Asebetetzen duen erditzea
Emakumeak galdua zuen protagonismoa berreskuratuz, amaren beharrak eta erritmoak eta umearen premiak errespetatzen dituena izango da erditze on bat
Haurdun dago Eider. Lehen haurraren zain. Puztu zaio sabela, borobil. Zabaldu, aldakak. Haurdunalditik dudak eta galderak, beldurrak eta kezkak nahastu zaizkio poz, gogo eta ilusioekin. Gero eta gertuago egon haurra jaiotzeko unea, orduan eta handiago da ilusioa, baina ugariagoak galderak. Bat errepikatzen dio buruak: “Nola erdituko naiz?”.
Milaka urtetan erditu da emakumea, ziurrenik, nola erdituko zen galdetu ere egin gabe, gorputzaren beharrei eta senari jarraituz. Emakumearen gorputza prestaturik baitago bere erraietan sortu den haurra munduratzeko. Gerora, 50eko hamarkadaz geroztik nola erdituko zen galdetzeko aukerarik ez zuen apenas andreak, ospitaleratu egin baitzen erditzea, haurdunak kontrola galduz eta medikuak agintea hartuz. Teknologiak, ondoren, erditzearen gehiegizko medikalizazioa ekarri zuen 70-80ko hamarkadetan. Gaur egun, ordea, gauzak beste modu batera egiten ari dira berriro, bai bederen Euskal Herrian: emakumea galdua zuen protagonismoa berreskuratzen ari da erditzeko unean. Bat datoz Hazi Hezik konsultaturiko emagin eta psikologoak, emakumeak protagonismoa berreskuratu eta bere erditzea kontrolatzen duen kasuetan, umearen munduratzea hobea izaten da.
Eiderrek, beraz, nola erditu nahi den aukeratu dezake. “Nola erdituko naiz?”, galderaren atzean bi premia asetzeko nahia dago: haurraren beharrak eta amarenak –eta bikotekidearenak-. Javier Rey Donostia Ospitaleko emagin arduradunak, Carmen Ferro emaginak eta Amaia Vazquez psikologoak argi dute, emakumearen eta umearen premiak asetzeak bermatuko du erditze on bat. “Haurdunaldia, erditzea eta jaiotza garapen psikoafektibo, sexual eta sozialaren
‘continuum’ bat da; umearen eta amaren bizitzan une hori oso garrantzitsua izango da, eta ondorioz, oso ondo zaindu beharrekoa”, dio Vazquez psikologoak.
Erditze arrunten kasuan, amaren eta umearen beharrak bi dira, psikologoaren arabera: premia fisikoak eta emozionalak. Desio horiek asez erditze on bat izan dadin, umeari eta amari protagonismoa ematetik abiatu behar dela diote emaginek. Donostia Ospitalean egunean 13 erditze izaten dira, eta Reyk argi du, emakumeak asebeteta gelditzen dira protagonista izan direla sentitzen dutenean. Protagonismo horrek umearen eta amaren arteko lotura afektiboa errazten duela dio Vazquezek.
Desagertzear dago emakumea ohean etzanda, buruz gora eta lotuta, bakarrik eta ezezagunez inguratuta, eta bultza egiteko agintzen diotenean bultza egiten dueneko irudia. Ebidentzia zientifikoek diote emakumea protagonista izatea, bere beldur, tristura eta pozak kudeatzea, ez dela apeta bat, segurtasunerako eta satisfaziorako bermea baizik. Protagonista izateak OME Osasunaren Munduko Erakundearen arabera esan nahi du emakumearen erritmoak errespetatzea, intimitatea errespetatzea, informazioa eta autonomia edukita erabakitzeko aukera izan dezala, ezer egin behar baldin bazaio baimena eskatzea... Vazquezek argi dauka emakumearen emozioak kontuan izateak amari, haurrari eta emaginari berari lagunduko dietela.
