GAIA: IKUSKARITZA ZERBITZUAK Hezkuntza zaintzea eta bermatzea xede

2021-06-01

Asmoak eta helburuak onak izan arren, ez da eskertza handia duen
lanbidea ikuskariena. Hezkuntza sistema hobetzea dute misio, eta
horretarako araudiak betetzen direla bermatu behar dutenez, ez da lan samurra batzuetan. Hik Hasirekin hitz egin duten Euskal Herriko ikuskariak horren jakitun dira, baina ez diote euren eginkizunari muzin egiten
horregatik. Are gehiago, ahalik eta ondoen egiten saiatzen dira denek
partekatzen duten filosofia batean oinarrituta: abiapuntutzat ikaslearen ongizatea eta eskubideak hartzen dituzte; zuzendariekin, ikastetxeekin,
irakasleekin, ikasleekin eta familiekin hartu-emanak izateari garrantzi
handia emate diote; erabakiak beti argudiatzea funtsezkotzat dute;
kanpoko begiradatik aholkuak emateaz arduratzen dira; eta ikuskarien artean praktika onak partekatzea aberasgarri jotzen dute.

 
 

Zorte handia izan dugu, ikuskari ona tokatu zaigu, hurbilekoa”, “ikuskaria etengabe gainean daukagu”, “ikuskariaren baimenik gabe ezin dugu ezer egin”, “proposamenak beti ongi argudiatu izan ditugu eta ikuskariek onartu izan dizkigute”, “gure ikuskariari paperak ongi betetzea interesatzen zaio, besterik ez”, “gure eraldaketarako ikuskaria bidelagun ona izan dugu”. Badira uzkur edo beldur direnak ikuskaria ikastetxera etortzen delarik eta badira lasai egoten direnak ere. Esperientziak eta bizipenak adina iritzi daude ikuskariei buruz, eta kontrolatzeko daudela pentsatzeak edo laguntzeko daudela pentsatzeak erabat baldintzatzen du hezkuntzako ikuskaritza zerbitzuaren gaineko irudia, iritzia eta hartu-emana. Gizartean oraindik ere aski pisua duen irudi ezkorra gainditu nahian egiten dute lan Euskal Herriko ikuskaritza zerbitzuek, haien misioa hezkuntza sistema hobetzea dela sinetsita eta xede hori lortzera begira jarrita. “Araudiak hezkuntza ikuskaritzari ezarri dion misioa hezkuntzaren eta gure ikasleen kalitatea zaintzea eta bermatzea da, hezkuntza sistemak arauak bete ditzan eta hezkuntza komunitateko pertsona guztien eskubideak eta betebeharrak berma ditzan”. Nafarroako Hezkuntza Ikuskaritza Zerbitzuko zuzendari Alberto Urrutiak ematen duen definizioa da.

Antolaketa orokorra

Nafarroako Hezkuntza Ikuskaritza Zerbitzuaren antolaketa bi motatakoa da, bata eremu geografikoen araberakoa eta bestea lan esparruen araberakoa. Lehen antolaketan lau eremutan banatua da, bi iparraldean eta bi hegoaldean. Iparraldeko ikuskariek euskarako profila dute eta hegoaldekoek gaztelaniakoa.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 88 ikuskari dira gaur egun eta lurraldeka eta eremuka daude antolatuta. Lakuako egoitzan ikuskari nagusia eta hari laguntzeko hiru ikuskari zentral daude. Araban Gasteizen dago ikuskaritza zerbitzua 11 ikuskarirekin. Gipuzkoan hiru ikuskaritza zerbitzu daude, bata Eibarren, bestea Donostia-Irunen eta hirugarrena Lasarte-Tolosan. Bizkaian lau eremutan banatzen dira: Durangon, Getxon, Bilbon eta Ezkerraldean. Gune bakoitzean 11-15 ikuskari bitartean daude; zenbat eta ikastetxe gehiago eta handiagoak izan, ikuskari gehiago.
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan antolaketa beste era batekoa da: ikuskari batzuk Lehen Mailako (3-11 urte) eskoletako ikuskariak dira eta beste batzuk kolegio eta lizeoetakoak (11-16 urte). Lehendabizikoak ikuskari orokorrak dira, gai edo diziplina guztiak lantzen dituzte eta bigarrengoak diziplinarioak edo gaietan berezituak dira; hau da, Matematikako ikuskariak, Frantseseko ikuskariak, Historia-Geografiako ikuskariak... eta Euskarako ikuskaria daude. Bakoitzak bere gaia du eta horren jarraipena egiten du. Lehen Mailako ikuskariak departamenduaren arabera antolatzen dira, eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa Pirinio-Atlantikoetako departamenduan dira. Bigarren mailakoak, aldiz, Akademiaren arabera antolatuak dira, hau da, Pirinio-Atlantikoetako departamenduaz gain, beste bost departamenduk osatzen dute akademia eta gune zentrala Bordelen da. Handik erabakitzen da, beharren arabera, zenbat ikuskari izanen diren. Esate baterako, Matematikan, Ingelesean eta Historia-Geografian bost ikuskari dira, beste gai batzuetan gutxiago, eta Euskararentzat bat, zeinaren lan eremua Iparraldea den. Lehen Mailan bost ikuskari daude eta horietatik bat euskararentzat berezitua da. Ikuskari bakoitzak bere laguntzaileak ditu, aholkulari pedagogikoak deituak. Iparralde guztian euskaldunak diren hiru ikuskari daude —Baionan bi eta barnealdean bat—, Euskarako ikuskariarekin batera Euskarako irakasleen jarduna ikuskatzen dutenak gela elebidunetan eta ikastoletan.

