ZER EKARPEN EGITEN DU JUDOAK MOTRIZITATEAREN GARAPENERAKO ETA KALITATEZKO GORPUTZ-HEZKUNTZARAKO?

2018-12-01

MARKEL URRUTIA

Desoreka judo klubeko arduradun teknikoa

 
 

Askotan entzuten den hitza da motrizitatea, bai aldizkari espezializatuetan bai hezkuntza-eremuan. Egia esan, mugimenduarekin zerikusia duen termino gisa ulertu izan da, baina hitz horrek hori baino askoz gehiago du muinean. Honako lerro hauetan, motrizitatea zer den eta zergatik den garrantzitsua aztertuko da.

Motrizitatearen ideia ulertzen hasteko, haren definizio bat hartuko dugu. Abetek (2015) zera zioen: haurraren ideia integrala kontuan harturik, motrizitatea jakintzaren, emozioen, gorputzaren eta mugimenduaren arteko elkarrekintza aztertzen duen diziplina da. Horrez gain, hark dio motrizitateak garrantzia duela norbanakoaren garapenean eta haurrek munduarekin duten komunikazioan eta adierazpenean. 

Abetek azaldu zuen horretan, nabarmen ikusten da motrizitateari, alor fisikoaz gain, beste osagai batzuk gehitzen zaizkiola; alde batetik, jakintza aipatzen du. Jakintzak, pertsonon alor kognitiboarekin lotura zuzena duen kontzeptua izanik, gorputz-adimen dualismotik urruntzen gaituen kon-tzeptura hurbiltzen du motrizitatea. Ildo horretatik, Zaldivarrek (2014) dio pertsonon alor fisikoa eta alor emozionala bereizi ezinak direla. Horrez gain, gorputz-adimenaren, sentimendu-gorputzaren eta gorputz-pentsamenduaren loturak goi-mailakoak direla ere azaltzen du.

Bestalde, emozioak ere aipatzen dira definizio horretan, pertsonon alor afektiboari erreferentzia egiten diotenak. Pellicerrek (2012) dio ikaskuntza emozioarekin lotzen denean gehiago irauten duela denboran zehar ikaskuntza horrek eta, ikaskuntza-prozesuan bizitako esperientzia batetik badator (ekintza eta mugimendua erlazionaturik dituena), ikaskuntza hori esanguratsuagoa izango dela. Emozioen, mugimenduen eta ikaskuntza-prozesuen elkarreraginaren berri ematen digu horrek, eta alor afektiboak, fisikoak eta kognitiboak nolabaiteko harremana dutela erakusten digu; aurreko paragrafoan Zaldivarrek zioen horren ildora gerturatzen gaitu horrek. Definizioaren azken zatian, gorpu-tza eta mugimendua aipatzen ditu Abetek. Ponce de Leonek eta Alonso Ruizek (2009) diote motrizitatearen irakaskuntzak ezinbestekoa izan behar duela hezkuntzaren munduan, eta ezinbesteko behar edo motibazio gisa ulertzen du mugimendua. Baieztapen hori egiteko, honako argumentu hauek darabiltzate autore horiek: 

Lehen ikaskuntza gorputzaren eskutik jasotzen dute haurrek, eta gorputza da lehen ekintza-elementua. Haurrak bere energia askotariko jardueren bitartez bideratzea ahalbidetzen du motrizitatearen hezkuntzak (adibidez: mugimendua eta jokoak), horien garapen integrala lortzen saiatzeaz gain. 

Norbanakoaren nortasuna mugimenduren bitartez garatzen da, beharrezkoa baita hori haurraren behar biologiko, kognitibo eta sozio-afektiboetarako. 

Laburbilduz, haurrek, beren gorputzaz jabetu eta inguruarekin elkarrekintzan aritzeaz gain, pentsatu, ikasi, sortu eta arazoei aurre egiten diete, gorputzarekin garatutako ekintzei esker (Ponce de León eta Alonso Ruiz, 2009).

