Aukera historikoa euskararentzat
Frantziako Asanbleak Eskualdeko Hizkuntzen Ondarean Babesteari eta Sustatzeari buruzko Legea onartu du pasa den apirilaren 8an, Gobernuaren kontrako iritziarekin. Hizkuntza gutxituen irakaskuntzari esparru finkoago bat emanen dio legeak. Haatik, apirilaren 22an helegitea jarri dute 60 diputatuk baino gehiagok.
H istorikoa izan da Frantziako Asanbleak hizkuntza gutxituen legea onartu izana pasa den apirilaren 8an. Sinestezina ere bai ia, Emmanuel Macronen Gobernua kontra egonik eta Asanblea Nazionalean gehiengoa izanik onartu baita legea, aldeko 247 botorekin eta 76 kontrakorekin. Frantziako Gobernuaren nahiaren aurka, oposizioak aurkeztutako lege proposamen bat —Bretainiako diputatu Paul Molacek sustatu du arau berria—onartua izatea bera gutxitan gertatzen da eta zertan eta hizkuntza gutxituen esparruan eta non eta Frantzia bezalako estatu zentralista batean. Historikoa, baina, era berean, mugatua da lege berria oraingoz bederen, euskarazko irakaskuntzari eta berariaz murgiltze ereduari bide berri bat ireki badiezaioke ere ikusteko baitago Gobernuak zer egingo duen aurrerantzean —dagoeneko helegitea aurkeztu dute Frantziako konstituzio kontseiluan 60 diputatuk baino gehiagok—.
“Ustekabekoa eta pozgarria” izan da lege berria onartzearen albistea Marie-Andreé Ouret Biga Bai eskola publikoetako buraso elkarteko lehendakariarentzat, “pozgarria giro bat sortu delako eta mentalitate aldaketa bat ikusi delako diputatu ainitzen kasuan”, baina tentuz mintzo da: “Frantses Gobernua, hasteko, arrunt agertzen da lurralde hizkuntzen kontra eta osoki frantsesaren aldekoa da, Hezkunde Nazionalaren ministroek baliabide guztiak jartzen dituzte haurrek untsa mendera dezaten frantsesa irakurtzen eta idazten, eta hori lurralde hizkuntzen kontrakoa da, hori ez dugu ahantzi behar legea irakurtzen dugularik, nahiz eta albistea biziki pozgarria den”. Ildo beretik mintzatu zaio Hik Hasiri Seaskako lehendakari Peio Jorajuria, “politikoki aldaketa handia” dela jabeturik ere, “zirkular, dekretu eta araudien beha” gelditzen da, “legea aplikatzeko behar dira Hezkunde Nazionalak sortuko dituen testuak, eta ondoko hilabeteetan zaindu beharko dugu Gobernua ez dela saiatuko dekretuen bidez Asanbleak onartu legearen indarra kentzen”.
Helegiteak aurrera egin ezean, bederen, irakaskuntza arloko hiru neurri ekarriko ditu legeak: murgiltze eredua Frantziako Hezkuntza Kodean sartuko da, eta hizkuntza gutxituen irakaskuntzaren eskaintza orokortzeko aukera irekiko du. Hizkuntza gutxituetan irakasten duten eskola pribatuak dirua jasotzeko parada ere indartuko du: eskola frantses elebakarrak dituzten herrietan, haurrak inguruko herri bateko ikastetxe batera joan behar badira, ikastetxe horiek diruztatu beharko dituzte herriko etxeek.
Aldaketa sinbolikoa
Legearen sinbolikotasuna nabarmentzen du batetik Jorajuriak, hamarkada luzetan hizkuntza gutxiten aurkako jarrera izan duen estatu batean gisa honetako babes-marko bat onartu izana nabarmendu du Seaskako lehendakari berriak: “Aldaketa, lehenik, sinbolikoa da, eta hori azpimarratu behar da. Hizkuntza gutxituak, orain arte, Frantzian biziki gutxituak izan dira, minoritate baten eskaera gisa onartua zen, eta horregatik azken 70 urteetan ez zen legerik izan horri buruz, jendeak zioelako ez zela Frantziako gehiengoaren gaia. Indar harremana aldatu da bai senatuan eta baita legebiltzarrean ere. Gehiengo oso zabal batekin lortu da legea onartzea. Hizkuntzen kontra zirenak orain dira gutxiengoan. Politikoki aldaketa handia da hori”. Lege berria gauzak aldatzeko urrats baten gisan ikusten du Jorajuriak: “Frantzia biziki zentralista da. Orain parada da gauzak aldatzeko. Lege horrek ez du praktikan gauza handirik ekarriko, baina bide bat irekitzen du etorkizun argiago batentzat”.
Aldaketa historikoarekin batera, bigarrenik, legearen gibelean Euskal Herritik, Okzitaniatik, Kataluniatik eta Bretainatik egin den lana nabarmentzen du Jorajuriak, Seaska bera izan da eragile inportantea: “Frantzia osoko elkarte ainitz aritu gara eskuz esku aldaketaren alde lanean, irakaskuntza pribatutik eta irakaskuntza publikoko eragileak eta politikari batzuk, elkarrekin lan eginez gauzak aldatu dira, eta hori azpimarratzekoa da”.
