearen artean; garapen pertsonalerako errealitate desberdinak sortzen ditu. Eta garapen pertsonalerako mundu desberdin horiek helmuga bakarra daukate: gizarte mota ezberdinak sortzea bakarraren barruan. Haur bat bere garapenerako aukera mugatuagoak dituen ingurune batean jaio-tzen, hazten eta hezten bada, zera gertatuko da: ingurune mota batzuk existituko direla kolektibo jakin batzuentzat, eta beste inguruko mota batzuk beste kolektibo batzuentzat. Kolektibo batzuen eta besteen arteko distantzia geroz eta handiagoa denez, desberdinkeria handitzeaz gain, errealitate paraleloak ere ari dira sortzen.
“Kohesio soziala” kontzeptua hitzetik hortzera darabilgun honetan, kontrako norabidean ote goaz, bada?
Kohesio sozialerantz behintzat ez goaz. Save The Children-i erakunde bezala zilegitasuna ematen diona da zuzenean sozialki zaurgarriak diren familiekin lanean aritzea, bai Bilbon eta bai Gasteizen, eta orain baita Barakaldon ere. Familiak ezagutzen ditugu, eurekin hitz egiten dugu, familia horietako haurrekin egoten gara eta euren errealitatea zein den adierazten digute, zein behar dituzten, zein beldur… Gero, datuak daude eta horien gaineko irakurketak, eta txostenak eta araudiak. Baina, guk, gure eguneroko lanean ikusten dugu zenbait familiaren kasuan pobrezia egonkortu egin dela, alegia, haur bat familia pobre batean jaio bada, zailtasunak izango dituela pobrezia horretatik ateratzeko. Garai batean, pobrezia egoeratik ateratzea errazagoa zen, mugikortasun handiagoa zegoen. Gaur egun, ordea, badirudi familia edo komunitate batzuk pobrezia egoera horretan enkistatuta daudela, eta pobre izate hori belaunaldi batetik bestera transmititzen ari dela. Haurren eskubideei eta bizitzan aurrera egiteko dituzten aukerei arreta jarri nahi badiegu, errealitate berri hori oso kontuan izan behar dugu, eta neurriak hartu.
Haurren eskubideak aipatzen dituzu behin eta berriz. Baina, sarri, haurrak eurak ez al dira ahotsik gabe geratzen, eta haurtzaroa ikusgaitz?
Edozein gizarteri nolakoa den antzematen zaio haurren eskubideak bermatzeko zer egiten duen galdetzen zaionean. Haurren eta haien familien bizitzak errazteko egiten ditugun ekintzekin geure buruaren erretratua egiten dugu. Horrekin argi ikusten da gizarte bat, benetan, haurren eskubideen alde dagoen edo ez.
Hain justu, Save The Children erakundearen egitekoa haurtzaroari ahotsa jartzea eta ikusgarritasuna ematea da. Haurraren Eskubideen Konbentzioaz eta hark dioenaz asko hitz egin daiteke, baina benetan erronka nagusia egunerokoan urrats txikien bidez aurrera egitea da, eta haurtzaroko eskubideei eragiten dieten lau arlo nagusietan eragitea: osasunaren, hezkuntzaren, parte-hartzearen eta babesaren arloetan, hain zuzen. Izan ere, finean, kohesio sozialak gure gizarteko haur bakoi-tzarekin eta familia bakoitzarekin dauka zerikusia.
Euskal gizartea eta euskal erakundeak nola ari dira erantzuten Euskal Herriko haurren eskubideak bermatzerako orduan?
Gure gizartearen antzeko ezaugarriak dituzten beste errealitate batzuekin alderatzen bagara, hemen haurtzaroaren nahiz familiaren babeserako politiketan apur bat atzetik gaude. Datuek diote haurtzaroan ez dela inbertitu zitekeen bezainbeste inbertitu.
2017 amaieratik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat erakundetatik haurren eskubideen gaiari modu integralean erantzuteko premia azalerazi dugu. Baina ez soilik jaiotza-tasari eragiten dion ikuspegiari begira. Haur gutxi jaiotzen dela egitate bat da, baina gure ustez garrantzitsuena da jaiotzen diren horiek, eta dagoeneko jaiota daudenek eskubide guztiak bermatuta izatea. Gizarte bezala, hori da gure betebeharra.
