ZER PROPOSAMEN EGITEN DU COVID-19AREN LIBURU ZURIAK HEZKUNTZAZ?
Honako artikulu honen jatorrizkoa 'COVID-19aren Liburu Zuria'n argitaratu da. Datozen lerro hauek sarrerakoak dira, eta ondotik, zehazturiko egileek Haur, Lehen eta Bigarren hezkuntzarako egindako ekarpena jasotzen da.
COVID-19ak goitik behera aldatu du gure bizitza 2020ko otsailaz geroztik. Gaixotasunaren ondorioz, azken hamabost hilabeteotan Hego Euskal Herrian1 5.000 pertsona baino gehiago hil eta gutxienez 20.000 ospitaleratu dira. Planeta ondorio biologiko, sozial eta ekonomiko ikaragarriak dituen egoera sindemikoa2 pairatzen ari da. Aurrean geneukan pandemia arriskua gertagarritzat jo bazen ere (Errinozeronte grisa3), larrutik ordaindu dugu hain inpaktu handiko mehatxu baterako prest ez izatea. Horregatik, beharrezkoa ikusten dugu egoera konplexu hau ebidentzian oinarritutako begirada kolektibo eta diziplina anitzeko batetik aztertzea. Gertatu dena eremuz eremu aztertzeak, ordea, badu arriskurik. Pandemia bati aurre egiteak, gertatu den bezala sindemia bihur ez zedin, Osasun Publikoaren ikuspegia eskatzen zuen, osasun-esparrutik haratago. Nahiz eta eremu bakoitza bereizita aztertu, ez dugu ahaztu behar pertsonen osasunaren eta indarrean dauden edo planteatu behar diren politika sozial eta ekonomikoen artean dagoen interdependentzia.
Liburu hau shock kolektiboaren sentsazio hori gainetik astintzeko tresna bezala sortu dugu. Gizarte gisa, lehenik pandemiak eta gero neke pandemikoak eragindako paralisia gainditzeko helburuarekin. Horretarako, dozenatik gora eremutan gertatutakoari buruzko hausnarketa planteatu dugu, eta, hala ere, ez gara gai izan funtsezko eremu guztiak lantzeko. Begi-bistako hutsune batzuk geratu zaizkigu, baina ez gara hori justifikatzen saiatuko. Lan hau abiapuntu bezala ulertzen dugunez, laster Liburu Zuri hau eduki gehigarriekin aberastuko dela ziur gaude.
Testu hau landu dugun profesionalok, bai mundu akademikokook zein lehen mailako langileok, honen bitartez, gure lankideak eta gizartea hausnarketa ariketa bat egitera gonbidatzen ditugu. Zertan asmatu dugun eta zertan huts egin dugun ulertzeko. Horretarako, gaur egun eskuragarri ditugun ebidentziak eta zuzeneko testigantzak jaso ditugu. Errespetuzko ikuspegi eraikitzaile batetik, etorkizun hurbilerako konponbideak eta proposamenak jartzen ditugu mahai gainean, krisialdi honetatik ahalik eta ondoen ateratzeko. Baita etorkizun ez hain hurbilerako, etorriko zaizkigun beste krisiei hobe aurre egiteko. Lan hau egiteko John Snow Memoranduma4 hartu dugu oinarri ideologikotzat. Eta hasiera batean ZeroCovid5 estrategia proposatzea pentsatzen bagenuen ere, COVID-
19ri buruzko Liburu Zuriaren lehen edizio honetan konponbide ez hain utopikoak proposatzea erabaki dugu. Irmoki sinesten dugu gardentasunaren, eztabaidaren eta elkarrizketa sozialaren premian, eta, horretarako, lan-zirriborro gisa eskaintzen ditugu esparru hauetarako egin ditugun txostenak:
Osasungintza
Osasungintza soziosanitarioa
Neurri ez farmakologikoak
Txertoak eta txertatze kanpaina
Osasun mentala
Ohitura osasuntsuak
I+G+b integrazioa
Ekonomia
Faktore sozioekonomikoak
Mikro eta mesoekonomia
Arlo sozialak
Komunikazio politika
Datu irekien kudeaketa
Lege esparrua
Hezkuntza
Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntza
Unibertsitate hezkuntza
Azken 12 hilabeteek hezkuntza lege organiko zenbaitek baino aldaketa sakonagoak utzi ditu gure hezkuntza sisteman epe ertain zein luzean. Hezkuntzak lehenagotik zekarzkien egiturazko arazo zenbait azaleratu dira, larritu ez gutxitan. 2020ko martxoan ikastetxe ororen erabateko itxiera bat-batekotasunetik eta inprobisaziotik kudeatu behar izan zen. Digitalizazioa ikastetxearen lerro estrategikoetan txertatuta zutenak hobeto moldatu baziren ere, beste kasu askotan egoera berriaren aurrean ez aurreikuspen, ez erantzun neurri ez eta baliabide egokirik ez zen egon6.
