Mahai-ingurua: Espainiako hezkuntza-erreforma aztergai
Espainiako Gobernuak egindako hezkuntza-erreformaren proposamenak alderdi politikoen eta euskalgintzako eragileen ia aho bateko gaitzespena jaso du Euskal Herrian. ‘hik hasi’ aldizkariak hezkuntzaren komunitateko eragile nagusiak bildu ditu mahaiaren inguruan, hezkuntza-erreformaren edukiak sakon aztertu eta aurrera begirako aukerak eta estrategiak eztabaidatzeko. Imanol Zubizarreta EHIGEko lehendakariak, Aitziber Martinez de Lagos Sortzen-Ikasbatuazeko kideak, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak eta Mikel Ormazabal Kristau Eskolako ordezkariak horri buruz esandakoak jaso ditugu hurrengo orrialdeetan.
Jose Ignacio Werten erreformak eskolaren autonomiari, curriculumari eta antolaketari eragingo dioten aldaketak proposatzen ditu. Has gaitezen autonomiatik. Zer nolako ondorioak izango lituzke lege berriak eskola bakoitzaren autonomian?
Imanol Zubizarreta (EHIGE): Lege honek botere nagusia zuzendariei ematen die, behintzat eskola publikoetan. Baina ez gaur egungo zuzendariei, baizik eta aukeratzeko sistema berri baten bidez administrazio zentralak edo autonomikoak izendatuko dituen zuzendariei. Zeren eta zuzendaria aukeratzeko ahalmena administrazioarena izango baita % 50ean, eta hezkuntza komunitateak gutxienez % 30 eta gehienez % 50 izango du. Bestalde, argi ikusten da gaur egun daukagun eskola-kontseiluaren papera aldatu egingo dela. Gaur egun eskola-kontseiluak, funtzionamendu kaskarra izan arren, nahikoa eskumen ditu hainbat gauza onartzeko: urteko plana, hezkuntza-proiektua, egutegia… Lege honekin eskumen horiek guztiak aldatu egingo dira eta zuzendariaren esku geldituko dira.
Beraz, zuzendaria goitik etortzen bada izendatuta, eta, berak baldin badu hainbat gauza erabakitzeko eskumena, administrazioarena izango da gauza hauek guztiak
onartzeko ahalmena, eta hezkuntza-komunitateak baiezkoa edo ezezkoa esateko eskubidea baino ez du izango. Teorikoki autonomia handiagoa eduki arren, autonomia hori beste era batera ulertu behar da, hau da, dagoeneko ez dira eskolak autonomia izango dutenak beren hezkuntza-proiektua aurrera eramateko, baizik eta zuzendariak izango du boterea. Zuzendaria nor den, posible izango da aldatzea, baina, hasieran behintzat, arrisku hori dago. Gainera, zuzendariaren profesionalizazioaren bidetik jotzeko aukera ere ikusten da….
Aitziber Martinez de Lagos (Sortzen Ikasbatuaz): Zehaztu beharko genuke zer ulertzen dugun autonomia gisa. Guretzat autonomia da hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartzea hezkuntza-proiektuak garatzeko ikastetxea dagoen herrian egonda. Autonomiak esan nahi du ikastetxe horrek, herriaren zati gisa, erabaki behar duela zein hezkuntza-proiektu garatu nahi duen, baina herri osoari dagokio proiektua garatzea.
Iruditzen zaigu giroa baretzeko mahai gainean jarritako beste hitz bat dela autonomia, baina dekretuak berak argi adierazten du norantz bideratu nahi duen hezkuntza-eredua: merkatuen esanetara. Guk ez dugu horrela ulertzen hezkuntzaren xedea bera. Guk uste dugu hausnarketa askoz sakonagoa egin behar dela, eta ez sartu LOMCEk aipatzen dituen hitz zehatzetan. Irakurketa orokorragoa egin behar da.
Koldo Tellitu (Ikastolen Elkartea): Gure kasuan, estrukturalki, proiektuak egiten duen diseinua ondo dago, azken finean, titular nagusia ikastetxea dela zehazten du, eta zuzendaria haren tresna dela. Ikastoletan orain arte titular nagusia gurasoen kooperatiba izan da.
