ANDREA KHALFAOUI DEUSTUKO UNIBERTSITATEKO IRAKASLEA
“Gakoetan jarri dugu arreta: ijito ikasleriaren emaitzak hobetzeko zer-nolako eskolak eta ekintzak behar diren bilatu dugu”
Gasteizko Sansomendi ikastetxean kokatu du bere doktorego tesia Andrea Khalfaoui Larrañagak (Donostia, 1993). Ikas-
komunitatea den ikastetxe horrek lortzen dituen emaitza akademiko eta sozialak Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuen bidez erdiesten ditu eta horietako jarduera batean zentratu da Deustuko Unibertsitateko
irakaslea: talde elkarreragileetan. Ikasle gehienak ijitoak diren ikastetxe publikoko Haur Hezkuntzako praktika ikertu du aurrez gaiaz Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan nazioartean egin diren ikerketei ekarpena eginez. Funtzionatzen duen eta funts zientifikoa duen praktikan oinarritu behar dela ikusi du ikerlariak eta bereziki neska ijitoetan jartzen du arreta. Diskriminazio hirukoitza jasaten duten ikasle horien ibilbide akademikoa sendotu behar dela dio, aurreiritziak gaindituz.
Hasteko, argitu ditzagun terminoak: ingelesez egin duzu doktorego tesia, 'Pathways for intercultural coexistence in Early Childhood Education. A Case Study' eta "Roma" darabilzu ikerketan; euskaraz, nola zuzendu behar gara ijito herriaz mintzatzean errespetuz aritzeko?
Bai, Roma esatean guztiok ulertzen dugu errespetuz ari garela eta euskaraz ere ijito edo ijito herria esatean hala izan behar luke. Terminoa bera baino gehiago, gakoa da norberak zer-nolako kutsua eransten dion hitz horri: oinarri positibo batekin ari garenean ez dago ezer txartzat hartzekorik ijito herria izendapenaren azpian.
Tesiari honako helburua zehaztu diozu hasieratik: ikasle ijitoen eskola porrota, absentismoa eta porrot akademikoa eta eskola uzte goiztiarra prebenitzeko gakoak bilatzea. Lehendabizi, datuei begira, zein dira eskola uzte eta absentismo datuak herri ijitoari dagokionez?
Lagin txikia izanagatik, esanguratsua den datu bat emango dut: Fundacion Secretariado Gitanok [Espainiako Estatu mailan] iaz 11.000 elkarrizketa egin zituen ijito familiekin, eta elkarrizketa horietan ikusi ahal izan zuten ikasleria ijitoaren % 17a bakarrik iristen dela Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzera. Lagina txikia dela egia da, baina datua esanguratsua da eta egoera zer-nolakoa den ikusteko gakoren bat ematen du.
Emakume ijitoen kasuan eskola- uzte goiztiarraren kopurua bereziki handia da, ezta? Zergatik?
Bai, diskriminazio hirukoitza pairatzen dute emakume ijitoek: emakume izateagatik, minoria etniko baten parte izateagatik eta ikasketa-maila baxuak izateagatik. Lehenengo biak ezin direnez aldatu eta, gainera, ez ditugunez aldatu nahi, hirugarren ardatza da heldu beharrekoa, neska ijitoen ikasketa-maila sustatu eta sendotu behar dugu, horretara bideratu behar ditugu indarrak eta alde batera utzi behar ditugu energia kontsumitzen duten bestelako debateak.
Zeri dagokio ikasleria ijitoak, oro har, eta neskek bereziki, batez beste, arinago uztea eskola? Uste zabaldua izan daiteke ijito kulturari lotua dagoela eskola garaiz uztearen arrazoia, baina zuk zeuk tesian eskola garaiz uzteko arrazoietako bat beraiek jasaten duten diskriminazioa dela diozu.
Hori argitzea oso garrantzitsua da. Ijito kulturaren kodean ez dago ez ikasteari buruzko ezer. Gizarte bazterketa ere ez dago gure kulturaren balioen artean, beraz, ideia horien arteko bereizketa egitea oso garrantzitsua da. Ijito ikasleria getizatu egin da urtetan, aparteko eskoletan pilatu izan dira ikasle ijitoak, eta eskola horiek euren ikasleei maila eta exijentzia akademiko baxuagoak ezartzen dizkieten heinean normala da gero emaitzak ez izatea onak. Hori historikoki arrazoi garrantzitsu bat izan da ijito ikasleen ibilbide akademiko eskasaren kasuan. Gure tesia kokatzen den ikerketa lerro zabala egoera horri erantzuna ematen saiatzen da, eta gakoetan jartzen dugu arreta: ijito ikasleriaren emaitzak hobetzeko zer-nolako eskolak, ekintzak, jarduerak eta akzio konkretuak behar diren bilatu dugu.
