Eztabaidagai: UMEAREN LOA. Metodoak bai ala ez?
Umeari lo egiten irakatsi egin behar zaio, psikologia konduktistaren bidez, ala lagundu egin behar zaio bere kabuz lokartu dadin, ondoan egonda? Eztabaida zaharra da, baina oraindik iraun egiten du. Ez dago erantzun bakarra, umeak adina edo gurasoak adina erantzun egongo dira. Baina, nagusiki, umea lokartzeko moduak ezagutu nahi dituzten gurasoek bi korronte horiek dituzte eskura.
Loa funtsezkoa da garapenean, eta bereziki haurtzaroan, pertsonaren garapen maila handiena lehen urteetan gertatzen baita. Haatik, ikerketa argigarri gutxi dago lokar-tzearen inguruan. Metodo bat edo beste erabili aurretik, edo ezer ez egin aurretik, umearen loaren hainbat ezaugarri jakitea komeni da. Adibidez, haurtxoaren, haurraren, helduaren eta adinekoen loa ez direla berdinak, ez bederen, sakontasunari dagokionez. Haurtxoaren eta haurraren loa arinagoa da —lo arin fase (REM deiturikoak) luzeagoak dituzte helduek baino— bi arrazoirengatik: haurraren garuna helduaroan izango denaren %70 garatzen ari delako, eta garapen hori lo arineko fasean ere gertatzen delako batetik; eta bestetik, haurraren lo arina bere biziraupenerako metodoa da: hau da, hotzak, goseak, zikina, sudurra estalia… baldin badu, haurra esnatu egingo da lo arina baldin badu; sakonegi lokartuko balitz, edo lo sakoneko orduak gehiengoa balira, ez litzateke esnatuko. Haurraren eta helduen loaren diferentziak ezagututa hobeto ulertzen da haurra zergatik esnatzen den hainbestetan, gutxienez 6 bat urte bete arte.
3 eta 6 hilabeteko haurtxoek oso estomago txikia dute, eta gosea izan ohi da esnatzeko lehen arrazoia. Gero, hortzek, katarroek eta antzeko minek esnatzen dituzte haurrak; ondoren, aurrerapen psikomotoreek —lau oinetan ibiltzeak, edo esertzeak, edo areago oinez ibiltzeak— estimulu asko pizten dituzte umeengan, eta gauean ere bizi nahi izaten dituzte. Bi urterako, bakardadearen eta abandonuaren beldurrak sortu ohi dira, amesgaizto forman. Horrez gain, ingurunean izan ditzakeen aldaketek —hala nola, gurasoak lanera itzul-tzeak, edo eskolako aldaketek, haurride berriak…— eragin handia dute txikienengan, eta loak igarri ohi du.
Umearen loaren garrantziaz jabetuta ere, gurasoei oso nekeza egiten zaie gauetan atseden hartu ezina, bai bederen laneko edo jendarteko ohiturekin jarraitu nahi badute. Lehen ez bezala, azken urteetan umeak lo har araztea bihurtu da pediatria-kon-tsultetako gai izarretako bat. Mariaje Sarrionandia pediatrak dio haurraren eta familiaren araberakoa izan beharko litzatekeela umea lokartzeko “metodoa”.
Metodoak, beraz, bakoitzak izan beharko lituzke bereak. Baina laguntza behar duten gurasoek bi metodotara jo ohi dute gure inguruan: konduktista batetik, edo naturala bestetik.
METODO KONDUKTISTA
Eduard Estivill neuropediatra katalanaren metodoa da gaur egun Euskal Herrian gehien saltzen den eskuliburuetako bat — “Nen, a dormir” liburua 18 hizkuntzatara itzulia dago—. Estivillek, lehenago Richard Ferber kanadarrak bezala, eta geroago Valmanek bezala, neurobiologia edota garunaren erloju biologikoaren funtzioen arabera umeari lo egiten irakatsi dakiokeela dio, hezi eta trebatu daitekeela haurra isilik eta bakarrik lokartu dadin. Euskal Herrian Ramon Ugarte pediatra gasteiztarra da Estivillen metodoaren jarraitzaile bat, eta 6 hilabeterekin ez, lehenago ere erabil daitekeela uste du.
Metodo konduktistei jarraituz, haurrak 6-7 hilabeterekin gauero 11-12 ordu lo egin behar dituztela azaltzen dute sustatzaileek. Estivillen metodoa, adibidez, 6 hilabetetik aurrera da erabilgarria, horren aurretik ohitura batzuk sortzea proposatzen du, hala nola, haurrari eguna eta gaua bereizten irakastea, argitasuna eta eguneko hotsak bereiziz; edota 3 hilabetetik aurrera umeak bere gelan eta bere ohean egin behar duela lo, eta inoiz ez gurasoen ohean. Hortik aurrera, umeari lo egiten irakatsi behar zaio metodoak ezarritako hainbat arau jarraituz, gurasoen edo kanpoko laguntzarik jaso gabe, haurrak ez dezan gurasoen presentzia loarekin lotu. Metodoak ezarritako denbora-tarte batzuetan umea nola dagoen ikustera sartuko da gero gurasoa gelan; esna badago edo negarrez ari bada, maitasun hitzak eskainiko dizkio baina ez ukitu, ez besotan hartu edota ez laztantzea proposatzen dute.
