233. editoriala: Eskolek ahalmen handia dutelako

2018-12-01

EBIDENTZIEK ARGI ERAKUTSI DUTE POSIBLE DELA LORPEN AKADEMIKOAK BERMATZEA IKASLE GUZTIEI, ETA 

GIZABANAKO GUZTIOK DAUKAGULA FUNTSEZKOA DEN GUZTIA IKASTEKO GAITASUNA.

 
 

Tokatzen zaion familiaren eta ikasteko dituen aukeren arabera, haurren etorkizuna baldintzatzen ari garela. Horixe dio elkarrizketa nagusian Iñaki Alonso Save The Children-eko EAEko haurtzaroko politiken arduradunak. Zein etxetan jaio eta zein eskolatan ikasi determinantea ari da bilakatzen umeek izango duten garapen pertsonalerako nahiz profesionalerako. Datuek hori diote. Badirudi ekonomikoki zaurgarriak diren familietako haurrek ez daukatela gaitasunik ikasteko eta bizitzan aurrera egiteko. Badirudi bakoitza bere familiaren posizio sozioekonomiko eta kulturalaren arabera soilik gara daitekeela.

Garai batean eskolak zeukan funtzio konpentsatzailea gaur egun ez duela betetzen. Hori ere badio Alonsok. Sozialki bazterrean dauden familietako haurrek ere sekulako potentziala dutela, baina maiz ikusezin bilakatzen direla, ez duela haiengan inork sinesten, eta hezkuntza-sisteman ezarrita dagoen eredu pedagogikoak ez diela haien premiei erantzuten.

Baina eskolek ahalmen handia dute. Harkaitz Zubiri EHUko irakasleak Ramon Flechari buruzko artikuluan azaldu bezala, aski frogatuta dago hezkuntza arloko desberdinkeria soziala gaindi daitekeela eta ikasle guztiei kalitate oneko hezkuntza bermatzea posible dela. Besterik da, zein diskurtso izan den nagusi aspaldian. Pedagogiaren arloko autore askok uste izan dute eskolek ez dutela eragin handirik desberdinkeriak gainditzeko eta ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza bermatzerako orduan. Baina, Flechari buruzko artikuluan irakur daitekeenez, ebidentziek argi erakutsi dute posible dela lorpen akademikoak eta bizikidetza osasuntsua bermatzea ikasle guztiei. Baldintza egokienetan, gizabanako guztiok daukagula funtsezkoa den guztia ikasteko gaitasuna. Denok gara ditzakegula oinarrizkoak diren trebezia instrumental guztiak. 

Hori horrela dela frogatzen duen esperientzia arrakastatsu bat ezagutzeko aukera izan genuen azaroaren 24an Donostian, Bartzelonako metropoli-eremuko ingurunerik pobre eta gatazkatsuenetako batean dagoen Joaquim Ruyra eskola publikoko kideen eskutik. Bertako ikasleen % 92k jatorri atzerritarra dute eta % 40k ez dute ikasturte osoa bertan egiten. Aurreiritzi eta estereotipo guztien kontrara, ordea, bertako ikasleek emaitza oso onak lortzen dituzte. Ikasle denak euren onena ematera bultzatzen dituzte. Maximoen curriculuma ezartzen dute ikastetxean, espektatiba altukoa ikasle guztientzat. Helburu dute haur horiek ez daitezela egon gaur egun dituzten baldintzetan, edo are okerragoetan, bizitzera kondenatuta. Alegia, haur horiek ere garapen pertsonal eta profesionalerako aukerak izan ditzatela.