Aiton-amonak mintzo: "Gustura egiten dugu, baina, lana da e!"

2012-06-11

Bilobei buruz hitz egiteko bildu dira aitona-amonak Durangoko Plateruenan, haien heziketan eta zaintzan betetzen duten rolaz berba egiteko. Ia den-dena ona dela diote, baina ardura eta lotura dela aitortu dute. Euren lana balioesten diete seme-alabek, baina bereziki bilobek eurek eskertzen diete hor egotea, “askotan gurasoekin baino, gurago dute aitona-amonekin egon, hori zerbaitengatik izango da!”.

 
 
Aiton-amonak mintzo: "Gustura egiten dugu, baina, lana da e!"

Plateruena antzokiko backstagean bildu gara, artistak bezala. Kontzertuetako afixak, eta talde bakoitzaren sinadura eta oroi-tzapenak daude hormetan. Juan Migel Gorostiagak bekokia zimurtu, eta hausnartu du: “niri ez esan hau artea denik!”. Nieves Aranoak barre egiten du, hemendik urte batzuetara euren bilobek aitona-amonak argazkietan ikusitakoan zer pentsatuko ote duten galdetuta. Bilobei buruz hitz egiteko bildu dira, haien zaintzan eta heziketan betetzen duten rolaz mintzatzeko.  Juan Migelek hasterako laburbildu du bere tesia; “gustura egiten dugu, oso pozik, baina lana da e!”. 

Positiboena umeek ematen dieten bizia da, seiek nabarmendu dute gauza bera: “Umetxoak norbera gaztetu egiten du”, adierazi du Juan Migelek. Begiak zabal-zabalik dituela konta-tzen du 7 urtegaz zenbat dakiten bere lobek, “neuk baino gehiago dakite. Ikusi ere ez dira egiten lurrean eta ume horiek zenbat dakiten ikustea gauza ederra da”.  Goio Eguren ere bat dator: “Deskubritzen ari naiz ume txikiek  nola ikasten duten, harrigarria da; alabarekin ez nuen hori ezagutu, ez nion erreparatu; orain denbora eta lasaitasun handiagoa daukat, eta diferentea da”. Nievesek ere argi dauka, “bete egiten zaitu umeak”.

Biloben zaintzan eta heziketan egiten duten lana bi norabidetan doa: biloben eta aitona-amonen harremanean laguntzen du, txikiek handiei, eta alderantziz, “gauza asko” ematen baitizkiete; baina era, berean, gurasoei esku bat botatzen diete, gehienen kasuan aitona-amonen laguntza behar-beharrezko baitute eurek lan egin dezaten. Argi dauka Maria Begoña Zugazartazak: “Gurasoentzako segurtasun handia da euren umeak aitona-amonekin daudela jakitea”.

Alderdi positiboak esaten hasi, eta segituan atera dira “ardura”, “lana” edota “lotura” hitzak, aitona-amonen ahoetatik. Argi hitz egin du Juan Migelek: “Guztia ez da ona, %95 ona da, baina lotura ere bada”. Batez ere umeak txiki-txikiak direnean da ardura eta lotura amona-aitonentzat, “orduan txarto pasatzen da”. Ikastola edota haur eskolako joan-etorriak lotura dira, bereziki aitonentzat, eurak joaten baitira, normalean,  umeen bila, “euren ordutegiaren menpeko egon  behar duzu”. Ardura, berriz, txikitan gaixotzen direnean amonengan gelditzen da. “Kalentura daukanean, edo zer daukan ez dakizunean, desiratzen egoten gara haren ama etortzeko”, aitortu du Maria Begoñak.

Arduraz eta loturaz gain, biloben zaintzaren eta heziketaren alderik negatiboena gurasoek haur horiek hezteko dituzten irizpideak eta aitona-amonek dituztenak bat ez datozenean gertatzen da. “Gurasoek haurrak hezteko duten eran igual neu ados ez egon eta isildu beharra izatea”, kostatu zaio gehien Bego Munitxari. “Edo ondo ikusi ez, eta isildu egin behar”, erantsi du Nievesek. Arauekin eta zigorrekin izaten dituzte aitona-amonek zailtasun handienak, “batzuetan ez zaude ados, baina bete egin behar duzu”, dio Begok, “gurasoen aurrean behintzat”, erantsi dio Maria Begoñak. Ez dira, normalean, gauza handiak izaten, aitona-amonek txokolatea edo gozokiak ematea izan ohi da gurasoek nahi izaten ez dutena, “baina halako begitxoekin eskatzen dute, nola esango diegu ba ezetz?”. Nievesek ere, Begok bezala, esku malguagoarekin jokatu nahiko luke: “Gozokiak txarrak direla eta ez emateko esaten digute, baina gero eurek ematen dizkiete ba barikuetan?  Txarra bada, beti da txarra, barikuetan ere bai. Gauza batzuetan euren konbenientziara jokatzen dute”. Arauetatik harago, gurasoek ezartzen dizkieten zigorrak betetzen izaten dituzte aitona-amonek lan handienak. Umea 4 urterekin zigortuta ikusteak, “pena itzela” ematen dio Juan Migeli. “Gurasoek zigorrak
ipintzen dizkietenean gogorra da amamarentzako”, dio Maria Begoñak, “eta ahal bada kendu egiten diegu zigorra”, aitortu du isilpeka. 