Gakoa da errealitatea gainditzeko behar ditugun elementuak zein diren begiratzea eta aztertzea nola lagundu dezakegun ikasleen ibilbide akademikoa hobetzen. Begirada funtzionatzen duen horretan jarri behar dugu eta hori elikatu eta garatu behar dugu, ikasle ijitoen errealitatearen inguruan eztabaidatzen denbora galdu gabe, ze ijito herriari dagokionez, aspalditik ezagutzen dugu errealitatea zein den. Horretan ari dira tesia egin dudan ikastetxean, Gasteizko Sansomendi eskolan eta baita Bilboko Elejabarrin edo beste hamaika ikastetxetan ere. Ikas-komunitate diren eskolak ebidentzia zientifikoetan oinarritzen dira eta argi erakusten ari dira gelan egiten dutenaren araberakoak direla, ondoren, emaitzak.
Aurreiritzi eta aurre-espektatibek gutxiengo etniko horien ibilbide akademikoan eragin zuzena daukatela diozu: aurreiritzien ondorioz espektatiba baxuak ezartzen dira, eta horrek porrot akademikoan ondorio zuzena du, beraz, sorgin-
gurpil baten gisakoa da. Nola hautsi daiteke korrelazio hori?
Aurreiritziak elkar ez ezagutzearekin guztiz lotuak daude, eta, oraindik ere, asko falta zaigu elkar ezagutzeko. Ezezagutzak aurreiritziak sortzen ditu, eta aurreiritzietatik abiatzen bagara, errazagoa da baztertzea inklusioa lantzea baino, inklusioak akzio asko eskatzen baititu. Erosoa izan ohi da eskolak desberdintasunak erreproduzitzeko soilik balio duela pentsatzea, baina ezin dugu horretan gelditu, eskolaren bidez benetan asko egin dezakegula ikusten badugu, lanketa bat egin beharko dugu.
Ikerketek aspaldi erakutsi dute aurreiritziek eta aurre-espektatibek erlazio zuzena dutela ikasleen lorpen akademikoetan. Hori, gehien bat, AEBetan ikertu da gutxiengo beltzen inguruan, baina minoria etniko guztiekin gauza bertsua gertatzen da: irakasleriaren espektatiba baxuak korrelazio zuzena du, ondoren, ikasleen errendimenduan. Gela batean begi urdinak dituzten umeak azkarragoak direla esaten hasi ziren, eta irakasleak aurreiritzi horren arabera hasi ziren ume horiek tratatzen. Egunaren bukaeran begi urdineko umeak soilik begi urdinekoekin elkartzen zirela ikusten zuten eta beste koloretako begiak zeuzkaten umeekin harremanak eteten hasi zirela. Oso aspaldikoa den ikerketa horrek zer pentsatu handia eman beharko liguke.
Espektatibak oso inportanteak dira, baina ekintzak ere behar dira, ekintza konkretuak. Eta hori bi orriko labana bezalakoa da: ekintza negatiboek emaitza negatiboak ematen dituzte, eta ekintza positiboek, aldiz, emaitza positiboak ematen dituzte.
Behaketara etor gaitezen: Gasteizko Sansomendi ikastetxean kokatu duzu zure tesia, berau ikas-komunitatea da duela hamar bat urtetik eta ia osoki jatorri immigranteko haurrek eta ijitoek osatzen dute hango ikasleria. Zein dira ikastetxe horren arrakasta akademiko eta sozialaren gakoak?
