UDAKO TOPAKETAK. 20 urte elkarrengandik ikasten
20 urte bete dituzte aurten Hik Hasiren Udako Topaketek. Bi hamarkada igaro dira 2000ko uztaila hartatik. Ikastaroz, profesionalez, ekitaldiz, hausnarketez, emozioz eta sentsazioz betetako 20 urte. Badira aldatu diren gauzak, ohiturak eta egiteko moduak. Beharren arabera, landu diren gaiak ere berrituz eta eskaintza aberastuz joan da. Baina era berean, Hik Hasiren Udako Topaketen zutarri izan diren ezaugarriek hor darraite, besteak beste, eskaintza berritzailea egitea eta euskaraz izatea eta topagune bat eskaintzea.
Aurretik Hik Hasi Egitasmo Pedagogikoa markatzen ari zen ildoari jarraituz sortu ziren Udako Topaketak. Bost urte lehenago, 1995ean, argitaratu zen hik hasi aldizkariaren lehen zenbakia. Data hori baino 100 urte lehenago hainbat pedagogo eta aditu hasiak zeuden eskola berriaz, modernoaz edota pedagogia kritikoaz hausnartzen, hitz egiten eta idazten. Eskola tradizionalaren aurrean beste eredu bat aldarrikatzen zuten (eta aldarrika-tzen da oraindik ere). Haien oihartzunak Euskal Herrira ere iritsi ziren eta ildo horretan kokatu zen Hik Hasi egitasmo pedagogikoa.
Hasieran aldizkaria zen ildo berritzaile horiek Euskal Herrian zabaltzeko tresna. “Baina beharrak bide berriak jorratzera eraman gintuen” gogoratzen du Joxe Mari Auzmendi Hik Hasiko kide eta Udako Topaketen koordinatzaileak. “Hasiera-hasieratik egon gara jendeak dioenari adi, irakaskuntzan dabiltzanek zein behar dituen galdezka, dauden hutsuneak detektatzen, eta horrek proiektu eta zeregin berriak ekarri dizkigu. Hala, lehendabiziko ikasturtean bertan jardunaldi bat antolatu genuen; irakurketa-idazketa konstruktibistari buruzkoa. Izugarrizko erantzuna izan zuen eta hurrengo urteetan jardunaldi gehiago etorri ziren: marrazketa librearen gainekoa, balioei buruzkoa, telebistari buruzkoa...”.
Jendea gose zen. Hori antzematen zen. Beraz, jaten eman behar zitzaion. Hala, erronka horri heldu zion Hik Hasik. Egitasmoa abiatu eta bost urtera, hik hasi aldizkariaren 50. zenbakiarekin batera, Udako Topaketak antolatu zituen.
Aurretik Adarra talde pedagogikoak antolatzen zituen ikastaroak udan, baina baziren laupabost urte antolatzeari utzi ziola. “Geroztik hutsune bat nabaritu zen eta hori betetzera etorri ziren Udako Topaketak” dio Auzmendik. Formato aldetik hiru egunetan askotariko gaien inguruko ikastaroak eskaintzea izan zen eredua. Denak leku berean, elkarrekin, nahiz eta bakoitza bere ikastarora joan, sartu-irteeretan eta atsedenaldietan elkartzeko aukera izanez.
Lehendabiziko urtean orduan Donostiako Irakasle Eskola zen eraikinean eta Ekintza ikastolan egin ziren ikastaroak. Bigarren urtetik aurrera EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatearekin hasi ziren elkarlanean eta han eta Ekintzan jarraitu zuten. Azken urteetan EHUren Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatearen bi eraikinetan biltzen dira. Batean zein bestean, 20 urte hauetan zehar 10.000 lagunetik gora ibili dira ikastaroetan. Gutxi gorabehera 625 emailek parte hartu dute urteotan eskaini diren 400 ikastaro ingurutan.
Topagune bihurtuz eta euskaraz
Hiru ezaugarri edo ikur dituzte Udako Topaketek nagusiki: euskara, berritzailea eta topagunea. Euskaraz izatearenak hasieratik izan zuen funtsa, arrazoia eta motiboa. Aurretik irakasleei eskaintzen zitzaizkien ikastaro gehienak gaztelaniaz edo frantsesez ziren. Euskal Herrian jada euskarazko irakaskuntzan zebilen jendea lanean, euskaraz lanean, eta ezinbestekotzat jotzen den formakuntza ere euskaraz eskaintzea: “Logika argia du: euskaraz lan egiten ari zirenei, euskaraz eskaini behar zitzaien formazioa. Lan egingo zuten hizkuntza horretan formatu behar zuten, hori zen logikoena. Hik Hasin, behintzat, horrela ikusten genuen”.