Umeak munduratzeko unean izan ditzakeen premiei erreparatzeko, Ferrok dio ulertu egin behar dela haurra nondik datorren: haurtxoak amaren sabelean beharrezko zuen guzti-guztia eskura zuen; leku bero eta goxo batean zegoen eta munduratzean, sekula entzun gabeko zaratak, ikusi gabeko argiak, hotz-beroa... pairatuko ditu. Munduratze hori “ahalik eta leunena” izan dadin bilatu behar du erditze on batek. Leuntze hori amarekiko atxikimendua erraztetik etorriko dela dio psikologoak: “Erditzea gogorra den prozesu bat den arren, oso desberdina da haurrarentzat jaio eta berehala amaren larruazalean jartzea, bere begiradapean, plazera eta berotasuna sentituz; edo amagandik bereiztea, eta ezagutzen ez dituzun ahots, gehiegizko soinu eta argitasuna dagoen lekura eramatea”. Amak —gurasoek— eta umeak elkar ezagutuko duten une hori ahalik eta intimoena izatea komeni da, eta horregatik, atxikimendu tartea ahalik eta gehien luzatzea gomendatzen dute.
Nola prestatu erditze on baterako?
Erditze on batek amaren behar fisikoak eta emozionalak ase behar baditu, haurdunaldian ere zaindu behar dira gorputza eta emozioak. Carmen Ferro emaginak bi klabe nabarmentzen ditu erditzera ondo iristeko: haurdunaldiaren jarraipen egoki bat ikuspegi fisiko-medikotik (egoera osasuntsuan egotea haurra eta ama) eta amatasun (gurasotasunerako) prestakuntza egokia izatea, hau da, emozionalki prestatzea.
Ikuspegi medikotik Euskal Herrian kontrol egokia eraman ohi dute haurdunek, baina ondo egotea ez da kontrol ginekologikoaren jarraipena soilik, hainbeste proba egiteak segurtasuna ekar lezakeen bezala, gaixo egotearen sentsazioa eta ondorioz beldurrak areagotzea ekar baitezake. Fisikoki prestatzeak bere gorputza ezagutzea ere esan nahi du, norberaren gorputzak nola funtzionatzen eta erantzuten duen jakitea, horrek erditzean asko lagun baitezake. Hirugarrenik, elikadura zaintzea gomendatzen dute. Eta laugarrenik, erditzea prestatzeak erditzearen prozesua ezagutzea ere esan nahi du, uzkurdurak, uteroaren lepoaren ezabatzea, urak haustea, haurra baginara jaistea, egozpena, haurgintza... Amagaiak erditze arruntaren faseak ezagutzeak lagundu egingo baitio unean uneko erabakiak hartzen.
Erditzea prestatzeko unean, fisikoki eta emozionalki prestatzen da, beraz, ama. Ikastaroak ematen dituzte Ferrok eta Vazquezek, Villabonako anbulategian eta Hernaniko kontsultan, hurrenez hurren. Bien kasuan beldurrak agertzen dira lehen-lehenik. “Erditzeari berari beldurra diotela diote emakume askok”. Ferrok dio horrela ahoskatzen den arren, beldur hori ez dela zehazki horrela, desestali egin behar direla beldur handi horren atzean dauden beldur zehatzak, eta horiek landu. “Finean, erditzean bizitzako beldur guztiak agertzen dira”. Minari diotela beldurra esaten dute emakume askok, erditzea minarekin lotzen dutela. Vazquezen iritziz, minaren atzean beldur asko ezkutatzen dira, eta mina teknologien bidez apaldu eta beldurrari ez zaiola kasurik egiten uste du. “Kasu batzuetan beldurra ezkutatu egiten da, baina egon berez hor dago, eta oso inportantea da beldur hori lantzea, azaltzea, ezagutzea eta kudeatzea”. Psikologoak Alemanian, Herbeheretan edo Erresuma Batuan erditzearen prestaketan emozioei ematen dieten garrantzia nabarmentzen du.
