Kulturaniztasuna eta eleaniztasuna jardunaldiak

2011-03-30

“Nola heldu behar zaio Euskal Herritik kulturaniztasunari eta eleaniztasunari, kontuan izanik euskal kulturaren berreskurapenean eta euskararen normalizazioan murgilduta gaudela?”. Galdera horri eta antzeko beste batzuei  erantzunak emateko helburuarekin antolatu ditu LAB sindikatuaren Ipar Hegoa Fundazioak hausnarketarako jardunaldiak.

 
 
Kulturaniztasuna eta eleaniztasuna jardunaldiak

Irakaskuntza eremuko kulturaniztasunaren eta eleaniztasunaren kudeaketaz jardunaldiak

Gaur egungo migrazio fenomenoek dakarten aniztasunari Euskal Herriko errealitatetik eta estaturik ez duen eta politikoki eta kulturalki minorizatua dagoen nazio baten ikuspegitik begiratuko diete jardunaldiek, “izan ere, irmoki sinetsita gaude egoera berri hau ondo aprobetxatuz gero, ezin hobea den aukera baten aurrean gaudela egundoko pedagogi berrikuntza bat gauzatu ahal izateko”.

 

Apirilaren 7an, Irakaskuntza eta kulturaniztasuna

Donostiako Psikologia Fakultateko areto nagusian izango diren jardunaldien aurkezpena 9:30ean izango da, eta ondoren ikasle etorri berrien beharrei erantzuteko jokamolde eta ildoak aztertuko dira. Elizabeth Coelho Torontoko Unibertsitateko irakaslea mintzatuko da, Eskola kulturanitz eta eleanitzetan irakasteko irakasleriaren prestakuntzan aditua baita. Hurrena, 12etan, Pere Mayans Kataluniako Generalitateko Hezkuntza Departamenduko hizkuntza arduradunak Kataluniako errealitatea eta esperientziak azalduko ditu minorizazio politiko eta kulturalari dagokienez. Arratsaldean Coelhok berak Gela barnehartzaileaz tailerra emango du.

 

Maiatzaren 11n, eleaniztasunaz

Irakaskuntza eta eleaniztasunari buruzko jardunaldiak Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Iruñean egingo dira. Pili Sagasta Errasti HUHEZIko irakasleak emango du lehen hitzaldi nagusia, eleaniztasun gehigarriaren erronka, alderdi psikolinguistiko, soziolinguistiko eta psikosozialetik aztertuz. Ondoren, Itziar Elorza Ikastolen Elkarteko Hizkuntz Proiektuaren arduradunak Ikastolen eleaniztasun ereduaren oinarriak eta ezaugarriak azalduko ditu. Hitzaldiak bukatzeko, eta esperientzien aurkezpenaren aurretik, Richard Weyndling ingelesez irakasteko irakasleentzako prestakuntza programetan aidtua TIL ereduaz mintzatuko da.