MINDFULNESS-A ZAINTZAREN ETIKARANTZ

2022-05-09

'Mindfulness e identidad docente' (Mindfulness-a eta hezitzaile nortasuna) goiburua du Naiara Gorroñok argitaratutako tesiak. Irakasleei mindfulness-
eko formakuntza eskaintzen aditua eta aritua den honi, ikerketa lan hau galdera batetik sortu zitzaion: mindfulness ikastaro hauek zerbaitetarako balio ote die? Irakasleekin elkarrizketak egiten eta haien errelatoak
entzuten, meditatzen zutenean zer gertatzen zen ikertu du doktorego
tesian. Aurkitu duen ondorio nagusia zaintza erdigunean jarri behar dela izan da; zaintzarik ez badago, bizitzarik ez dago. Zaintza diskurtso hutsetik praktika bat izatera igaro beharra aldarrikatzen du eta praktika hori
meditazioaren bidez izan daitekeela. Mindfulnessarekin hasi eta zaintzaren etikarako bidaia izan da tesia.

 
 

Modan dagoen hitz bat baino askoz gehiago da mindfulness-a. Naiara Gorroñok urteak daramatza irakasleak meditazio bide honetan formatzen eta jakin-minetik irakasle haietako batzuei elkarrizketak egiten hasi zen. Hiru zutabe batzen ditu bertan: meditazioa, norbanakoa eta zaintzaren etika. Doktorego tesian defendatzera iritsi den ondorio nagusia oso garbi azaltzen du: zaintza erdigunean jarri behar da. Baina, zer da zaintza erdian jartzea? “Lehenengo ulertu egin behar dugu zaintza zer den eta gero ikasi egin behar dugu zaintzen, ez dakigulako —aurkeztu dio Hik Hasiri bere tesiko ildoetako bat—. Gizarte honetan zaintzari bizkarra emanda bizi izan gara eta ez dugu ulertzen zaintza bizitzaren oinarrizko ezaugarrietako bat dela”. Baina zergatik eman diogu bizkarra? “Zaintza emakumeek egin duten zerbait delako, etxe barruan gertatu dena eta gizarte kapitalista honek dirua sortzen ez duen ezer ez duenez baloratzen, zaintza desterratuta egon da”. Gorroñorentzat feminismoarekin elkartze eta ulertze bat ekarri du aurkikuntza honek eta zaintzaren etikak feminismoaren ikuspegitik eta meditazioak budismoaren begiradatik komunean dituzten sustraiez jabetzeko ere balio izan dio.
Arestian esan bezala, oraintxe dago modan hitz hori, baina nondik dator mindfulnessa? 70eko hamarkadan AEBetan sortu zen budismoan oinarritutako korronte bat da. Hango unibertsitate batzuetako ikerlariak Indiara eta Asiako Hego Ekialdera egindako bidaian yoga eta meditazioa ezagutu zituzten eta zientzia mental haiek haien herrialdetara ekarri zituzten. Hala ere, AEBetan mindfulnessak arrakasta izateko jatorriko espiritualtasun zantzuak kendu behar zituztela erabaki zuten, hangoek bestela ez zutelakoan ontzat hartuko. Esan eta egin, testuinguru psikologiko bat eman zioten, osasun testuinguru bat eta zortzi asteko programa bat osatu zuten. Gaixo zeudenekin egin zuten esperimentua eta arrakasta zuela ikusi zutenean zabaldu zuten gizarteko esparru guztietara. “Bere argi-ilunekin. Argia, onura asko ekar diezazkiekelako pertsonari eta gizarteari, norberaren buruarekin erlazionatzeak, bizitzen ikasteak. Eta iluna, kontsumorako beste erreminta bat bilakatu daitekeelako. Arrisku hori hor dago.”

Gizarteari kritika
Mindfulness hitzaren esanahia “arreta osoa” da eta Gorroñoren ustetan garrantzitsua da ulertzea praktika honen boom-a arreta falta ikaragarria dagoen gizarte batean eman dela; hainbeste estimuluk, teknologia berrien erabilerak, eta, besteak beste, munduaren ugaritasunak erraztu duela hori: “Gure arreta hamaika gauzatan jarrita dugu eta ez gaude inon”. Mindfulnessak mundua ulertzeko beste modu bat eskaintzen du, meditazioa egiten hasten garenean konturatzen baikara gure gorputz barnean mundu bat dagoela eta mundu hori ere garrantzitsua dela. Momentu horretan gure barnekotasunarekin, pentsamenduekin eta emozioekin erlazionatzen hasten gara, norberaren nortasuna ezagutzen, eta honek indibidualista eta egoista irudi lezakeen arren, aurkakoa gertatzen dela sinisten du Gorroñok: “Benetan bide hori egiten dugunean eta geure burua ezagutzen dugunean, ulertzen dugu ni ez naizela zu gabe. Ni interdependiente bat naizela. Guztiok gaudela guztiokin barku honetan eta azkenean nik zuri egiten dizudanak eragin bat duela nigan. Gu gurekin ongi gaudenean hobeto gaude besteekin”. Budismoak eta feminismoak interdependentziaren ideia eskaintzen dute, hau da, gizakiak ez garela autonomoak, harremanetan gauden pertsonak garela.