Minari aurre nola egin, da beraz andre askok nahi duten erantzuna. Minari psikologikoki prestatuta egin diezaiokete aurre lehenik, ez baita min tradizionala, edo “gaixotasunaren mina”, argitu du Ferrok, eta mina eta sufrimendua bereizi ditu: “Emakumeak bi jarrera izan ditzake minaren aurrean: gaixoaren larrutik bizi dezake mina, sufrituz; edo akaberan sari handi bat duenaren larrutik”. Maratoilariaren minarekin konparatzen du erditzeko mina, “35. kilometrotik aurrera badakite min eman behar diela gorputzak; baina prestatu egiten dira min horri aurre egin eta gainditzeko, badakitelako bukaeran saria izango dutela”.
Erditzea prestatzeko ikastaroetara bikotekidea joatearen garrantzia nabarmentzen dute Ferrok eta Vazquezek. Lehen ez zitzaien utzi ere egiten erditze-gelan sartzen, baina, emagin eta psikologoak bat datoz bikotekidearen rola oso inportantea dela azpimarratzean: “Euskarria dira beraiek”, Vazquezen arabera. “Amak animalia bihurtzen gara erditzeko unean, beldurrak, ezinak, mugak.. agertzen dira, eta hor oreka emango digun pertsona behar dugu, eta errealitatearekin konektatuko gaituena”. Horretan trebatzen ditu berak bikotekideak, “ama deskonektatzen denean, heldu, begiratu, arnasa hartu berarekin...”
“Nola erdituko naiz?”
“Dena ondo atera dadila” da Eiderren kezka, erditzearen aurrean. Badaki, horretarako beretik jarri behar duela; bere gorputza ezagutu behar duela, nola erantzuten duen; zer datorkion ondo; zerk arintzen dion mina; zerk lasaitzen duen; zein diren bere mugak... Horren arabera eta erditze aukera bakoitzaren alde on eta txarrak ezagutu ondoren erabakiko du, autonomiaz, nola erdituko den, etxean eta modu naturalean igual; edo uretan; edo ospitalean erditze fisiologiko bat izango du, lau hankatan, pikutxean, eserita edo zutik agian; edo induzitua izango da, oxzitozina jarriko diote; igual episiotomia egin beharko diote; edo anestesia epidurala eskatuko du; edo agian instrumentuak erabili beharko dira, edota medikuek esku hartu eta zesarea bat egin beharko da... “Aukera guztien lagunak egin behar gara”, dio psikologoak, “bada ezpada ere ate guztiak irekita eduki behar dira, gero frustraziorik ez izateko”. Horixe baita psikologo eta emaginen arabera, gakoa: emakumeak, informazioa eta autonomia edukita, juizio kliniko baten barruan, erditzearen gaineko erabakia hartu dezala.
“Azkar eta minik gabe” erditu nahi dira Donostiako Ospitalera iristen diren emakume gehienak. Azkar hori ez da Javier Reyren helburua, “azkar”-ek ez baitu bere horretan ondo edo osasuntsu esan nahi. Lehen umeaz erditzen den amaren kasuan, 10 orduko erditzea erditze normaltzat jotzen du Reyk.
Ospitaleko erditze-gelara iristen den emakumeari emaginak egingo dio harrera. Sei erditze-gela daude Donostiakoan, eta egunean 13 bat ume jaiotzen dira bertan. Emaginak zer moduz dagoen galdetuko dio, izena, nola joan den haurdunaldia... “elkar pixka bat ezagutzeko hitz egingo dute emakumeak —eta bikotekideak— eta emaginak”, Reyk azaldu duenez. Andrea gustura eta esperientzia on batekin atera dadin nahi du Reyk, eta horretarako emagin, laguntzaile, erizain, obstetra eta ginekologoz osaturiko taldeak elkarrekin egiten du lan. Emagin bat egon ohi da bi emakume artatzen. Etortzean baina, ez dira emakume guztiak berdin etortzen: “Batzuk konfiantza osoarekin etortzen dira, eta beste batzuk beldurrez eta urduri”. Gero monitorea jarriko diote, umearen maiztasun kardiakoa eta umetokiaren dinamika ikusteko pantaila batean. “Hor ikusten dugu zer nolako uzkurdurak izaten ari den, eta haurtxoa nola dagoen”. Ukituko zaio bagina, ea nola dagoen ikusteko. Aurrez erditze plana aurkeztu ez badu ospitalean, une horretan azalduko dio bikoteak ekipoari gauzak ondo joanez gero zer nolako erditzea eduki nahiko lukeen.