Murgiltzea
Lege berriak eztabaida gehien hezkuntzari loturiko artikuluetan piztu ditu. Bereziki murgiltze ereduari buruzko puntua izan da ikusmin handiena sortu duena. Murgiltze eredua arautuko duen artikuluaren arabera, hezkuntza publikoan ere ikasleen ehuneko ehunak eskualdeetako hizkuntzan ikasteko aukera izango luke legea aplikatzen hastean. “Orain lege berriarekin murgiltze eredua onartua da. Aintzinamendu handi bat da. Horrek aitorpen bat dakarkio eredu horri eta babesten du”, Oureten hitzetan. Gaur egun sare publikoan 20 gela daude murgiltze eredua eskaintzen dutenak, baina marko esperimental baten barruan, “hor baditugu ainitz oztopo, Gobernuak ez du begi onez ikusten eta garapena oztopatu du. Lege horrek erraztasun gehiago ekarriko ditu herri batean gela berri baten irekitzeko”.
Murgiltze eredua onartzeak, ordea, baditu argitu beharreko hainbat zehaztapen. Batetik, legean jasotzeak ez du esan nahi ikastetxe guztiek euskaraz irakatsi beharko dutenik ezta murgiltze eredua ezarriko dutenik ere. “Ez, batere ez. Ez du erran nahi murgiltzea zabalduko dela ikasle denetarat eta ez du erran nahi, ezta ere, murgiltzea ezarrita ere guk ulertzen dugun eran —osoki euskaraz irakastea— ezarriko litzatekeenik —argitu du Jorajuriak—. Baina bidea zabalik dago eta gehiago ez du nehork esaten ahal legeak oztopo bat ezartzen diola murgiltzeari, orain arte bezala”.
Legeak dio, halaber, hizkuntza gutxitu bat bizi den lurralde batean sail publiko guztian lurralde hizkuntzaren irakaskuntza eskaini beharko dela, eta eskaintza hori ama eskoletatik harago Lehen eta Bigarren Hezkuntzan eta kolegio eta lizeoetan ere eskaini beharko dela. Haatik, artikulu honekiko ere zalantzak azaldu ditu Ouretek: “Kortsikako adibidea hor dugu: Kortsikan 15-20 urte daramatzate horrelako arau bat indarrean dela, baina gaur egun eskolen % 40 bakarrik dira sail publikoan kortsikar hizkuntza eskaintzen dutenak… Irudi luke legea idatzia den bezala irakurrita, sinpleki eskola guztietan eskainia izango dela euskara, baina ikusten dugu nola pasatu izan den, beti borroka bat dela sail publikoan euskarazko gela berri bat irekitzeko, eta argi dugu borrokan jarraitu beharko dugula; helburuetatik oso urrun gaude”.
Ikastolei dagokienez, legeak ez du aldaketarik ekarriko, Jorajuriak azaldu duenez: “Iparraldeko ikastoletan ez da aldaketarik izango. Guk badakigu eta erakutsi dugu murgiltzea kolegioan eta lizeoan ere posible dela”. Lege honek ez du aldaketarik eta diru-iturririk nahiz baliabiderik ekarriko ikastoletara, ikastetxe pribatuak diruztatzeko neurria dagoeneko betetzen baita Ipar Euskal Herrian. Onurarik eta bitartekorik ekarriko ez badu ere, aitortza ekarri die Seaskako ikastolei: “Sekulako zilegitasuna ekartzen digu. Murgiltzeari buruz izan diren eztabaidetan, Asanblea Nazionalean eta senatuan Seaskaren eredua goraipatu dute, Frantziako eskualdeetako lehendakariek goraipatu dute, sustengu publikoa daukagu. Ez du dirurik eta baliabiderik ekartzen baina zilegitasuna bai. Aurreiritzi anitz hautsi ditu eta ainitz ohartu dira hizkuntza gutxituei buruz aurreritziak direla. Lege honek hori ekarri du, diputatu eta senatari ainitz jabetzea zer den murgiltzea eta zer den hizkuntzen egoera. Ez da azaleko erabaki bat izan”.
Legea, berez, berehala aplika liteke, iazko abenduan Senatuan bozkatu zuten testu bera onartu baitute, aldaketarik gabe. Haatik, oraingoz ez da neurri zehatzik ez baliabiderik iragarri, eta Frantziako Gobernuaren mende den Hezkunde Nazionala izango da baliabide horiek esleituko dituena edo ez dituena. Helegiteak, ordea, arriskuan ezar lezake legea, legea promulgatzeko bezperetan 60 diputatuk baino gehiagok helegitea aurkeztu baitute, Martxan eta Modem alderdietakoek, hain zuzen ere hizkuntza gutxiturik ez dagoen lurraldeetako diputatuek.