Konsue Salinas: “Koronabirusaren krisiagatik sortutako egoera berriak lantzeko materiala prestatu dugu”

2020-06-01

Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz argi ikusi da ingurumenak, naturak eta animaliek arnasa hartu dutela. Bada zer hausnartua, oro har, gizartean eta baita hezkuntza esparruan ere. Zergatik, ordea, landu hori eskolan? Zertarako? Nola eta zein baliabiderekin? Galdera horiek erantzuteko prestatuta dago Konsue Salinas Haur Hezkuntzako irakaslea eta Iruñeko Irakasleen Laguntzarako Zentroko (ILZ) aholkularia. Alde batetik, Agenda 2030 hezkuntza sisteman ezartzeko dauden argudioak azaltzen ditu, eta bestetik, krisi egoera honetan irakasleei lan hori erraztuko dien Hendere eta koronobirusaren krisia materiala aurkezten du.

 
 

Zer lotura du Agenda 2030ak hezkuntza sistemarekin eta, zehazkiago esanda, irakasleekin?

2015eko irailean Nazio Batuen Batzar Nagusiak dokumentu bat onartu zuen: Gure mundua eraldatzen: Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda. GJH Garapen Jasangarrirako 17 Helburuek eta agenda horretan sartutako 169 jomugek argi adierazten dute gizateriak aurrean duen erronka zein handia den.

Irakasleok eragile garrantzitsuak gara GJHen eta Agenda 2030en helburuak lortze bidean. Eraldaketa sozialerako eragile garen heinean, eskolaren funtzioa zein izan behar den hausnartu behar dugu eta agenda hori garatzen lagundu behar dugu, hori baitagokigu hiritar aktibo eta parte-hartzaile gisa. Zentzu honetan, 4. 7. helburuak onartzen du irakasleek eta hezkuntzak funtsezko zeregina dutela giza garapenak eta planetaren garapenak behar duten jasangarritasun xedeak lortzeko garaian. Horrela, herrialde guztiei dei egiten die irakasleek Agenda 2030 ezarri eta garatu dezaten: 2030 bitartean ikasle guztiek garapen jasangarria bultzatzeko beharrezkoak diren ezagutzak eta trebetasunak lortu ditzaten bermatu behar da, besteak beste garapen jasangarrirako hezkuntzaren bitartez eta bizi estilo jasangarrien bitartez. Horrekin batera, giza eskubideak, genero berdintasuna, indarkeriarik gabeko bakearen kultura, munduko hiritarrak eta kultur aniztasuna eta garapen jasangarrira egokitutako kulturaren ekarpena lantzea aipatzen dira. 

 

Nola definituko zenuke Garapenerako Hezkuntza (GH)? Zer da GH?

GH ikuspegi pedagogiko bat da, hezkuntza ulertzeko modu bat, zeinak gelan egunero garatzen diren hezkuntza prozesu guztiei laguntzen dien. Sarean adituen definizio anitz aurki daitezke. Niri hiru ideia azpimarratzea gustatzen zait: GHk ikasleei, irakasleei, familiei eta komunitate osoari munduan beste errealitate batzuk badirela erakusten die eta horren inguruan sentsibilizatzen ditu. Ezagutza horrek kontzientzia kritikoa edukitzea ahalbidetzen du, eta horrek ekitea eta eraldaketen eragileak izatea dakar (Salinas, 2014:67).

Garrantzitsua da hezkuntza arloari dagokion hizkuntza komun hau erabiltzea GHren esanahia eta curriculumean duen presentzia ongi ulertzeko. Izatez, konpetentzia sozialak eta hiritarrak GHren erreferentetako batzuk dira curriculumean. Gainera, konpetentzia horren idazketa GHren jakinduria historikoan eta printzipioetan inspiratuta dago.

 

Zentzu honetan, zein da gaur egun ikastetxeetan dagoen egoera? Zeren hutsunea sumatzen duzu?