Erditze-gelan bi gune aurkituko ditu emakumeak: bata, dilatatzeko gunea da; kuxinekin, pilotekin, aulkiekin, bainu-ontzi txiki batekin, ohearekin... Egozpena erditze mahaian egin dezake emakumeak, baina baita berak aukeratzen duen postura naturalagoan ere, lau hankatan edota pikutxean, fisiologiak eskatzen duenaren arabera.
Ahal den neurrian gorputza bere horretan erditu dadin saiatzen da Reyren taldea, “ulertzen dugu guk zenbat eta gutxiago sartu eskua, horrek esan nahi duela prozesua hobeki doala”. Baina denbora luzean aurrerapenik egiten ez den kasuan, bi edo lau ordutan dilatazio handiarekin baina uzkurdurarik gabe baldin badago emakumea, adibidez, uzkurdurekin laguntzea planteatzen diote emakumeari. Konplikazioak dauden kasuetan, bestetik, ginekologoak esku hartuko luke segituan.
Ehunetik 85 kasutan andreek anestesia epidurala eskatzen dute Donostia Ospitalean. Emakumearen nahia epiduralaren bidez mina saihestea baldin bada, nahia asetzea da Reyren taldearen xedea. Erditze ondorenean ere, emagin talde osoa arduratuko da haurraren eta amaren ongizateaz. Andrearekiko errespetatua lehenesten dute, “eta mimoz zaintzen” saiatzen da Reyren taldea. “Emakumea etxean bezala senti dadin saiatzen gara, nahiz eta badakigun zaila dela, hau ez baita bere etxea”.
Gero eta emakume gehiagok erabakitzen dute ospitalean ez eta beren etxean bertan erditzea. Aukera hori egiteko arrazoi nagusia intimitatea izan ohi da. Isabel Zabalza emagin iruindarrak etxean erditzen lagun-tzen die emakumeei. Ospitalean egiten zuen lehen beharra, baina 11 urte daramatza dedikazio osoz etxean erditzen laguntzen. Ospitaleko erditze lanetatik gehien ernegatzen zuena “bikote bakoitzaren premiak modu indibidualizatuan ase ezina” zen, aldi berean emakume bat baino gehiago artatu beharra izaten baitzuen. Emakumeak bere inguru naturalean erditzeak “erditze humanizatuagoak eta errespetuzkoagoak” izaten laguntzen duela erakutsi dio esperientziak Zabalzari, tresna eta medikalizazio gutxiago erabiltzen baita etxean.
Errespetua bermaturik, erditzeko garaian seguritatea lehenesten du Zabalzak, gurasoek bezala. Baina ohartarazten du “zero arrisku” ez dela existitzen, ospitalean arriskuak zero ez diren bezala. Hala ere, emaginaren arabera, arriskuak ez dira ospitalean baino handiagoak izaten, odolhustu edo antzeko larritasunak ez baitira bat-batekoak izaten. Etxeko eta ospitaleko erditzeen arteko diferentzia, arrisku kontua baino gehiago ardura kontua dela dio Zabalzak. “Ospitalean medikuaren esku uzten da ardura, eta zerbait gertatzen bada, harena da eran-tzukizuna, onerako zein txarrerako. Etxean, ordea, emakumearena berea da erditzearen ardura osoa”. Etxean erditzeari beldur izateko beste arrazoi bat minari diogun beldurra da, Zabalzaren arabera. “Hainbeste deskonektatu dugu erditzearen prozesu naturaletik ezen beldurrak hartu duela lekua, eta nahiago dugula guztiaren gainetik beldurra kentzea eta prozesuaz enteratu ere ez egitea”.
