ZER DA WIKIMEDIATIK HEZKUNTZA ESPARRUAN EGITEN ARI ZARETENA?
GALDER GONZALEZ
Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko proiektu arduraduna
I
majina ezazu mundu bat non gizaki guztiek askatasunez zabal dezaketen ezagutza guztia”. Horrela hasi zen eztabaida hau. Wikipedia entziklopedia, Wikimedia Fundazioak babesten duen proiekturik ezagunena, adinez nagusia da jada: 18 urte hauetan, 300 hizkuntzatan baino gehiagotan sortu da entziklopedia librea, milaka pertsonak parte hartu dute ezagutza librea guztien eskura jartzen, eta inoizko lankidetza-proiekturik handiena gauzatu da. Auzolanean eta libre. Proiektua hazi egin da, koskortu, eta jada ez da bakarrik entziklopedia bat, ezagutza librearen azpiegitura oso bat da; multimedia ekimen bat da, 50 milioi irudi, bideo eta argazki libre baino gehiagorekin; jatorrizko testuen biltegi libre bat da, milaka eta milaka orrialde transkribaturekin; datuen biltegi erraldoi bat da, historian egindako datu-base librerik handiena; software bat ere bada, beste webgune asko elikatzeko balio duena.
Testuinguru horretan jaio zen, orain hiru urte, Wikimedia 2030 estrategia, gure burua berrasmatzeko eta zer nahi dugun erabakitzeko eztabaida erraldoia. Luzea izaten ari da, eta luzerako doala ematen du; izan ere, mundu-mailako makineria oso bat mugitu behar da, eta oso irizpide desberdinak, kultura guztiz antagonikoak eta askotariko oinarriak dituen mugimendu bat da gurea.
Wikimedia Estrategiaren helburua 2030ean non egon nahi dugun zehaztea da. Horretarako, hainbat nazioarteko lantalde egin dira (aniztasuna, diru-sarrerak, egiturak, komunitatearen osasuna...), eta urtebetez dokumentuak sortzen aritu gara, aurreko bi urteetan jasotako ekarpen guztiak aintzat hartuz. Oinarrian, ikuspegi estrategiko bat da. Honela dio orain arte adostutako oinarrizko testuak:
Gure helburu estrategikoa: zerbitzua eta ekitatea. 2030erako, ezagutza librearen ekosistemaren funtsezko azpiegitura bihurtuko da Wikimedia, eta gure ikuspegia partekatzen duen edonork gurekin bat egin ahal izango du.
Guk, Wikimediako kolaboratzaileok, komunitateok eta erakundeok, aurrera egingo dugu gure munduan giza aniztasuna erabat adierazten duten ezagutzak bildutzeko eta beste batzuei gauza bera egiteko aukera emango dieten zerbitzuak eta egiturak eraikitzeko.
Ezagutza zerbitzu gisa: gure erabiltzaileak zerbitzatzeko, interfaze eta komunitateen bidez munduari irekitako ezagutza zerbitzatzen duen plataforma bihurtuko gara. Aliatuek eta bazkideek Wikimediatik harago ezagutza librea antolatu eta trukatzeko tresnak eraikiko ditugu. Gure azpiegiturak aukera emango digu, guri eta beste batzuei, doako eta konfiantzazko ezagutza modu ugari bildu eta erabiltzeko.
Ezagutzaren ekitatea: mugimendu sozial gisa, ezagutzan eta botere- eta pribilegio-egituretatik kanpo geratu diren komunitateetan oinarrituko ditugu gure ahaleginak. Jatorri guztietako pertsonei ongietorria egingo diegu, komunitate indartsu eta askotarikoak eraikitzeko. Ezagutza askerako sarbidea eta ekarpena eragozten duten oztopo sozial, politiko eta teknikoak hautsiko ditugu.
Nire ustez, azken puntu horretan dago gako nagusia, ezagutzaren ekitatean, hain zuen.
Ezagutzaren ekitatea
Ezagutza ez da neutroa. Curriculumak egiten edo aztertzen dituen edonork daki erabaki politikoak daudela atzetik. Curriculumak erabil daitezke ekitatea bultzatzeko edo egiturazko desberdintasunei eusteko. Wikipediak (gure proiektu nagusia hori baita) askotan edan du orain arte egondako iturrietatik, eta orain arte egondako iturriek ez dute ezagutza modu ekitatiboan banatu. Gizonezkoen eta emakumezkoen errepresentazioa ez da berdina, adibidez: biografien % 17 inguru baino ez dira emakumezkoenak, eta historiako pasarte gehienetan gizonen izenak baizik ez dira ageri. Genero-oreka lortzea erronka bat da, agian ezinezkoa, baina bidea egiten laguntzen diguna.