Zenbait ikastarotarako, ordea, kanpoko jendea ekarri izan dute, euskal hiztunak ez direnak, eta hor ere irizpide garbia jarri zen hasieratik: ikastaroaren erdiak gutxienez euskaraz izan behar du. “Horrela, nahiz eta emaile batzuk gaztelaniaz, ingelesez edo italieraz aritu, ez zaie ikastaroaren erdia baino gehiago eskaini. Horien alboan beti egon dira euskaraz aritu direnak”.
Bigarren funtsezko ezaugarria topagunearena da. 11, 21 edo 31 ikastaro izan, jende asko biltzen da eta elkartzeko parada hori eskaintzea funtsezko xedea izan da hasieratik. “Azpiegitura aldetik ezinezkoa izan da 500 pertsona leku bakar batean biltzea, baina pare bat lekutan biltzea lortu dugu. Zirraragarria izan ohi da 500 pertsona etortzea bakoitza bere karpetaren bila, elkarrekin hizketan aritzea ikastarora sartu aurretik, lagun zaharrekin topo egitea, jende berria ezagutzea... Hainbat irakaslek bakardadea sentitzen dute ikasturtean zehar eta topalekua izatea lagungarria da. Jendeari gustatu egiten zaio eta guretzat esanahi berezia du. Inportantea da”.
Udako Topaketen koordinatzaileak aipatu duen elkartze horrez gain, ikastaroen inguruan beste hainbat topagune eskaini dira. Esate baterako, arratsaldeetako saioak: “Goizeko ikastaroez gain, arratsaldeetan saio libreak eskaini izan ditugu. Modu lasaiagoan hainbat gairen inguruko eztabaida saioak izan dira nagusiki, eta baita tailer moduan antolatutako ekintza praktikoak ere”. Lehendabiziko urteetan, ikastaroak hasi bezperan, ekitaldi bat egiten zen Gipuzkoako Foru Aldundian. Pil-pilean zegoen eta hezkuntzarekin lotura zuen gai baten inguruko hitzaldi bat antolatzen zen. Beste hainbat urteetan topaketei amaiera emateko bazkari bat egiten zen nahi zuen ororekin. Eta azken urteetan hamaiketakoa egin izan da. “Ekitaldi edo ekintza horiek guztiek modu batera edo bestera elkartzeko balio dute eta horixe nahi izan dugu: nahi duenari elkartzeko aukera eman. Izan ere, horrelakoetan elkar ezagutzeko, hitz egiteko, partekatzeko, hausnartzeko, eztabaidatzeko, entzuteko eta besteen esperientziak ezagutzeko aukerak sortzen dira, eta uste dugu merezi duela. Atseden eta otordu garaiak une hezitzaileak dira Hik Hasirentzat” gainera-tzen du Auzmendik.
Norabide horretan kokatuta eta aurten 20. urteurrenaren ospakizun modura, egun osoko jardunaldi bat antolatu da ikastaroen bezperan. ‘Hezkuntza errealitate berrietara jauzi’ izenpean hitzaldi bat eta lau mahai-inguru antolatu dira. Hezkuntza arlotik at dabil-tzan hainbat aditu eta aritu izango dira bertan, bakoitzak bere esparrutik bi galdera hauei erantzunez: Bata, “10-20 urte barru nolako gizartea irudikatzen duzu? Zein izango dira premia nagusiak? Zeri erantzun beharko zaio?”. Eta bestea, “Horretarako zer-nolako hezkuntza behar da? Nola hezi behar ditugu haur eta gazteak?”. Parte-hartzaileen artean izango dira Juan Jose Ibarretxe hasierako hitzaldia ematen eta gainerakoak mahai-inguruetan: Joseba Azkarraga Etxagibel, Idurre Eskisabel, Maitane Arnoso, Marga Iñiguez, Arcadi Oliveres, Txusa Balbás, Jon Sarasua, Ion Errea, Aritz Otxandiano, Heike Freire, Tamara Claveria eta David Fernandez.
