Elebitasunetik Eleaniztasunera jardunaldiak

2008-02-22

Jardunaldi mamitsuak izan ziren asteazkenean Iruñako Unibertsitate Publikoan gauzatu zirenak. Nafarroako Hezkuntza eragile anitzen artean sortutako hausnarketa dinamika jarraituaz, hainbat hitzaldi egin ziren, euskarazko irakaskuntzak erronka berrien aurrean duen egoeraren inguruan. Gutxienez 100 lagun gerturatu ziren ekimenera, bai irakasleak eta bai sindikatuetako, eragileetako eta erakunde ofizialetako ordezkariak ere.

 
 
Elebitasunetik Eleaniztasunera jardunaldiak

Jardunaldiak, Sortzen-Ikasbatuaz elkarteak, ELA, LAB eta STEE-EILAS-ek antolatuak izan ziren eta Hik Hasik dinamizatuak. Aurkezpen ofiziala eragileek Xabier Azanza ENAIko zuzendariarekin egin zuten eta ostean, eguneko gaiak hiru ataletan banatu ziren.

Goizeko lehen atalean, Paul Bilbao, Roldan Jimeno eta Pablo Sotes izan ziren hizlari. Lehenak Europako hizkuntzen erreferentzia markoa aurkeztu zuen, bigarrenak Nafarroako euskararen legea eta hirugarrenak, ostera, haurren hizkuntza gaitasuna ikuspegi psikolinguistikotik izan zuen hizpide.

Bigarren atalean, Ikastetxeko hizkuntza-proiektuetaz mintzatu ziren. Horretarako, Matilde Sainz HUHEZIko aditua izan zen bertan, baita Lizarrako ikastolako Josu Reparaz eta Maider Etxaniz eta Aretxabaletako Kurtzebarri ikastetxe publikoko Lurdes Etxeberria ere, beraien esperientzia eta ikerketak azaltzen.

Bazkalostean, Arantxa Urbe Hik Hasiko kideak hizkuntzetan ebaluazioak duen garrantziaz aritu zen. Horretarako, Kontseiluak Hezkuntza Sailari ikasle guztiak euskalduntzeko egindako proposamenean oinarritu zen. Maria Jose Azurmendi Ibaetako psikologia fakultateko katedradunak, Hizkuntzen ikaskuntza psikologia eta soziologiaren ikuspegiei buruz hitz egin zuen. Jardunaldiei amaiera emateko, Joxe Mari Auzmendi Hik Hasiko kideak jardunaldien ondorioak azaldu zituen.