Ari dira urrats txikiak ematen…
Bai. Orain urtebete inguru Familien eta Haurtzaroaren Aldeko Ituna egin zuen Eusko Jaurlaritzak, eta hainbat neurri jarri dira martxan, zenbait erakunde ikuspegi global batetik begiratuta aspaldian aldarrikatzen ari garenari bidea irekiz. Beste neurri zehatz bat haur-eskolak errenta baxuak dituztenentzat doan jartzea izan da. Urteetako lanaren ostean, gutxika, baina badaude aurrerapausoak. Eta hori da bidea: haurraren eskubideak praktikara eramatea, izan ere, egunerokoan haurren eskubideak neurri zehatzetan egikari-tzen dira.
Gizartean dagoen desberdinkeria berdintzeko, eskola izan daiteke erremintetako bat. Funtzio konpentsatzailea joka baitezake. Zein irakurketa egiten duzue hezkuntzaren arloko errealitateaz?
Garai batean eskolak zeukan funtzio konpentsatzailea gaur egun ez dauka. Eta hori ez da Save The Children-ek esaten duen zerbait soilik, hezkuntzako adituak eta eragileak horretan bat datoz.
Zehaztu al dezakezu?
Ni haur nintzen garaiaz ari naiz, adibidez. Ni Lutxana-Barakaldokoa naiz. Aita siderurgiako langilea nuen, eta ama hasieran idazkaria eta gero etxean geratu zen familiaz arduratzeko. Eta nik unibertsitatean ikasi ahal izan nuen bekarekin, eta lizentziatu bilakatu nintzen. Nirea bezalako hamaika adibidez daude.
Gaur egun, uste dut, antzeko egoera bizi duen Lutxana-Barakaldoko haur batentzat zaildu egin dela uniber-tsitatera iristea eta nekez bilakatuko dela graduatu. Zentzu horretan, ez dut uste funtzio konpentsatzailea betetzen duenik eskolak.
Okerrera egin dugu, hortaz?
Bai. Baina hori ez da eskolaren kontua soilik, gizarte osoarena baizik. Pisu handiegia jartzen dugu hezkuntza formalean. Kontu afek-tibo-sexualak landu behar direla, eskolara jotzen dugu; balioetan hezi behar dela, irakasgai berri bat sortzen dugu; ingurumena zaindu behar dela eta eginkizun hori ere eskolaren gain uzten dugu; eta horrela gauza guztiekin. Baina familia ere hor dago, baita ingurune sozialak, aisialdia edota komunikabideak ere. Beraz, eskolak ez dauka guztiaren errua, erantzule da dagokion neurrian, gu denok erantzule garen bezalaxe. Ni, adibidez, emakumeen futbol talde bateko entrenatzaile naiz, eta badakit astean hiru aldiz bi orduz, sekulako erantzukizuna daukadala 16 neskato horien hezkuntza-prozesuan.
Hezkuntzari berari dagokion arduraren zatia hartzeko eskatzen diozue.
Bai, eta zentzu horretan ez dugu ulertzen gela bateko 28 ikasleetatik 28ak nola izan daitezkeen atzerritarrak, edota Lehen Hezkuntzako 56 ikasleetatik nola izan daitezkeen 55 jatorri atzerritarrekoak edota antzeko maila sozioekonomikoa dutenak. EAEn, ikasleen % 100 ez da atzerritarra; ikasleen % 100ek ez du jatorri atzerritarra; eta ikasleen % 100ek ez ditu 16.000 euro baino baxuagoko diru-sarrerak. EAEn familien % 75 ez dira monomarentalak, baina gerta daiteke gela batean hala izatea. Eta beste aldean, gerta daiteke ikasle guztien familiek 30.000 euro baino gehiagoko diru-sarrerak izatea, edota gela batean ikasle atzerritar bat bera ere ez egotea. Errealitate horiek denak ulertzea ez da erraza, ez direlako gizarte honen adierazle. Era berean, ez da ulertzekoa eskola-kiroleko partida batean, bi talde elkarren aurka aritzea, eta bi taldeak hemengoak izanik, itxura ematea Euskadi munduaren kontra ari dela jokatzen.