Beste modu batera esanda, giza motrizitateaz hitz egiten denean, Gorputz Hezkuntzaren begirada kontuan hartuta hitz egiten da, eta ez du soilik arlo fisikoa hezten; gizakia bere ingurunearekin eta ingurune horretan dauden objektuekin lotzen edo erlazionatzen du (Sergio, 1999); emozioen, sentimenduen eta giza garapenaren arloetatik ekiten dio (Pazos, 2006). Motrizitate terminoak mugimendua, alor fisikoa, alor kognitiboa, alor soziala eta emozioak barnean hartzen dituela ikusirik, esan genezake pertsona bere osotasunean edo era holistiko-integralean ulertzeko bidera eramango gaituela. 

 

Zergatik da garrantzitsua motrizitatea?

Motrizitatea zer den argitu ondoren, zergatik den horren garrantzitsua azalduko da. Lehenik eta behin, EAEko curriculuma ezartzen duen 236/2015 Dekretuari egingo zaio aipamena. Han, motrizitateari eta harekin erlazionatzen den konpetentzia motorrari egiten zaio erreferentzia. Horrek, curriculumean babesa emateaz gain, garrantzia ematen dio haurraren garapen integralari, eta baita ongizateari ere. Ongizatearen ideiak izaera integralarekin harreman zuzena dauka, gaitzik ez izatetik harago doan kontzeptua baita; hau da, ongizate fisiko, psikologiko, sozial eta afektiboa barnean hartzen dituen kontzeptua da. Nabarmen uzten du, horrela, ikuspegi holistiko eta global batek duen garrantzia.

Motrizitatearen garrantziarekin jarraituz, pertsonon beharrei egingo zaie erreferentzia. Alde batetik, mugitzeko beharra dago. Lehen hominidoetatik gaur egunera arte, gizakia etengabe mugitu da; frutak zuhaitzetatik hartzen zituenetik ehizara eta ondoren abeltzaintzara pasatu zenera arte ere, mugimenduan izan da gizakia. Giza migrazioek, gerrek, kolonizazioek, industria-iraultzek… gizakiaren etengabeko mugimendua, aurkikuntza eta garapenerako grina izan dituzte ezaugarri beti. Mugimenduari esker lortu ditu gizakiak bizitzeko behar zituen elikagaiak, bai eta beste baliabide batzuk ere. Beraz, agerian geratu da gizakiaren eta mugimenduaren arteko lotura. Hori horrela, esan daiteke mugimendua berebiziko elementua dela gizakiarentzat; haren bitartez, haurra aktibo dago etengabe, eta, poliki-poliki, jarduera ludiko-motorraren eskutik, inguratzen duen munduaz jabetzen da (Casolo eta Albetazzi, 2013). Hitz horien bidez, hauxe diote bi autore horiek: mugimendua beharrezko den zerbait da gizakiarentzat, eta haurra mugimendu horri esker erlaziona-tzen da bizi den munduarekin. Perez Mariscalek (2009) zera dio, ordea: gizakiak hainbat behar ditu, eta haurra garatzen doan heinean azaleratzen dira behar horiek; adibidez: dibertsioaren, jokoen, aurkikuntzen, entseguen edota esperimentazioaren beharra du, bai eta horiek gainditzekoa edota mugitzekoa ere. 

Pertsonon beharrekin jarraituz, Maslowek 5 mailatan banatzen zituen pertsonon beharrak, eta piramide batean irudikatzen zituen. Oinarrian, behar fisiologikoak egongo lirateke; bigarrenean, segurtasunekoak; eta, hirugarrenean, giza kidetasun beharrak edo gizarte-beharrak. Zergatik azaltzen da hau? Hirugarren mailari so eginez, giza kidetasuna edo giza beharren maila aurkituko dugu. Hor barneratuko lirateke afektua, familia edo afiliazio-beharrak, eta agerian uzten du horrek pertsonon alderdi soziala eta parekideekiko harremanen beharra. Beste alde batetik, bigarren mailako segurtasun-behar horien barnean dago osasuna ere, eta osasuna, Maslowek dioenez, segurtasun-behar moduan identifika daiteke. Esan beharra dago osasunak harreman zuzena duela motrizitatearekin, eta baita mugimenduarekin ere. Izan ere, bizi-estiloen esparruko aldaketak kontuan hartuta, aldaketa handiak izan dira elikadura-ohituretan, eta, teknologiak eguneroko bizitzan hartu duen garrantziaren ondorioz, asko handitu da haurren sedentarismo-maila (Ruiz-Pons, García-Nieto, González, Mérida, Valenzuela eta Aguirre-Jaime, 2008). Beraz, Maslowek pertsonen beharrez duen begiradatik, osasunaren ikuspegia eta behar sozialen ikuspegia barneratu ditugu, lan honen argudioetan motrizitateari garrantzia emateko orduan. 