Bestalde, legeak planteatzen duen zentralitateak ukitzen du ez bakarrik gure herriko hezkuntza-legearen sistema, baizik eta ikastetxe bakoitzaren hautua.
Mikel Ormazabal (Kristau Eskola): Parte hartu dudan leku guztietan, LOMCEri buruz hitz egiterakoan, beti aritu gara gauza negatiboak azaltzen, baina uste dut garaia iritsi zaigula eta une aproposa dela azken 30 urtetan egin ditugun gauzak eta euskal hezkuntza-sistemak dituen hainbat gauza onuragarri mahai gainean jartzeko. Eta horrela has gaitezke erantzuten LOMCEk hemen ezarri nahi duenari. Badakit gauza asko hobetu eta konpondu beharrekoak ditugula, baditugu gabeziak ere (lege propio bat, kasu), baina arlo pedagogikotik ere ikus dezakegu autonomiaren kontrakoa dela Werten egitasmoa: helburuetan, hezkuntzaren kalitateaz duen ikuspuntuan, hizkuntza-eskubideetan, ebaluaketetan… Ez digu uzten ezta berdintasuna lantzen ere gure artean, eta hori ere autonomiaren barruan landu beharko genukeen zerbait da.
Arlo pedagogikotik legearen irakurketa bat landu nahi izan dut. Autonomian zer ondorio dakarzkigun aipatzea garrantzitsua da, baina guretik, guk daukagunetik. Zeren ikasgaien edukiak ere Espainiatik ezarri nahi dizkigute, baina guk badugu euskal currikulum eder bat, Euskal Herritik kanpora egindakoa, partikularretik unibertsalera. Hor izugarrizko erronka bat dugu, eta hor landu beharko genuke gure autonomia.
Aitziber Martinez de Lagos: LOMCE dator eta orduan elkartzen gara denok. Ez gara kapazak, zuk diozunaren ildotik, elkartu eta planteatzeko eraikitzaileak diren gauzak. Badirudi kapazak garela ezezkoaren aurrean ados jartzeko baina ez eraikitzeko.
Mikel Ormazabal: Baina baditugu horren adibideak eragileon artean!
Aitziber Martinez de Lagos: Noski baietz. Tresna asko ditugu, eta gu aspalditik ari gara esaten behingoz gurea eraiki behar dugula, hezkuntza-sistema propio horren bidean pausoak eman behar ditugula. Baina kasualitatea da elkartzen garela eraso baten aurrean! Hainbat tresna ditugu eginda, goazen esertzera. LOMCE ez da bat-batean iritsi zaigun zerbait, beste hezkuntza-eredu baten bidean emandako beste pauso bat da. Aspalditik datorren zerbait da, aurreikusten genuen eta behin eta berriz esan dugu: goazen elkartzera eta erabakitzera zer hezkuntza-sistema propio nahi dugun, zein eredu, zein urrats eman behar dugun… Goazen
eraikitzera.
Eskola-porrota gainditzea eta ikasleen emaitza hobeak lortzea aipatu dituzte erreformaren helburu bezala. Horrek aldaketak ekarriko ditu curriculumean eta ebaluaketa sisteman. Zein balorazio egiten duzue?
Imanol Zubizarreta: Ikasgaiak sailkatu egin dituzte: tronkalak, espezifikoak eta espezialitatekoak. Tronkaletan, edukia % 100ean Madrilek erabakiko du. Baita ebaluaketa-tresnak eta metodologia ere. Lehen Hezkuntzan astean 15 ordu izan behar dute ikasgai tronkalek, eta DBHn % 50a. Ikasgai espezifikoetan ere (gimnasia, erlijioa, artistika, atzerriko hizkuntza…), edukiak Madrilen erabakiko dituzte, baina administrazio autonomikoak eskumen gehiago izan du. Beraz, jada ez da % 35-65 izango, orain arte bezala. Orain nukleo gogorra Madrilek ezarriko du, eta bigarren mailako ikasgaietan eskua sartzeko aukera izango dute autonomiek. Horrek esan nahi du Espainiako Estatuko ikasle denek gauza bera ikasi beharko dutela, eta hainbat gai, orain arte curriculum propioan zeudenak, bertan behera geldituko direla. Madrildik datorren edukia ikasten hasi beharko dugu. Argi dago atzerapauso itzela dela hori.
