Curriculum berria eta gorputz-hezkuntza: zenbait tirabiraren jatorri

2007-10-16

Gorputz-hezkuntzarako curriculum dekretuak proposatzen dituen ordu murrizketen aurrean kezkaturik agertu dira hainbat irakasle, guraso eta zuzendari. Gutxieneko orduak ezarri dira eta hauek Lehen Hezkuntzan orduen %40 eta Bigarren Hezkuntzan %37 murriztu dira.

 
 
Curriculum berria eta gorputz-hezkuntza: zenbait tirabiraren jatorri

Irakasle, guraso eta zuzendariak kexatu agertu dira murrizketa horren aurrean. Hezkuntza fisikoa beste irakasgaiak bezain garrantzitsua dela diote, batez ere egungo pasibotasuna eta gehiegizko pisua bezalako arazoen aurrean.

Orain arte, Lehen Hezkuntzan gorputz-hezkuntzari 2,5 ordu eskaini zaizkio eta Bigarren Hezkuntzan, ikasturte bakoitzean beste 2 ordu. Orain ordea, gutxieneko kopurua Lehen Hezkuntzan 1,5ekoa da eta Bigarren Hezkuntzan, lehen hiru urteetan 2 ordu eta laugarrenean bakarra.

Bada denbora soin heziketako hainbat profesional kexatu zirela, irakasgaiaren bazterketa salatuz. “Nazioarteko jarraibideak kontuan hartu beharko lirateke eta gorputz-hezkuntzaren hariketa eta garapen arautua bermatu”. Horrez gain, lan etorkizuna ere jokoan dute, 600 lanpostu baino gehiago galtzeko arriskua aurreikusten bait da.

Gorputz-hezkuntzako lizentziatuen elkargoak, abokatuei eskatu die curriculum dekretuaren aurkako helegitea egitea, “ikasleen osasunari erasoa” egitea leporatuz. Elkargoko idazkari Maria Jose Lagartosen ustetan honakoa ez da erabaki arina. Haurrak gero eta gutxiago ateratzen dira etxetik kalera eta gutxiago jolasten eta mugitzen dira. Horrek sortzen dituen arazoak kontuan izanik ez da egokiena murrizketa hori ematea. “Ikasgai honetan, elikadura, saiatzeko gaitasuna, lankidetza, elkartasuna… lantzen dira”.

Hezkuntza Sailak ere erantzun die kexa hauei. Curriculum berriak, gutxieneko ordutegia ezartzen duela dio, horiek finkatuz. “Dena den, ikastetxeek 5 ordu izango dituzte gutxieneko ordutegi hori handitzeko… Gorputz heziketa 2,5 orduak mantendu ahalko dira eta hala erabakiz gero, ordutegi hori gainditu. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarekin gauza bera gertatzen da”. Hortaz, ikastetxe bakoitzaren esku gelditzen da ordu kopurua zehaztea.

Bihe, Sarean eta euskal eskola publikoko gurasoen elkarteen konfederazioa ere arduratuta agertu dira. “Curriculuk proposatzen dituen gaitasunen garapenerako adierazpen fisikoa funtsezko gaia da” dio Imanol Zubizarreta konfederazioko arduradunak.