2014an argitaratu nuen liburuan —Acercando la Educación para el desarrollo a la escuela. Una mirada internacional, una mirada local (docentesparaeldesarrollo.blogspot.com)— horri buruzko ikerketen emaitzak azaldu nituen. Nahiz eta irakasle asko GHren ikuspegi horretatik aritu, oraindik ezezagutza handia dago GHren ezarpena babesten eta legitimatzen duen marko teorikoari, curricularrari eta araudiari dagokionez. Egia da azken urteetan asko aurreratu dela irakasle askoren konpromisoari esker eta ikuspegi pedagogiko honetako heziketa-proposamen askotarikoak sortu direlako. Ikastetxe batetik bestera alde handia dago GHren ezarpenari dagokionez, eta baita ikastetxe jakin baten barruan ere. Normalean hezkuntza sistemarekin zerikusirik ez duen eta boluntarioa den zerbait bezala ikusten da oraindik ere.

Nire ustez, beharrezkoa da heziketa-ibilbide berritzaileak ezartzea irakasle guztiengana iristeko. Azken batean, denbora kontua da. Agenda 2030 sinatu duten herrialdeek hezkuntza sisteman GJHk GHren bitartez ezartzeko konpromisoa hartu dute. Horregatik ikusten dut ilusioz Nafarroako Gobernuak bere logoan Agenda 2030 txertatu izana, erdian jarri du eta ikusarazi egin du, nahiz eta sentsibilizazio kanpaina on baten falta sumatu logo horrek zer esan nahi duen eta zertara konprometitzen gaituen azaltzeko, eta batez ere, irakasleok eraldaketako eragile gisa dugun funtzioa argitzeko.

 

Zer egin dezakete irakasleek?

Irakasleok funtsezko zeregina daukagu GJHk eta Agenda 2030 lortzeko bidean. Eraldaketa sozialeko agente gisa, eskolaren zeregina zein den hausnartzea dagokigu eta agenda hori garatzeko ekitea, hiritar aktibo eta parte-hartzaile garen heinean.

2018an hezkuntza arloarentzat interesgarriak diren dokumentu ugari argitaratu ziren. Garrantzitsua da horiek ezagutzea. Guztietan sartu da GJHen 4.7. helburua (lehen aipatutakoa), eta beraz, irakasleentzat kontsultarako ezinbesteko erreferentzia dira dokumentu horiek. Arlo curricularrean, konpetentzialetan eta ebaluazioan ezartzen diren helburuak ulertzeko eta lortzeko balio dute.

Nire proposamena zera da: dokumentu horiek irakurriz irakasleek euren ezagutza zientifiko-didaktikoa eguneratzea eta irakurketa pedagogikoko saioen bitartez lankideekin partekatzea.

 

Zein dira eskoletan GJHk zergatik eta zertarako landu behar diren ulertzen laguntzen duten dokumentu interesgarri horiek?

Gaurkotasun handiena dutenen artean UNESCOren bat azpimarratuko nuke: Hezkuntza berraztertzea: mundu osoko ongia lortzeko bidea? Dokumentu honek mahai gainean jartzen duen lehen hausnarketa honako hau da: zein izan behar da hezkuntzaren helburua gaur egungo eraldaketa sozialaren testuinguruan. Idatziak UNESCOren bereizgarri den hezkuntzaren eta garapenaren ikuspegi humanista mantentzen du. Zentzu honetan, Gema Celoriok dioen bezala, beharrezkoa da Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuak “bere egiteko pedagogikoaren erdigunean jartzea pertsonen eta planetaren bizitzen jasangarritasuna” (Celorio, 2017:105). Hau da, inklusioa, arrazakeriaren kontrako borroka, genero berdintasuna eta abar aintzat hartuta osatu behar da curriculuma, fokoa pertsona guztien garapen integralean jarrita, ikuspegi kritikotik eta eraldatzailetik. NBE Nazio Batuen Erakundeak dioen bezala, inor atzean utzi gabe.

