Ikasle elebidunek euskara maila frogatu beharko dute EEPk aurkeztu duen hezkuntza planaren arabera

2008-02-05

Euskararen Erakunde Publikoko Max Brissonek euskararen irakaskuntza egituratzeko osatu duen plangintza aurkeztu du Philippe Carriere, Paueko akademia ikuskari berriarekin eta Jean Claude Iriart, EEPko zuzendariarekin batera. Lapurdi, Nafarroa Behea eta Zuberoako ikasle elebidunek euskara maila frogatu beharko dute. 2005etik hona euskarazko irakaskuntza elebiduna hazten saiatu direla esan zuten, orain ostera, “urrats kualitatiboa” emateko intentzioa agertu dute.

 
 

EEPk prestatutako plangintza zazpi ildotan artikulatzen da. Besteak beste, lehen aldiz haurren euskara maila ebaluatuko da eta horretarako irizpideak finkatzen dira, Hizkuntza Bizien Europako Kontseiluaren Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuan oinarriturik. Hiru ereduetako lehen eta bigarren mailetan, ikasleek lortu beharko dituzten mailak zehaztuko dira. Ebaluazio sistemaren barne, ziurtapen agiriak sortzeko xedea erakutsi dute, euskaltzaindiarekin elkarlanean.

Hiru sareetako irakasleen prestakuntza egokitu beharko dela aipatu dute, euskararen beharrak kontuan hartuz. Lehen mailako ikastetxe elebidunetako irakaskuntzen antolaketarako norabide dokumentua ere osatuko da, euskararen berezitasuna kontuan hartuz.

Bestalde, Eskola publikoetako lehen mailako irakasle postuak esleitzeko ratioa finkatu dute: frantsez elebakarreko gela bat irekitzeko, beharrezkoak izango dira 25 ikasle eta elebidunetan, 22. Lehen maila publikoetan, euskara ordu gehiago emateko aukera egongo da, ikastetxeko arduradunk eta gurasoek adosturik, esperientzia gisa.

Seaskarekin akordia lortzeko asmoa ere agertu dute. Alde batetik, lehen mailan irakasle postuen esleipena finkatzeko nahia agertu da eta bigarren mailan orduen arabera baliabideak finkatzekoa. Bestetik, ikastetxe berriak irekitzeko prozedura eta hizkuntza gaitasuna ebaluatzeko tresna partekatuak sortzea ere bultzatu nahi dutela aipatu dute.

Eskola publikoetako bigarren mailei begira, euskaraz ematen diren orduak bermatzeko beharraz hitz egin da. Izan ere legeak,kurtsoen erdia euskaraz izan behar dela dio, eta gaur egun, praktikan % 20 ematen da soilik.
Plangintza honetan, oraindik ez da egutegirik ezarri aplikazio konkretuei begira.