Etxean erditzearen inguruan, alabaina, oraindik aurreiritzi ugari dagoela uste du Zabalzak, eta giro askotan atzerapausotzat hartzen dela, “edo hippien kontutzat”. Iruñeko emaginak duen esperientziak guztiz kontrakoa dela erakusten du: “Etxean erditzea erabakitzen duten andreak oso informatuak izan ohi dira, erabakia kontzienteki hartzen dute”.
Zabalza 37. astetik 42. astera guardian egon ohi da, horregatik, hilabete bakoitzean asko jota bi emakumeren jarraipena egiten du. Haurdunaldian zehar bikoteak eta emaginak bizpahiru bilera egingo dituzte, elkar ezagutzeko, lan egiteko erak ezagutzeko, zalantzak argitzeko... Behin erditzeko unea iristean, emaginaren esku hartzea bikoteak eskatzen duen neurrikoa izan ohi da. “Nahi badute gure presentzia, masajeak ematen dizkiegu, eta haurra entzuten dugu; edo bestela, beste gela batean gaude, egozteko unea iristen den arte. Une horretan eurek aukeratzen dute ondoen datorkien postura, eta amak edo aitak hartuko dute haur jaio berria”. Hiruzpalau ordutan etxean bertan gelditzen da emagina, eta haurra eta ama nola dauden artatuko ditu, eta egin beharreko probak etxean egingo dizkie. Suturako puntuetatik hasi, eta lehen mailako sorospena egiteko tresneria osoa eramaten dute emaginek etxeetara.
Hala eta guztiz ere, nahia izanda ere, emakume guztiak ez dira etxean erditzeko hautagai izaten, emaginek hainbat baldintza jartzen baitituzte: batetik, haurdunaldi sano baten ondorena izatea, hau da, ama eta haurra sano etortzea; normalki haur bakarraren erditzeak artatzen dituzte, eta hirugarrenik, etxetik 30 minutuko distantzian ospital bat eduki behar da, larrialdiren bat izanez gero denboraz iristeko. Beste eragozpenetako bat, oraindik ere, eskaintza eskaria baino txikiagoa dela da. Hau da, etxean erditzen laguntzen duen emagin aski ez dagoela oraindik ere Euskal Herrian. Eta gaur gaurkoz bikoteek eurek ordaindu behar dute zerbi-tzua, 1.500 eta 1.800 euro artean, Euskal Herrian ez baita Gizarte Seguran-tzaren barruan sartzen, Alemanian, Herbeheretan edota Erresuma Batuan egiten den bezala.
Europan bezala, erditzeak ospitaletatik etxeetara itzuli eta horiek gizarte segurantzak ordainduak izatea baino, ospitale publikoetan gehiegizko medikalizazioa etetea eta zesarea kopurua jaistea da Euskal Herriko osasun agintarien lehentasuna. 70etan hasi eta 90ak arte egin izan ziren zesarea kopurua itzela jai-tsi, eta OMEk gomendatzen dituen kopuruetara —%10-15eko zesarea kopurua— gerturatzea da helburua. Donostia Ospitala duela 10 urte %22-23ko kopuruan zegoen, eta gaur egun %14koa da han egiten duten zesarea kopurua. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako ospitale publiko guztietan betetzen dute gomendioa, eta helburu bera dute Nafarroako eta Iparraldeko erietxeetan ere.
