Lanbide Heziketa Irakatsi-Ikasi prozesua eraberritzen II Jardunaldia

2007-11-23

Aurten ere, Elgoibarko Makina Erreminta institutuak, Lanbide Heziketako jardunaldiak burutu ditu eta aretoa jendez gainezka izan da. Hainbat gai, marko beraren barnean, proiektuak pertsonetan oinarritzean, bakoitza bere lanaren jabe egiteko prozesuan eta motibazioaren lanketan. Filosofia honek beregain, ikasleak prozesuaren elementu aktibo bihurtzea dakar eta bertako esperientzia praktikoa ezagutzeko parada ere izan da.

 
 
Lanbide Heziketa Irakatsi-Ikasi prozesua eraberritzen II Jardunaldia

Ekitaldiaren sarrera Iñaki Mujika Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketa sailburuordeak egin du, Joxean Egaña IMHko zuzendariarekin batera. Jardunaldian zehar, ikasleak zein langileak izan dira hizpide, orokorrean prozesuetako eta proiektuetako pertsona partehartzaileak. Aditu guztien kokapena eta ekarpena, pertsonengan oinarritu da.

Lehenik eta behin, Irizar enpresako Juan Jesus Anduaga pertsonen koordinatzaileak, Irizar proiektuan pertsona bakoitzak duen partehartzea eta rola aipatu du. Lan taldeetan aritzea, Ekipo berberak prozesuak hasi eta amaitzea, erabakiak hartzeko eta lantaldean aritzeko gaitasunen beharra, ekipo eta pertsonen arteko interdepentzia bezalako ideiak aipatu ditu. Irizarren aantolaketa modua azaldu eta zuzendaritza eredu bestelakoa ere aipatu du, kontrolaren eredu tradiozionala alde batera utziaz. Berrikuntzaren garrantziaz hitz egin du, eta “produktuan berrikuntza egoteko lehenago proiektuan eta ekipoan bertan egon behar duela berrikuntzak” aipatu du. Helburu utopiko eta handiak edukitzearen garrantziaz mintzatu da, benetako eraldaketak eman nahi badira.

Ostean, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasle den Carles Monereo Font jaunak, motibazioaren inguruan hainbat zertzelada aipatu ditu. Ikasleen motibazioa nola landu eta horretarako irakasleen motibazioak ere duen garrantzia aipatu ditu. Motibatzeko arrazoiak, motibazioa psikologiaren ikuspuntutik, ikasleak motibatzeko moduak eta irakaskuntzarako eraldaketarako motibazioaren inguruaan mintzatu da.

Francis Elizalde, Fundacion Claudio Naranjoko aditua, emozioen inguruan aritu da. Emozioak hor daude, onak ala txarrak, eta horiek kudeatzen eta baliatzen jakitea oso garrantzitsua da, bai irakasleon kasuan eta baita ikasleei dagokionean ere. Eneagramaren nondik norakoak ere azaldu ditu psikoterapeutak.

Jarraian, Elgoibarko makina erremintako ikasle eta irakasle talde batek, EJE proiektua azaldu du. Lanbide Heziketako irakaskuntza eredu tradizionalaren aldean, metodología berritzaileak nagusitzen dira proiektu honetan. Ikasle taldea, bere ikaskuntza prozesuaren jabe egiten da eta ikaskuntza prozesu aberatsa bihurtzen da. Ikasle taldeek benetako enpresa sortzen dute eta horretarako informazioa bildu, antolatu eta barneratzen dute. Beraien artean rol eta ardura banaketa egiten dute eta martxan jartzen dira, irakasleak laguntzaile rola hartuz. Hala, ikasleek proiektu honetan parte hartuz modu global eta integralean barneratzen dituzte edukiak eta lantzen dituzte gero eta gehiago baloratzen diren gaitasun horiek. Ikasleek, proiektuen nondik norakoak azaltzeaz gain, bizipen eta ikaskuntza pertsonalak ere aipatu dituzte.

Jardunaldien itxiera Kike Intxausti Lanbide Heziketako Euskal Agentziako kideak egin du, aurreko partaide guztiek batera solasaldia egin ostean. Jardunaldiak marko berdinaren barruan mintzatu dira eta uneoro erreferentziak egin dituzte beraien artean, elkar kokatuz.