Euskal Herriko ikastolak kooperatiba batean bilduko dira

2008-09-29

Datorren ekainean egingo den batzarrean hartuko dute erabakia, baina ikastolek egitasmoa antolatu den moduan ontzat ematen badute, Euskal Herriko ikastolak erakunde bakarrean bazkidetuta bilduko dira ikasturte amaieratik aurrera. Egitura berri hori kooperatiba moduan eratuko litzateke: Kooperatiba Europarra izango litzateke.

 
 
Euskal Herriko ikastolak kooperatiba batean bilduko dira

Europako Batasunak eredu kooperatibo hori jasotzen du, eta egitasmoa mugaz gaindikoa izanik, lege horri helduta emango litzateke pausoa. Bestalde, UNESCOk esandakoa ere kontuan hartu dute ikastolek, hau da, komunitate linguistikoek trataera bateratua behar dutela, muga administratiboen inertzia zaharrek ezar ditzaketen hesien gainetik.
 
Ikastolak Orain eta Gero, 2020 egitasmoaren barruan egiten ari diren gogoetaren baitan kokatzen da asmo berria, eta Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko presidenteak larunbatean Hendaian egindako ekitaldian esan zuenez, erakunde errazagoa egin nahi dute, bai barne prozesuei dagokienez, eta baita kanpora begirako harremanei dagokienez ere. Erronka berria lurralde guztietako ikastolen eta erakundeen egitekoa izango dela esan zuen Tellituk, baina kontuan hartu behar direla tokian tokiko berezitasunak, eta oinarrizko batasunak, ez duela zertan talka egin behar barne-aniztasunaren kudeaketa on batekin.

Urtarrilean batzarra egingo dute Euskal Herriko ikastolek, eta egitasmoaren azken txostena onartuko dute. Ekainean, berriz, erakunde berriaren sortze batzarra egingo dute.

Hendaian egindako ekitaldian, ikastoletako ordezkariekin batera, bertan izan ziren Xabier Azanza Euskarabideko zuzendaria, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Iñaki Mujika Hezkuntza sailburuordea, eta Jean Battite Salaberri Hendaiako alkatea. Gainera, 40 urte bete dituzten 25 ikastola omendu zituzten ekitaldian, bederatzi bizkaitarrak, eta hamasei gipuzkoarrak. Dagoeneko, 35 dira lau hamarkada beteak dituzten ikastolak.


Egutegia:

2008ko azaroaren 24a: Ikastola guztiek ekarpenak egingo dituzte ordura arte.
2008ko abenduaren 10a: Gaia lantzen ari den taldeak txosten berria prestatuko du eta ikastoletara helaraziko du berriro ere egun horretarako, beranduenez.
2009ko urtarrilaren 24a: Euskal Herriko ikastola guztiak batzartuko dira eta egitura berria eratzeko azken txostena onartuko dute.
2009ko ekainaren 13a: Erakunde berriaren sortze batzarra egingo dute.