Koldo Tellitu: Gure ustez, curriculumaren aurkakoa da lege-egitasmo horren erasorik handiena. Erasoa bi aldetatik dator: edukietatik eta ebaluazio-irizpideetatik. Edukietatik bakarrik baletor, uste dut asmatuko genukeela handik edo hemendik ihes egiten... Baina ebaluazio-irizpideak errematea dira. Ebaluazio-irizpideak harremana du curriculumarekin eta irakaskuntzarekin. Alde batetik, euskal curriculumari egindako eraso bat da, eta bestetik, irakaskuntzaren antolaketari egindako eraso bat. Azken finean, askotan esaten ari den bezala, akademia bihurtuko dira ikastetxeak, eta ebaluaketa hori ezartzen dutenean azterketa prestatzera baino ez da joango eskolara jende asko. Espainiako Gobernuaren ikuspegitik, oso era inteligentean jokatu dute. Guztiz zentralista eta guztiz zentralizantea da egitasmoa.
Azpimarratu nahi dut zergatik den curriculumaren aurkakoa eraso larriena: euskarari egiten zaion erasoa ere hortik datorrelako. Ondorioz, ikastetxeen autonomiarena hortik ere badator. Gure edukiak landu nahi baditugu, ikastetxeetan ordutegiaren zati bat eduki horiek lantzera eskaini beharko da eta beste zati bat azterketak prestatzera. Irakaskuntza-prozesuan arazo izugarria da hori.
Mikel Ormazabal: Kontuan hartu behar dugu errebalida famatu horiek jarri dituztela, eta garbi dago titulua lortzeko edo ikasten jarraitzeko derrigorrez gainditu behar direla errebalida horiek. Eta garbi dago azterketa horiek nondik etorriko diren jarrita, edukia eta abar. Garbi ikusten dugu gaur egungo bigarren batxilergoan zer gertatzen den. Hor zer egiten da? Gehienbat selektibitatea prestatu. Horri begira dago, ez curriculumari begira.
Koldo Tellitu: Ipar Euskal Herrira joan beharko gara ikastera, zeren azken urteetan Iparraldeko ikastolek egin dutena hau da. Beraiek ez dute murgiltze-eredurik eta urtetan egin dutena da zati bat prestatu bertako edukiekin eta beste zati bat frantses estatuan dauden etsaminak gainditzeko.
Aitziber Martinez de Lagos: Oinarrian dagoena da hezkuntza tresna bezala eraikitzea, jendarte eredu konkretu baten garapena bideratzeko . Zein motatako pertsonak nahi ditugun hezi. Eta legeak esaten du merkatuaren eta konpetitibitatearen beharretara egokitutako pertsonak sortu nahi dituela. Hortaz, ez dago ikaslearen garapenean zentratua. Hori da, nire ustez, erasorik larriena, orokorrean.
Mikel Ormazabal: Okerrena da hezkuntza ideologizatzea, helburu politikoak jartzea abiapuntu edo lehentasun. LOMCEk ezartzen dituen hezkuntzaren helburuak hain dira kaskarrak, hain hankamotzak... Hazkunde ekonomikoa, merkatuaren lehiakortasuna, enplegu profesionalari erantzuna ematea... hori bakarrik lortu nahi baldin bada, zer egingo diogu bada? Emaitza akademikoetan oinarritutako kalitatea bultzatuz, zer nahi dute egin? Ikasleak banatu, klasifikatu. Emaitza akademiko txarrak dituztenak lanbide heziketara bidaliko dituzte. Orain ere lanbide heziketa bigarren mailakoa bihurtu nahi dute, duela 50 urte bezala?
Gu hemen gizarte inklusioan ari gara lan egiten, ikasleei 16 urtera arte esparru berdinean lan egiteko aukerak emanez…
Pentsatzen dute zentralismo horrekin lortuko dituztela gauza guztiak. Nik berriro diot: hor dauzkagu adierazleak, eta Europakoekin eta beste autonomietakoekin egindako konparaketak. Bada garaia Jaurlaritzak gurea defendatzeko. Zergatik? Hoberenetarikoa delako. Baina lege berriarekin non gelditzen da berrikuntza pedagogikoa? Zertarako nahi da berrikuntza pedagogikoa, helburua emaitza akademikoa lortzea baldin bada? Ez bada sozializazioa, ekitatea, familiaren giroa?
