Gai nagusia: mugimendu autonomo askea

2012-12-11

Haurra burua apur bat tentetzen hasten denean, eseri egiten du sarri helduak, burkoz edo kuxinez inguratuta, bada ez bada ere, eror ez dadin. Gero, bi oinen gainean jartzen hasten denean, bi eskuak eman, eta oinez ibiltzen “irakasten” dio. Txikiak ozta-ozta egiten ditu hiru urrats, baina helduak laugarrena eman dezan “laguntzen”dio. Gero, bere kabuz bi-hiru pauso ematen hasten denean, gelaren beste aldean jarri, eta beregana etortzeko keinua egiten dio helduak haurrari; txikiak urrats bat aurrera egiten duenean, atzera beste bat egiten du helduak, haurrari proba apur bat zailtze aldera... “orain hanka bat, orain apur bat goraxeago, ondo-ondo, segi horrela...”. 

 
 
Gai nagusia: mugimendu autonomo askea

Ilusio eta asmo on guztiarekin “lagundu” ohi dio guraso, aitona-amona edo hezitzaileak haurtxoari, honi bere bizitzako urratsak irakasteko asmo onarekin, usu. Alabaina, pausoak ematen “laguntze” hau, edo mugimenduak nahiz posturak gidatu edo aurreratzeko helduaren esku hartze hau, eta etapak aurreratze hau, ez da uste bezain lagungarria askotan, kontrakoa da sarri, helduaren esku hartzerik gabe, bere kabuz  eta bere erritmora mugitzen eta postura desberdinak hartzen doan neurrian, haurra bere gorputzaren eta gaitasunen ezagutza osoa har-tzen ari baita, mugak ondo ezagutuz eta bere buruarengan konfiantza edukiz.

Haurraren mugimendu askeak, hau da, helduak esku hartu gabe, bere erritmora eta beharren arabera mugitzeak eta posturak hartzeak, haurraren garapenean itzelezko mesedea egiten du, helburua bere kabuz lortzeak sendotasuna eskaintzen baitio. Edo, beste aldera esanda, helduak haurraren mugimenduak mugatzen edo aurreratzen dituenean, bere autoestimuari eta segurtasunari ez dio batere “laguntzen” helduak, arrazoi fisiko eta emozionalengatik: haurra  mugimenduarekin adierazten da, eta mugimendua mugatzen zaion neurrian, bere adierazkortasuna mugatzen zaio. Haurra bere kabuz hartu ezin duen postura batean egotera behartzen badugu, batetik, fisikoki giharrak postura ez natural batean egotera behartzen ari gara; bigarrenik, gorputza eroso ez dagoenez, umea bera ez dago ondo eta seguru, eta, ondorioz, eta hirugarrenik, emozionalki helduaren menpeko sentituko da, hark ezarri duen posturatik aldatzeko, haren beharra izango baitu, eta bere autoestimuan, konfiantzan eta segurtasunean eragiten ari gara.

 

Haurtxoa gorputza da jaiotzean, osoki, ez baitago psikismorik. Lehen urtebetean eta, areago, bi eta hiru urterekin ere, haur batek gorpu-tzarekin hitzarekin baino gehiago adierazten du. Henri Wallon psikomotrizitatearen sortzaileak esaten zuen haurrarengan mugimendua dela haren bizitza psikikoaren froga, beraz, gorputzaren bidez adierazten eta komunikatzen da haurtxoa. Umearen gorputzaren mugimendua errespetatzea umea bera errespetatzea izango dela zioen.

