ZERTARAKO BEHAR DUGU STEM HEZKUNTZA?

2020-06-01

Aitziber SAROBE, Unai CARMONA, Nerea LOPEZ, Iker AZKUE, Eugenio ASTIGARRAGA, 

Itziar GARCIA, Haritz IRIBAS eta 

Patricia Arantzazu GONZALEZ

 

ZiTeO ikerketa-taldea

HUHEZI fakultatea

 
 

S

TEM akronimoa (Science, Technology, Engineering and Mathematics) gero eta adiera, eremu eta planteamendu zabalago eta askotarikoagoei lotuta ikusten dugu: STEM hezkuntza, STEM ezagutzak, STEM ereduak, STEM metodologiak, STEM proiektuak, STEM lanbideak, STEM balioak… Argi dago, beraz, konplexua den eta gero eta interes handiagoa duen esparru bati egiten diola erreferentzia. 

Hori aintzat hartuta, artikulu honen helburua da HUHEZI Hezkuntza Fakultateko ZiTeO (Zientzia-Teknologia-Osasuna) ikertaldeak STEM hezkuntza zergatik behar dugun eta guk nola ulertzen dugun azaltzea eta diziplinarteko hezkuntza-ikuspegi horretan aritzeko gakoak aurkeztea.

Hasteko, STEM hezkuntzak Oinarrizko Hezkuntzarako duen garrantzia azpimarratuko dugu. Zientzien, teknologiaren eta matematiken ezagutza-arloen irakaskuntza eta ikaskuntza integratua eskatzen duen hezkuntza-ikuspegi honen jatorrian aspaldikoak diren oinarri pedagogikoak daude: ikasleak, talde-lanean eta euren intereseko ikaskuntza-prozesuen bidez, zientziaren eta teknologiaren ezagutza edota erabilera eskatzen duten erronkak eta arazoak ebazteko gaitzea. Planteamendua ez da berria, baina uler daiteke gaurkotasuna: teknologiak gero eta garrantzi handiagoa du gure gizartean, eta, digitalizazioaren aroan sartu garelarik, ezinbestekoa da teknologiak gure gizartean eta gure bizitzan duen eraginarekiko pentsamendu kritikoa izatea eta hura erabiltzeko gaitzea. Horrez gain, gaur eta beti izango da garrantzitsua ikasleak konpetentzia zientifiko, teknologiko eta matematikoetan heztea, herritar guztiak egunerokotasunean aritzeko, bizirauteko zein osasun-alorreko oinarrizko behar eta arazoak ebazteko; zientziaren, teknologiaren eta gizartearen arteko erlazio konplexuen kontzientzia izateko eta zientzia eta teknologia kultura garaikidearen elementu gisa identifikatzeko gai izateko. Ezagutzak, prozesuak eta balioak behar ditugu herritar gisa erabakiak hartu ahal izateko.

Teknologia digitala, ordea, ez da etorkizun hurbilean daukagun erronka bakarra, eta, ziurrenik, ezta erronka nagusia ere. 2019ko udan, EAEko lehendakariak Klima Larrialdi Egoeran gaudela aldarrikatu zuen, eta artikulu hau mundu mailako osasun-krisia eragin duen pandemiaren ondoriozko konfinamendu-egoeran idatzi da. Klima-aldaketa eta haren ondorioak, gutxiago edo gehiago, herrialde industrializatu guztietako gobernuen agendetan daude. Zientzialariek etorkizun hurbilean izango dugun errealitate gordina ikusarazi digute, eta eskolaren zeregina ere bada errealitate hori gelaraztea eta irtenbideak eraikitzeko heztea. NBEk 2015ean onartutako Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendak hamazazpi helburu planteatzen ditu; bide horretatik, UNESCO erakundea askotariko ekimenak bultzatzen ari da helburu horiek lortzeko eta, gai horiekin lotuta, herritarren hezkuntza garatzeko1. Gure ustez ere, konpetentzia zientifikoak, teknologikoak eta matematikoak helburu horrekin landu behar dira, eta krisi ekologiko globalak (eta horren eragilea den klima-aldaketa) edota trantsizio sozio-ekologikoaren beharrak STEM proiektuak lantzeko funtsezko ardatzak izan behar dute.