Ebidentzia zientifikoetan oinarritzen diren praktikak aurrera eramaten dituen ikastetxe bat da. Horrek esan nahi du zorrozki eta denboran zehar frogatuak dauden ekintza arrakastatsuak ari direla egiten geletan momentu oro. Included proiektu europarrean sartuak daude aspalditik, eta proiektu horrek sei Hezkuntza Jarduera Arrakastatsu identifikatzen ditu eta Sansomendin horiek aurrera eramaten ari dira [talde elkarreragileak; tertulia dialogikoak; gatazkak saihesteko eta ebazteko eredu dialogikoa; ikaskuntza-denbora zabaltzea; senideen formazioa eta komunitatearen partaidetza]. Proiektuaren gako garrantzitsuenetako bat familiaren parte-hartzea da, bai eskolan eta baita gelan ere. Familiek, gainera, eskolako erabakiak hartzeko prozesuetan ere oso rol garrantzitsua dute, nahiz eta asko bertako hizkuntzarekin justu-justu ibili edo gradu akademikorik ez izan, gehiengoa familia ijitoko haurrak baitira eta askok ez baitaukate Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaituta, edo Lehen Hezkuntza bukatzeko ere zailtasunak handiak izan zituzten beren garaian. Eskolarentzat oso inportanteak dira familiak eta ateak erabat zabalik dauzka euren parte-hartzea bermatzeko.
Hezkuntza Jarduera Arrakastatsu horietako batean ezarri duzu fokua: talde elkarreragileetan. Talde horiek kohesio soziala eta lorpen akademikoa dakartela erakutsi du literatura zientifikoak eta baita zure tesiak ere. Zer ezaugarri dituzte talde horiek?
Bost edo sei ikaslek osatzen dituzten talde heterogenoak dira talde elkarreragileak eta gakoa da talde txiki horiek heldu bolondres batek dinamizatzen dituela. Dinamizatu esaten dugunean ez dugu esan nahi ekintza edo testua edo speech-a azaltzen duenik heldu horrek, baizik eta umeen arteko elkarrekintzak sustatzen dituela esan nahi dugu, eta parte-hartze orekatua eta berdinzalea bermatzen duela ikasleen artean. Hau da, denek, gutxi gorabehera, berdintsu parte-hartzen dute, ikasle batek ez du monopolizatuko saio guztia, parte-hartze orekatua ziurtatzeko erantzukizuna baitauka boluntarioak.
Zer lortzen dute talde elkarreragileek?
Magia. Umeek ere horixe nabarmentzen dute: magia gertatzen da. Zientziara etorrita, alderdi akademikoan eta sozialean nabarmenak dira talde elkarreragileen emaitzak. Alderdi akademikoa oso erraz neurtzen da, Matematikako edo Gaztelania, Literatura, Historia edo dena delako azterketan ikusten da gero eta ulermen handiagoa dutela haurrek eta aurrera egiten dutela neurtzen ari garen arlo horretan. Gure tesian Matematikako lorpenak ikusi genituen, haur txikiekin egin genuelako lana. Baina mundu osoan zehar talde elkarreragileak 9.000 eskolatan baino gehiagotan daude, eta arlo akademikoan emaitzak oso agerikoak dira. Talde elkarreragileen oinarrian elkarrekintzak daude, eta horiek dira garapenaren eta ikasketa prozesu ororen oinarri-oinarria. Alderdi akademikoko aurrerapenak oso agerikoak dira, baina baita alderdi sozialari, hau da, elkarbizitzari dagozkionak ere: oso hunkigarria da elkar nola babesten duten ikustea.
Arlo sozialean, ikasleek asko laguntzen diote elkarri; horri esker, berdinen arteko aurrerapausoak gertatzen dira, elkar animatzen dute, eta batak bestearen ahaleginak errekonozitzen ditu. Horrez gain, taldeetan gertatzen diren interakzio eta laguntasun harreman horiek ez dira gela horretan gelditzen, patioan ere jarraitzen dute. Eurek honela azaltzen dute: “Patioan ikusten badut haur txiki bat, gela elkarreragilean bezala jokatzen dut harekin, ezin dut gal dadin utzi”. Helduekin daukaten jarrera ere nabarmentzeko moduko ezaugarria da. Ijito komunitatean helduak pisu eta errespetu handia dauka, izebak eta osabak erreferente garrantzitsuak dira, eta pertsona horiek gaixotzen direnean edo zahartzen direnean, haiek zaintzeko ohitura handia dago eta haur ijitoek oso barneratua daukate zeregin hori. Talde elkarreragilea ere horrelako erreferentziekin erlazionatzen dute, bai ikasle txikiagoei begira, eta baita boluntario helduei begira ere.
Artikulu asko daude Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Lehenengo Hezkuntzan talde elkarreragileek dakartzaten onuren inguruan. Hezkuntza Jarduera Arrakastatsu bat izateko, talde elkarreragileak diren bezala, transferigarriak direla erakutsi behar da, hau da, testuinguru ezberdinetan funtzionatzen dutela eta emaitza positiboak ematen dituztela egitura horiek. Sansomendi ikastetxean ijitoekin eta migranteekin funtzionatzen dute talde elkarreragileek baina, esate baterako, Ingalaterrako goi mailako eskola batean ere talde elkarreragileek emaitza bikainak eman behar dituzte Hezkuntza Jarduera Arrakastatsutzat hartzeko.