Gehiegizko esku-hartzearen arriskuak
Zesarea ebakuntza bat den neurrian, eta kirofano batean sartzea esan nahi duen neurrian, amarentzat arazoak dakartzala ohartarazi du Reyk, “nahiz eta arriskua desmitikafatu egin den: heriotza tasa igotzetik hasi, odoljario arriskuetara, puntuak, infekzioak, eta errekuperazio zailetara, arriskuak egon badaude”. Horrez gain, atxikimendua zailtzen duela nabarmentzen du emaginak, edoskitzea atzeratu eta zailtzen duelako. “Oso diferentea da umea hartzeko abiapuntua” dio Reyk. Umearen kasuan ere, arazoak egon litezkeela ikusi du emaginak, eta psikologoak nabarmendu du hipomotilidadea eta erreakzionatzeko zailtasun gehiago izaten dituela zesarea bidez jaio den umeak, eta ondorioz, gehiago estimulatu behar dela. Baginatik pasa ez den haurraren kasuan, edo instrumentalizazioagatik atxikimendua zaildu baldin bada, hurrengo orduetan amarekiko kontaktua bikoiztu edo hirukoiztea gomendatzen du.
Inork ez du zalantzan jartzen instrumentalizazioa behar denean, behar dela, eta forzepsak eta bentosak erabili beharko direla umea ondo atera dadin. Edota zesarearen kasuan ere berdin, umeak arriskuren bat baldin badakar egin egin behar dela diote denek. Arazoa gehiegizko esku-hartzea, instrumentalizazioa edo zesarea behar ez den kasuetan egitea dela nabarmentzen dute.
Gehiegizko esku-hartzea saihestu eta harago, Eusko Legebil-tzarrak legez besteko proposamen bat onartu du erditze naturala sustatze aldera.
Erditzeak “humanizatzea, gehiegizko medikalizazioa etetea” eta erditzekoan ama protagonista izatea du helburu legez besteko proposamen horrek. Aurrera begira, bi konpromiso hartu zituen Legebiltzarrak: batetik, eraikitzen diren ospitale publiko guztietan erditze fisiologikoak izateko gelak prestatzea —horren lehen emaitzak Bilbo Eskuinaldeko eta Arrasateko ospitale berrietan ikusi ahal izango dira, erditze naturala ahalbidetzeko gela bereziak egiten ari baitira—. Eta bestetik, erditze naturalaren onuren gainean medikuak nahiz emaginak informatzea da legez besteko proiektuaren bigarren proposamena, anestesiak izan ditzakeen arriskuak azaltzea, erditzearen prozesu fisiologikoa aldatu egiten duela eta instrumentuak erabiltzeko arriskua handitzen duela azaltzea, hain zuzen ere.
Hego Euskal Herrian bezala, Ipar Euskal Herrian ere Frantziako Kontuen Gorteak instrumentalizazioaren gehiegiko erabilera auzitan jarri du eta aurrera begira, Baionako ospitale publikoan ere bainerak ezarri eta erditze naturaletarako espazioak egokituko dituzte.
Aurki erdituko da Eider. Eta historian gaur arte, eta etorkizunik izango bada erdituko da emakumea. Zabaltzak gelditzeko unea dela dio, “andreak protagonismoa berreskuratzekoa”, eta galdera pausatu du: “Zergatik ari ote gara gero eta okerrago erditzen?”. Haurrari, gorputzari eta senari jarraitzeko gomendioa egiten du Iruñeko emaginak, “horrek erakutsiko dio andre bakoitzari zer behar duen eta zein muga dituen”.
Kontzienteki erditzearen garrantzia
Estitxu Fernandez kazetari eta psikologoa erditzeen inguruan formatzen eta lanean ari da azken urteetan, eta etxean eta ospitalean erditu diren emakume askorekin euren bizipenak partekatzeko aukera ere izan du. Pikologoak ohartarazten du andrea errespetatzen den erditzeetan umearen eta amaren osasunean mesede egiten dela, “errespetatua izatea ez da emakume batzuen apeta, baizik eta esperientziak eta dokumentu zientifikoek erakusten duten bezala, onurak ekartzen dituen erditze-eredua da”. Zenbait emakumek ospitalean ez eta etxean erditzea erabakitzen zutela ikusita, zergatiak ikertzen hasi zen kazetaria. Orduan ohartu zen disjuntiba ez zela etxean edota ospitalean erditzea, baizik eta errespetatua sentitzean zegoela gakoa.