Lan esparruak eta zereginak

Antolaketa horien barruan, lan egiteko esparruak definituta dituzte. Iparraldean, ikuskari guztien lan nagusia pedagogia mailan irakasleek nola lan egiten duten ikuskatzea da. Ez dute parte hartzen eskolaren antolakuntzan, eskolak berak badu autonomia bere gauzak antolatzeko —betiere estatu mailan dauden programak eta eginbeharrak errespetatuz—, eta ikuskariak ikusi egiten du, zuzenki parte hartu gabe. Zerbait berezia gertatzen bada deitzen dute ikuskaria, bestela ez. Jakes Sarraillet da Iparraldean Bigarren Mailan Euskara arlorako dagoen ikuskari bakarra eta haren lanik garrantzitsuena arlo pedagogikokoa dela azpimarratzen du. “Ikastetxeetara joan, irakasleekin mintzatu, egiten duten lana ikusi, gauzak hobeki egiteko aholkuak eman eta ondotik txosten txiki bat idazten dugu. Horrek laguntzen du irakaslea mailaz goratzeko eta hobeki ordaindua izateko”.
Arlo horrez gain, beste bi eremutan ere jarduten dute. Bata antolaketan. “Adibidez, erreforma bat egiten delarik Ministeritzan, erreforma horiek pasarazi behar ditugu ikastetxeetan, esplikatu, antolatu eta irakasleak formatu. Eta horretan denbora asko pasatzen dugu”, dio Sarrailletek. Bigarren eginbeharra azterketen prestatzea da. “Euskara mailan ikasleen hainbat azterketa pasa ditzakete, erraterako, Baxoa eta kolegio amaieran B2 proba. Eta hor euskarako azterketak prestatu behar izaten ditugu. Eta irakasle izateko oposaketetan ere bai, bereziki lehen mailako irakasleen prestaketan, euskarazko gaiak prestatzen ditugu elebidun sailean irakasle izango direnentzat”.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikuskariek ere hiru lan esparru dituzte Maite Ruiz Hezkuntza Ikuskaritzako ikuskari nagusiak kontatzen duen moduan. “Alde batetik, ikastetxeak ikuskatzen ditugu, haien funtzionamendua eta zerbitzua ahalik eta hoberenak izan daitezen. Bestetik, gizartearen eta hezkuntza komunitatearen eskubideak eta betebeharrak bermatzea da gure egitekoa, batez ere hezkuntza eskubideak. Irakasleek, zuzendariek, familiek, ikasleek edota herritarrek zalantzak dituztenean guregana jotzen dute eta erantzuten saiatzen gara. Eta azkenik, administrazioari hezkuntza sistemaren inguruko informazioa ematen diogu, gero beraiek informazio horrekin eta aldagai gehiagorekin erabakiak har ditzaten. Esate baterako, COVID-19aren datuak ematen dizkiegu egunero-egunero eta horrek erabaki aproposak hartzen laguntzen die”.