Aitziber Martinez de Lagos: Ebaluazio- sistema hau guztiz baztertzailea da: batzuek balio dute eta besteek ez. Bi zentzutan da baztertzailea: zentralizazioa sustatzen du, eta jendarte eredu kapitalista eta patriarkalaren biziraupena bultzatzen du.
Imanol Zubizarreta: Ikastetxeen sailkapena egiteko bidea ere zabaltzen du. Legean argi azaltzen da aukera dagoela bakoitzak nahi duen zentroa egiteko, hau da, bikaintasuna lortzeko aukera eta baliabideak izango ditu. Esaterako, ikasleak onartzerakoan puntuazioaren % 20 jartzeko aukera
izango du. Ikastetxe batek ikasle onak bakarrik nahi baldin baditu, hori egiteko egitura antolatu dezake.
Koldo Tellitu: Mikelek esan duen moduan, hemengo emaitzak oso gertu daude ipinitako helburuetatik, eta era espezifiko batean landu barik joan dira lortzen. Baina ulertu behar dugu hau ez dagoela Euskal Herrira bideratuta, Espainia osora baizik, eta Espainian mezu horrek egin dezake bere bidea. Azken finean, nahiz eta batzuk esan Estatu Batuetako eredua dela, Alemaniako eredua da bete-betean. Wertek egin duena da Alemaniako ereduaren ezaugarri nagusiak hona ekarri. Eta mezu argia jarri du mahai gainean: hau da ikasle onak lortzeko bidea. Espainiako zenbait esparrutako emaitzak ikusita, uste dut mezu horrek bere bidea izan dezakeela. Baina hemen ez du heldulekurik. Guk emaitza onak ateratzeko bide hori egin dugulako jada.
Legeak nola eragin diezaioke euskal ikastetxeetako proiektu pedagogikoari?
Imanol Zubizarreta: Guk dauzkagun ezaugarri batzuk Mikelek aipatutakoak dira: inklusibitatea, dibertsifikazioko taldeak… Horregatik lortu dugu eskola-porrota txikiagoa izatea. Porrot batetik datozen ikasleei DBHn talde txikietan ikasten jarraitzeko aukera emateagatik. Legearekin garbi dago ez dela posible izango martxan jartzea horrelako neurriak. Oso zaila izango da ezaugarri horiekin eskola bakoitzak egitea bere hezkuntza-proiektua, zeren eta gehiena goitik etorriko baita nahikoa erabakita.
Mikel Ormazabal: Guk aberastasuna daukagu berrikuntza munduan. Eragile guztiok elkarrekin ari gara, kontsentsu handia dago, euskal curriculumarekin ere lortu zen kontsentsua, nahiz eta gero martxan jartzerakoan adostasun hori apurtu den pixka bat, zoritxarrez. Baina ahalegin hori
egin izan da hizkuntzaren arloan. Kontseiluaren inguruan dokumentu bat osatu zen, euskalduntze prozesuaz, errealitatetik idatzita, ez teorikoki hasita. Zergatik ez indartu hori berriro, eta euskal hezkuntza-lege propio bat ondo egin; badago euskal hezkuntza sistema publikoaren lege bat baina uste dut osatu beharko litzatekeela beste ezaugarri batzuekin. Badauzkagu hainbat baliabide, legeak ere eskumenak ematen dizkigu nolabait guk ere gurea propioa antolatzeko. Guk dauzkagun adierazleak dira gure aurkezpen txartela.
Imanol Zubizarreta: Orain arte eskola bakoitzak eduki du aukera curriculum propioa jartzeko bere hezkuntza-proiektuan. Zati batean behintzat. Baina argi dago honekin ez dela posible izango. Hainbat ikasgaitan dena dator goitik. Hori ikusita, oso zaila izango da eskola batek bere hezkuntza-proiektu propioa izatea. Ez dauka aukerarik hori aurrera emateko, dena eginda etorriko zaiolako.