Beste dokumentu aipagarri bat honako hau da: Europako Batasuneko Kontseiluaren gomendioa Etengabeko ikaskuntzarako oinarrizko gaitasunen inguruan (2018). Dokumentu honetan zera jasotzen da: GJHk garatzen eta bultzatzen jarraitzeko iniziatibak babestu behar direla, eta bazkide diren estatuek GJHk hezkuntzan, formazioan eta ikaskuntzan ezarri behar dituztela (Europako Kontseilua, 2018: 189).

Dokumentu honetan konpetentzia sozialei eta zibikoei garrantzi handiagoa ematen zaie eta ezinbestekotzat hartzen dira “aldaketara egokitzeko gaitasuna eta erresilientzia ziurtatzeko” (Europako Kontseilua, 2018: 189). Gainera, garapen jasangarria hiritartasun globalaren zatitzat hartzen da, ingurumenaren babesetik haratago doa, etorkizun jasangarria eraikitzeko norbanako bakoitzak duen erantzukizuna gehitzen du.

Erreferentziazko beste dokumentu bat ELGA Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen The future of education and skills/Education 2030 da. Hemen hiru gai interesgarria planteatzen dira:

1- Hezkuntzaren xedea birdefinitzeko asmoa.

2- Ikaslearen agentzia bultzatzeko beharra (pertsona batek munduan ekiteko duen gaitasuna).

3- Hezkuntza curriculuma berdiseinatzeko beharra.

Hezkuntzaren helburua ongizate (wellbeing) eta bizitza-kalitatearen terminoetan berdefinitu behar dela uste da, hau da, hezkuntza helburuek positiboki eragin behar dute ikaslearen eta gizartearen ongizatean ikasleak eraldaketaren eragileak direlako eta eragin positiboa eduki dezaketelako beren egungo eta etorkizuneko inguruan.

Azkenik, aipatu nahi dut Hezkuntza zibiko eta hiritarraren Nazioarteko Ikerlanean (International Civic and Citizenship Education Study) ikastetxeen eginkizuna ebaluatzen dela ikasleak gizarteko hiritar izateko, eta honako adierazle hauek txertatu dira: GJHn maila hezkuntza politika nazionalen eta ikasketa-planen maila guztietan, irakasleen formazioa eta ikasleen ebaluazioa”.

Urrutira joan gabe, PISAk 2018an argitaratutako txosten bat dago: Konpetentzia Globalaren Markoa. Pisa ikerketa. Gure gazteak mundu inklusibo eta jasangarrirako prestatzen. Konpetentzia Globala berrikuntza gisa sartu den kontzeptua da: “Konpentzia Globala galdera lokalak, globalak eta kulturartekoak aztertzeko gaitasuna da beste pertsonen ikuspuntuak eta munduko ikuskerak ulertzeko eta balioesteko, kultura desberdinetako pertsonekin elkarrekintza irekietan, egokietan eta eraginkorretan parte hartzeko, eta ongizate kolektiboaren eta garapen jasangarriaren alde ekiteko” (MECD, 2018:94).

Dokumentu horretan irakasleen prestakuntzari buruzko informazio zehatza agertzen da. Irakasleen protagonismoa funtsezkoa da ikasleek aipatutako konpetentziak eskuratzeko, eta ondorioz, ezinbestekoa da irakasleek formatzeko eta berritzeko aukera izatea, eta horrekin batera beste arlo batzuk ere lantzea baldin eta herritarren konpetentziak eta GJHk ikastetxeetan landu nahi badira.

Azkenik, komunikabideetan agertutako berrien arabera, Espainiako estatuaren Hezkuntza Lege berriak GJHn bitartez Agenda 2030 garatzeko estrategien beharra aipatzen du. 

 

Dokumentu teorikoetatik errealitate praktikora jaitsita, gai hau lantzeko material didaktikoa sortzen ibili zara azkenaldi honetan: Hendere eta Koronabirusaren krisia deitzen da proiektua. Zer-nolako materiala da?

GJHk eta Agenda 2030 lantzeko lagungarria den material didaktikoa bat da, eta pairatzen ari garen koronabirusaren krisi honekin erabat konektatuta dago. Haur, familia eta irakasleei baliabide bat eskaintzeko egin da, herritartasun globalerako hezkuntzaren ikuspuntutik modu egokian landu ditzaten koronabirusaren krisia dela-eta sortu diren egoera berriak.