Ikastaro berritzaileak
Topaketen beste ezaugarri nagusietako bat berrikuntzarena da. “Eskaintza berritzailea egiten saiatu izan gara beti” dio Auzmendik. “Eta horretarako, beti egon izan gara jendearen beharretara adi: Hik Hasiko taldean eskoletan lanean dabiltzan irakasleak ditugu eta haiek diotena aintzat har-tzen dugu, ikastaroetan balorazio orriak banatzen ditugu eta kezka eta beharrak detektatzeko zein proposamen berriak jasotzeko bide ematen digu, unibertsitateetako adituekin harremanetan gaude, eta Hik Hasira deitzen duen edonori entzuten diogu”. Irekiera horregatik agian, batzuetan gertatu izan zaie aurreratzea, ikastaro batzuk proposatzea baina jendea oraindik ez egotea prest gai horiek lantzeko edo denbora gehiago behar izatea. Besteak beste, hori gertatu zitzaien etorkinen inguruko lehen ikastaroa eskaini zutenean, edota bullying-ari eta suizidioari buruzkoak eskainitakoan.
20 urteko ibilbideari begiratuta eboluzio bat antzematen da ikastaro eskaintzari begiratuta. Betidanik izan dira ikastaro teoriko-praktikoak, baina teoriak zuen lekua galtzen joan da urtetik urtera. “Lehen eskolan eragiteko ikastaroak ziren, eta gaur egun norberarengan eragitekoak dira gehienbat. Jendearen beharra aldatu egin da eta horren arabera eskaintza ere bai” azaltzen du Auzmendik. Zentzu horretan, yoga, mindfulness, garapen pertsonala, pedagogia sistemikoa eta horrelako gai berriak agertu dira. “Hasierako urteetan informatikaren inguruko ikastaroek arrakasta handia zuten, behar handia zegoen arlo horretan. Orain, aldiz, behar hori ez da somatzen. Horrekin batera, hasierako urteetan pedagogo bati buruzko ikastaro bat eskaintzen genuen: Vigotski, Gardner, Kolhberg... eta gero bakoitzari buruzko monografiko bat argiratu zen”. Sormenari lotuta ikastaroak beti eskaini izan dira, nahiz eta ez diren ikastaro oso jendetsuak izatean. “Baina guk uste dugu arlo artistikoa lantzea garrantzitsua dela emozioak kudeatzen ikasteko eta espresioa lantzeko”. Horregatik, nahiz eta erantzuna ez izan esperotakoa, interesgarriak iruditzen zaizkien ikastaroak eskaini egiten dituzte. Gauza bera gertatzen da Bigarren Hezkuntzako irakasleei zuzendutako ikastaroekin. Lehendabiziko urtetik eskaini izan dira etapa horri zuzendutako ikastaroak, DBHko irakasleek ikuspegi hezitzailea edukitzeko beharra antzematen delako eta horretan ekarpen bat egin nahi izan delako. “Nahiz eta gero ikastaroa aurrera ez atera, gai edo arlo batzuk lantzea interesgarria iruditzen zaigu eta merezi duelakoan gaude”.
Plaza irekia
Hik Hasirekin batera beste hainbat eragilek eta elkartek hartu dute parte 20 urte hauetan. Bigarren urtetik aurrera bidelagun izan da EHUko Hezkuntza eta Filosofia Fakultatea, hurrengo orrietan Felix Basurko eta Joxe Garmendiak azaltzen duten moduan. Argitaletxeei ere beren liburuak eta ikasmaterialak erakusteko gonbidapena egin izan zaie eta hor egon dira mahaiak jarrita gerturatzen zirenek ikusteko. Beste batzuk Udako Topaketak baliatu dituzten euren elkarteko aurkezpenak edota bilerak egiteko. Esate baterako, EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak.
Udako Topaketak unibertsitatetik begiratuta
E HUren Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatearekin batera antolatzen ditu Hik Hasik Udako Topaketak. Bigarren urtetik aurrera hasi zen elkarlan hori eta ibilbide horretan giltzarri izan da Felix Basurko irakasle ohia. Haren lekukoa hartu zuen Fito Rodriguezek eta gaur egun Joxe Garmendiak darrai. Basurko eta Garmendia elkartu ditugu unibertsitatetik Udako Topaketak nola ikusi izan dituzten eta nola ikusten dituzten galdetzeko, eta elkarlanaren nondik norakoez aritzeko.
Noiz hasi zen Hik Hasiren eta EHUren arteko elkarlana?