Zaintza erdigunean
Zaintzaren beharraz konturatzea eta, batez ere, irakasleek nolako premia duten ohartzea izan da tesiaren ikaspen handiena. Eta zergatik irakasleena bereziki? Gorroñoren aburuz, euren lana oso gogorra delako eta gizarteak ez duelako onartzen eta ulertzen. Irakasleak haien burua zaintzen ikasi behar dutela dio: “Zuk zeure burua zaintzen ez baduzu, ezin zara eskura egon beste batentzako, ezingo duzu beste bat zaindu”. Zaintza zer den ulertzeko praktika bilakatu behar dela dio, ezin duela diskurtso soil bat izan. Alegia, gorputza zeharkatu behar duela dio, bestela eslogan batean gera daitekeelako, diskurtso kontsumista batean.

Meditazioa praktika bilakatzea onuragarria litzateke, tesiaren arabera, oinarrizkoena arreta lantzea delako eta meditazioak hori bera eskaintzen duelako: “Zaintzen dugunean zer da egiten dugun gauzarik garrantzitsuena? Arreta eskaintzea. Ni ume bat zaintzen ari naizenean, zer egiten dut? Arreta beregan jartzen dut”.

Meditazioa autozaintza keinu bat da, Gorroñoren tesiaren arabera, geratzea baita lortzen duen lehen gauza, eta tesian parte hartu zuten irakasleek behin eta berriro errepikatzen ziotena, hain zuzen ere, hori zen, “hezkuntza oso azkar doa”, zioten. Autoezagutzarako aukera ere ematen du bide horrek, dena azkar doan mundu honetan barruan zer dugun ikustea ahalbidetzen baitu. Autoezagutzak emozioak ulertzera eta ezagutzera garamatza ekintza eta kontsumoa bultzatzen duen gizarte eredu honetan. “Bizi garen gizartea produktibitateri begira bizi da eta hezkuntza ez da salbuespen bat; hezkuntzan gauzak lortu behar dira, akademikoki begiratzen delako bertan egiten dena. Beraz, zaintza erdigunean jartzeak esan nahi du ez baditugu afektibitatea, barne mundua eta elkarren arteko harremanak begiratzen, ez garela oso urruti iritsiko. Ez dugu ulertzen oraindik ekonomia feministak esaten duena: piramidearen goiko aldean daudenek (esaterako, arkitektoek, enpresarioek, finantzarioek), ez balute izango piramidearen azpian den gehiengoa (zaintza lanak egiten dituztenak), ez lirateke existituko”.

Irakasleengan fokoa jarrita, aldiz, irtenbidea irakasleentzako zaintza-eskolak sortzea dela dio. Zainduak sentituko diren espazio bat izatea, alegia. Zainduak nola? Hiru gako aipatzen ditu Gorroñok: meditazioa, natura eta dantza. “Eta honekin esperientzia zaintzaileak bizitzea ahalbidetuko genuke, zainduta sentitu, gero hori zuk eraman ahal izateko. Kontuan hartu behar dugu, gainera, irakasle gehienak emakumeak direla eta emakume moduan gero etxeko lanak eta etxeko zamak izan ohi dituztela haien irakasle lanaz gain”.

Nola landu eskoletan
Gorroñoren ustez, hiru modutara eraman daiteke mindffulnessa ikasgeletara:
Kanpoko norbait etorri daiteke astean behin ikasleekin eskola bat ematera.
Irakasleak berak bere egoteko modua landua izan dezake, eta zehazki mindfulness egin ez arren “mindfulness jarreran” egon daiteke.
Irakasleak berak praktikak egin ditzake ikasleekin.

Tesian irakasleengan jartzen du Gorroñok fokoa eta indarra: “Azkenean mindfulnessa egiten hasten direnean edo barnekotasunarekiko jarrera bat daukatenean, emozionalitatea, afektibitatea, harremanak, irribarre batek izan dezakeen boterea… ikusten hasten dira.”

Irakasle bakoitza unibertso bat da, 250 irakasleri eman dizkie formazioak Gorroñok eta bakoitzak bere modua omen du ikasitakoa geletara eramateko. Ikastaroetara joaten diren irakasleak sentsibilitate berezi bat dutela dio, irekiak daude eta bertan arreta, arnasketa, gorputza, pentsamenduak, emozioak eta harremanak lantzen dituzte. HH, LH eta DBHko irakasleekin landu du mindfulnessa formazioetan. Bestalde, badira mindfulnessaren sistematizazioaren beharraz hitz egiten duten ahotsak ere. Horretarako, baina, Gorroñoren ustez irakasle asko formatu behar dira eta ohartarazi haiek egin behar dutela lana eta hori gorpuztean topatuko dutela euren ikasgeletara eramateko modua. Garrantzi handiegia ematen zaio “nola txertatu” galderari, tesiaren egilearen arabera: “Irakasleei beti esaten diet, lehenengo asteetan behintzat, ikasitakoa gelara eramateko ideia ahazteko, haurrei eskaintzeko dagoen onena, nire ustez, irakaslearen presentzia da, irakaslearen egoteko modua. Nik uste dut hori dela mindfulnessak eta zaintzaren etikak eskaintzen duten gauzarik garrantzitsuena: entzuten dakien irakaslea.”

Aurrera begirako egitasmoak ez dira falta. Batetik irakasleentzako zaintza eskolak sortu beharra azpimarratzen du Gorroñok eta badu ikasleei begirako proiektu bat ere: pandemiaren ondorioz oso gaizki pasatzen ari diren Batxilergoko ikasleentzat arnasketa erakusteko online ikastaro bat egiteko asmoa du.

Esperantza da, finean, tesi honek ekarri diona, “bertan ikusi ditut lehen lerroan, egunero-egunero borrokan ari diren emakume zoragarri pila bat. Esperantza eta geroa geu gara, helduak, eta elkar zaindu behar dugu”.