Metodo konduktista horien alderdirik onena da funtzionatu funtzionatzen dutela, azkarra eta eraginkorra dela, eta umeek lo hartzen dutela. Estivillek adibidez, bere metodoak kasuen % 95en funtzionatzen duela agertzen du liburuaren kontrazalean —barruan, ordea, onartzen du amesgaiztoen kasuan edota antsietatea duten haurren kasuetan ez dela erabilgarria, hau da, %30ean. Baina metodo konduktista horri argitasunak baino iluntasun gehiago ikusten dizkiete zenbait pediatra eta psikopedagogok, umea negarrez uztea epe ertain batera haurrarentzat “traumatikoa” izan daitekeela ere esaten dute; eta alderdi onak ikusten dizkiotenek ere, onartzen dute gogorra dela umearentzat eta baita haren gurasoentzat ere, umeak negar egiten baitu eta gurasoek ezin baitute ez kon-tsolatu, ez besotan hartu. Negarrez ari den haurra ez kontsolatzeak aurrerago sor ditzakeen balizko disfuntzioak, babes falta sentimendua, edo negar luzeak eragin ditzakeen estresa eta antsietatea dira metodo konduktista horren alderdi ilunenak.
METODO NATURALA
Ferber, Valman, Estivill edo tankerako metodo konduktistek 50eko hamarkadan dute abiapuntua, baina horiei oinarri zientifiko falta gai-tzesten zaie —Estivillen kasuan ez dago inolako ikerketa zientifikori erreferentzia egiten dion oin ohar bibliografikorik—. Nagusiki lerro psikoanilitikoaren jarraitzaileek egin diete aurre konduktistei. Haurrei lo egiten irakatsi baino, osasuntsu dagoen haurrak bere kabuz hartuko duela lo diote horiek, haurraren loa helduen beharretara egokitu baino, bere kabuz lo hartzen laga behar zaiola. Haziera naturalago baten aldekoek haurraren beharrei kasu egitea dutenez abiapuntu, negar egiten badu umea kontsolatu egin behar dela diote. Eskuliburuetara etorriz, Estivillen metodoaren pare Hego Euskal Herriko liburu-dendetan Rosa Jove psikologo kataluniarraren ‘Dormir sense legrimes’ saltzen da; preseski Ferberren eta Estivillen metodoei aurre egiteko idatzi zuen liburua.
Osasuntsu dagoen haurra bere kabuz lo hartzera iritsiko dela dio Jovek, eta haurraren loa helduen beharretara egokitzea ez dela soluzioa, eta “are gutxiago haurra negarrez uztea; negarrez ari bada, sufritzen ari delako da, beraz, arreta behar du”. Lo hartu bitartean haurra negarrez uzteak “shock” bat eragiten duela dio Jovek. Loaren prozesu ebolutiboa jarraitzearen garrantzia nabarmentzen dute negarrik gabeko loaren aldekoek, eta “denerako” balio duten metodoekiko fidagaitz azaltzen dira, umeak lo egiten ez duela ikasiko, baizik eta ikasiko duena dela ez duela gurasoen arretarik jasoko gauean, eta luzarora begira, etorkizunean, haur horrek izan ditzakeen arriskuei erreparatzen die.
Metodo konduktista ez erabil-tzeak ez du esan nahi lokartzeko errutinarik sortu behar ez denik. Haurrari gaua eta eguna bereizten ikastea —argi eta soinuen bidez- edo lo hartu aurretiko errutinak sortzea —bainua, abestia, ipuina…— bultzatzen ditu Jovek. Gurasoak haurraren lekuan jartzera gonbidatzen ditu, eta haren logura keinuak interpretatzen ikastea.tute ez kontsolatu, ez besotan hartu. Negarrez ari den haurra ez kontsolatzeak aurrerago sor ditzakeen balizko disfuntzioak, babes falta sentimendua, edo negar luzeak eragin ditzakeen estresa eta antsietatea dira metodo konduktibista honen alderdi ilunenak.
Negar egiten utzi behar zaio umeari lokartzeko?
Metodo konduktista: “Negar horrek ez du esan nahi bakarrik utzi dutela senti-tzen duela haurrak. Haurraren ondora joan behar da maiztasunez gurasoek ez dutela bakarrik utzi uler dezan”.
Metodo naturala: “Inoiz ere ez. Ez umerik ez heldurik ez da bere horretan utzi behar zer gertatzen zaion ikusi gabe”.
Baina umeak ez du lo egiten, negar baizik
Metodo konduktista “Haurra bere gelan, bere sehaskan utzi, eta tarteka ikusi nola dagoen. Bere ondoan gaudela sentitu behar du, baina bere kabuz, bakarrik, lo egiten ikasi behar du. Maitasuna berdin ematen zaio hitz egiten bazaio, besotan hartu gabe ere”.
Metodo naturala: “Lagundu, kontsolatzen saiatu. Gose bada, jaten eman; egarri bada; edaten; hala eskatzen badu, besotan hartu; hotz bada tapatu.Horretarako erosoena eta gertukoena gurasoen ohean sartzea da, nahiz eta guraso batzuk gauean sei aldiz jaiki eta beste logelara joatea nahiago izan”.