Administrazioak irakaskuntza alorreko langileei ikasgaiak modu telematikoan eman ahal izateko egokitzapenak egin zitzaten eskatu zien. Baina eskolatze birtualeko agertoki berri horretan arrakala digitalaren azaleratzea nabarmendu zen, etxeko diru sarrerak, familia eredua (genero arrakala) edota landatar indizeari lotutakoak batik bat. Honen ondorioz, ikasleen % 5 eta % 10 inguruk gailu edota sare digitalerako irisgarritasun arazoak izan zituen7.
Ia hasierako unetik azalarazitako bigarren ondorio eta kezka iturria, hezkuntza edukiei eta horien ebaluazioari zein euskarari zegozkionak izan dira. Administrazioak ia etapa guztietan curriculum dekretuek ezartzen dutenaren gaineko egokitzapenak proposatu ditu, ebaluazio irizpideetan aldaketa koiunturalak aginduz. Horren salbuespen izan dira Batxilergoaren 2. ikasmaila eta Unibertsitatera Sartzeko Batxilergoaren Ebaluazioa. EAEko ikasleen % 75aren8 eta Nafarroako
% 25aren komunikazio-hizkuntza euskara da eskoletan, baina etxeetan bere presentzia %15 ingurukoa9 izanik, hizkuntza gaitasunean atzeranzko pausoa agerikoa izan da.
Gainera, eskolen itxierak ekarritako sozializazio gabeziaren ondorioz, ikasleen egoera psiko-emozionalean eragina izan duela frogatu da, urduriago (% 70,14), tristeago (% 55) edota maizago haserretu direlarik (% 74,66). Horrez gain, ikastetxeen itxierak ondorioak izan ditu bai jarduera fisikoan bai eta elikadura ohituretan ere (% 64,72k gehiago jan du eta % 68,1ak opil industrial gehiago jan du)10.
Hezitzaile, maisu-maistra eta irakasleen osasunari dagokionean, irakasleen % 50,6k estresa bizi izan duela adierazi du, horietatik % 14,1ak estres larriaren eta % 4,5ak estres oso larriaren berri eman duelarik. Gainera, irakasleen % 32,2k adierazi du depresio sintomak izan dituela; horietatik % 4,3k sintoma larriak eta % 3,2k sintoma oso larriak deklaratu dituelarik. Generoari dagokionez, emakumeek izan dituzte puntuazio altuenak buru osasun aferetan. Adinari dagokionez, gainera, parte-hartzaile zaharrenek izan dituzte antsietate eta estres maila altuenak.
2020ko udan hartutako neurrien ondorioz, ikastetxeen irekiera orokortuarekin aurrez aurrekoa leheneratu da, hezkuntza araudiaren egokitzapen eta ikastetxeetarako kontingentzia plan eta protokoloen ezartzearekin batera. Ikasturte honetan hezkuntzarako espazioen eta ratioen inguruko kezkak azalarazi dira: ratio altuak, segurtasun neurriak zuzen aplikatzeko espazio egokien falta, aire libreko jarduerak inplementatzeko administrazioaren aholkuaren aurrean arazoak, giza baliabide nahikorik eza, haurren arteko harremanetan eta elkarlanean eteteak…
COVID-19aren pandemiak hezkuntzan egin den inbertsio publikoaren handitzea ekarri du, neurri profilaktikoei eta segurtasunari begira, ikastetxeen digitalizazioa, software lizentzia eta gailu teknologikoen erosketari loturikoak nagusiki.
Bukatzeko, hezkuntza ez formala, eskola-kirola eta aisialdiaren eskaintza bertan behera gelditu da lehen une batean ia bere osotasunean, horren ondorio hezitzaile, emozional eta osasunezkoak ebaluatzea zaila izanik ere, agerikoak direlakoan gara. Pixkanaka berreskuratzen ari den eskaintza honetan egin behar izan diren egokitzapenak ere sakonak dira.