Heldu boluntarioen lana gakoetako bat da talde elkarreragileetan. Rol inposatzailerik ez dago haurren artean?
Ez dago rolik. Batzuetan nahastu egiten dira talde elkarreragileak eta talde kooperatiboak, baina ez dira gauza bera. Talde elkarreragileetan ez dago rolik. Ez dira rolak aldatzen, denek daukate hitz egiteko aukera. Ikasketa Dialogikoaren printzipioak daude talde elkarreragileen oinarrian: berdintasunezko elkarrizketa, ezberdintasunen berdintasuna eta elkartasuna, besteak beste. Horrek esan nahi du heldu bolondresen zeregina ikasleen arteko parte-hartzea sustatzea eta denek zerbait esateko aukera dutela bermatzea dela.
Harremanetan jartzen duzu fokua, harreman horizontaletan, bertikalen aurrean. Zer zaindu behar du bereziki boluntario horrek ikasleen arteko harreman horiek sendoak eta ahalduntzea dakartenak izan daitezen? Zein dira harreman horien gakoak?
Magia esan dugu, baina zientzia da benetan. Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuek oinarri zientifikoa dutelako funtzionatzen dute. Gakoa umeen arteko elkarrekintzak sustatzea da, helduak —ez irakasleak eta ezta boluntarioak ere—, ez du beti azken hitza izan behar eta ez ditu bai/ez galdera itxiak planteatuko.
Jarrera hori hartzea erronka zaila da irakaslearentzat, nahi gabe beste bide batetik bideratzen baititugu askotan saioak. Ikasleen arteko elkarrekintzak sustatuz eta haiei hitz egiteko espazio gehiago ematearen ondorioz, ikasleak entzunak sentitzen dira eta gero eta gehiago hitz egiten dute eta gero eta gauza interesgarriagoak esaten dituzte.
Espektatibak oso hondoan dauzkagu eta ikasle bakoitzari konfiantzazko mezuak ematea oso garrantzitsua da denbora guztian. Irakurtzen ez dakien ume txiki batek irakurtzeko ahalmena baduela sinistu behar dugu eta hori posible izango da testu baten aurrean jartzen badugu eta irakur dezakeela ikusarazten badiogu. Hau ez da diskurtso kontua: helduok benetan sinesten dugunean gure interakzioek eta hitzek ikusarazten diote ikasleari konfiantza daukagula beregan.
Beste gako oso inportante bat ebidentzia zientifikoa maneiatzea eta kontrolatzea da, ezta?
Dudarik gabe. Zorionez gero eta kultura eta tradizio handiagoa dago open acces-en artikulu zientifikoak irakurtzeko. Irakasleek euren arteko tertuliak egiteko gero eta aukera handiagoak daude, gakoak deszifratzeko eta elkarrekin partekatzeko, eta hori oso-oso garrantzitsua da.
Tesian parte hartu zuen ikastetxearen kasuan 2010ean hasi ziren ebidentzia zientifikoari jarraitzen dion korronte honetan lan egiten. Ikas-komunitate bihurtu ziren eta urtero parte hartzen dute ildo horretako kongresu eta konferentzietan. Giroa guztiz aldatzen da. Izan ere, eskolako uste edo aurreiritzi orokorra baldin bada ijitoek ez daukatela hezkuntzarekiko interesik baina, aldiz, artikulu zientifiko bat irakurtzen baduzu non dioen ijito komunitate batek lorpen handiak erdietsi dituela, eta, ondoren, ildo bereko beste testu bat irakurtzen baduzu, ebidentzia zientifikoak maneiatzen dituen irakasleak bere buruari egiten dion galdera honako hau izango da da: “Eta gure ikastetxean zergatik ez?”. Aurreiritziak disolbatu egiten dira zientziaren laguntzarekin. Irakasleentzat oso garrantzitsua da artikulu zientifikoak irakurtzea, ilunpetan nabigatzearen edo itsas-argi baten laguntzarekin nabigatzearen arteko aldea dago. Praktikara eramaten dugun horrek funtzionatzen duela eta bermeak ditugula dakigunean aurrerapauso handiak eman ditzakegu hezkuntzan. Elkarrizketa hau irakurtzen duen irakasle batek bere buruari galdetzen badio, “Non frogatu da aurrez eskolan egiten dudan honek funtzionatzen duela?” lasai lo egingo dut.