Motrizitateari garrantzia emateko hurrengo argudioa Lehen Hezkun-tzako (hemendik aurrera LH) haurrek pairatzen duten motrizitate-gabezia da. Zenbait ikerketaren arabera (Sudgen eta Keogh,1990; Henderson, Knight, Losse eta Jognmans, 1991; Geuze eta Börger,1993; Revie eta Larkin, 1993; Parker eta Larkin, 2001), eskola-adinean dauden haurren ehuneko handi batek (% 6tik % 22ra) nolabaiteko motrizitate-arazoak izaten du. Bestalde, Van Dellen, Vaessen eta Schoemaker (1990) autoreek diote lehen 7-8 urteetan zehar azaleratzen direla koordinazio-gabeziarekin lotutako arazo horiek, eta adin-tarte hori haurren garapen motorrari dagokion garai edo etapa sentikorra dela (Ruiz, 1987), garai horretan nabariak direlako haur horiek erakusten dituzten gabeziak eskolan behar dituzten gaitasunen eta abilezien arloan. 

Azkenik eta amaitzeko, haurren garapen psiko-ebolutiboaren etapa sentikorrekin lotuta dauden argudioak daude. Rigalek (2006) zioen, epe sentikor horiek zera direla: memento pribilegiatu batzuk, non abilezia jakin batzuen ikaskuntza erraztasun eta eraginkortasun handiagoarekin gauzatzen den. Nerbio-sistemaren heldutasuna, gorputz-eskemaren sendotzea eta lateralitatearen heldutasunaren garapen esanguratsua lortzen da LH garaian, eta, horren ondorioz, koordinazio-gaitasunak ia helduen maila berera iristen dira. Horrez gain, kontuan hartu behar da ikasteko eta garapen motorrerako etapa ere badela adin-tarte hori (Díaz Lucea, 2003). 

Laburbilduz, hauek izan dira artikulu honetan motrizitateari garrantzia emateko aukeratutako argudioak: curriculumaren aipamena, izaera integralaren eta ongizatearen ideiak, pertsonon beharrak (mugimendua, harremana eta osasuna), alor motorreko gabeziak eta garapen psiko-ebolutiboaren etapa sentikorrak.

 

Motrizitatea garatzeko eremuak

Aurreko ataletan, zer den motrizitatea eta zergatik den garrantzitsua aztertu da. Orain, motrizitatea non gara daitekeen aztertuko da. Alde batetik, curriculumaren testuingurua dago; Gorputz Hezkuntzarekin eta konpetentzia motorrarekin batera, eskola-eremuan garatzen da hori, eta aurrez aipatu dugun 236/2015 Dekretuak mugatzen du. Eremu horren indarguneei dagokienez, alde batetik, curriculumaren babesa dago, bai eta irakasleek duten prestakuntza espezializatua ere, eta, azkenik, motrizitatearen ikuspegi integralaren ulermena dugu (ez da soilik arlo fisikoaz arduratzen, harremanez, emozioez eta arlo kognitiboaz ere arduratzen da). Ahulguneei dagokienez, Gorputz Hezkuntza ikasgaiaren ordu kopuru urria nabarmendu behar da, eta curriculumak eskatzen dizkion helburuak ez lortzera kondenatzen du horrek. Horren ondorioz, ekarpen gutxi egiten dio haurren motrizitatearen garapenenari.

