“Haurraren ikuspegia osatzeko ez ezik, asko balio izan dit pertsonalki hazteko”

2021-06-01

Zazpigarren promozioak maiatzaren 22an amaitu du formazioa. Haurrarekiko begirada aberasteaz gain, norbere buruarekiko konfiantza lantzeko balio izan die formazioko ikasleei. Jorratutako teorien eta emaileen mailaz gain, egiteko modua, hitzak bizipen bihurtzea eta norbere azaletik goxotasunez ikasi izana nabarmen dute, “juiziorik gabeko espazio batean”.

 
 

Pandemiak guztiz baldintzatu ditu iazko ikasturtea eta aurtengoa, baita Hik Hasiren formazioak ere. Etxetik eta online jarraitu behar izan zituzten martxotik ekaina bitarteko saioak iazko bi promozioek, aurten aldiz, zailtasunak zailtasun ikasleen ahalegin eskergari eta Usurbilgo Udalari eta Udarregi ikastolari esker —han egin dira aurten Hik Hasiren aurrez aurreko ikasturte osoko formazioak— modu presentzialean egin ahal izan dira bai 0-6 formazioa eta baita psikomotrizitate erlazionala ere. Iragan maiatzaren 22an amaitu zuen 7. promozioak 0-6 formazioko ikasturtea, eta hazita, helduta, asebeteta, hunkituta, pozik eta penaz bukatu dute formazioa hezitzaileek.
Haurrarekiko ikuspegia osatu eta aberasteaz gain, norbere buruaren ezagutza sendotzeko balio izan die hezitzaileei bi urteko formazioak. “Formazioko lehenengo saioan Xabier Tapiak haurra subjektu gisa hartzen duen ikuspegia jarri zuen mahai gainean, hortik abiatuta, gero bai Pikler ildoa, eta ondoren pedagogia berritzaileak, pedagogia sistemikoa edota Alfredo Hoyuelosek hazkuntza prozesua artearekin lotzea ikagarria izan da, increscendo bat izan da formazio osoa”. Mari Seararen hitzak dira, Haur Hezkuntzako irakaslea da eta“ukituta” mintzo da formazioa bukatu berritan. “Haurraren ikuspegia osatzeko ez ezik, niri asko balio izan dit pertsonalki hazteko, ikaskideen artean eta Hik Hasikideen artean hazi egin gara, gure oinarriak astindu ditu formazioak eta sendotu egin gaitu”.
Asier Zubia Ozaeta-Barrundiako eskola txikiko hezitzaileak ere bi ardatz horietan ikusi du formazioaren eragina: haurrarekiko begiradan eta norbere buruarekikoan: “Haurraren gaitasunekiko konfiantza eta errespetua asko landu eta bizi izan ditugu, haurra gaitasunez eta konpetentziaz betetako izaki bat dela barneratu dugu. Lehendik banekartzan ideia askotan neure burua baieztatzera eraman nau formazioak, baina orain ideia horiek formulatzeko moduari ere gehiago begiratzen diot eta, umearekiko konfiantzan oinarritutako begirada bat ez ezik, hezitzaileok geure buruarekiko eta geure gaitasunekiko ere errespetua eta konfiantza eduki behar ditugula ikusi dut”.
Donetz Iradi Tolosako Osasun zentroko pediatria zerbitzuko erizaina da eta hezitzaileekin batera egin du bi urteko formazioa. “Aberastu egin naiz formazioan, dudarik gabe eta asko aldatu zait haurrarekiko ikuspegia: haurraren gaitasunetan oinarritua dagoen begirada eman dit formazioak; haurraren autonomia garatzeko bidean nolako asko ikasi ditut: loari, janari, pardelari eta, oro har, zaintza den horri buruzko itsasargiak jaso ditut, lehen ere banituen batzuk, baina orain zabaldu egin zaizkit, eta asko eskertu ditut. Egoteko moduaz ere asko hausnartu dugu, egote enpatikoa, entzutekoa, juiziorik gabekoa, errespetuzkoa… haurrari begirako itsasargi asko eman dizkit formazioak”. Halaber, heldu eta profesional bezala, sakontzeko gidalerroak jaso ditu: “Batez ere, neure baitan galdera hau ez itzaltzeko gakoa eman dit formazioak: zer hobetu dezaket? Harritzeko gaitasuna eskaini dit. Gure baitan dagoen inozentzia horrekin konektatzeko aukera eman dit”.
Alvaro Beñaranekin bi ikasturtetan egin duten formazio pertsonala gakoa izan da haurrarekin ez ezik norbere buruarekin konektatzeko, entzun ez ezik bizi egin dute bi urteotan zehar konexio hori. “Itsasargi horiek ikasteaz gain bizi egin ditut, bereziki bizi egin ditut —azaldu du Iradik—. Ez da teoria bakarrik, sentitu egin dugu geure baitan, eta bizipenari esker askoz ere gertuago senti zaitezke esandako horretatik”. Edukia eta forma bat datoz guztiz 0-6ko formazioan, teoriak ez dira hitz hutsalak, bizipenak baizik, eta horren adibide gisa Emmi Piklerren praktika eta zientzia jarri ditu Zubiak: “Piklerren jakintza —munduarekiko eta umearekiko bere ikuspegia, maitasunez, konfiantzaz eta begirunez betea— eta zientzia eraikitzeko bere modua oso interesgarria iruditzen zait, bizitzarekiko errespetuz eta maitasunarekin egina iruditzen zaidalako. Hau da: zientzia egin zuen baina zaintzeari utzi gabe, bizitzarekiko ardura batekin beti”. Hitzei eta teoriei ez ezik, egiteko erari eta praktikari garrantzi handia ematen die Zubiak. Haur Hezkuntzan ezinbesteko gako gisa ikusten du errespetuz eta maitasunez aritzean, eta hori eskertzen du formaziotik: “Ikasi, jakin eta egiteko era hau Haur Hezkuntzarako ez ezik denontzako ona dela uste dut, baina gure artean, oraindik, uste dut ez daukala merezi duen tokirik. Apurka-apurka, egiteko modu hau bidea egiten ari dela uste dut, eta Hik Hasiri esker, besteak beste, etorkizuneko hezkuntzari ilusioz eta itxaropenez begiratzeko aukera ematen duten adierazleetako bat iruditzen zait”.