Tesia elkarrizketekin ere osatu duzu, behaketez gain. Zer ondorio atera dituzu elkarrizketa horietatik?
Batez ere irakasle eta zuzendaritza- taldearekin egin ditut elkarrizketak eta familiekin ere bildu naiz. Umeekin focus group bat egin genuen, non zenbait galdearen harira haien iritziak eta hausnarketak partekatu zituzten.
Behaketa egiten ari nintzen bitartean boluntario gisan sartu nintzen gelan urte osoan zehar, nik ikusten nuena egunero irakasle-taldearekin partekatzen nuen, oso gertu egon bainintzen irakasle-taldetik urte osoan zehar. Hortaz aparte, analizatzen nituen emaitza guztiak irakasle-taldearekin partekatzen nituen. Gizartean eragiten duen zientzia deitzen zaion korronte horren gako bat hori da, jakintzaren elkarsorkuntzaren parte izan nintzen.
Familiekin egindako elkarrizketak oso garrantzitsuak izan ziren. Ikas-komunitateak diren eskoletan familien parte-hartzea erdigunean dago eta integrala da, eta haien esperientzia eta haiek zer ikusten duten onuragarria eta zer ez funtsezkoa da, baita onura horiek nola identifikatzen dituzten ikustea ere, izan elkarbizitza aldetik edo izan familien arteko harremanei dagokienez ere. Elkarrizketei esker ikusi ahal izan genuen zer-nolako harremanak eta klabeak diren garrantzitsu eskola eta familiaren arteko elkarlan efektiboa sustatzeko.
Familiek parte-hartze handia daukate Sansomendi ikastetxean. Bestelako ikastetxe batean, minoria etnikoa gutxiengoa den kasuetan, begirada berezia eduki behar da familia hauekiko?
Ekitatearen ideia nagusitu behar da: gehiago eman behar zaio gehiago behar duenari. Ezin dugu errealitatea ez ikusi, eta errealitate guztiak ez dira Sansomendi ikastetxekoak bezalakoak.
Beste testuinguru batean, gutxiengo etniko bateko familiak ezberdin tratatzea ez da beti txarrerako izan behar; ikusten baldin bada norbaitek laguntza handiagoa behar duela, dena delako arrazoiagatik, edo ikusten bada gurasoen bileran ez duela parte hartzen lotsa sentitzen duelako, argi dago zerbait gehiago egin behar dugula, hain zuzen ere familia horiekin zerbait gehiago egin behar dugu beste familietako haurren emaitza berdinak lortzeko. Ezberdinen parekidetasuna litzateke hori. Guztiek maila bera lortzea nahi dugu, guztientzat oso altua den maila bat, eta horretarako eskolak behar duen guztia egin behar luke.
Talde elkarreragileez eta familien parte hartzeaz gainera, zein dira Sansomendi ikastetxeko arrakastaren gako pedagogiko eta estrukturalak?
Zientziak esaten digu zenbat eta Hezkuntza Jarduera Arrakastatsu gehiago aurrera eraman orduan eta emaitza hobeak lortzen ditugula. Horrek esan nahi du tertulia dialogikoak egiten baldin baditugu; haurrak talde elkarreragiletan baldin baditugu; gehi familien formakuntzarako espazioak irekitzen baldin baditugu; gehi ebidentzia zientifikoetan oinarritzen den irakasleen arteko formakuntza dialogikoa sustatzen badugu; gehi biblioteka tutorizatua aurrera eramaten badugu, orduan emaitza oso-oso positiboa izango dela. Ez da jarduera bat ala bestea aukeratzea. Funtzionatzen duten ahalik eta gauza gehien aurrera eramatea da gakoa.
Eskolan arrakasta akademikoa ume guztiengan sustatzea baldin bada helburua, eta familiarena ere hori baldin bada, argi dago lana elkarrekin egin behar dela eta urrutirago iritsiko garela.
Iazko konfinamenduak erakutsi zuen ikasleen artean arrakala teknologikoa dagoela, eta hori neurri batean maila sozioekonomikoari lotua dago. Ijito ikasleen kopuru handi bat maila sozio-ekonomiko baxukoa izanik, etnia eta klase soziala gurutzatzen diren puntu honetan, nola gainditu genezake arrakala hori?