Proposamenak
Administrazioaren erabaki legegile orok adingabeen behar eta eskubideetara (elikadura, hezkuntza, osasun fisiko zein psikikoa, jolasa, pribatutasuna…) egokitu behar du, zeharka edota xedapen gehigarrien bitartez.
Protokoloak ezartzeko garaian, haurren eta gazteen zaurgarritasuna kontuan izan beharko da; beldurra, bazterkeria, antsietatea, isolamendua, elikadura eta beste hainbat ondorio kaltegarri lehen unetik aurreikusiz eta eredu zaintzaileagoetara joz11.
Protokoloak uztartzeko tenorean autonomia maila handiagoa eman ikastetxeei.
Egoeraren eta datuen komunikazio garden eta egokitua behar da. Batetik, haurrek eta adingabeek gertatzen ari dena ulertu dezaten, eta bestetik, familiek arriskuaren balorazio errealista egin dezaten, eskolara bidali/ez bidali erabaki edo eskolaz kanpoko bizitza antolatze aldera.
Antolakuntza
Burbuila taldeetan ratioak modu orokortuan jaitsi, etapa eta ikas-
mailaren bai eta ikastetxearen eta testuinguruaren —ikasleriaren jatorria, lehen hizkuntza eta egoera sozio-ekonomikoa— aldagaiak kontuan hartuz. Irakasleen burbuila arteko mugimenduak mugatu ahal izateko baliabide nahikoak eskaini.
Isolamenduarekin lagundu. Jangela zerbitzua etxean geratzen direnei ere bermatu. Laguntza psikologiko/emozionala eman. Ikasle guztiek etxean baliabide duinak (sare konexio egokia, ordenagailua) izango dituztela bermatuko duen plana definitu.
Sarrera-irteera ordutegiak mailakatu, burbuila taldeak nahastu ez daitezen. Leiho irekiak eta musukoak erabili eskola garraioan.
Hezkuntza-espazioei dagozkien neurriak
“Ikasle bat -ikasmahai bat” paradigma gaindituko duten neurriak inplementatu, espazio berrien diseinuan, ikastetxeen eraberritzean, altzarietan eta abarretan inbertsioak eginez.
Kanpo espazioak lehenetsi eta naturara zabaldu. Aterpeak erabili edo aireztatze zabala ahalbidetzen duten karpak jarri eta “espazioa agente hezitzaile” ideiatik abiatuta, kanpo, natura zein barne baliabideen didaktizaziorako baliabideak eskaini. Espazio zabalak probestu12: aretoak, liburutegiak, kirolguneak, jolastokiak…
Ikastetxeetan zaintzari loturiko gaitasunen inplementaziorako espazioak sortu; sukaldeak, garbitegiak, brikolaje eta etxeko erreparazio txikien tailerrak, foroak edota naturaren behaketarako baliabideak (baratzeak, urmaelak, baso eskolak…) erabiliz.
Baliabideak
CO2 monitoreak ikasgela guztietan jarri, bentilazioa bermatzeko kalitate termikoa gutxietsi gabe. HEPA filtroak erabili bentilazio naturala posible ez denean13.
Musuko garden homologatuak leudekeenean, lehentasunez ikastetxeetara banatu, Haur Hezkuntzan eta Berariazko Hezkuntza Laguntza Premia duten ikasleengandik hasita.
Haurrei egokitutako probak eskaini kutsadura kateak ahalik eta azkarren etete aldera. Irakasleak ere baheketa zerrendan sartu gelan kasu susmagarririk izan den orotan.
Euskararekiko konpromisoa, hornitzaileekiko mendekotasunik eza eta datuen jabetza bermatuko duten teknologietan oinarritutako Hezkuntzarako Estrategia Digital Integrala definitzea, non ikastetxe eta ikaslearen digitalizazio osasuntsua bermatzeko baldintza minimoak zehazten diren.
Euskarari dagozkion neurriak
Beste erakundeekin elkarlanean, adingabeen euskara gaitasunen zaintzarako sareak inplementatu.
Euskarazko baliabide teknologikoak, dibulgaziozkoak eta itzulpen zerbitzuak eskuragarri jarri.
Giza baliabideak indartu norabide honetan.
Lehen hizkuntza atzerriko hizkuntza bat den kasu orotan berau eskola curriculumean txertatzeko pausoak eman, Hizkuntza Trataera Bateratuko neurriak ezarriz.
Curriculumari dagozkion neurriak
Curriculumean zaintza lan pertsonal zein kolektiboari loturiko edukiak txertatu.