Joxe Joakin Berasaluze eta haren emaztearekin bizi dira alaba, suhia eta lau bilobak, “lotura erabatekoa da lau umerekin”. Argi du gurasoak direla hezitzaile nagusiak, eta rolak ondo bereiziak dituzte etxean: “guk ez dugu erabakirik hartzen”. Kontsultatu egiten diete dena alabari edo suhiari, eta umeen artean iskanbilaren bat dagoenean eta gurasoak sartzen badira, aitonak eta amonak “grapak” jartzen dituztela ahoan adierazi du, eskuarekin ezpainak itxiko balitu bezala eginez. Begok ere garrantzi handia ematen dio gurasoen eta aitona-amonen rolak ondo bereizteari, “baina horrek ez du esan nahi gurasoak hezteko eta gu gaizki-hezteko gaudenik”. 

Onerako zein txarrerako, guraso izatea eta aitona-amona izatea diferentea dela diote guztiek. Lehen lasaitasun handiagoarekin hartzen zuten heziketa; hala uste du Nievesek: “Orain estuago hartzen ditut gauzak. Kontu asko entzu dituzu bizitzan zehar, bati hau gertatu zaiola kalenturarekin, besteari hura…; eta orain 25 urte geneuzkanean baina beldur gehiago ditugu”.      

Gustura eta pozik egiten duten lana den arren, horrek ez du esan nahi “beti prest” daudenik. Juan Migelek argi dauka, ezin dela hipotekatu aitona-amonen bizia biloben arduragatik. “Gura nuelako jubilatu nintzen, kantsatua nengoelako lanagaz; gero gogoa daukazu lagunekin egoteko eta deitzen dizu Zaldibarko lagunak ea hurrengo egunean afaritarako geldituko zaren, eta ezin esan, andreari kontsultatu behar diozu ea umeak datozen ala ez; ‘hi, ezin diat!’ esan behar izaten diozu. Orain 15 egun lehenago jartzen dugu afaria, eta egutegian apuntatu eta alabei abisatzen diegu”. Barre egiten dute guztiek, baina arrazoia ematen diote. “Kontua ez da beti prest egotea”, azaldu du Begok, “guk ere gure bizia antolatzeko denbora behar dugu; kontua da abisatzea, denborarekin abisatzen badute ez da egoten inolako arazorik, eta pozik egingo dugu”.

 

Seme-alabak konturatzen al dira aitona-amonek egiten duten lanaz? 

Baiezkoan daude guztiak. “Gu ez bagina han egon, gure etxean ez lirateke lau biloba egongo”, ondorioztatu du  Joxe Joakinek, “gure alabak askotan esaten du, jokatu gabe loteria tokatu zaiola berari”. “Eskerrik asko” bat jasotzen dute askotan sari gisa, “eta pentsatzen dut barrutik ateratzen zaiela”, dio Maria Begoñak. Nahikoa al da?, galdetu diegu. “Segun eta nola esaten den, badakizu barrutik ateratzen zaiela”, argitu du Joxe Joakinek. Edo lore sorta bat jasotzen dute tarteka, edo asteburu-pasako bidaiaren bat. “Konturatzea da inportanteena”, Nievesen iritziz, “eta nik uste dut konturatu konturatzen direla”. 

Umeak dira sarri aitona-amonen lana gehien eskertzen dutenak. Haurrak eurekin sarri gurasoekin baino gusturago egoten direla konturatu izan dira, horrek gurasoei zer pentsatua eman beharko liekeela irizten dio Maria Begoñak. Zergatiak galdetuta, aitona-amonek bilobei ematen dieten lasaitasuna nabarmendu dute guztiek. “Guk sosegu gehiago eskaintzen diegu”, ondorioztatu du Goiok, “gurasoak korrika bizi dira; eta gu, behin jubilatuta, trankilago bizi gara”.   

 

Bego Munitxa Abadiñoko irakasle jubilatu eta amama; Maria Begoña Zugazartaza iurretar etxekoandre eta amama, eta haren senar Juan Migel Gorostiaga; Joxe Joakin Berasaluze administrari erretiratua eta aitaita; Gregorio Eguren irakasle erretiratu eta aitona, eta Nieves Aranoa helduen alfabetizazioan lana egindako amama. Kristina Mardarasek bildu ditu guztiak.