Beste alde batetik, curriculumari ez dagokion testuingurua dugu, eskola-kirolaren eremua, hain zuzen, eta 125/2008 Dekretuak mugatzen du hori, legeari dagokionez. Testuinguru horrek honako indargune hauek dauzka: eskola-kirolak eskaintzen duen ordutegi zabala, eta pertsona bakoitzak jarduera aukeratzeko dituen aukerak (eskaintza zabala, eta bakoitzaren interesak kontuan hartzen dituena). Ahulgune moduan, ordea, eskola-kirolean aritzen diren begiraleen prestakuntza eskasa aipa daiteke, bai eta arlo horretako langileen lan-baldintza prekarioak (begiraleek talde berarekin errepikatzeko aukera mugatzen dute), curriculum falta edota goi-mailako kirol-ereduak erreproduzitzea eskola-kiroleko proposamenetan; horren ondorioz, ahaztu egiten da haurren garapen integrala, eredu teknikoak eta bikaintasuna mailak bilatzen baitira kiroletan.

Esan daiteke judoa bi eremuetan koka daitekeela, bai hezkuntza formalean (Gorputz Hezkuntzan, kultura motorrean), eta bai eskola-kirolaren programetan. Artikulu honen begiradari dagokionez, eskola-kirolaren eremuan kokatuko da judoa, eta eredu pedagogikoen eta gorputz-hezkun-tzaren kalitate-irizpideak hartuko ditu aintzat hemen azaldutakoak.

 

Judoa eta motrizitatearen ekarpenak

Judoa gorputz-hezkuntzako arte bat da, XIX .mende amaieran Japonian sortutakoa. Harreman estua izan zuen hezkuntzarekin haren sortzaileak, Jigoro Kanok, Japoniako hezkuntza-sistema berregituratzen urte ugari pasatu baitzituen. Irakasle izan zen, baita ikastetxe bateko zuzendari ere, eta Japoniako Lehen Hezkuntzaren arloko zuzendari izatera ere iritsi zen. 

Judoaren sorrerako barne-filosofiak oinarrizko bi ideia zituen muinean, elkarri eragiten ziotenak. 

Jita kyoei: ideia honek norberaren hobekuntza-prozesura eta perfekzionamendu-ideietara gerturatuko gaitu, eta, era berean, prozesu horrek munduari eragin positibo bat egitera bideratzen du pertsona (munduaren hobekun-tza); ongizatea eta elkarreragina bilatzen ditu (Brousse eta Matsumoto, 1999).

Seiryoku zenyo: energiaren erabilera egokia kontuan hartu behar da. Edozein helburu lortzeko, bakoitzaren energia mental eta fisikoa ahalik eta modu eraginkorrenean erabiltzeko ikuspegia proposatzen da (Kano, 2005).

Nahiz eta gaur egun judoa ulertzeko modu desberdinak egon, kirol-errendimendura bideratutako jarduera gisa ezagutzen da oro har. Datorren atalean azalduko den gorputz hezkuntzaren eraginkortasunarekin eta kalitate-irizpideekin ere erlazio estua du horrek, eta judoaren sorrerako gorputz hezkuntzako proposamena gertuago kokatuko du gaur egungo gorputz-hezkuntzaren kalitatetik.

Judoaren motrizitate-ekarpenei dagokienez, zerrenda honetan datoz garrantzi handienekoak (Arenas Basterra, 2016, eta baita Judoa, jolasa eta borroka pertsona eraikiz, 2017):

Oinarrizko gaitasun motorren garapena ahalbidetzen du. 

Lokomozio-aparatuaren garatzea ahalbidetzen du. 

Haurraren oreka eta koordinazioa garatzen ditu. 

Nork bere burua ezagutzen eta gorputza kontrolatzen erakusten du. 

Tolerantzia eta autokontrola garatzen ditu. 

Pentsamendu taktikoa estimula-tzen du. Kirolaren azkartasunak erabaki azkar eta eraginkorrak hartzera behartzen ditu haurrak hainbat egoeratan. 

Balio prosozialak transmiti-tzen ditu, adibidez: errespetua, motibazioa, autoestimua, hezkun-tza, laguntasuna, solidaritatea, talde-lanean aritzearen garrantzia, esfortzuaren balioespena. 

