Hezkuntza goiztiarreko laborategia ireki dute Bilboko Hezkuntza Fakultatean

2020-07-01

0-3 etaparen garrantzia onartu ez ezik, urrats bat gehiago egin dute Bilboko Hezkuntza Fakultatean: etapa horri zuzendutako laborategi bat ireki zuten martxoaren 4an, eta hezkuntza goiztiarreko laborategia deitu diote. Haur Hezkuntzako gradua ikasten ari diren ikasleek haur-

eskola baten itxura duen lekua izango dute 

unibertsitatean bertan.

 
 

E

z da ohiko laborategia, ez dago tutuz eta probetaz hornitua, baizik eta sehaskaz, sukaldetxoz, haur txikiak aldatzeko eta janzteko lekuz, mugikortasun-egituraz, jostailuz eta abarrez. Haur-eskola baten itxura duen laborategia da, ez da haur-eskola, ez baitago haurrik, panpinak baizik. Haur Hezkuntzako gradua ikasten ari diren ikasleak joango dira hara praktikak egitera, eta baita 0-3 urteko haurrekin lan egingo duten hezkuntzako beste titulazio batzuetakoak ere. Ohiko gelatik irten eta haur-eskola bat nolakoa den ikusteko aukera izango dute bertatik bertara, baita bizitzako lehen urteetako zaintza- eta heziketa-lanak nolakoak diren zuzenean esperimentatzeko eta ikertzeko ere. Ikasle horiek ez ezik, laborategiko ateak irekita edukiko dituzte adin-tarte horretan lan egiten duten eta irakaskuntza-gaitasuna hobetu nahi duten profesionalek ere, etengabeko prestakuntzarako.

Elena Herran laborategiaren koordinatzaileak azaldu zuenez, “gure umerik gabeko laborategiaren helburua Haur Hezkuntzako graduko ikasleei ahalik eta eremurik errealena eskaintzea da. Espazio horretan, beren burua kokatzeko, 0-3 urteko umeen beharrizanak ezagutzeko eta profesionalki kokatzen hasteko aukera izango dute, benetako haur-eskola batean egotea tokatuko baitzaie denbora gutxi barru”.

Laborategiko jarduna

Laborategia bi eremutan banatuta dago. Batetik, jarduera autonomorako eta jolas librerako gunea, haurtxoen gaitasun autonomoa garatzeko eta garapen motor eta kognitiborako balio duena. Eta, bestetik, zainketen gunea dago, non eguneroko bizitzako ohiturak eta autonomian egindako aurrerapausoak ikusten diren: elikadura, pixoihal-aldaketa, esfinterren kontrola, loa, janztea, higienea eta abar. “Umerik gabe ikusiko dute hori dena, baina balizko ume horren adimenaz, gustuez, pertsonalitateaz eta abarrez ohartzen lagunduko die”, azaldu zuen Herranek. “0-3 urteko umeen beharrizanak ezagutuko dituzte, zein material eta espazio diren egokiak eta horien segurtasuna nola neur daitekeen. Horrekin batera, erabiltzen  diren materialen, ekipamenduen eta objektuen egokitasunaz eta potentzialtasunaz jabetuko dira, beharrizanen arabera aldaketak egin behar direla ohartuko dira, eta egunerokoari garrantzia ematen ere ikasiko dute, 0-3 urteko umeekin egunerokotasuna baita asmatu behar dena”.

Ume txikien egunerokotasunera hurbiltzeko baliatuko dute laborategia, baina ez fisikoki bakarrik, baita denboran zehar ere: “Haurrak, lau hilabeterekin, hezitzailearen altzoan hartzen ditu lehen biberoiak, baina, azkenerako, gelakideekin mahaian eserita bazkalduko du, era sozializatu, heldu eta autonomo batean”.

Lanketa horrek guztiak haurra erdigunean jartzea dakar Herranen hitzetan: “Elkarren arteko harremana beharrezkoa zaigu gizakioi, genetikoki sozialak gara, eta sistema familian oinarritzen da harreman-sare hori eraikitzeko. Ikerketek diotenez, ordea, haur-eskoletan eratu daitezke harreman-sare horiek, baina, horretarako, hainbat baldintza bete behar dira. Haurra pertsonatzat hartu behar da, zereginaren erdi-erdian eta testuinguruaren baldintza fisikoak zein gizatiarrak haren arabera egokitu: hezitzaile egonkorra, elikadura, osasuna, garbiketa, mugimendua, mundua arakatzeko aukera, eta jarduera autonomorako esparruak betebehar desberdinetara egokitutako material, proiektu eta abarrekin hornituta. Emaitza ez da familia izango, baina bai eremu ezagun, egonkor, argi eta errespetuzkoa. Hortxe dago kalitatezko hezkuntza, ez dago beste inon. Eta baita, arreta goiztiarraren ikuspegitik, lehen mailako prebentzioa ere. Hortxe, ez beste inon”.

 

Fakultatearen apustua

Laborategia ireki izanak agerian utzi du Bilboko Hezkuntza Fakultateak eskola-garai honi ematen dion garrantzia, Asier Romero fakultateko dekanoak azaldu zuenez, “lehen urteak funtsezkoak baitira norbanako gisa prestatzeko”. Laborategi edo ikerketa kontzeptuak Haur Hezkuntzarekin ez direla lotzen aipatu du, “eta haurrarekin ere ez, ez gaude horretara ohituta oraindik. Fisika, Kimika edo Medikuntzarekin lotzen dugu zientzia, ez Haur Hezkuntzarekin, ez zaigu iruditzen Haur Hezkuntza zientzia denik. Baina zer da zientzia? Modu objektibo eta sistematikoan behaketaz eta arrazoimenez osatzen den jakintza dela dio hiztegiak. Eta gure hezkuntza goiztiarreko laborategian ez al da, bada, objektiboki ikertuko autonomiaren kontzeptua edo haurraren garapen kognitiboaren behaketa arrazoitua?”, gaineratu zuen Romerok.

Bilboko Hezkuntza Fakultatean argi daukate Haur Hezkuntza indartzen jarraitu nahi dutela neurri jakinen bidez; laborategia da horietako bat, eta hezkuntza goiztiarra landuko duten ikasgaiak bestea. Lanketa horretaz gain, Romerok argi ikusten du unibertsitatearen eta haur-eskolen zein ikastetxeen artean sinergiak lortu behar direla. “Bien arteko harremanak ezin ditugu praktiken kudeaketara mugatu, beste jarduera batzuetara ere hedatu behar ditugu: ikerketara, batean zein bestean egonaldiak egitera, proiektu partekatuetara eta abar”. Bide horretan lan egiteko erabaki irmoa dute.