Juan Kruz IGERABIDE: Munduarekiko harreman emozionalaren irakurketa eskaintzen dio ipuinak haurrari
Ahozko tradizioaren eta haur literaturaren ikerketa alorretan aditua izateaz gain, bere sorkuntza lanetara haurren sentsibilitatea eta gaitasunak eramaten maisua da juan kruz igerabide idazle, poeta eta irakaslea.
Helduok egunsenti, margolan edo musika konposizio eder baten aurrean senti dezakegun emozio estetikoa bezain sakona da haurrak, txikitatik, ipuin, poema edota kantuarekin bizi duen esperientzia emozionala, Juan Kruz Igerabidek (Aduna, Gipuzkoa, 1956) dioenez. Hortaz, haurrei “emozionalki sakonak” diren sorkuntzak eskaini behar zaizkiela uste du, haien gozamena eta gustua landu, eta sorkuntzari formaren mugarik jarri gabe.
Haurrentzat idatziriko azken lanean artean, hauexek aipa litezke: ‘Irribarrea zabaltzeko ipuinak’, ‘Amiliami’ edota ‘Printzesa begi zulo’ ipuin-liburuak; poemarioen artean, ‘Munduko ibaien poemak’ eta ‘Gorputz osorako poemak’; eta igarkizun liburuen artean, ‘Mintzo naiz isilik’ eta ‘Pipitaki’, besteak beste. ‘Tanta baten istorioa’ album ilustratua ere egin du.
Umea txikitatik hasten da hizkuntza-rekin jolasten, poesiarekin, kantuarekin... Zer garrantzia du jolas horrek?
Haurra munduarekin elkarrekintzan hasten da jaiotzetik beretik, eta mundua irakurtzen hasten da. Irakurketa horren lehenengo zantzuak doinuak dira: negarraren bidez komunikatzen da haurra. Halaber, gurasoa umeari hizketan ari zaionean doinua da nagusi hizketa horretan, ez hitza. Beraz, doinuarekin harreman bat dago oso txikitatik, doinuak eta gorputzaren hizkuntzak esanahi multzo ikaragarri bat daukate, eta hortik hitzetara iristeko prozesu luze bat dago, baina, dagoeneko, mundua irakurtzen ari da; mundua deskubritzen ari da, eta horrek ematen dio plazera. Jolas hori oso sakona da.
Haurrak txikitatik esperimentatu egiten du eskuekin, gorputzarekin, hizkuntzarekin... Botere bat deskubritzen du, hitzean, gorputzean, eta ikusten du horrek eragina duela inguruan. Bera ari da ikasten neurriak, bere buruarenak eta inguruarenak, eta bere ingurua aldatzeko ahalmena ere neurtzen ari da. Esperimentazioa da zientziaren oinarria, eta, azken finean, haurra zientifiko txiki bat da; eta, aldi berean, artea egiten ari da. Alde horretatik, zientzia eta artea ez daude aparte.
Gorputz komunikazioa aparte utzi gabe, tradizioak hizkuntzazko komunikazio-bideak landu ditu: sehaska kantak, jolas-kantak, ipuinak... baina, horiek ere, funtsean, mundua irakur-tzeko bide dira, ezta?
Irakurketaren lehen oinarria erabat poesiarekin lotuta dago hasieran, eta ipuinarekin geroxeago. Horiek ere munduaren irakurketak dira: ipuin bat kontatzen ari zarenean, munduaren deskripzio bat egiten ari zara eta buruak irakurri egiten du. Umea hasten da harremanak sortzen: ikusten du liburuan jasota daudela berak belarriz entzuten dituen horiek, eta lehen irakurketa globala egiten du.
Irakurketaren lehen oinarri horiek garapen emozionalarekin lotuta daude. Ez dira mekanika huts; beti dira ama, aita, neba-arrebarekin edota irakaslearekin elkarrekintza emozionalean. Gero, eskolak hori hausten du eta bihurtzen du irakurketa arrazionala, erabat deskriptiboa den irakurketa. Haustura hori dela medio, jendea ari da konturatzen umeei ipuinak kontatzeak eta bide hori lantzen segi-tzeak duen garrantziaz. Poesia probatu duenak ere badaki harreman berezia sortzen dela.