Azkenik, gizartean dagoen beste erronka nagusi bati erantzun beharko litzaioke STEM hezkuntzarekin: hain zuzen, ikasketa eta lanbide teknologikoetan nabaria den genero-desberdintasunari. Arrakala hori gainditu beharra dugu, ez STEM lanbideek profesionalak behar dituztelako, baizik eta, gure ikasleek eraikitzen duten identitatea edozein izanda ere, guztiek izan beharko lituzketelako aukera berdinak nahi duten hori izan eta ikasteko, eta hori, tamalez, txikitatik hasten gara mugatzen. Asko ikertu eta idatzi da gai horren inguruan azken urteetan, baina oraindik ere bide luzea dago egiteko. Ikerketek erakusten dute gazteak DBH etapan hasten direla, etorkizuneko lanbideak gogoan, horiei begirako ikasketak hautatzen. Prozesu horretan, berebiziko garrantzia dauka ezagutza-arloen eta horiei lotutako lanbideen estereotipatzeak. Eskolak ez ezik, familiak eta, oro har, gizarteak ere eragiten du erabaki horretan; baina argi dago ikasleek eskolan ikusten dituzten ereduek eta jasotzen dituzten mezuek eragina dutela euren ikasketen hautuan. Etorkizuneko lanbide asko eta asko sortu gabe daude egun, baina jakin badakigu horietako gehienak teknologia digitalen bilakaeraren baitan (ingeniaritzan, informatikan, bioteknologian…) garatuko direla. Lanbide horietarako ikasleak berdintasunean prestatzetik harago, ordea, etorkizun teknologiko horretarako hezi behar dira gazteak, eta, nondik abiatzen garen ikusita, horretarako ere, ikuspegi feminista eta inklusiboa arduraz landu behar dira hezkuntzan. Zientziak guztiongana zabaltzea eta teknologiarekiko irisgarritasuna eta teknologiaren erabilera kritikoa berdintasunean lantzea, horiek izan behar dute, besteak beste, STEM hezkuntzaren baldintzak.  

Laburtuz, STEM hezkuntzaren indargunea gure gizarteak dituen erronka nagusiak gelaratzeko eskaintzen duen aukeran dagoela uste dugu, diziplinarteko proiektuak baliatuz, garapen jasangarriari begirako arazo eta erronka esanguratsuak ebazteak ikaskuntza aktiboa eta kritikoa sustatzen duelako. Horrek garrantzi berezia hartzen du, kontuan izanda, herri honen bilakaera industrialak izaera propioa duela gure historian eta kulturan.

 

STEM proiektuen bidezko ikaskuntza eta irakaskuntza

Beraz, STEM hezkuntza bai, baina nola? Zer helburu didaktikorekin diseinatu behar dira eta nolako ezaugarri metodologikoak izan behar dituzte ikasteko eta irakasteko prozesuek STEM hezkuntza bideratzeko? Noski, helburuen barnean erantzun beharreko galdera da hori, baina, gure aburuz, badira azpimarratu beharreko hainbat gako.

STEM proiektuek ikaskuntza aktiboa, pertsonalizatua eta lankidetzan oinarritutakoa sustatu beharko lukete. Proiektu horien abiapuntuan, garrantzitsua da ikasleen interesekoak diren arazoak eta erronkak identifikatzea. Ikasleen errealitatea eta eskola-curriculuma uztartzean dago gakoa. Heziberri 2020 dokumentuan oinarrizkotzat definitu diren alfabetizazio zientifiko, teknologiko eta matematikoak hainbat ezagutza-arloren arteko diziplinartekotasunerako bideak erakusten ditu. Curriculum horrek ezagutza-arlo horiek etapa eta mailaka lantzeko ikasgaika antolatzen ditu, baina ikasgai horiek diziplinartekotasunean landu daitezkeen hainbat ezagutza barnebiltzen dituzte, garapen jasangarrirako hezkuntza hartzen badugu ardatz. 

Ingurumen Hezkuntzak bide luzea egin du noranzko horretan. Eskolako Agenda 21 ekimenaren barruan, edota tokian tokiko bestelako curriculum-proposamenetan, STEM ezagutza-arloen diziplinartekotasuna eskatzen duten gaitegi eta proiektu andana diseinatu eta gauzatu dira. Batxilergoko Mundu Garaikiderako Zientziak ikasgaiak ere alfabetizazio zientifikoa eta teknologikoa egun ditugun ingurumen-arazo nagusiekin uztartzeko aukera eskaintzen du. Beraz, STEM proiektuak lantzeko gaien aukeraketak ez luke arazo handia izan behar.

Proiektu horien diseinuetan ebazpen teknologikoa irudikatzea da ikuspegi didaktikotik aurki dezakegun erronka nagusietakoa. Horrekin lotuta, argitu beharko genuke teknologia ez dela soilik arduratzen ikasleek zentzu kritikoz arazoak ebazteko hainbat gailu erabiltzeaz, edo gailurik aproposena hautatzeaz helburuaren arabera. Gailuen (digitalak edo ez) diseinua eta eraikuntza edota erreminten erabilera ere bada teknologia. Eskola-curriculumak eskaintzen ditu horretarako aukerak, nahiz eta tokian tokiko baldintza materialak eta fisikoak mugatzaileak izan daitezkeen (Teknologia ikasgaiaren ordutegi murritza, espazio eta material falta...). Mugak muga, digitalizazioaren garai honetan, ukaezina da teknologia digitala eta horren erabilera eraginkor eta arduratsua bidelagun ona izan daitekeela.