Produktuak eta programak informatikariek diseinatu dituzte. Zehazkiago, herrialde aberatsetako informatikariek, beti ordenagailu bat ondoan izan dutenek. Gaur egun, Interneten kontsumorik handiena mugikorren bidez egiten da, eta milioika dira inoiz ordenagailu bat izan ez dutenak baina Internet konexioari mugikorrekin bakarrik lotu direnak. Funtsezkoa da ezagutza pertsona horiei helaraztea. Orain arte produktuan zentratu gara, hemendik aurrera pertsonetan oinarritutako proiektu bat garatzeko ideia da gailentzen ari dena.
7.000 hizkuntza inguru daude munduan. Horietako askok oso hiztun gutxi dituzte, eta litekeena da mendea amaitzen denean gehienak desagertzea. Kalkulu batzuek diote mende honetan hizkuntzen % 90 desagertuko dela. Zein salbatuko dira? “Erabiltzaile-oinarria dutenak” izango litzateke orain dela 30 urteko erantzuna, baina errealitatea bestelakoa da. Sarean presentzia digitala duten hizkuntzak baino ez dira salbatuko, eta agian guztiak ere ez. Wikipedian egotea funtsezkoa da hizkuntza baterako (ikerketek hala diote), eta, horregatik, Wikimedia mugimenduak hizkuntza berriak bultzatu beharko ditu.
Gainera, orain arte munduan ahotsik izan ez duten kulturek ere lekua beharko dute etorkizunean. Afrikari buruzko eduki gehienak Ameriketako Estatu Batuetatik idazten dira gaur egun. Afrika, Asiako eremu asko, Hego Amerikako esparru zabalak... misterio bat dira oraindik ere munduarentzat. Ezagutzaren ekitatea banatzen badugu, haiek ere ahotsa izan beharko dute, beren ahots propioa. Eta ezagutza hori idatzi, dokumentatu eta garatzeko aukera izan beharko dute, “Europako gizon jakintsuaren” ondoan, akaso gainetik.
Azkenik, ez luzatzearren, Wikimediak askatasunez partekatu nahi du munduko ezagutza guztia gizaki guztiekin. Gizaki guztien barnean umeak ere badaude, baita ikasleak ere. Mun-du digital batean ezagutza modu digitalean jasotzen dela ukaezina da. Wikimediak bere burua hezkuntzaproiektutzat berrasmatu beharko du etorkizunean, ikasleak gure irakurle direlako, gure etorkizuneko editore ere badirelako. Hezkuntza-proiektu bat ere bada Wikimedia.
Wikimedia, hezkuntza-proiektua
Wikimedia hezkuntzarako proiektu bat dela pentsatzen duten ehunka boluntario hezkuntza-proiektuak garatzen ari dira mundu osoan zehar. Wikimedia mugimenduaren barruan, hezkuntzak geroz eta pisu handiagoa du. Aurreko ikasturtean, Donostian egin genuen mundu-mailako Wikimedia+Hezkuntza lehen biltzarra. Bertan izan genituen kontinente guztietako ordezkariak, eta Wikimedia hezkuntzan nola ari diren erabiltzen azaldu zuten. Aniztasuna harrigarria da: badira unibertsitateko ikasleekin artikuluak lantzen ari direnak, euren ezagutza gizateria osoaren zerbitzura jarriz; badira ikasleekin multimedia-proiektuak lantzen ari direnak; badira curriculum osoa hartu eta bertan agertzen diren gaiak ahalik eta hoberen lantzeko proiektuak egiten dituztenak; hizkuntza gutxituak berpizten ari direnak; genero-arrakala ixten ari direnak eskoletatik abiatuz; Wikimedia ikertzen ari direnak; eskolako curriculum ofiziala Wikipedian editatzea txertatu dutenak; haurrentzako entziklopediak sortzen ari direnak; unitate didaktikoak, ikastaro trinkoak edo irakasleen prestakuntza egiten dutenak...
Ikasleek erabiltzen duten unetik, Wikimedia hezkuntzarako proiektu bat da. Gure proiektuaren lehen hamarkadan, hezkuntza akademikoaren eta entziklopedia librearen arteko talka nabarmena zen (“ez begiratu hori, edonork idatzia da”), baina paradigma aldatzen ari dela ematen du. Gero eta gertuago, gero eta estuago, gero eta lotuago. Ez begiratu, baina aztertu; edonork idatzia da, baina zuk ere hobetu.