Horrekin batera, gogoeta piztu nahi du norberaren eta gizartearen jokabideak aldatu beharrari buruz eta planeta zaindu beharrari buruz, GJHk eta Agenda 2030 ere erreferentzia izanik. Gaiak “garrantzitsuak” direla eta gaitasun zibiko eta sozialaren bidez, besteak beste, ezinbestekoak direla eskolan lantzeko.

 

Zein adinekoentzat dago pentsatua?

Lehen esan bezala, haur, familia eta irakasleei baliabide bat eskaintzeko egin da. Berez 3-12 urte bitarteko haurrentzat prestatu da, baina Hendereren ipuinak irakurtzeko eta gozatzeko adinik ez dago. Jorratzen diren gaiak gaurkotasunezkoak dira, eta beharrezkoa da mahai gainean jartzea, hiritartasuna globala izanik, gizateriaren beraren biziraupenari begira ditugun erronka handiak agerian jartzea, alegia. 

Henderek antza handia du Mafaldarekin, hausnarketa egitera gonbidatzen gaitu beti. Baina ez bakarrik hausnarketa egitera, baita konpromisoa eta iniziatiba hartzeko zenbait egoera aldatzera ere. Beraz, ipuinak edonorentzako modukoak dira, gazte, heldu nahiz adineko, eta irakurketa partekatzen bada... hobe! 

 

Ez zara ibili bakarrik materiala sortzen, taldelana izan da.

Bai, hala da. Lan hau AECID Garapenerako Lankidetzako Espainiako Agentziak eta Hezkuntza Ministerioak duten Garapenaren Aldeko Irakasleak izeneko proiektuaren barnean egin da, Garapenerako Irakasleen Sareko irakasle talde horren eskuzabaltasunari esker. 

Zazpi irakasle aritu gara: Ana Isabel Simón Cornago eta biok Nafarroakoak gara. Mercedes Laorga Lucas eta María Dolores Vidal Silva Madrilekoak dira; José Ramón Núñez Santos Asturiasekoa da; eta Mónica Sánchez Sandoval eta Montserrak Alonso Álvarez Leonekoak dira (azken hori irudigilea da).

Duela 2 urte Hendere eta Hezkuntzarako eskubidea argitalpena egin genuen AECIDek eta MEFPek bultzatuta. Beraz harremana eta lan egiteko egitura bagenuen. Aste Santuko oporrak hartu baino bi egun lehenago Montse irudigilea infografia batzuk sortzen hasi zen… ‘Zergatik ez dugu zerbait egiten?’ hasi ginen gure artean galdezka, eta ez genuen gehiegi pentsatu… Esan eta lanari ekin genion!

 

Zertan datza materiala? Zein da muina?

Osotara bost kapitutu ditu eta bakoitzean ipuin bat eta bost motatako lan proposamenak edo jarduerak daude, bakoitza ikuspegi desberdin batekin. Ipuinak konfinamendu garaian kokatuta daude eta Henderek, ipuin bakoitzean,  bere inguruan gertatzen ari dena kontatzen du: inkomunikazio aldi honetan bizi izaten ari dena, haren zalantzak, hausnarketak eta abar.

Hauek dira ipuinak: Hendere etxean geratu da; Hendere ikaskideekin jarri da harremanetan; Hendere munduan dituen lagunekin jarri da harremanetan; Hendere arduratsua eta solidarioa da eta Hendere eta munduko berriak.

Ipuinak irakurri ondoren lan proposamenak planteatzen dira. Zer-nolako jarduerak dira?

Ipuin bakoitzak sei jarduera mota proposatzen ditu funtsezko gaitasunak eta GJHk (17 helburuak) lantzeko.

1- Kontaidazu: hitzezko jarduerak eta gogoetak familia guztiarentzat.

2- Hendereren desafioa: Henderek desafio bat du zuretzat. Ausartuko zara?