Nafarroaren kasuan, arestian esan bezala, eremuka eta lan esparruaren arabera antolatzen dira, eta bigarren sailkapen horri dagokionez, Urrutiak dio bost arlo nagusi dituztela: planifikazioa, langileen antolaketa, eskolatzea, elkarbitza eta ebaluazioa. “Planifikazioarekin ikastetxe bakoitzak ume kopuruaren arabera zenbat talde behar dituen erabakitzen da; eta horren ondoren behar den langile plantillaren antolaketa egiten da. Hirugarren arloan, eskolatzeari dagokionean, ikasleen onarpena, matrikulazioak eta horrelakoak bideratzen dira. Elkarbizitzari dagokionez funtzionarioen eta bitartekoen diziplina-espedienteak, irakaskuntza trebakuntzak eta abar bideratzen dira. Eta ebaluazioaren arloan irakasleen, zuzendarien, ikastetxeen eta praktiketako funtzionarioen ebaluazioa egiten da. Arlo hau oso garrantzitsua da eta horren aldeko apustua egin nahi dugu berau indartuz. Pandemiaren aurretik hasiak ginen eta ea datorren ikasturtean gauza gehiago egiteko aukera dugun”.

Jarduerak gidari

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan hiru lan esparruetan aritzeko mota askotako jarduerak eramaten dituzte aurrera. “Gaika antolatzen ditugu gure esku-hartzeak eta gai bakoitzean azpiprozesu ugari edukitzen ditugu”, azaltzen du Ruizek. Ikastetxeetan, esate baterako, kalitatezko hezkuntza ematen dela bermatzeko jarduerak egiten dituzte. “Aurten, adibidez, COVID-19ak markatutako ikasturtean, ikastetxeek arazo eta behar gehien non izango zuten aztertu genuen, eta horren araberako jarduera bat egokitu dugu”. Jarduera guztien jarraipena egin ondoren, beti aholkuak ematen dituzte: hau da, ikastetxeek zer hartu beharko luketen kontuan egoera jakin hori hobetzeko. Ikastetxeko urteko planak eta memoriak ere aztertzen dituzte, helburuak kontrastatuz eta hausnarketara bultzatzeko galderak eginez: “Zuen beharrak ikusita egokiena hori dela pentsatzen al duzue?”. Ebaluazioaren gaia ere oso presente dago ikuskarien lanean. “Alde batetik, aholkularitza egiten dugu eta bestetik ebaluazio diagnostikoaren jarraipena eta emaitzen azterketa —dio Lakuako ikuskari nagusiak—. Emaitzak interpretatzen eta gero urteko planetan horrekin lotutako hobekuntza planak sartzen laguntzen diegu ikastetxeei eta zuzendariei, guk daukagun kanpoko ikuspegiarekin eta objektibotasunarekin lagundu diezaiekegulako”. Zuzendarien eta irakasleen ebaluazioari ere arreta jartzen diote. Irakasleen ebaluazioa egiteko geletan sartzen dira, autoebaluazioa egiteko dokumentuak ematen dizkiete irakasleei eta ondoren elkarrizketa profesional bat egiten dute: “nola ikusten duzu zeure burua, nik nola ikusten zaitut eta zer egin dezakegu hobetzeko”. Zuzendarien kasuan gauza bera. “2009az geroztik gabiltza zuzendarien ebaluazioa egiten eta datorren ikasturtean zuzendarien % 68 proiektua izango duten zuzendariak izango direla aurreikusten dugu. Guretzat oso garrantzitsua da zuzendari batek proiektu bat izatea, jarraipena izatea eta egonkortasuna egotea. Zentzu horretan, zuzendariak egiten ari diren horretan hausnartzera bultzatzen ditugu eta material asko dugu horretan laguntzeko. Eta, noski, hausnarketaren ondoren eta elkarrizketa profesionala eginez, aholkuak ematen dizkiegu: ‘agian bide honetatik joanda emaitzak hobeak izango lirateke’ eta horrelakoak.”

