ZERGATIK EZ KANTUAN?

2019-07-01

PANTXIX BIDART. MUSIKARIA

 
 

Duela gutti erakasle batek erran zidan: “Nik ez dut kantatzen klasean, ez dakit kantuz eta!”. Hortan gelditu ginen eta ez nion gogoan nuena esan eta hemengo paradaz baliatzen naiz ene gogoetaren bururat eramaiteko.

Kantua klasetik baztertzeko “Ez dakit kantatzen” hori ardura en-tzun izan dut. Eta aldi guziz nago: “Bainan margotzen ba al dakizu?”. Alta, margoketetan eramaiten dituzte erakasleek klase osoak, lotsa eta beldur izpirik gabe. “Eta matematiketan ez zira Einstenen heienan ere!”. Alta kalkuluetatik geometriarat, erakasle guziek (ene ustez) behar baino matematika gehiago erakusten diezue gure haurrei.

Zergatik beraz musikarekilako lotsa hori? Jakitate eskasa ala interes eskasa? Ez dut sinetsi nahi bigarren aukera denik. Alabainan, kantua da sentsualitatearekiko lehen harremana. Amaren sabeletik soinuen entzuten hasten da umea eta tripatik atera ondoan, amaren bularraren kontra entzun duen lehen bibrazioa amaren ahotsarena da. Zonbat burasok eta familiakok ez ote dugu haurra besoetan kantuz lokartu. Eta egun beharko ginuke sentsualitatearekilako lehen kate hori moztu kantuz ez dakigulako? Ez dea burasoen bainan ere erakasleen helburua lehen harreman sentsual horren mantentzea eta sendotzea?

Margoarekin koloreak, erliebeak, edertasuna, konzentrazioa, lasaitasuna eta beste hainbat nozio hurbiltzen dituen bezala, haurrak musikarekin beste hainbeste deskubritzen ditu: adi egoten ikastea, besteen entzuten ikastea, soinuak desberdintzen ikastea, entzumen aktibo eta kritiko baten ukaitea, lasaitzea, sentimenduak ozenki adieraztea, besteekin eta besteen aurrean egoitea eta gauzak adieraztea...

Hori dena eta gehiago kendu behar ote diogu haurrari guhaurek kantuz (ustez) ez dakigulako?

Eta kantuz ez dakienak ere aterabideak baditu. Joan den urtean Nafarroako Hezkuntza sailak eta Dijitaldeak programa bat abiatu zuten musikariak heien lanaren aurkezterat ikastetxeetarat joaiteko eta euskal kantuaren historiako zonbat oinarriren oroitarazteko. Konturatu baitziren, kantatzeaz gain, oraiko gazteak kantagintzatik, hau da, gure ekosistemako elementu garrantzi-tsuenetariko batetik urrun bizi zirela. “Nor? Mikel Laboa? Zoin taldekoa da? Erreal ala Athleticekoa?”. Heien berkonektatzeko, heien mundurat jo behar eta erakutsi genien nola Euskal Herriak ere bere musika ataria zuen, Badok izenekoa, eta nola azken 60 urte hauetako euskal kantagintzaren gehiena atari hortan aurki lezaketen, klikatuz. 

Beste aterabide bat litaike kantua programetan sartzea matematikak eta geografia bezalaxe. Kantuarekin gure ekosistema barnagotik deskubritzen baita, gure bertsolariak, gure poetak, iraganeko bizi moldea, garai bakotxeko kezkak eta aldarrikapenak, erran molde poetikoak, erran zaharrak... Horretarako, bistan da, erakasleendako ikastaro bat plantan ezarri beharko litaike, bakotxak oinarri batzu jakin ditzan eta talde bat kantan jartzen behar diren bizpahiru giltzak eskura ditzan.

Gure hitzak ez daitezela ahaztu ez daitezela gal...