Irakasleen zaintza, Udako Topaketen erdigunean

2021-06-01

AURTENGO IKASTURTEAK LEZIO GARRANTZITSU BAT ESKAINI DIGU: HEZITZAILEAK ZAINDU BEHAR DIRA. HORREXEGATIK, AURTENGO UDAKO TOPAKETETAN IRAKASLEEN LANARI AITORTZA ETA ERREKONOZIMENDU BEREZIA EGIN NAHI DIE HIK HASIK .

 
 

Zaila izan da, ari da izaten, ikasturte hau. Gaitza. Tentsio eta exijentzia handikoa zentzu askotan, eta bereziki irakasleek bizi izan dituzue zeuon azalean estres eta eskakizun horiek. Osasun krisiak izugarri baldintzatu du hezkuntza praktika, baldintzatu ditu harremanak, neurtu eta zurrundu, eta irakasle askok zeuon lanean ez ezik zeuon larruan sentitu duzue gogortasun hori. Datu bat: EHUko Hezkuntza Fakultateko diziplinarteko talde batek 2020-2021 ikasturtearen hasieran irakasleek bizi izan duten sintomatologia psikologikoa aztertzeko egindako ikerketa baten arabera, galdekatutako irakasleen % 50,6k estresa zutela adierazi zuen.
COVID-19aren krisiaren kudeaketak arrasto larria utzi du irakasleengan. Horra lezioa:  irakasleak zaindu egin behar dira. Ikasturte honek lezio asko jarri dizkigu mahai gainean, baina hezitzaileen zaintza erdigunean jarri behar da, urgentziaz.
Aurtengo Udako Topaketa Pedagogikoetan irakasleen lanari aitortza eta errekonozimendu berezia egin nahi die Hik Hasik. Osasungintzako profesionalekin batera, lehen lerroan egon zarete irakasleak, ikasgelak eta eskolak foku askoren pean kudeatu behar izan dituzue, eta egindako lan hori nabarmendu egin behar da, balioetsi, eskertu, aitortu. Eta ezinbestean zaindu egin behar da. Horrexegatik zaintzari leku berezia egingo die Hik Hasik 25. urteurreneko Udako Topaketa Pedagogikoetako hainbat ikastarotan. Hezitzaileen ongizatea lehentasunezko ardatz gisa hartu behar delako.
Zaintzari eskainiko diogu, halaber uztailaren 5ean egingo dugun Bigarren Hausnarketa Kolektiboa ere. Iazko ikasturtea konfinamenduak baldintzatu zuen, eta orduko hartan ere atera genuen lezioa: pantailaz beste zeuden ikasleak zaintzeak zer-nolako garrantzia zeukan ikusi genuen, “zer moduz zaude?” batek daukan balioaz inoiz baino gehiago jabetu ginen. Eta irail hau hasi zenean txip horrekin hasi zenuten hezitzaileok zeuen jarduna, urduritasun eta  ziurgabetasun egoera hauetan txera bereziz zainduz ikasleen egoera emozionala. Bada orain, hel diezaiogun aurtengo ikasturteak eskaini digun lezioari: hezitzaileak zaindu behar dira, zuek gabe ez dago hezkuntza-prozesurik.

“XVIII. mendeko ekonomialari frantsesak dira, ez Kant, mundu ekonomikoa eta morala birsortu nahi izan zutenak, eta, horretarako, hezkuntza unibertsalean tematu ziren. Ez, eskubide natural edo unibertsal gisa duen balioagatik, baizik eta ordena ekonomiko berria soilik ordena politiko berri baten bidez antola zitekeelako. Eta hori, hezkuntza unibertsal baten bidez bakarrik heda zitekeen”
Jule Goikoetxea