Hausnarketa kolektibo preziatua

2020-07-01

AIRE LIBREAN ETA AURREZ AURRE. BERTARATUTAKOEK GUSTURA HARTU ZUTEN HIK HASI LABORATEGIAREN ITXIERAKO HAUSNARKETA SAIOA. 

IRAILERA BEGIRA DENAK BAT ZETOZEN: ZAINKETA ETA KOMUNIKAZIOA.

 
 

K

oronabirusa, maskarak, tartea, kutsatuak, agerraldiak... behin eta berriz entzuten ditugun kontuak dira egunkarietan eta albistegietan, baina hezkuntza arloan beste elementu batzuk azpimarratzen dira, sakonagoak. Hori islatu zen Hik Hasik antolatutako hausnarketa kolektiboan. Itxialdi garaian egindako Hik Hasi Laborategiari bukaera emateko, uztailaren 1ean hezkuntzako bi aditu, bost ikastetxetako zuzendariak eta irakasleak bildu zituen Hik Hasik Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkeko lorategian. Laborategiari aurrez aurreko amaiera xume bezain emankorra eman nahi izan zitzaion aire librean hausnarketa kolektibo bat eginez.

 

Aire librean, Heike Freirek Laborategian azpimarratutakoei jarraituz, osasun neurririk eta txertorik hoberena natura dela gogoratuz eta hori praktikan jarriz. Aurrez aurre, horren beharra eta nahia agerikoa zela ikusirik. Eta partekatzeko, elkarren kezkak, zalantzak, zailtasunak, ideiak eta proposamenak ezagutzeko eta baliatzeko. Neli Zaitegi maistra eta pedagogoak elkarrizketa nagusian dioen moduan, “gelditu eta hausnartu egin behar dugu, hori egin ezean ezin delako aldaketarik burutu”.

 

Ikasturteko azken esperientziak zintzotasunez partekatu zituzten bertaratukoak, eta zenbaki honetako erreportaje nagusian bildu dira. Orain artekoaren balorazioak eta irailera begirako erronkak izan zituzten hizpide. Haatik, ez zuten ikastetxean jarri beharreko xaboi kopuruaz, musukoaz edo pasilloetan jarri beharreko geziez hitz egin. Hori ere hor egongo da, noski, baina beste gai batzuez hitz egiteko premia agertu zen: zaintza eta komunikazioa. Gure ahuleziak agerian geratu diren krisi honetan, guztiak bat etorri ziren horretan: ikasleak zaindu behar ditugu, familiak zaindu behar ditugu, irakasleak zaindu behar ditugu; denok daukagu zaintzeko eta zainduak izateko premia. Hori da krisi honetan norberak bere larruan bizitu duena. Eta bizitutakoan, garbi ikusten da.

 

Komunikazioa. Ohiko komunikazio bideak etenda, hanka motz geratu gara denok: hezkuntza-komunitatea ahuldu egin da harremaneratarako bideak zaildu egin direlako, eta horren ondorioak ere denek nabaritu dituzte. Argi geratu da hezkuntza kolektiboa dela, denok dugula denon beharra eta guztion arteko komunikazioa mantentzea lehentasunezko premia dela.

 

Beraz, irailera begira horra hor bi erronka indartsu: elkar zaintzea elkarrekin komunikatuz eta harremanetan egonez. Oinarri horiek ongi finkatzeko bideak eta estrategiak anitz izan daitezke, eta hor elkarrekin topo egingo dugu, lankidetzan jarraituko dugu. Hik Hasik elkargunerako espazioak eskaintzen jarraituko du, lagungarri dela adierazi zaiolako eta horretan sinesten duelako. Hori delako Hik Hasiren egitekoa.