Bestalde, erronka eta arazoen ebazpenera bideratutako STEM hezkuntzan, konpetentzia zientifikoaren lanketak hausnarketa sakona eskatzen du. Curriculumean, konpetentzia hori lantzeko, hainbat ikasgaitan banatuta jasotzen da ezagutza zientifikoa. Ezagutza horiek guztiak diziplinarteko proiektuetara ekartzeak hautuak egitea eskatzen du. Konpetentzia zientifikoa lantzeko zein eduki eta zergatik landu aukeratzea tentuz egin beharreko ahalegina da, eraikitako ezagutzaren transmisioa saihestuz, ezagutza zientifikoaren eraikuntzak bereak dituen indagazioa edota ikerketa gauzatu nahi badira. Galdera-erantzunak modu dialogikoan bideratuz, hipotesiak eraikitzea eta esperimentatzea eskatzen duten ikasteko eta irakasteko prozesuak diseinatzea eta gauzatzea erronka handia baita irakasleontzat. 

Egun ohikoena den ebaluazio-ereduak ez du askorik laguntzen hezkuntza-eredu honen aldeko apustua egiteko. Izan ere, ez luke zentzurik taldean landutako STEM konpetentzien ebaluazio-tresna nagusiak ohikoak diren bakarkako probak (ezagutzak azaleratzeko bakarka erantzun beharreko azterketak) izatea. Hezkuntza-eredu honetan, ikasteko eta irakasteko prozesuaren jarraipenak berebiziko garrantzia hartzen du, erronka eta arazo esanguratsuek askotariko ebazpenak ahalbidetzen dituztelako, eta horien hautuak bukaerako ekoizpenak besteko garrantzia du ikasketa-prozesuan. Ebaluazio hezitzaileak, beraz, ikaste-prozesuan sortutako galderetan, abiapuntuko hipotesietan eta horiek frogatzeko egindako lanketan jarri behar du arreta, lortutako emaitzak modu kritikoan ebaluatzeko jarreran sakontzeko.

 

STEM hezkuntzaren erronkak eskolan

Honaino iritsi bazara, irakurle, honezkero buruan darabilzun galdera hauxe izango da, ziurrenik: hori guztia nola gauzatu liteke ebaluazio estandarizatuak eta ikasgaika banatutako ordutegi zurrunak ditugunean? Idaztea egitea baino errazagoa da, baina, gure esperientzian oinarrituta, hauxe da bidea: irakasleen arteko elkarlanak eragindako antolaketa-aldaketaren bidez. STEM proiektuak sortzeko, ezagutza-arlo horietako irakasle taldeak sortu behar dira. Tradizioz, irakasle talde horiek Zientzien edota Zientzien eta Matematiken mintegietan elkartu ohi dira fisikoki (Informatikako edota Teknologiakoekin batera). Beste urrats bat eman behar da, elkarrekin egon ez ezik, lankidetzan ere aritzeko. STEM hezkuntzan testuinguru formalean modu eraginkor eta jasangarrian aritzeko, ezinbestekoa da ezagutza-arlo horietako irakasleek ikasteko eta irakasteko prozesuak elkarrekin diseinatu eta gelaratzea. Alegia, STEM proiektu bidezko ikaskuntza izatea curriculuma gauzatzeko metodologia nagusia, proiektu solteen bidez curriculum paraleloak eraikitzea saihestuz.  

Eskoletako kultura-aldaketaz ari gara: STEM proiektuen izaera eta diseinua, proiektuak gelaratzeko dinamikak edota modu horretan aritzeko ebaluazio-eredua partekatuko duten irakasle taldeak sortzeaz, edota ordutegiak eta espazioak moldatzeaz. Ez da ikasturte batetik bestera egin daitekeen aldaketa, norberak egiten duenaz hausnartzeko eta besteekin partekatzeko moduak eta espazioak eskatzen dituen prozesua baita. Prozesu luzea eta gorabeheratsua, lankidetza orok eskatzen duen bezala. Irakasleok, gainera, ez gaude modu honetarako autoerregulazio-prozesuak bizitzera ohituta, eta eskolen egituraketa historikoak eta erakunde horren funtzionamendurako inertziak oztopo handia dira aldaketarako bidean. Oinarrizko Hezkuntzan hezkuntza-berrikuntzarako oso marko ahula izateak ere ez du laguntzen; batez ere, hezkuntza-sistematik ebaluazio-ereduari bere horretan eusteko egiten den ahaleginaren ondorioz. 

STEM hezkuntzan ikusten dugu guk kultura-aldaketa horretarako aukera. Gure ustez, irakasle taldean STEM eredua ezaugarritzeak, STEM proiektuak diseinatzeak eta proiektu horietan oinarritutako ikasteko eta irakasteko prozesuak bizitzeak, ikasleen ikaskuntza-prozesua esanguratsuagoa egiteaz gain, arlo horietako irakaskuntza bera interesgarriagoa bihurtuko luke, diziplinarteko taldeetan lan egiteak erronka berrietarako prest egotea eskatzen duelako, etengabeko autoebaluazioan eta prestakuntzan oinarrituta.