Eskubide eta betebeharren arloan jorratzen dituzten gaien artean daude bizikidetzaren inguruko jazarpenaren jarraipena, absentismoa, noten erreklamazioak eta gatazken kudeaketak. “Absentismoaren kasuan, aipagarria da oso baxua dela hemen, Europan baino baxuagoa”, dio EAEko ikuskari nagusiak. “Eta arlo honetan, konfinamenduaren ostean, prozedura berri bat gehitu dugu: ziurtagiri bat eskatuta —100 baino gutxiago izan dira eskatu dutenak— baimena edo aukera eman zaie etxetik jarraitzeko, hau da, eskolatze ez presentzialarekin jarraitzeko eta, beraz, absentismo ez presentziala neurtzen ari gara. Zeren nahiz eta osasun arrazoiengatik ikaste-irakaste prozesua etxetik jarraitzeko baimena eman, jarraitzen dutela ziurtatu behar dugu. Konpromiso batzuk bete behar dituzte. Adibidez, astebetean konektatu gabe egoten baldin badira eta ez badute justifikatzen, absentismotzat hartzen dugu. Kasu horietan ikastetxeekin eta familiekin harremanetan jartzen gara. Alde horretatik nahiko zorrotzak gara, zentzu onean”.

Administrazioari begira egiten duten lanen artean dago Lan Eskaintza Publikoetan, atxikipenetan eta abar jardutea. Kasu horietan, Ruizek dio ikuskarien lana dena dagokion bezala egiten dela bermatzea dela. “Guk objektiboak izan behar dugu eta prozedura guztiak berme osoarekin egiten direla ziurtatzeko gaude. Gizarteak jakin dezala inolako presiopean egon gabe objektibotasunez jokatzen duen erakunde bat dagoela. Niretzat oso garrantzitsua da ikuskaritzak gizarteari konfiantza hori eskaintzea”.

Erabakiak, beti ongi argudiatuta

Ikuskarien iradokizun guztiak ez dira begi onez hartuak izaten ikastetxeen aldetik, eta horrek ikuskarien eta ikastetxeen arteko harremanak zaildu egiten ditu. Ikuskaritza zerbitzuak araudia betetzen dela bermatzeko daude, baina Eusko Jaurlaritzako ikuskari nagusiak dio garrantzitsuenak ez direla araudia betetzeko agertzen diren prozedurak, baizik eta araudiaren zentzua. “Araudi bat zerbaitegatik sortzen da, normalean gauzak ordenatzeko eta aukera berdintasunaren printzipioa bermatzeko, eta gu horren arabera interpretatzen saiatzen gara”. Horrek, batzuetan, ezezkoak esatera eramaten ditu, “baina ezetz esan behar dugunean zergatik esaten dugun azaltzen saiatzen gara. Ez da kapritxo bat izaten, zentzua erabiltzen dugu eta arrazoi bat egoten da. Horregatik, erabakiak argudiatzea oso garrantzitsua da, jendeak uler dezan zergatik hartzen diren erabakiak edota zergatik esaten den batzuetan ezetz. Erreferentzia beti ikaslearen hobebeharra, ongizatea eta eskubidea izaten da. Hori da lehenengoa”.

Hobetzeko gakoak eta erronkak

Gaur egun egiten duten lanaren gaineko ebaluazio bat eskatuta, Sarrailletek argi du zer hobetuko lukeen edo zer norabide aldatuko lukeen. “Ditugun zereginen artean arlo pedagogikoa pisua galtzen ari da. Pena ematen dit gure pedagogia mailako lana gutxitzen edo indarra galtzen ari dela ikusteak antolaketaren onetan. Iruditzen zait pedagogiako laguntza hori galtzen ari dela. Adibidez, erreforma bat ezarri zen orain dela bi urte eta horrek aldaketak ekarri ditu: lehen guk erabakitzen genuen nor joanen ginen ikusterat eta maizago ikusten genituen irakasleak. Aldiz, orain Ministeritzatik ukaiten dugu nor ikusiko dugun, handik ukaiten dugu ikusi behar dugun irakasleen zerrenda, ez dugu guk erabakitzen. Ondorioz, gutxiago ikusten ditugu irakasleak eta laguntza alderdi hori apaltzen ari da. Ez da erabat desagertuko, baina administratiboagoak bilakatzen ari gara pedagogikoagoak baino. Eta nik uste dut hori kalterako dela”. Irakasleak gutxiago ikusten dituzte, gutxiago ezagutzen dituzte eta harremanak ez dira hain estuak. “Ikusiko da denborarekin nola bilakatuko den, baina harreman horiek galtzen baldin baditugu, konfiantzazko harremana ere emeki-emeki desagertzen da, ez da sortzen. Alegia, ez da konfiantza galtzen duzulako, baizik eta ez dela sortzen jendea ez baduzu ezagutzen: ez dituzu ikusten, ez dituzu ezagutzen eta, orduan, konfiantza hori ez da sortzen. Adibidez, orain dela hiru urte sartu ziren irakasle berriak bi aldiz bakarrik ikusi ditut eta ezin dut esan ezagutzen ditudanik. Besteak, zaharragoak direnak, askoz hobeki ezagutzen ditut”.