Hori oso galdera ona da eta ikerketak horri heldu behar dio premiaz. Europa mailan hurrengo 6-7 urteko ikerketa-planen lehentasunetako bat emaitza akademiko urriak dituzten umeen kasuei heltzea izango da, izan ere, haur askok pasa den ikasturtea galdu egin dutela ikusten da, lehen zeudena baino atzerago gelditu direla. Arrakala hori gainditzeko, Europako Gurasoen Elkarteak ondorioztatu du familiekin harreman estua zuten ikastetxeetako ikasleek errazago jarraitu ahal izan dutela euren ibilbide akademikoarekin, Sansomendi edo beste ikas-komunitate diren ikastetxe batzuen kasuan bezala; aldiz, eskolen eta familien arteko harreman gutxi dagoen kasuetan ikasleek arinago deskonektatu dutela.
Konfinamendu garaian ikasle guztiak etxean egon dira, etxeetan familiekin egon dira eta haien rola oso garrantzitsua izan da. Lehendik ere gurasoekin harreman sendoa zeukaten ikastetxeen kasuan ikasle horiek aurrera jarraitu ahal izan dutela ikusi da, batzuetan online ezin bazen telefono bidez jarraipena egin ahal izan delako, eta postaren bidez… Gertaera horrek erakusten du eskolaren eta familiaren arteko erlazioa aldez aurretik landu behar dela, bestela oso zaila izango da une kritikoetan erantzutea. Urteekin ikusiko dira horren guztiaren ondorioak. Gauden egoeran egonda funtsezkoa da ikasketa-prozesuak indartzea.
Zure tesia Haur Hezkuntzako esperientziari buruz egin duzu. Lehen eta Bigarren Hezkuntzan ikerketa gehiago egin izan dira ikas-komunitateen barruan talde elkarreragileek dakartzaten onuren inguruan. Emaitzak antzekoak dira?
Lehen eta Bigarren Hezkuntzako talde elkarreragileen arrakastaren gaineko ebidentzia zientifiko asko daude dagoeneko, nire ekarpena HHko gela elkar-eragileetako ikerketa egitea izan da. Eta ikusi ahal izan dugu dagoeneko ikerketa zientifikoek esaten duten gauza bera gertatzen dela HHn ere. Interesgarria izango litzateke ikerketa longitudinala proposatzea, HHn, LHn eta Bigarren Hezkuntzan esperientzia hau bizi izan duten umeen ibilbidearen ikerketa egitea, gakoak zehazteko.
Zure tesiaren ondorioei begira jarrita, ikas-komunitate ez diren eta talde elkarreragileak ez dituzten beste ikastetxeek zer ikas dezakete esperientzia honetatik?
Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuekin topo egiten duten magisteritzako ikasleek edo lanean ari diren irakasleen artean sentsazioa honako hau izaten da: “Zer-nolako emaitzak ematen dituen ikusita, halako gauza ederrak gertatzen direla ikusita, eta gainera, elkarbizitza maila halakoa izanda, nola da posible hau ez egitea beste ikastetxe guztietan?”. Nire ustez ideala litzateke ikas-komunitateen planteamendua zabaltzea ikastetxe guztietara. Momentu honetan zientziak dio talde elkarreragileak direla gela barruan umeak taldekatzeko modurik eraginkorrena. Ikastetxeek gisa honetako proiektu bat aurrera eramateko, lehendabizi, irakasleak formatu egin behar dira; irakurri egin behar dute eta ikerketak esku artean izan behar dituzte Gisa honetako proiektuak aurrera eramaten dituzten beste ikastetxe batzuekin harremanetan jartzea ere funtsezkoa da, askotan sinergia asko elikatzen baitira. Baina gauza bat argitu behar da, oso arriskutsua iruditzen zaidalako: zerbait egiten hasi eta talde elkarreragilearen izena jarri eta zentzuz eta esentziaz ez izatea talde elkarreragilea: “Nik eskola elkarreragileak aurrera eraman ditut nire ikastetxean eta ez du funtzionatzen”.
Hezkuntzaren zentzua berreskuratzen laguntzen dute talde elkarreragileek: umeek nola egiten duten aurrera erakusten dizu; nola laguntzen dioten elkarri, zailtasun handiagoak zituen ikasle horrek nola ateratzen dituen ikasturte amaieran nota onak… zientzian oinarrituriko magia da.