Zergatik dira hain garrantzitsuak haurrarentzat poesia eta ipuina?
Pertsonekiko eta munduarekiko harreman emozionalaren irakurketak direlako. Haurrak hasieratik du munduarekiko kuriositate bat, nola funtzionatzen duen, zer dagoen... beti bila dabil. Ipuinak eta poesiak misterio horri hitza jartzen diote. Horregatik egoten da ahozabalik, ulertzen ez dituen misterio horiez hitz egiten dutelako ipuinek. Haurrak berak ezin ditu formulatu modu arrazionalean, baina sinbolo eta irudien bitartez nolabaiteko hartze bat egiten du buruz. Eta, guk, egunsenti eder baten, koadro baten edo musika baten aurrean sentitzen dugun emozio estetikoa bezain sakon bizitzen du esperientzia emozional hori haurrak.
Itxuraz sinpleak diruditen ipuinek funts sakona izan dezakete, ezta?
Hasieratik, haurrari ematen zaizkion piezek eta ipuinek tradizioz sakontasun estetiko ikaragarria izaten dute. Sakontasun filosofikoa ere bai. Hiru txerritxoen eta Zazpi antxumeen ipuinen azpian, adibidez, denborari buruzko galderak daude, filosofiak eta zientziak oraindik erabat erantzun ezin dutenak. Haurrak maitasuna, poza edo beldurra sentitzen duenean helduak bezain sakon sentitzen du, barren-barrenetik. Haurrari gauzak oso gordin esaten zaizkio, modu sinbolikoan gordin, baina jolasa ondoan duela. Hasieratik traszendentzia eta ironia dago, biak aldi berean. Guk gauza xumeak eskaintzen dizkiogu umeari, intelektualki garatu gabe dagoelako, baina, emozionalki ez dira hain azalekoak izaten. Nire iritziz, emozionalki gauza sakonak eskaini behar zaizkio haurrari.
Helduok hausnartzen al dugu umeari ematen diogunaz, umeak jasotzen duenaz?
Gaur egun komeni da haurrari eskaintzen zaionaz pixka bat pentsa-tzea. Gurasoak sena eta tradizioaren ezagutza eta eragina baldin baditu, hori berez ateratzen zaio, eta jakingo du zein ipuin kontatu. Ez du tramankulurik behar. Baina merkatuak lan egin du ipuinak sakontasunez husten, eta horren guztiaren eraginez, pixka bat nahastuta dauden gurasoek eta irakasleek gogoeta egitea beharrezkoa dute.
Kasu askotan, eskoletan kanta berriak nagusitu dira, eta horiek ere estetikoki beste munduko gauza ez diren arren, hor daude. Horiekin batera, kanta zaharragoak nahastea eta gehitzen joatea komeniko litzateke. Gauza asko ari dira berreskuratzen, jolasak esaterako, eta aisialdiko taldeek erabiltzen dituzte. Badago ahozko tradizioa idatziz jasoa, eta gaur egun ahaleginak egiten dira liburuetan ateratzeko. Ipuin kontalari eta idazle askok jolas egiten dugu tradizioarekin, eta tradizio hori berpizteko aukerak handiak dira. Tradizio hori berreskuratzeko edo berpizteko ezagutu beharreko ipuinak ez dira horrenbeste. Konta-tzen, erabiltzen hasiz gero tradizioa berpizten da. Eta aberasten da.
Haur Hezkuntzan badute lekurik ipuinek, kantuek, poemek... baina, gero?