Curriculumean iraunkortasunerako hezkuntza eta gaitasun ekosozialei loturiko edukiak txertatu, naturarekiko esperientzia, zuzeneko jarduerak eta biofilia sustatuko dutenak.
Ebaluazio hezitzaile eta osasungarria helburu, elkarrekiko loturan, enpatian, osasun eta ongizate integralean eta zaintzan jarri fokua. Kalifikazioez gain (edo haratago), irakaskuntza-
ikaskuntzaren etenaldia ere erregistratu, geratzen denean. Halabeharrezkoa den kasuetan izan ezik, edukiak ohiko erritmoan lantzearen presioaren eta ebaluazio kuantitatiboen gaineko zama arindu.
COVID-19aren inguruko haurren bizipenez hitz egiteko eta hausnartzeko espazioak sortu.
Erreferentziak:
1 Oharra: Liburu Zuri honetako testu batzuk Euskal Autonomia Erkidegoan kokatu dira, eta beste batzuk Hego Euskal Herriari buruzkoak izan dira. Kasu bakoitzean txostena prestatu duen taldearentzat eskuragarri dauden datuetan oinarritu direnez, erreferentzia-esparruen aniztasun horri eustea erabaki dugu. Jakin badakigu eskumen- eta administrazio-mugek egungo egoerak baldintzatzen dituztela, bai eta dauden arazoei irtenbideak emateko gaitasunari eragiten dietela ere. Hala ere, gure ustez, azterketa, ondorio eta proposamen sektorial xehatu gehienak antzeko aplikagarritasunekoak dira lurraldeko edozein eremuan.
2 HORTON, R. (2020). “Offline: COVID-19 is not a pandemic”. The Lancet 396 (10255) 874. https://www.thelancet.com/journals/lancet/article/PIIS0140-6736(20)32000-6/fulltext
3 WUCKER, M. (2016). The gray rhino: How to recognize and act on the obvious dangers we ignore. New: Macmillan.
4 The John Snow Memorandum (2020), https://www.johnsnowmemo.com.
Elhuyar Aldizkaria (2020), John Snow Memoranduma. https://aldizkaria.elhuyar.eus/albisteak/john-snow-memoranduma/
5 Barcelona Institute for Global Health, ISGlobal (2020). “What Is a Zero-COVID Strategy and How Can It Help Us Minimise the Impact of the Pandemic?”. https://www.isglobal.org/en_GB/-/-que-es-una-estrategia-de-covid-cero-y-como-puede-ayudarnos-a-minimizar-el-impacto-de-la-pandemia-
6 UNESCO (2021): “Impacto de la COVID-19 en la educación”. https://es.unesco.org/covid[^19]/educationresponse
7 INE: Equipamiento y uso de TIC en los hogares - Año 2020. https://www.ine.es/dyngs/INEbase/es/operacion.htm?c=Estadistica_C&cid=1254736176741&menu=ultiDatos&idp=1254735576692
8 Eusko Jaurlaritza. Matrikula: Bilakaera-irudiak, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleen eboluzioa 2015-2016…2020-2021. https://www.euskadi.eus/matrikula-bilakaera-irudiak/web1-a2hestat/eu/
9 Nafarroako Gobernua, Hezkuntza Departamentua: Oinarrizko datuen estatistika. https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/estadisticas/estadistica-de-datos-basicos
10 Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskararen Erakunde Publikoa (2016). VI. Inkesta Soziolinguistikoa. Euskararen eremu osoa. https://www.irekia.euskadi.eus/uploads/attachments/9954/VI_INK_SOZLG-EH_eus.pdf?1499236557
11 UNESCO (2020): Escuela, salud y nutrición: por qué la COVID-19 requiere una reforma de la educación para luchar contra las desigualdades de género. https://es.unesco.org/news/escuela-salud-y-nutricion-que-covid-19-requiere-reforma-educacion-luchar-desigualdades-genero
12 SISTIAGA, M. eta ANDOÑO, I. (2021): Nola balia genezake natura konpetentziak lantzeko? http://www.hikhasi.eus/Albistegia/20210212/Nola_balia_genezake_natura_konpetentziak_lantzeko_
13 GURDASANI, D. eta ALWAN, N. A. (2021): “School reopening without robust COVID-19 mitigation risks accelerating the pandemic”. The Lancet, 397, 1177-1178. https://www.thelancet.com/action/showPdf?pii=S0140-6736%2821%2900622-X