Ruizek ere begiz jota ditu hainbat hobekuntza esparru, izan ere, ikuskaritza zerbitzuaren misio, bisio eta balore aldaketa bat egiten ari dira. “2016an ikuskaritza arautzen zuen dekretua atera zen eta geroztik hausnarketa prozesu batean sartuta gaude eta lan handia egiten ari gara berrikuntza prozesu horretan. Geure buruari galdera batzuk eginez abiatu genuen hausnarketa: zer ekarpen egiten diogu gizarteari? Gure lanak zer ematen dio? Zer ematen diogu eta zer eman diezaiokegu gizarteari, hezkuntza sistemari, ikastetxeei, irakasleei, ikasleei, familiei? Zer paper dauka ikuskaritzak hezkuntza sistemaren hobekuntzan? Eta lehen hausnarketa horren ondoren bigarrena etorri zen: zer gehiago egin dezakegu?”.

Galdera horiei erantzunak aurkitzeko kanpoko iritzien bila jo dute, ikastetxeek, zuzendariek, irakasleek, ikasleek eta familiek zer erantzuten duten jakin nahi dutelako, eta poliki-poliki komunikazio bideak irekitzen ari dira ikuskariengandik zer nahi duten, zertan lagun diezaeketen eta zertarako behar dituzten jakiteko. Horrekin guztiarekin lan egiteko filosofia bat sortu nahi dute ikuskaritza zerbitzuan, eta horrexegatik, ikuskari denak ari dira parte hartzen prozesu honetan. “Ikuskari bakoitzak bere izaera eta egiteko modua izango ditu, baina jarduera guztiek erreferentzia filosofiko bera izateak gure lana aberasgarriago bihurtzen du”, baieztatzen du Ruizek. “Guk ikuskari eredu bat sortu nahi dugu, sortzen ari gara. Gure lana hurbiletik jarraitzen dutenek, ikastetxeek, ikusten dute gure lana erabat aldatu dela, baina gizartean oraindik antzinako ikuskarien irudiak dirau. Kostako da aldatzen, baina horretan ari gara”.
Nafarroako ikuskaritzako zuzendariak azpimarratzen du eurek hezkuntzaren ebaluazioaren aldeko apustua egin dutela: irakasleen, zuzendaritza funtzioaren, zentroen... ebaluazioan. “Zehazki ikuskaritza zerbitzuari dagokion zeregina da ebaluazioarena, araudiak dioen moduan, eta gure helburua ebaluazioaren kultura garatzea da, orain arte ez baita landu ez hemen ez gainerako lekuetan. Itxaropen handiak jarri ditugu norabide horretan, eta COVID-19ak orain arte asko garatzen utzi ez badigu ere, datorren ikasturtean bultzada serio bat emateko moduan egotea espero dugu”.

Leku batean zein bestean ikuskarien prestakuntzari garrantzi handia ematen diote eta baita gainerakoekin partekatzeari ere. Praktika onak partekatzen dituzte eta Urrutiak dioen moduan, “beti da oso emankorra beste lekuetako gure lankideek zer egiten duten ezagutzea. Leku guztietatik ikas daiteke eta, nola ez, leku guztietatik atera daitezke ondorio interesgarriak”. Nafarroako eta EAEko ikuskariek pandemiaren ondoren berriro ere elkarlanari ekiteko esperantza dute, eta Eusko Jaurlaritzako hezkuntza ikuskari nagusiak gaineratzen du Europako kideekin ere baietz. “SICI izeneko ikuskarien elkarte europarreko partaide gara eta egiten ditugun topaketek elkarrengandik ikasteko balio dute. Agian gauza batzuk ezin ditugu egin beste lekuetan bezala, baina ideiak hartu eta gero gurera egokitu bai, eta geurea partekatu ere bai”, dio Ruizek. Interes handiarekin egiten dute elkarren jarraipena, horrek euren misioa erdiesten laguntzen diela jakitun.