Egitetik, egote aktibora
Ikasitakoa praktikara eramate horretan, egitetik egotera urratsa egin du, dagoeneko, Searak: “Entzute aktiboa zein garrantzitsua den ikusi eta bizi izan dut formazioan. HHko irakasleok, programazioan eta proposamenetan murgiltzen gara, eta guk pentsatutako horiek haurrak nola gauzatuko lituzkeen irudikatzen dugu. Formazioak eskaini didan ikaskuntza handienetako bat haurrekin egon eta entzutearen balioa zer-nolakoa den izan da. Horrek demaseko energia eskatzen du, ume guztiek daukate esateko zerbait eta guk euren mundua jaso eta itzuli egin behar diegu. Egotean eta entzute aktiboan inbertitzen dut orain, lehen programazioetan eskaintzen genuen denbora”.
Asier Zubiak ere egitetik egoterako aldaketa horretan ikusten du funts garrantzitsu bat: “Gu lehen egin, egin eta egin ginen eta orain egotera pasa gara. Nire lan egiteko eta kokatzeko eran aldaketa eragin du formazioak. Garapen bat ikusten dut: eskolan arazo bat edo gai bat landu behar dugunean nire barrura begiratzen saiatzen naiz, gai zehatz horrek nire barnean zer oihartzun daukan entzuten saiatzen naiz eta oihartzun horiek landuz eta jarraituz, nire barnean aurkitzen ditut erantzunak”.
Ikasitakoa praktikara eramaten hasiagatik, prozesu gisa ikusten du eraldaketa Iradik. Ikuspegi antropologikoa interesatzen zaio erizainari, eta haurrarekiko eta bere inguruarekiko begirada zabaltzeak gaixotasunak duen dimentsio biologikoaz gain dimentsio soziala hobeto ulertzeko balio izan dio formazioak: “Jakitun naiz haurraren bizitza dimentsio ezberdin askok zeharkatzen dutela, eta haurra bere testuinguruan ulertu nahi badugu —eta osasun profesional gisa hori dagokit niri— bere bizitza zeharkatzen duten dimentsio horiek guztiak ezagutu behar ditugu, eta horrek haurra osasunean eta gaixotasunean dagonerako balio digu”.
Beste gako garrantzitsuetako bat taldea izan ohi da 0-6 formazioan, eta baita promozio honetan ere, aurrez aurrekoaren indarrak lagundu die hezitzaileei hazten, Euskal Herriko txoko ugaritako ikasleek taldea aberastu duten neurrian. “Talde-lan izugarria egin dugu— adierazi du Searak—, askatasunezko eta juizio gabeko espazio bat eraiki dugu denon artean, eta hori oso aberasgarria izan da”. Zubiak ere taldearen indarra eta babesa nabarmentzen ditu, “oso pozgarria izan da halako talde handi bat halako gogorarekin eta bihotza zabalik ikustea, konfiantza handia eman dit neure buruarengan eta hezitzaileon lanean. Taldean elkarrenganako errespetua, onarpena, goxotasuna, hau da, maitasunezko tratua azken batean, asko bizi izan dugu, eta jakintzaren eraikuntza, bizipena eta transmisioa ere hala egin ezean, teoriak indar guztia galtzen duela iruditzen zait. Hik Hasiren formazioari balio hori ikusten diot”.
Euren lanean “are gehiago” sinesteko eta indarberritzeko balio izan die bizipenak guztiei. “Bakarrik ez gaudela sentitzea, honetan ere herri bat garela ikustea eta adituen eta arituen hausnarketak partekatzea handia izan da”, Iradiren aburuz. “Helburu partekatu bat dugu, eta haurraren ongizatea eta edertasuna bilatzeko bidean Hik Hasi eta formazioko hezitzaileak eguzki errainuen gozotasuna bezala izan dira”.