Bakoitzak segurren sentitzen zen lekuan erditzea erabakitzen zuela ikusi zuen Fernandezek, batzuk segurrago zeudela etxean ospitalean baino. Kontua zela, leku batean zein bestean emakume batzuek berariazko arreta jartzen zutela modu errespetatu batean erditu zitezen. Orduan, erietxean baina modu errespetatuan erditzea eskatzen zuten emakumeengana ere jo zuen. “Haiek ere nahi zuten euren erritmoa, gorputza, desioak eta premiak errespetetzea”.
Etxean zein ospitalean, erditze fisiologikoa izan ala ez, andrearen premiak errespetatuko dituen erditzea aldarrikatzen du kazetariak. “Gakoa da andreak zer premia duen, zer nahi duen eta ze behar dituen kontzientea izatea, eta premia horiek asetzeko eskatu ahal izatea artatuko duen horri, berdin dio etxean edo ospitalean”.
Fernandezek elkarrizketetan ikusi ahal izan du kontziente den andre horrek daukala bere erditzearen gaineko erabakiak hartzeko askatasuna. “Informazioa dauka, bere gorputzari, beharrei eta mugei buruzko informazioa dauka, senari segitzen dio... eta horretaz jabeturik erabakiko du zer behar duen eta zerk lagunduko dion bere haurra munduratzen. Bere gorputza ezagutzen ez duenak beste norbaiten esku utziko du erabakia”.
Eskatu nola erditu nahi duzun: erditze-plan pertsonalizatua
Erditze-gelaren argiztatzetik hasi, anestesiara edota erditzeko posturara, emakumeak eska dezake ospitale publikoetan nola nahi duen erditu, erditze arrunten kasuan. Horixe da haurdun dagoen emakumeak erditze-plan pertsonalizatuaren bidez ospitaleko emagin eta mediku-taldeari azal diezaiokeena. Amaren beharren eta nahien inguruko azalpen idatzizkoa izango da erditze-plana. Agiri hori erditu aurreko aste edo hilabeteetan bezeroaren arreta-gunean aurkeztu behar da, eta egunean bertan erietxera kopia bat eramatea komeni da. Erditze-plan pertsonalizatua errespetatu beharko du ospitaleko taldeak, beti ere juizio kliniko baten barruan egina badago, balio juridikoa baitauka. Ospitaleak ezin baditu eskatzen zaizkion baldintzak bete, bikoteak lekuz aldatzea eska lezake.
OMEren gomendioak:
Osasunaren Munduko Erakundeak erditzeetan teknologia desegoki erabiltzen dela nabarmentzen du, eta oinarri hauek ezarri ditu jaiotzea zaintzeko:
1/ Ez medikalizatua izatea: ahalik eta teknologia gutxien erabiltzea gomendatzen du, esku-hartze ahalik eta txikiena egitea.
|
2/ Teknologia ez da orokorki erabiliko, arazo zehatz bat konpontzeko erabiliko dira, metodo, prozedura baliabide eta tresna zehatzak.
|
3/ Diziplina anitzetako profesionalek artatzea, obstetra, neonatologo, erizain eta erditzearen eta amatasunaren hezitzaileek.
|
4/ Zainketa osoa izatea, amaren, umearen eta familiaren behar intelektual, emozional, sozial eta kulturalak kontuan izatea, biologikoez gain.
|
5/ Familietan zentratua egotea, eta ez amaren eta umearen beharretara soilik mugatzea, bikotekidearen beharrak ere kontuan izatea.
|
6/ Emakumearen erabakitze ahalmena kontuan edukitzea eta pribazitatea, duintasuna eta konfidentzialtasuna errespetatzea.
|