Gaur egun neurtu daitekeen jakintza formalera jarrita dago hezkuntza, eta horrek kezkatzen nau. Zer gertatzen da bestelako jakintzarekin? Jakintza formala oso importantea da eta landu behar da, baina beste egoera batzuk sor daitezke, eta oso interesanteak izango dira. Hori egiten duten irakasleek badakite nolako begiak jartzen dituzten haurrek, eta irakasleak berak nola gozatzen duen. Irakasleak lortzen badu astean behin une majiko bat sortzea ipuin batekin, marrazkiarekin, edo egunero 10 minutu poema ba-tzuekin... antzeman egingo du majia hori iritsi egiten zaiola umeari. Kontua da hori ezin dela neurtu, eta, gainera, ume batetik bestera aldatu egiten dela. Intuizioz badakigu, eta psikologo askok esan dutelako, berebiziko garrantzia duela. Ez bakarrik haurreskolako garaian, gero ere bai. Nik ez dut oraindik ezagutu ipuinen batekin gozatu ez duen umerik. Irakasle ibili nintzenean, ume guzti-guztiek gozatzen zituzten klase amaierako poematxoak. Askotan sorpresa jasotzen nuen, matematikan-edo ondo ibiltzen ez zirenek poematxoekin adierazten zituztelako gauza batzuk... Hori nola bultzatu? Ez daukat formularik; baina nolabait definitzeko, egoerak sortu behar direla esango nuke. Bakoitzak jakingo du noiz eta nola sortu.
Gurasoek badakite, lotarakoan ohearen ertzean esertzen direnean, egoera paregabe bat sortzen dela. Baina badira beste egoera batzuk: jai baten ondoren, urtebetze baten ondoren, familiak bazkaltzera egindako bisita aprobetxatuz... une egokiak sortzen dira narrazioari, kantuari, gorputz mugimenduari aukera emateko.
Irakurketaz aritu gara, baina, haur bati ipuin bat idazteko proposatzean, ez al gara forman gelditzen sarri? Bertsoaren edo ipuinaren egitura badakigu, baina ba al dakigu esan nahi dugun hori azaltzen, emozioak eta irudimena papereratzen?
Adin batetik aurrera analisiak hor egon behar du, umeak jakin behar du ipuinak hasiera, korapiloa eta amaiera duela. Edo 14 urterekin jakin behar du zer den soneto bat. Baina horretan pentsatu gabe idatzi behar du. Aurrena iturria eduki behar dugu, eta gero, ontzia. Ontzi polita egin ondoren iturririk ez baduzu... Iturria topatu baduzu, eskuekin bada ere, edango duzu. Gero ontzia (analisia) eta iturria (sormena) bateratuko dira. Analisia gailentzen denean, bestea ito egiten da. Bihotzetik ateratzen den hori da lehenengoa. Perfekzio formal batera iristearekin itotzen badugu haurra, seguruenik, irakurle bat galduko dugu. Maniak eta ezinikusiak sortzen dira.
Eta zer egin dezakegu analisia gailen ez dakion sormenari?
Umeari atentzioa jartzen bazaio, garrantzia ematen bazaio egiten duenari, jarraitu egingo du. Adibidez, doinu bat eman haurrari eta has dadila ateratzen zaion hori kantatzen. Berdin du bospasei silaba gehiago sartzen baditu eta ez badu errimarik egiten. Nahi duena kantatzen ari da, eta, agian, beharko ditu lauzpabost urte hori neurrira ekartzeko bertsotan, edo agian ez du inoiz ekarriko, hori ez bada bere helburua. Horri doinua jartzen diozun neurrian, doinuak berak ekartzen zaitu neurtzera, hitzekin jolastera, sonoritatera, eta sonoritate horrek eramaten zaitu gero errimara. Ume bat hasten denean bere kasa kantatzen, ikaragarria da. Hori bul-tzatu beharra dago.
Errealitate bat da gurasoek nahi dutela haurrek irakur dezaten, baina gero eurek ez dutela zaletasun hori...
Gozatzen ere ikasi egiten da. Uste dugu berezko zerbait dela gozamena. Orduan, esaten dugunean gure umeari ez zaizkiola ipuinak gustatzen, agian da bide egoki bat egin ez delako berarekin... Gustua lantzea oso inportantea da. Haurrak liburutegi oso bat baldin badauka eta askatasuna baldin badauka bere bide bat egiten hasteko, berak ikusiko du zerekin gozatzen duen eta zuk gozamen abaniko hori zabaldu beharko duzu.