Eralda daiteke, eralda dezakegu

2020-06-01

BELDUR GAITZAKETE, KONTROLA 

GAITZAKETE, MANIPULA 

GAITZAKETE, BAINA INOIZ EZ BARRU-BARRUKO ERREBELDIARI UKO EGITERA ARTE. BERAZ, BALIA DEZAGUN KRISIA ESKOLA ETA HEZKUNTZA HOBETZEKO.

 
 

M

artxoan konfinamendua, eskolak ixtea eta online-irakaskuntza etorri zitzaizkigun gainera bat-batean, eskatu gabe, planifikatu gabe, aurreikusi gabe. Orain, ekainean, ikasturteari bukaera emateko garaia iritsi denean, ziurgabetasunak jarraitzen du, eta bi galdera handi dabiltza airean: nola bukatuko dugu ikasturtea eta nola hasiko gara irailean? A, B, C... eta Z planak ari dira mahaigaineratzen ikastetxeetan; aurrez aurreko aukerarekin batera telematikoa edota mistoa aurreikusten dira; paperean idatzitako curriculumari bizitzea egokitu zaigun errealitatea gainezarri zaio; maskarek eta distantziek nahi ditugun harremanak eta kontaktua eragozten dituzte; ideia sortzaileei eta planteamendu berriei hegoak mozten dizkiete administrazioen aginduek eta arauek; eta zurrunbilo horren barrutik, tarteka edo sarritan, norberaren arabera, beldurra agertzen da, COVID-19ak mundu osoko biztanleen artean sorrarazi duen beldur hori. Eta beldur horrek blokeatu eta geldiarazi egin gaitzake.

 

Iñaki Etxezarreta Arizmendi Ikastolako zuzendari orokorrak zenbaki honetako elkarrizketa nagusian dioen bezala, ordea, “gizakiok ez diogu inoiz uko egiten barruan daramagun errebeldia horri. Eta testuinguru batean edo bestean, beti ateratzen zaigu". Horregatik azpimarratzen du geure buruak desaktibatu behar ditugula ezuste, ziurgabetasun eta beldur horietatik. “Konfiantza landu beharrean gaude, berriro ere. Bestela, bloketatuta gaude eta ez gara kapaz pentsatzeko, ez gara kapaz sortzeko eta ez gara kapaz momentu honetan beste egoera bat irudikatzeko.”.

 

Barruko errebeldia hori ateratzeko unea da orain eta elkarren artean errazagoa izango da. Hik Hasi Laborategian eta beste hainbat lekutan landu diren planteamenduak eta balioak martxan jartzen saiatzeko unea da. Egoera honek aukerak eta abaguneak eskaintzen ditu, beraz, balia ditzagun. Harremanei, egoera emozionalari, kontaktuari edota errealitateko bizipenei garrantzia ematenb baldin badiegu, horiek lantzeko bideak hartu behar dira, arau zurrunek markatzen dituztenetara mugatu gabe.

 

Eraldatzeko unea da. Eralda daiteke eta eralda dezakegu. Bakoitzak bere etxean bide hori har dezake komunitate osoak bat eginik. Baina horrez gain, eragile guztiak batu eta administrazioei bide hori erraztu dezaten eskatzeko momentua da. Denok gara protagonista, denok gaude krisiak ekarri duen ziurgabetasun egoeran, denok gaude gauzak ahalik eta ondoen egiteko borondatearekin, eta lau begik bik baino gehiago ikusten dute. Ikuspegi horiek denak bildu eta horiei entzun behar diete administrazioek, hezkuntza eragileak bidelagun dituztela jabetu behar dute behingoz, eta mugatzeaz haratago, egiten utzi.