 

Alvaro Beñaran UNEDek Bergaran duen Luzaro psikomotrizitate eskolako irakasle eta pedagogoak haurraren mugimendua haurraren izate osoaren partetzat hartzen du, “mugimendua ez da aparteko atal bat, harremanen barruan kokatzen da”. Bere aburuz, alferrikakoa da gurasoak mugimendua “lantzen” saia-tzea, etxeko giroa eta harremanak zaintzen ez badira,  lan eta tentsioen artean lasaitasun eta plazer giro minimo bat ez badago,  hala bikotean —bikotea egonez gero— nola familian. Mugimenduaz hitz egiten hasi aurretik, giroari erreparatu nahi dio Beñaranek, baldintza emozionalei: “Haurrarekin dagoena lasaitasunean egon behar da.  Eta behin ‘nahiko ondo’ gaudenean, konfidantzak eta lasaitasunak lagunduko digute  haurrari begiratzen, eta bera den bezala errespetatzen, haurrak mundura ekartzen duen hori guztia errespetatzen”. 

 

Haurraren mugimendua jaiotako unean bertan —edo are lehenagotik— hasten da; ekimena dauka, ekintzailea baita jaiotzetik beretik. Aukera emanez gero, bere bizitzako lehen minutuetan gauza izango da haurra amaren gorputzean zehar, herrestan, bere baliabide guztiak martxan jarririk, titibururaino iristekoa, eta bere beharra asetzekoa. Hasieran, alabaina, umeak egiten dituen mugimenduek, keinuek, soinuek... berez ez daukate zentzurik, artean umeak jakin ez baitaki, eta premia edo erreflexuengatik egiten ditu mugimendu horiek. Gurasoa —edo zaintzen duen heldua— izango da haurraren mugimendu eta keinu horiei zentzua emango diena, eta interpretatuko dituena. Horrela, mugimendua komunikazio bihurtuko da helduaren eta umearen artean, beti ere hartu-eman baten barruan. 

 

Mugimenduaren adierazkortasuna deitu zion Bernard Acouturierrek komunikazio horri, haurraren mugimenduari buruz bestearen begirada erneak duen garrantzia nabarmentzeko. Haurraren mugimendua, bizipenak eta esperientzia adierazpide bihurtzen baititu gurasoak, eta, horrela, keinuek haurrari buruz zerbait esango dute.

 

Keinuak, hasieran, txikiak irudi dakizkioke helduari, maindirea ahora eramatea, adibidez; edo bere eskua begien aurrera eramatea, hura deskubritzea eta eskuarekin jolas egitea; geroago, toki zail batera iristea... Baina, bere kabuz eta bere iniziatibaz egiten ari diren keinu horiei bide ematean, gauza berriak esperimentatzeko aukera ematen dio helduak, akaso, bularra hartzearen sentsazioa birsortzen ari da zerbait ahoratzen duenean; edo eskuaren eta begien arteko koordinazioa lantzen, igual. Mugimenduaren bidez esperimentatzeko denbora ematea eta espresio eta bilaketa hori ez erreprimitzea izango da errespetuzko hezkuntza baten abiapuntua. “Nahi gabe ere, oso mugitua irudi-tzen zaigulako, erreprimitu egiten dugu batzuetan helduak haurraren mugimendua, eta behartzen hasten gara, eta haurrak barrutik eta berez dakarren hori —mugimendu hori, adierazkortasun hori— erreprimi-tzen ari gara”.

 

Hemen hasiko litzateke, Beñaranen aburuz, mugimendu askea, hortxe leudeke sustraiak. Eta hortxe ezar-tzen du psikomotrizistak hezkun-tzaren printzipioetako bat: “Haurraren barrutik datorren espresioetako bat da mugimendua, eta barrutik datorren hori errespetatu eta ez estaltzea da  haurra bera den bezala errespetatzeko lehen urratsa”. Azken batean, haurrak ez du motrizitatea mugitzeko soilik bizi, tokiz aldatzeko edo objektuak hartzeko baino gauza gehiagotarako baliatzen du motrizitatea: aurkitzeko, esperimentatzeko, ezagutzeko, ulertzeko, komunikatzeko eta ikasteko ere bizi du, hau da, den bezalakoa izateko eta pentsatzeko bizi du haurrak motrizitatea.