Felix Basurko.- Lehendabiziko urtean Ekintza ikastolan eta orduko Irakasle Eskolan antolatu zituen Udako Topaketak Hik Hasik. Bigarren urtean, ordea, Pedagogia fakultatean, baina inolako harremanik edo elkarlanik gabe: idazkaritzara joan, gelak eskatu eta alokairua ordaindu. Horrela izan zen. Hala, ikastaroen egunetan, behera jaitsi eta han ikusi nituen Hik Hasikoak. Interesatu egin nintzen. Interesgarria iruditzen zitzaidan irakasleak Pedagogia fakultatera joatea formazioa jasotzera. Euskal hezkuntza sisteman lanean zihardutenak eta unibertsitatea lotzea, alegia.
Unibertsitatea eta hezkuntza sistema gerturatzeko beharra ikusten zenuen?
Felix Basurko.-Bai, LOGSEk biak banatu egin zituen eta unibertsitatea hezkuntza sistematik at geratu zen. Orduan, bakoitza bere bidetik joan da. Unibertsitateak berak ere bere proiektuak eta bere bideak jorratu ditu. Ni, ordea, hezkuntza sistematik nentorren, eskola batean irakasle izan nintzen, eta ez nuen banaketa horrekin bat egiten. Nik ikusten nuen bien arteko lotura. Ni nengoen Sailean, Hezkun-tzaren Teoria eta Historia Sailean, betidanik eman genion garrantzia eskolarekiko loturari. Pertsonal berria hauta-tzerakoan eta kontratatzerakoan, adibidez, kontuan har-tzen zen eskoletan izandako esperientzia eta eskarmentua. Hori baloratzen zen: etorritako berriek hezkuntza sistema ezagutzea, ez teorian bakarrik, baizik eta praktikan ere bai, barrutik. Horregatik, bai Pedagogia fakultatearentzat eta bai Hik Hasirentzat, bientzat ikusten nuen interesgarria elkarlana. Nire sailetik afinitate handiz ikusten genuen Hik Hasiren mugimendua eta asko baloratzen genuen bere planteamendua eta egitasmoa.
Zergatik ikusten zenuen interesgarria?
Felix Basurko.- Alde batetik, Pedagogia euskal hezkuntza sistemara txertatzeko baliagarria izango zela iruditzen zi-tzaidan. Bestetik, ikastaroak berrikuntzari lotuta zeuden eta Pedagogia ere berrikuntza abiatzeko sortu zen. Horrez gain, Udako Topaketetan hasieratik egin zitzaion lekua hausnarketari eta gure sailean ere bai. Hor beste afinitate bat sortu zen. Eta bazen beste ezaugarri bat ere: gure ikasleak beren fakultatean eskarmentuko irakasleekin elkartzeko aukera izatea. Azkenik, aipatuko nuke Hik Hasiren proiektua zeharlerrokoa zen, transbertsala, publiko-pribatu dikotomia gainditzen zuena, eta hori ere interesgarria zen.
Edonola ere, hasierako gerturatze hori nik neuk egin nuen, interes pertsonalagatik. Eta gerora etorri zen unibertsitatearen inplikazio zabalagoa.
Nolakoa izan zen elkarlan horren hedapena; alegia, zure inplikaziotik fakultatearen inplikaziora igarotzea?
Felix Basurko.- Behin harreman pertsonalarekin hazia ereinda, hurrengo urratsa hori finkatzea zen. Nire sailean eta ingurukoetan topaketen inguruko informazioa ematen nuen eta lortu nuen topaketen garaian hainbat irakaslek ikastaro proposamenak egitea eta ikastaroak ematea.
Hurrengo pausoa fakultatea instituzio gisa inplikatzea izan zen. Hasieran errezelo asko ikusten nituen. Hik Hasi proiektu pribatu gisa ikusten zuten eta gelak alokatu egiten zitzaizkion. Ni saiatu nintzen gure proiektua zela ikustarazten, gure sailarekin lotura zuen egitasmo bat zela frogatzen eta, ondorioz, ez zuela ordaindu behar azaltzen. Hori lortu zen. Eta hortik beste aurrerapauso bat eman zen: sailetik fakultatera pasatzea. Alegia, fakultate gisa egitea elkarlana. Gaur egun horrela jarraitzen du, dekanotzak ere badu enpatia bat Hik Hasirekin. Hori izan zen nire azken zeregina: topaketak instituzionalizatzea. Nire edo sailaren kontu bat izatetik fakultatearen elkarlan bat izatea lortu genuen. Eta hori barneratuta dago gaur egun.
Zertan gauzatzen da elkarlan hori?
