Arrakastatsuak izan dira Psikomotrizitate jardunaldiak

2008-12-01

"Psikomotrizitate Praktika Haur Hezkuntzan: Pedagogia koherente baten bila" izenburupean ostiralean, Donostian, eta larunbatean, Durangon, egindako jardunaldiak oso arrakastatsuak izan dira. Parte-hartzea handia izan da, 300 pertsona baino gehiago bildu dira, eta ideia interesgarriak plazaratu dituzte bai hizlariek eta baita entzuleek ere.

 
 
Arrakastatsuak izan dira Psikomotrizitate jardunaldiak

Psikomotrizitateak haurren garapenean duen eraginaren inguruan mintzatu ziren parte-hartzaileak eta praktika horren garrantzia azpimarratu zuten hizlariek. Alderdi kognitiboa lantzeaz gain, gorputza lantzeak eta garatzeak duen garrantzia nabarmendu nahi izan zuten guztiek.

“Psikomotrizitate Praktika Haur Hezkuntzan: haur txikiaren hezkuntzan eta garapen globalean duen garrantzia, haur txikiaren eskola prozesuan ekarpenak” izenburupean hitzaldi bana eskaini zuten Alvaro Beñaranek eta Elena Herranek. Antzuolako Herri Ikastetxeko andereñoek euren esperientziaren berri eman zuten, eta Carles Fontek galdera hauei erantzun zien hitzaldiaren bidez: “Onar al ditzakegu eskoletan haurrek askatasunez nolakoak diren esateko aukera emango dieten segurtasun espazioak?. Plazerraren printzipioa. Bilaketaren pedagogia. (“Adierazpen libre”-ak zerbait esaten al digu?). Baretasun psikikoa: Beharrezkoa al da eskolan psikismoarentzako espaziorik?”. Hitzaldi guztiek psikomotrizitatearen arloan sakontzeko aukera eman zieten parte-hartzaileei eta eztabaida eta iritzi trukaketa mamitsuak izan ziren bai Donostiako saioan eta baita Durangokoan ere.

Ikasturte honetan X. Hik Hasi Topaketak egingo ditugu uztailean, eta ikasturtean zehar antolatuko ditugun jardunaldietatik lehena izan da psikomotrizitateari buruzkoa.