Kontaktu fisikoari beldurra gal-tzen laguntzen du. 

Gorputzaren bidezko adierazpena gauzatzen laguntzen du. 

Norberarenganako konfiantza sortzen laguntzen du. 

Kontzentrazioa handitzen da. 

Sormena estimulatzen du. 

Autoestimua eta autokontrola hobetzen ditu. 

Erlazio pertsonalak garatzen laguntzen du. 

(informazio gehiago: bit.ly/motriz)

 

Eredu pedagogikoak eta kalitatea Gorputz Hezkuntzan

Atal honek harreman estua duten bi ideia edo kontzeptu lantzen ditu. Alde batetik, eredu pedagogikoen ideia dago eta, bestetik, gorputz hezkuntzaren kalitatearena. Gorputz Hezkuntzaren didaktikan adituak eta erreferenteak diren autoreen ikuspegiak hartzen ditu kontuan (Tinning, Hernandez eta Hellison, besteak beste), eta gaur egun irakaskuntzaren begiradan irakaskun-tza-estiloetatik eredu pedagogikoetara egin den jauziak justifikatzen ditu lerro hauek.

2000. urtera arte, irakaskuntza-estiloei buruzko bibliografia ugaria zen, baina askoz gehiago dira ordutik hona egin diren argitalpenetan eredu pedagogikoei buruzko aipamenak. Horrek guztiak Gorputz Hezkuntzarekin zuzeneko harremana duela kontuan hartuta eta eredu pedagogiko horri dagokion terminologia gurera ekarriz, gizartearen jarrera lehiakor eta indibidualistek eskaintzen dituzten ereduak gainditu dira, eta proposatu dira ikaskuntza kooperatiboa eta ikaslearen afektibitateak kontuan hartzen dituzten eta trebetasun sozialak, bizikidetza eta horrelako aldagaiak era aktiboan lantzen dituzten ereduak. Pedagogiaren esparruaren muinean, aldaketa nabarmena gertatu da protagonistaren rolean; hots, abiapuntua eta ardatza irakaslea izatetik ikaslea izatera pasatu da, eta paradigmaren erabateko aldaketa ekarri du horrek (Perez, 2016).

Ondoren, eredu pedagogikoen zenbait adibide aipatuko dira, hauek, besteak beste: ikaskuntza kooperatiboa, gizartearen eta norbanakoaren ardura (Hellison), alfabetizazio motorra (Whitehead), jarrera-eredua, eredu ludoteknikoak edota eredu desberdinen arteko hibridazioak, besteak beste (informazio gehiago: bit.ly/epedag).

Eredu pedagogikoekin jarraituz, eskola-kirola jorratzeko irizpide hezitzaileak kontuan hartzen dituen proposamena egin da artikulu honetan, judoaren irakaskuntzarako proposamen bat, alegia. Hauek dira oinarri pedagogiko horiek (bestelako kirolak lantzeko ere baliagarria izan daitezke, kirol bakoitzaren ezaugarriak kontuan harturik):

Konstruktibismoaren ideia du oinarri (jakintzaren eraikuntza, prozesua balioestea eta ez emai-tza).

Haurren garapen psikomotorra aintzat hartzea (taldekatzeko eta landu behar denaren planifikaziorako).

Praktikan ikuspegi globalistari eustea praktikan (motrizitatean hobekuntza handiagoak, gorputza osotasunean erabiltzeagatik).

Ludikotasuna, aniztasuna eta beste zenbait irizpide aintzat hartzea.

(informazio gehiago: bit.ly/opedag)

Tamalez, askotan ikusten dira goi-mailako kirol-eredua eraginkorrak erreproduzitzen dituzten eskola-kiroleko proposamenak. Horiek, haurren garapena kontuan ez hartzeaz eta helburu hezitzaileetatik urruntzeaz gain, kirol-dekretuek ezarritako lege-esparruak urratzen dituzte askotan. 

