NIRE IKASTOLA

2020-06-01
 
 

N

ire bizitzako 16 urte pasa ditut ikastolan. Bi urterekin hasi eta hemezortzirekin bukatu. Dena Hendaiako ikastolan hasi zen 1985ean. Oroitzapen oso ona dut Goiarako ikastola zaharrean. Nire adineko hamar bat lagun ginen gelan. Lekua zaharra zen, baina guretzako oso ederra. Futbol-zelai bat geneukan eta inguruan baso ttiki bat ere bai, eta txabolak egiten genituen. Gogoratzen naizen gauza handiena da denbora asko pasatzen genuela haur guziak elkarrekin jolasten. Ama Eskolan eta Lehen Mailan Hendaian pasa nituen zortzi urte. Gogoratzen naiz ere Herri Urrats garaian Hendaiako ikastolaren ostatuan pasatzen genituela eguna gurasoak laguntzen, momentu goxoak. 

Gero kolegiora joan ginen gela guzia, Kanbora. Hiru gelatan zatituak ginen, baina jolas momentuan elkartzen ginen. Bi oroitzapen handi ditut han. Lehena leku handia zela eta pilotan aritzen ginela denbora guzian aterbean. Bigarrena eta handiena, egunero autobusean ordu bat pasatzen genuela joateko eta itzultzeko. Beraz, denbora ainitz pasa genuen autobus hartan adin guziko ikasleok elkarrekin. Gauza asko pasatzen ziren autobus hartan. Etxerako lanak ere bukatzen genituen bertan eta, kasu garai hartako bidea ez zela arrunt zuzena eta gure idazketetan ikusten zela. Lau urte oso onak izanen ziren. Urtero ateraldi bat ere egiten genuen eta beste herriko ikastola batzuekin trukaketak ere egiten genituen. 

Kolegioa ere leku ederra zen, zeren eta Ipar Euskal Herriko bakarra zen orduan eta ikasleak leku guzietatik zetozen. Kostaldea eta barnekaldea leku berean. Aberastasun handia izan da denentzat.

Ondoren lizeoa Baionan egin nuen Etxepare lizeoan. Ehun bat ikasle bakarrik ginen, beraz, ikasteko kopuru oso ona. Erakasleak ere gehienak kolegioan ezagutuak, beraz aldaketa gutxi. Hor ere ordu bat egiten genuen autobusez. Bizi momentu handi bat pasa dugu auto-busean. Gogoratzen naizen gauza bat zera da: batzuetan autobusak huts egin izan zidala. Garai hartan ez genuen telefono mugikorrik, beraz, ez genekien autobusa pasa zen edo ez. Orduan, batzuetan korrika joaten nintzen geltokira trena hartzera, eta gero geltokitik oinez lizeora. Amak ez zuen nahi ikastolan huts egiterik, beraz, ez nuen askotan autobusa huts egin.

Nire ikastola garaiko oroitzapen oso ona dut. Momentu zailak izan dira, baina erraz ahanzten dira. Garai hartan ikastolak ttikiak ziren eta ikasleen eta erakasleen arteko harremana oso ona eta sinplea zen. Neretzako hori da garrantzitsuena. Ikastolak bere lekua egunero babestu behar zuen, beraz, gure artean elkartasun handia bazen. Denok bagenuen euskararen alde zerbait egiteko eta nik uste euskarari leku gehiago eman diogula. Gaur egun lau kolegio dira eta euskarak leku handiagoa du.

Hori izan da nire ikastola.