3- Lanari lotu: hiru, bi, bat, ekin! Sortzeko unea da hau!

4- Emozioak: zer sentitzen ari zara?

5- Hartu iniziatiba: konpromisoa hartzeko garaia da.

6- Partekatu esperientziak: elkarrekin dibertigarriagoa da.

 

Non aurki daiteke materiala?

Blog bat sortu dugu eta bertan aurki daitezke ipuin eta proposamen guztiak: hendere.blogspot.com. Ahalik eta gehien zabaltzeko egin da materiala, irakasleei Garapenerako Hezkuntza hobeki landu dezaten eta GJHk eta Agenda 2030 zabal dadin. Lanaren kopiak egiteko baimena du, betiere iturria eta egileak aipatuz eta irabazi asmorik gabe erabiltzen bada: Creative Commons da lizentzia.

 

Aurreko materiala ez bezala, oraingoa euskaraz ere argitaratu duzue.

Oso argi nuen berriro parte hartzen baldin banuen material bat sortzen, euskarazko edizioa ere egitea lortu behar genuela. Zorionez, Fernando Reyri proposatu nionean euskarara itzultzea, ez zuen zalantzarik izan eta baietz esan zidan. Fernando Rey Escalera eta Uxue Rey Gorraiz izan dira obraren itzultzaileak. Argitalpen honen koordinazioa, maketazioa eta edizioaren koordinaketaz neu arduratu naiz.

Espero dugu interesgarria izatea irakasleentzat. Munduko haur, familia eta irakasle guztiengan pentsatuz egin dugu bihotzez, haiek gogoan izanda. Eta baita Joxe Mari Auzmendi ere. Elkarrizketa hau baliatu nahi dut Joxe Mari Auzmendiri nire omenaldi txikia egiteko: Joxe Mari, nonnahi zaudela ere, bihotzez.

Erreferentzia bibliografikoak

 

- CELORIO DIAZ, G. (2017). Educación crítica y transformadora. Marco teórico-pedagógico para integrar la soberanía alimentaria con enfoque de género en los centros de Secundaria. Bilbao. Hegoa; VSF Justicia Alimentaria Global. http://publicaciones.hegoa.ehu.es/uploads/pdfs/343/ED_critica_y_transformadora.pdf?1507288425.

- CONSEJO DE EUROPA (2018). Recomendación del Consejo de la Unión Europea de 22 de mayo de 2018 relativa a las competencias clave para el aprendizaje permanente. https://eurlex.europa.eu/legalcontent/ES/TXT/PDF/?uri=CELEX:32018H0604(01)&from=ES.

- MINISTERIO DE EDUCACIÓN, CULTURA Y DEPORTE (2018). Marco de Competencia GLobal. Estudio PISA. Preparar a nuestros jóvenes para un mundo inclusivo y sostenible. PISA 2018. https://sede.educacion.gob.es/publiventa/marco-de-competencia-global-estudio-pisa-preparar-a-nuestros-jovenes-para-un-mundo-inclusivo-y-sostenible-pisa-2018/educacion-estadisticas-espana/22445.

- ORGANIZACIÓN NACIONES UNIDAS (2015). Transformar nuestro mundo: la Agenda 2030 para el Desarrollo Sostenible. https://unctad.org/meetings/es/SessionalDocuments/ares70d1_es.pdf

- ORGANISATION FOR ECONOMIC COOPERATION AND DEVELOPMENT (OECD) (2018). The future of education and skills/Education 2030. https://www.oecd.org/education/2030/E2030%20Posi-tion%20Paper%20(05.04.2018).pdf

- SALINAS, K. (2014). Acercando la Educación para el Desarrollo a la escuela. Una mirada internacional, una mirada local. Blog docentesparaeldesarrollo https://drive.google.com/file/d/1N0uRkan1sSqRgTc342X1viwmQeDX8LS/view .

- UNESCO (2015). Hezkuntza berraztertzea: mundu osoko ongia lortzeko bidea? https://unesdoc.unesco.org/ark:/48223/pf0000244209.