Euskarazko haur eskolen alde, Iruñean

2008-01-21

Kontzentrazioa izan zen iragan ostiralean,ingelesezko eskolak euskarazko eskolen tokian jartzen direla salatu eta Iruñeko Donibane auzoko Jose Maria Huarte haur eskolan euskarazko eredua eskatzeko xedez. Donibaneko Auzo Elkartearekin eta Haur Eskolak Euskaraz plataformarekin batera, Dindaia fundazioak, Iruñeko Udaleko haur eskoletako langile batzordeak, Sortzenek, Euskal Herriak Bere Eskolak, EHEk, AEKk, Ikasle Abertzaleakek, EAE-ANVk, eta ELA, LAB, eta EILAS sindikatuek ere bat egin zuten.

 
 

Iruñeko 17 haur eskoletako lekuen %11 bakarrik direla euskaraz salatu zuten Donibaneko Auzo Elkarteak, AEKk, EHEk eta ANVk, eta Haur Eskolak Euskaraz taldeak aurreko asteko asteazkenean. Hello izeneko hiru haur eskola ireki berri dituzte Iruñean, eta gaztelaniaz eta ingelesez aritzen dira. Azkena Donibane auzoan. Ondorioz, bertako kolektibo batzuek Iruñeko Udalak herritarrek euskarazko eskolak eskatzen diren tokietan ingeleseko eskolak ezartzen dituela salatu dute.

Asteazkeneko prentsaurrekoan, ondorengoa azaldu zuten, «Iruñeko Udalak 112 leku eskaini zituen hor –Hello San Juan eskolan–. Baina matrikulatzeko epean, 15 haur eskolatzeko eskaera besterik ez zuten jaso. Horregatik, epea luzatu eta adin tartea handitu zuten. Hasieran 2005ean jaiotakoak onartzen zituzten eta gero 2006ko urtarril-ekainean jaiotakoak ere bai. Azkenean, 30 eskaera bakarrik jaso zituzten. Hau da, 82 leku hutsik gelditu ziren».

Iruñeko 17 haur eskoletatik bi bakarrik dira euskaraz, Txantrean dauden Izartegi eta Egunsenti. Gainontzekoak gaztelaniazkoak dira. «Iruñean eskaintzen dituzten lekuen %11 bakarrik dira euskaraz. Gaztelania-ingelesezko plazen eskaintza berriz, %24koa da eta gaztelaniazkoa %65a da».

Datozen asteetan, Haur Eskolak Euskaraz plataformak mozioa aurkeztuko du udalean, Jose Mari Huarten gelditzen diren 82 lekuak euskarazko eredura pasatzeko eskatuz.