 

Mugimendu autonomo askeaz hitz egitea Emmi Pikler pediatra eta pedagogoaz (Viena, 1902 Budapest, 1987) hitz egitea da. Gerra eta okupazio garaietan —Errumaniak okupatu zuen lehendabizi Hungaria, gero  naziek eta ondoren Errusiako Armada Gorriak— egin zuen lana Budapesteko erietxe eta umerzurztegietan.  5.000 umetik gora zaindu eta behatu ondoren, ikusi zuen helduak haurraren mugimenduan esku hartzen ez duenean eta, bere kabuz, bere erritmora mugitzen denean, segurtasuna eta autoestimua irabazten dituela umeak. Izan ere, garapen motorra berezkoa dela ikusi zuen, eta baldintza egokietan eta helduen esku hartzerik gabe, haurrek euren kabuz iristen dutela garapen motor optimoa.

 

Behaketatik abiatu zen Pikler bere metodoa sortzeko, eta behatzeko honako ikuspuntu hau hartu zuen: “Ez begiratu haurrari zer falta zaion ikasteko; baizik eta zer dakien egiten”. Haurrek berez garatzeko duten gaitasunean konfidantza izateak duen garrantzia bistaratu zuen, eta gurasoei edo hezitzaileei azaltzen zien zaintzako uneetan lasai egotea eta umearekiko harremana plazerean oinarritzea aberatsa zela. 

 

Konfidantzatik abiaturik, bi zutabe nagusiren gainean eraiki zuen pediatrak gaur egun mundu guztian hedatua dagoen Pikler-Loczy institutuaren metodoa: 

-”Haurrari bere iniziatibek eragiten diote ikaskuntzarako gogoa, harremanetan sozializatzeko bidea eta pertsona izateko sentimendua edukitzea”. 

-”Haurrari mugimendu autonomo librean garatzeko behar dituen baldintzak eskaini behar zaizkio. Bere gaitasunetan eta garapenean konfiantza izan; bere ekimenak errespetatuz eta ulertuz, mugimenduak eta jarrerak bereganatzeko prozesuan helduak esku hartu gabe”.

 

Mugimendu autonomo librearen kontzeptua, beraz, Piklerri zor zaio. Mugitzea mundurantz bidea egitea da pedagogoarentzat: “Eta oso garrantzitsua da bide hori norberak egitea; haurra bide hori egiten ari denean, bere burua aurkitzen ari da”. Helduak bere keinuak eta mugimenduak gidatu eta erreprimitu barik hazten den haurrak bere gorputzaren eta gaitasunen ezagu-tza osoa lortzen duela azaldu zuen, bere mugak ondo ezagutuz eta bere buruarengan konfiantza edukiaz. Piklerrek zehaztu zuen haurrak bere buruarengan konfiantza izan dezan, aurretik, berarekin dagoen helduak bere gaitasunetan konfiantza duela erakutsi behar diola umetxoari, eta ulertu, edozein ekintza motriz, ekin-tza mentalaren ondorioa dela. 

 

Ez mugatu, ez gidatu, ez estimulatu: aukerak eman

Konfiantza eta baldintza egokiak klabeak dira, beraz, haurrak bere gorputzaren eta gaitasunen ezagu-tza osoa izateko. Konfiantzarari zehaztapen bat egiten dio Beñaranek: “Noski, haurraren garatzeko gaitasunetan konfidantza eduki behar du helduak, baina, lehenik eta behin, norbere buruarengan eduki behar du konfidantza gurasoak, zaintzarako eta hazierarako ziur badituen gaitasunetan”.

 

Garatzeko baldintzei dagokienez, baldintza emozional, espazial eta materialei egiten diete erreferentzia adituek. Espazio seguru eta erosoa beharko luke umeak aske mugitzeko,  baita jantzi erosoak ere, eta forma, material, kolore eta osagai  anitzeko gailu eta jostailuak ere, bere gaitasunak probatu eta esperimentatu ahal izateko. “Baina espazioak eta materialak baino gehiago, denbora eman behar zaio haurrari —psikomotrizistaren hitzetan—, astia, bere burua proba dezan, eta bere gaitasunak azal ditzan, huts egin dezan, eror dadin, proba dezan”. Itxarotea gomendatzen die gurasoei, haurraren erritmoak errespetatzea: “Gauzak azkarrago egiteak ez du esan nahi hobeto egingo dituenik. Ziur sentitzen denean, bere kabuz, seguru eta plazerean esperimentatzeko —mugitzeko, ekiteko— iniziatiba izango du”.