Bestalde, Gorputz Hezkuntzaren kalitatearekin lotutako esparrua daukagu, eta horrek Gorputz Hezkun-tza ulertzeko askotariko paradigmak aztertzera eramango gaitu; hau da, eraginkortasuna vs kalitatea. Bereiz-keta horretan, eraginkortasunaren eredua psikologia konduktistarekin lotzen da, Tinningek dioenaren arabera, eta kuantifikagarriak eta objektiboak diren aldagaiak neurtzen dituela dio (adibidez: falta kopurua, VO2max, txartel horiak, dominak, laktatoa…). Oro har, paradigma eraginkorraren isla nabaritzen zaie kirolei, prestakuntza fisikora eta errendimendura bideratutako proposamenak izan ohi direlako eta garapen teknikoa bilatzen duten proposamenek garrantzia har-tzen dutelako. Emaitza edo helburua lortzera bideratutako ekintzak izan ohi dira, eta lehen aipatutako aldagai kuantifikagarriei eman zaie garrantzia. Antolaketari eta kontrolari dagokienez, garrantzia irakasleak dauka, hura baita edukiaren eta jakintzaren jabe, eta hark transmititzen die ikasle otzanei. Aginte-estiloari dagokionez, metodo zuzena izaten da erabiliena, kontrola lortu eta kontrol horri eusteko errazena izateaz gain, ikasleak eta horien beharrak eta kezkak kontuan hartu gabe kudeatzen baitira saioak. 

Kalitatezko paradigma, ordea, jakintzaren eraikuntzarekin eta konstruktibismoarekin lotuta dago. Ikuspegi horrek subjektibotasuna eta aldagai kualitatiboak goraipatzen ditu. Garrantzia prozesuari berari ematen zaio, emaitzari eman beharrean, eta agerian uzten da alderdi kualitatiboekin daukan harremana. Proposamen honetan, irakaslearen rola guztiz aldatzen da: kontuan hartzen dira haurraren interesak, arauak adosten dira, eta desberdina da ikasleen eta irakaslearen arteko harremana; ikaslea izango da protagonista. Kalitatezko paradigmaren ezaugarri esangura-tsuenetako bat hausnarketari ematen zaion garrantzia da (aldagai kualitatiboek, iritziek, pertzepzioek garrantzia hartzen dute): irakaslea ikertzailearen rolean sartzen da. Bestalde, curriculum ezkutuak ere (esplizituki esan ez, baina egunerokotasunean nabaritzen da ekintzen bitartez: lehia, generoa, autoritatea, emozioak eta horrelako azpiatalei buruzko ideia, jarrera eta sinesmenek osatzen dute) garrantzia hartzen du, hori aintzat hartzen baita praktikan, eredu eraginkorrean ez bezala. Tinningek esaten du metodoa erabaki moral edo politikoa ere badela norberaren estiloa izaeraren arabera aukeratzen delako. 

Beraz, Gorputz Hezkuntzaren kalitateari buruz hitz egiteko orduan, garrantzitsua izango da ezinbesteko aldagai hauei erreparatzea: hausnarketan oinarritutako praktika egitea, curriculum ezkutua aintzat hartzea, prozesua balioestea eta ez emaitza eta protagonismoa ikasleak berak izatea (informazio gehiago: bit.ly/HFkalitate).

 

Ondorioak

Amaitzeko eta ondorio gisa, gogoeta hauxe egin genezake: judoaren irakaskuntzarako erabili den ikuspegiak badauka eskola-kirolean egiten diren bestelako proposamenak aberasteko aukera. Izan ere, esaten ausartzen naiz motrizitatearen garapena, eredu pedagogikoetan oinarritutako proposamenak eta Gorputz Hezkuntzaren kalitatearen irizpideak eskola-kirolaren lan-esparrua aberasteko baliabide paregabeak direla. Helburu horretarako, judoa instrumentalizatzea erabaki da, judoak bere izaeraren sorreratik baliabideak izan dituelako pertsonen garapena ahalbidetzeko eta mundu hobea sortzeko (Jita kyoei), pedagogia kritikoen helburuekin bat eginez.

 

Erreferentziak: bit.ly/ref_biblio

Lan osoa: bit.ly/murrutia_judo

Informazio gehiago: http://www.arrasatejudo.com / www.markelurrutia.eus