Felix Basurko.- Alde batetik, fakultateko irakasleek ikastaroak eskaintzeko aukera dute eta ikasleek erdi prezioan eman dezakete izena. Bestetik, unibertsitateak gelak eta zerbitzu teknikoak eskaintzen dizkio Hik Hasiri ikastaroak aurrera eramateko. Horrek berekin matrikularen prezioaren merketzea ekarri du. Hori ikastaroen egunetan. Garrantzi-tsuena da horrekin lotura eginda geratzen dela eta elkarlan gehiagorako bidea irekita uzten duela.
Ikasturtean zehar bestelakorik egiten al da?
Joxe Garmendia.- Elkarlanak eskola eta unibertsitatea elkartzeko balio du. Nik esango nuke unibertsitatetik Hik Hasi baliabide bezala ikusten dela: ikastaroak ematen ditu, aldizkariak argitaratzen ditu... eta hortik hezi egiten gara, ikasi egiten dugu, osatu egiten gara. Elkarri ideiak pasatzen dizkiogu eta ideien trukaketa badago. Beharbada instituzionalizatu gabe edo forma zehatz bat eman gabe daukagu, baina elkarlana badago eta zenbait gauza egin izan dira topeketez aparte. Esate baterako, herri hezitzaileen proiektuan biok aritu gara, beste eragile batzuekin batera. Edonola ere, lankidetza horretan gehiago sakondu genezake, jarraipen estuago egin, nahiz eta eguneroko dinamikak ez duen errazten.
Zuen ustez, zer-nolako ekarpena egin dute Udako Topaketek urte hauetan?
Joxe Garmendia.- Nik esango nuke euskaldunon bilgune bat dela Hik Hasi, eta zentzu horretan ikasturtea bukatutakoan topaketak egiteak balio sinboliko eta esanguratsua duela. Harremana eta elkartasuna. Hor dago gakoa: jendea biltzeko eta ikusteko aukera ematen du. Hik Hasi komunitatea osatu da; aldizkariak ikastetxeetara eta harpideengana iristen dira, bai Hik Hasi eta bai Hazi Hezi, topaketetan parte hartzen duten hizlariak agertu izan dira aldizkarietan eta abar. Konturatu gabe, hor badago sorkuntza prozesu bat, saretze prozesu bat, eta elementu horien guztien artean Udako Topaketek harreman fisikoa eta zuzenekoa eduki-tzeko aukera ematen dute. Ikastaroak bibentzialak dira eta horrek aukera ematen du jendea ezagutzeko, transmititzeko eta aurrera begira elkarlanerako bideak irekitzeko. Etortzen diren batzuk aurretik ezagutzen dira Ikastolen Elkartean daudelako, eskola publikoetakoak direlako edo beste bilera batzuk egiten dituztelako. Baina Udako Topaketek beste testuinguru bat eskaintzen dute: beraiek nahi dutelako etortzen dira, ez ikastetxetik bidali dituztelako.
Eskaintzen den formazioa erabat berritzailea da. Horretan eguneratuta dago Hik Hasi. Eta horri gehituko nioke Hik Hasik hezkuntzaren berrikuntzan egiten duen lana independentea dela. Berrikuntza ikusi eta ez duenez inolako curriculum itxirekin jardun beharrik, askatasuna du proposamenak egiteko eta hori positiboa da. Jendeak zer nahi du, zer da aurrerakoia, bada hor egiten du ekarpena. Hor bere bidea aurkitu du Hik Hasik eta uste dut errekonozimendua eta errespetua irabazi dituela.
Felix Basurko.- Nik berrikuntza kontzeptua azpimarratuko nuke, baina ez gaiari dagokionez, ereduari dagokionez baizik. Nire ustez Hik Hasiren lan egiteko modua, bere formakuntza eredua da azpimarratzekoa. Gu ohituta geunden administraziotik formakuntza iraunkorra edo jarraia eskaintzen zuten ikastaroak egiten edo ikusten. Haiek goitik behera erabakitzen ziren; goian erabakitzen zen zertan hezi behar zen jendea. Administrazioaren interesen araberako berrikuntza ikastaroak ziren.
Hik Hasik alderantziz egiten du: lehendabizi jendeari galdetu zer nahi duen, horren arabera prestatu ikastaroak, eta gero, jendearen erantzunaren arabera ikusi zein diren bideragarriak. Horrez gain, aipatu beharra dago ikastaroak teoriko-praktikoak izan direla beti, irakasleen eguneroko praktika hobetzera zuzendutakoak. Beraz, behetik gorako eredua eta teoriko-praktikoa. Eredu horrekin asmatu egin du eta interesgarria izan da.