 

Iniziatiba horri aukerak ematea baldintzak sortzea da, hala nola, baldintza materialak, espazialak, denborazkoak, emozionakak eta afektiboak, baina iniziatibari bide ematea ez da, derrigor, haurra estimulatzea. Bi gauzak bereizten ditu Beñaranek: “Kontuz estimulatzearekin: gehiegizko estimulazioak umearengan frustrazioa ekarri ohi du. Bera emateko prest ez dagoen urrats hori eskatzen zaionean, edo eutsi ezin dion postura batean ezar-tzen denean, haurra konturatzen da ezin duela lortu gurasoek edo helduek nahi edo eskatzen dioten hori, eta horrek, hasteko, bere buruarekiko konfidantza eraikitzen ari den haurrarengan ondorioak ditu”.

 

Helduekiko harremanean bere burua ziurtatzen du umeak. Horretarako, lehenik eta behin, haurrak helduaren presentziaz ase behar du, eta, ondoren, bakarrik dagonean ere, bere barruan edukiko du helduarekin bizi izandako esperientzia.  Helduak erakutsiko dio umeari besoetan ez daukan arren aintzat hartzen duela, jakingo du helduaren pentsamenduan dagoela, gurasoa —edo erreferentziazko pertsona— behar badu harengana jo dezakeela, “eta  esperientzia horrek emango dio lasaitasuna, segurtasuna eta esperimentatzeko irrika”.  

 

Afektua eta kontaktua dituen haur horrek bere burua egiten ziurtatuko du, eta helduak egiteko aukera eman behar dio. Alabaina, mugimendu autonomo askearen oinarrian bada gako garrantzitsu bat, Beñaranen arabera: “Garbi eduki behar dugu benetan gure haurrak heldutasuna lor dezan nahi dugun, ala geure menpeko izan dadin nahi dugun”. 

 

 

Mugimendu autonomo askeari loturiko hainbat kontzeptu:

 

Plazera: Plazerak ireki egiten du. Plazerean bizi behar dute umeek mugimendua, txiri-buelta emateko gaitasunaren plazera, zutitzearena, erortzen uztearena, korrika egitearena...plazerak konfidantza ematen du norbere buru-gorputzean.

 

Segurtasuna: Nortasuna eraikitzeko oinarri sendoa izango da segurtasuna. Nork bere buru-gorputzaren mugak eta gaitasunak ezagutzen dituenean kontrolatu (eta deskontrolatu) dezake nahieran. Mugak eta gaitasunak ezagutzeko aukerak izan behar ditu umeak. 

 

Autonomia: Mugimendu aske autonomoa ez da haurra bere kabuz eta bakarrik mugitzen uztea. Umeak mugimendu askea garatuko du norbaitekin komuikazioan, eta bakarrik dagoenean norbait horrekin egoki egon izanaren esperientzia dauka bere barrenean. Esperientzia horrek segurtasuna emango dio, eta gauza berriak probatzeko iniziatiba.

 

Iniziatiba: Haurrari ekiteak (egiteak) ematen dio plazera, bere gaitasunak azaltzeak. Haurrak oso txikitatik plazera eta seguritatea euren kabuz sortzeko gai dira, eta baita euren beldur eta zalantzak menderatzko gai ere. Gauzetan —egoeretan—eragin dezakeela ikusten du.

 

Nortasuna: Bere buruarekiko irudia egiten ari da haurra jaiotzen denetik. Nortasuna eraikitze horretan, umeak barrutik dakarren energian sustraitu daiteke, edo helduak eragindakotik, barrutik datokion espresio hori behartuz, mugatuz edo gidatuz. 