Esan bezala, eskolak ez du izaera konpentsatzailerik. Ondorioz, haur batek bere familiaren arabera eta doan eskolaren arabera, etorkizunera begira aukera hobeak edo okerragoak izango ditu. Tokatzen zaion familiaren arabera, eta ikasteko dituen aukeren arabera, haurren etorkizuna determinatzen ari gara.
Zentzu horretan, zein neurri hartu ahalko lirateke? Zer proposatzen duzue zuek?
Hezkuntza politiketan neurriak har daitezke: matrikulazioetan oreka egon dadin saiatu (ikasle berriak eskolatzerakoan edota ingurunearen araberako sailkapenak egiterakoan…), baliabide gehiago jarri ikastetxeen eskura, irakasleak egonkortu, profesional talde sendoak osatu…
Baina, horrekin soilik ez da nahikoa, alderdi soziala ere hor baitago. Hainbat familiak euren haurra dagokion eskolatik atera eta beste batera eramatea erabakitzen dute beste ikasleen profil sozio-ekonomiko-kulturala eurenarekin bat ez datorrelako. Hori ezin da gertatu.
Horregatik guztiagatik hitz egiten dugu guk segregazio bikoitzaz: segregazio sozioedukatiboaz batetik, eta segregazio sozioekonomikoaz bestetik. Dena oso lotuta dago, baina segregazioak profil jakin bat du: ikasle atzerritarrak edo jatorri atzerritarra dutenak daude bestetik; profil sozioekonomiko baxukoak bestetik; eta ijitoen komunitatea azkenik. Eta koktel hori pilatzen da zenbait eskolatan. Eta hori porrota da.
Maila sozialean, zer egin daiteke?
Erreferente sozialak falta ditugu. Ikasle horietako asko euskaldunak dira, Euskal Herrian jaioak, baina zein da arazoa? Kalean oinez doazenean —beltz bat, marokoar bat edo japoniar bat— gizarteko imaginarioarentzat ez direla euskaldunak.
Nik neronek ere autokritika egin beharra daukat, zeren gertatu zait trenean joatea, beltz bat euskaraz zoragarri hizketan entzutea eta pentsatzea: “Baina zeinen ongi hitz egiten duen euskaraz!”, eta akaso Ondarroara arrantzara lanera etorri den senegaldar baten semea edo alaba da.
Beraz, esan bezala, erreferente sozialak falta dira: autobuseko gidari beltza, postari marokoarra, buruan zapia daraman okina, kiroldegiko atezain arabiarra… egunero harremanetan egon ohi garen jendea da, herritar arrunta, uneoro eurekin elkarreraginean egoteko premia duguna… Baina erreferente sozial horiek falta zaizkigu, eta horiek gabe, porrot egingo dugu gizartean. Izan ere, erreferente horiek baleude interakzioa egongo litzateke, eta ondorioz, ulermena.
Aipatu duzu datuek erakusten dutela jatorrizko familiak eta ikasi duen eskolak determinatu egiten duela haur horren etorkizuna. Baina, badaude hainbat adibide determinismo sozial hori zalantzan jartzen dutenak, erakusten baitute, ikastetxeko haur guztiak eremu sozioekonomiko latzetik etorri arren, oso emaitza onak lortzen dituztela eta bizitzan aurrera egiten dutela; kasu askotan, goi mailako ikasketak eginez.
Bai, eta esperientzia mota horiek erakusten dute haur hauek ere, denek bezala, sekulako potentziala dutela. Gaitasun izugarria dute, baina kontua da askotan gaitasun hori ikusezin bihurtzen dela. Badirudi ekonomikoki zaurgarriak diren familietako haurrek ez daukatela ikasteko kapazitaterik.
Nire ustez, haur horiek aurrera egin dezaten bi faktore dira garrantzitsuak: batetik, norbaitek ume horiengan sinestea; bestetik, berriz, euren potentzial osoa gara dezaten baliabideak jartzea eta erremintak eskaintzea. Zer gertatzen da? Zenbait kasutan, eskolan ezarrita dagoen eredu pedagogikoak edo ildo curricularrak ez diela bi faktore horiei erantzuten.
Haurren eskubideen ikuspegitik begiratua, eskolaren egitekoa da, datorren ingurune sozioekonomikotik etorrita ere, haur bakoitzak bere potentzial osoa ahalik eta gehien garatzea lortzea eta horretarako behar diren bitartekoak jartzea.