Euskal Herrian ere, Wikimedia eta hezkuntza bateratzen ari gara
Eta zergatik egin zen, bada, mundu-mailako mota horretako lehen biltzarra Donostian? Bada, Euskal Wikilarien Kultura Elkartean hezkuntza-proiektu berritzaile batean murgilduta gaudelako. Aurretik aipatu ditugun ekimen askoren nahasketa egiten ari gara jada duela hiru urtetik, eta aurrera begira oso proiektu interesgarriak ditugu buruan.
Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, “Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat” proiektua jarri genuen abian 2017an. Asmo handiko helburua zen: 12-16 urteko curriculumean agertzen diren kontzeptuak erauzi, eta horiek ahalik eta hoberen ematea Wikipedian. Horretarako, unibertsitateko ikasleen (bereziki Euskal Herriko Unibertsitatekoak) laguntza izan dugu. Sistema uste baino sinpleagoa da: zientzia bakoitzean oinarrizko gaiak zein diren finkatzen dugu unibertsitateko irakasleekin, eta euren ikasgaian horren inguruan zer landu daitekeen eztabaidatzen dugu. Behin gai-zerrenda bat edukita, ikasleek egin ohi duten lan teorikoa Wikipediako artikulu izatera bideratzen dugu. Helburu hori lortzeko, ikasleei hitzaldi bat ematen diegu: Wikipedia zer den, entziklopedia bat zer den, nola ezagutu iturri onak eta nola eraiki bibliografia bat... eta laguntza teknikoa ematen diegu euren lana Wikipediako artikulu formatuan betirako, guztiontzat, libre egon dadin.
Ideia hori martxan izan dugun bi urteotan, 2.500 ikasle inguruk hartu dute parte gure proiektuan, 120 irakasle baino gehiagorekin. Guztira 1.500.000 hitz baino gehiago idatzi dituzte, euskarazko Wikipediak duenaren % 5 inguru: ez da gutxi.
Baina, horrekin batera, eskola eta unibertsitateetan ezagutza sortzeko modu berriak ere lantzen ari gara. Jada ikaslea ez da produktu baten irenslea (testuliburuaren logika berberarekin kontsumitzen duena entziklopedia digital bat), baizik eta egilea. Ikasleak badu aukera bere ezagutza esparru komunaren alde jartzeko, eta badu aukera hortik jasotzen duen ezagutza hori ezbaian jartzeko. Azken finean, edonork idatzi dezakeen entziklopedia horri sinesgarritasun osoa eman dio orain arte, eta konturatu da bera ere edonor hori izan daitekeela: eduki sortzailea.
Hori gutxi balitz bezala, proiektu guztiz berritzaile bat dugu martxan: Txikipedia. Txikipedia Wikipedia baten barruan txertatutako haurrentzako lehenengo entziklopedia da. Lerro hauek idazteko unean, 2.000 artikuluen langa gainditu du, umeentzat idatzitako 2.000 pieza labur. Badira antzeko proiektuak beste hizkuntza batzuetan (Vikidia, WikiMini, Klexikon...), baina guztiak daude Wikipediatik bereizita. Txikipediaren eredua Donostiako biltzarrean eztabaidatu zen, eta beste hizkuntza batzuetan ere interes handiarekin ikusi zuten.
Haurrentzako entziklopedia hau irakasle-eskoletan ari dira garatzen. Iaz berrehun ikasle inguruk artikuluak idatzi zituzten, didaktikako ikasgaien barnean egindako lanekin. Aurten, eredu hori indartuko dugu, eta saiatuko gara hurrengo urteetan umeentzako corpus bat eskaintzen. Baina, horretarako, irakasleen laguntza ere behar-beharrezkoa izango zaigu. Bidean, Ikastolen Elkartearekin garatu dugun unitate didaktikoa lagungarri izango zaigu.
Zerrenda amaigabe bat egin genezake martxan ditugun proiektu eta ideiekin. Baina bada aipatu nahi dudan etorkizuneko erronka interesgarri bat. Ikusi dugu irakasle batzuek testu-iruzkinak egiteko baliatu nahi dutela Wikipedia. Ez da lekua. Baina ideia interesgarria da. Sor dezakegu sistema bat ikasleek testuak azpimarratu, oharrak hartu, iruzkinak egin eta koaderno “propio” moduko bat izateko? Ikasketa-prozesuan Wikipedia txertatu nahi badugu, funtsezkoa da horrelako proiektuak garatzea. Irakasleek, ikasleek eta wikilariek elkarrekin lan egin beharko dute munduko ezagutza guztia gizaki guztiei eman ahal izateko. Euskaraz. Eta libre.