 

Garapena: Heldutasuna behar da ikasi ahal izateko. Gaitasun motorra berez garatuko du haurrak aukerak ematen baldin bazaizkio, hau da probatzeko astia ematen bazaio. Urrats baten esperientziatik emango du bigarrena.

 

7Komunikazioa: Mugimendua harremanaren barruan ulerturik, komunikazio bihurtzen da. Hasieran haurra gorputza da, psikismorik ez baitago, eta gizakiekin harremanean garatuko du psikismoa. Hasieran bere mugimendua airean dago, eta norbaitek hartu eta esanahi bat emango dio mugimendu horri, eta batak besteari esan eta erantzutetik garatuko da komunikazioa.

 
 
 

Postura bakoitza, bere garaian

Inork ezin du ikasi ikasgai horretarako nahikoa heldutasun ez baldin badauka. Eta horixe bera gertatzen da haurraren garapen motorrean ere: gorputzak aski sendotasun eduki gabe mugimenduak eta posturak gidatzen eta aurrera-tzen baldin bazaizkio, etapen arteko urratsak eman gabe igarotzen ditu. Hau da, haur bat prozesuaren hirugarren urratsean jarriz gero, adibidez, eskolan lehen eta bigarren mailak egin gabe hirugarrenean zuzenean jartzea bezala izango litzateke beretzat. Haur horrek segurtasunean, autoestimuan edo bere buruarekiko konfidantzan duen gabeziaren parekoa sentituko luke, bada, mugimenduak aurreratu zaizkion ume batek. 

 

Haurrek —elbarritasunen bat ez duten guztiek— inortxok erakutsi gabe, zutitzeko, esertzeko, berriro zutitzeko, oinez hasteko eta korrika ibiltzeko berezko gaitasuna dute. Gaitasun hori garatzeko, alabaina, aukerak behar dituzte. Sarri, ordea, haurrak euren kabuz hartu ezin dituzten posturetan ezartzen dira. Halaxe azaldu zuen Mirtha Chockler Buenos Airesko Psikomotrizitate Eskolako zuzendariak duela bi urte Hik Hasik antolaturiko Haur Hezkuntzako jardunaldietan:  “Gure kulturetan oso goiz ezartzen ditugu haurrak bertikalean, buruari eu-tsi ezin diotenean ere bertikalean ezartzen ditugu; bere kabuz eseri ezin duenean eserita ezartzen da, edo artean bere kabuz zutitu ez den haur bat zutik jartzen da, gorputz enborrak oraindik nahikoa indar ez duenean. Baina kontuan izan behar dugu postura bakoitzaren esperientzia eta bizipenetik sortzen zaiola haurrari hurrengo mugimendua egiteko iniziatiba”.

 

Heldutasun biologikoan, orekaren legeetan eta mugimenduaren esperientzien kalitatean oinarriturik, Choklerrek haur txikien mugimenduaren genesia, edo garapen autonomoaren programa genetiko eta fisiologikoa honela azaldu zuen:

 

Haurrak bizitzako lehen bi urteetan oreka sistema konplexuak eraikiko ditu: Eusteko  oinarria gorputz osoa izatetik, poliki-poliki oinarri hori murrizten joango da haurra, eta grabitate zentroa altxatzen. Bi urte inguru dituenean (urte eta erdi, bi urte, bi urte eta erdi...  bakoitzak bere garaian) bi oinen gainean eroso mugitu ahal izateko segurtasuna emango dioten sistemak eraikiko ditu. Segurtasun hori lortzeko, faserik fase joan behar du, oreka sentimenduaren jabe (eta desoreka sentimenduarena) egiteko.

 

·Lehenengo, horizontalean: etzanda. Haurtxoa ahoz gora etzanda dagoenetik, bizitzako lehen uneetatik, esperimentatzen hasten da: besoa mugitzen duenean zer gertatzen den jabetzen da, eta begi eta eskuen arteko koordinazioa lantzen du. Postura horretan, oreka eta segurtasuna dituela sentituz, eskuak eta besoak zabal ditzake, posturak antola ditzake, eta begien eta eskuen mugimenduak koordinatu.

Pitinka, gorputz enborra biratzeko indarra hartzeko nola egin behar duen jabetuko da  eta saiheska jar-
tzen hasiko da, alde batera eta bestera, biraketa osoa eman eta ahuspez jarri arte. Biraketa hauek garrantzia handia dute, gorputza eta espazioa antolatzen ari baita haurra. 

Biraketak egin, esperimentatu eta gorputzak sendotasuna har dezan, lur edo gainazal sendo eta lau baten gainean egotea komeni da; lurzoru biguin batean gainean badago —kuxinak, lastariak, hamakatxoak—indarra xurgatuko dio lurzoruak, eta oso zaila gertatuko zaio alboetara mugitzea.

 

·Ahoz gora egotetik, ahuspez egotera igarotzeko, segurtasuna eta gaitasuna sentituko ditu behin alboetara lasai eroso mugitzen denean, eta probatzen jarraituko du haurrak, nahiz eta artean burua oso astuna duen. Eskuen gainean bermatuz zutitzen hasiko da, gorputz enborraren bertikalizazio prozesuan eta, pixkanaka, eseri egingo da, bizkarra zuzen duela. Aldiz, esertzeko heldutasunik ez duten haurrak postura horretan jartzearen ondorioz, pertsona askok bizkar zifosia dute —bizkarrean kurbatura—.

 

·Esertzen hasten denean, zangoak aurrerantza jarriko ditu berehala, bata zuzenduko du eta bestea tolestuko. Esertzeko moduan esploratuko ditu, “hau egin dezaket”, “hau ezin dut egin”, “honela bai”, “honela ez”, bere buruarekin eta gorputzarekin elkarrizketa osatzen jongo da, mugimenduari lagunduko dioten irudikapenak egiten joango da, mugimenduaren bitartez pentsamendua eraikitzen ari baita. Segurtasuna daukan neurrian, arriskatzen hasi ahal izango du, desorekarekin jolasten. 

Behin gorputza frogatu duenean eta segurtasuna duenean, hurrengo urratsa egiteko prest sentituko da, ikaskuntzaren aurretik baitator sendotasuna. 

 

·Hauspez herrestan ibiltzen hasiko da behin hauspez jartzeko erosotasuna menperatzen duenean. Eskuen eta belaunen gainean eutsiko dio bere buruari, eta katuka mugitzen hasiko da. Zuhur eta aske, gorputzaren pisu osoa noiz eta non jartzen duen kalkulatzen ariko da une horretan, oinen, eskuen eta begiradaren arteko koordinazioa lantzen. Eta, gero, belauniko jartzea etorriko da eta belauniko ibiltzea. Berebiziko esperientzia da haurrarentzat gorputz enborra zutik jartzea lortzen duenekoa. 

 

·Belaunak tolestuta dituela zutik jarriko da gero, zerbaiti eutsiz, —egonkortasuna, mugimendua eta sorbalda-gerrikoa trebatzeko eta antolatzeko aukera ematen baitio—, eta oinetan kokatuko da grabitate ardatza. Hortik aurrera, kokoriko jarriko da zerbaiti eutsiz, eta zutitzen joango da, eta pauso txikiak emango ditu alboka. 

 

·Ezeri heldu gabe, bere kabuz, zutik jarriko da gero, mugimendu bakoitzaren esperientziak eta bizipenak eman dioten segurtasunari esker. Hurrengo urratsa, bermatu gabe, aurrerantz pausoak ematea eta ibiltzea izango da. Oinez hasten denean, oreka dinamiko osoa menderatzen duela esan nahi du: oreka, desoreka, oina altxatzea, oin baten gainean ezartzea beste oina aurrera eramatea, eta abar.