Aitziber Martinez de Lagos: Hezkuntza eskubide unibertsal bezala ulertzeko moduan ere aldaketak etorriko direla aurreikusten dugu. Murrizketei eta abarri gehitu beharreko beste urrats bat da. Pertsona guztien aukera berdintasuna ez dago ziurtatuta eta ez da egongo ebaluazio sistema hori dela-eta. Eta ez dugu ahaztu behar segregazioaren kontua. Hor ere atzerapauso izugarria ematen du. Aukera berdintasuna ez bermatzea urte askotako atzerapauso ikaragarria da.
Koldo Tellitu: Ikastetxe batek nahi badu bere hezkuntza-proiektua aurrera eraman sekulako lana egin beharko du, bestela ezinezkoa da. Guk hemen ohitura dugu horrelako gauzak egiten, baina azken urteotan izan dugun markoa askoz hobea izan da, eta errazagoa izan da lan hori egitea. Hau indarrean ipintzen bada, hezkuntza propio bat nahi duen ikastetxeak sekulako lana egin beharko du.
Imanol Zubizarreta: Oso baldintzatuta egongo dira, Lehen Hezkuntzako 3. mailan ebaluaketa bat eta 6. mailan beste bat izango dutelako. Eta DBHn beste bat. Horri aurre egiteko badakizu zer egin behar den, eta baliabideak horretara jarri.
Koldo Tellitu: Ebaluaketari buruz legeak esaten duena ez dute aldatuko, nire ustez. Hizkuntzarena, susmoa dut baietz… Baina ebaluaketarena ez. Pibote bat delako. Ikastetxea kontrolatzeko bideak bi dira: edukiak eta ebaluaketa. Edukien bidez kontrolatzea zailagoa da, hor zirrikitu askoz gehiago dagoelako, baina ebaluaketarena arriskutsua da.
Hezkuntza-eredu propioa garatzeko zein aukera dago? Badago alternatibarik?
Imanol Zubizarreta: Gutxi. Arazo politiko bihurtu da azkenean. Madrildik datozen erasoek konponbide bat dute: Auzitegi Konstituzionala. Hemen behar dena aldaketa politikoa da.
Mikel Ormazabal: Amets egin nahi dut eta sinetsi, oinarrizko curriculuma egin genuen bezala, hari jarraipena eman eta hau toreatzen asmatuko dugula. Ditugun eskumenak hartu eta hezkuntza eragile guztiok elkartu, soinu gehiegi egin gabe baina adostasunera heldu, eta departamenduarekin lan egin. Ez dakit inozoa naizen, baina nahi dut sinetsi badaukagula hori egitea autonomia bezala.
Aitziber Martinez de Lagos: Ausardia, borondatea eta herri bezala pentsatzea behar dira alternatiba bat eraikitzeko. Eragileak eta elkarteak ez dira helburu, tresna baizik. Hori denok argi izan eta herri honek zer hezkuntza sistema eredu behar duen sakon gogoetatu behar dugu –hausnarketa horiek eginda daude, eta horren baitan tresnak sortuak daude–. Badirudi erasoen aurrean ezin dela ezer egin, baina Euskal Herrian ibilbide oparoa dugu eta ezinezkoak ziruditen gauza asko sortu izan dira: ikastolen mugimendua, ikasle mugimendua, sare publikoan euskararekin egindako ibilbidea, aisialdian eta unibertsitatean...
Mikel Ormazabal: Nik ez nuke sailkapenik egingo, nork egin duen gehiago, nork gutxiago… sistemaren erdigunean ikaslea dagoelako. Ikasleari eman behar diogu erantzuna, ez politikari. Ikasleak ditu eskumen guztiak, berdinak.
Aitziber Martinez de Lagos: Ados, bada goazen hartzera oinarri hori ikaslearen hobebeharrez. Zer egiteko gai gara edo prest gaude egiteko?
Koldo Tellitu: Eragileen artean zerbait adosteko, gutxieneko adostasun politikoa behar da. Guk bakarrik ezin dugu ezer egin, legeak baitaude. Derrigorrez behar da gutxieneko adostasun politikoa; gu gai baldin bagara adostasun bat lortzeko, politika mailan ere gauza bera egin behar da. Bestela oso zaila ikusten dut babes politikorik gabe, esaterako, eskola batek intsumisio jarrera hartzea legearen aurrean.
Aitziber Martinez de Lagos: Ados, baina nola lortuko dugu aldaketa politikoa? Agian gu mobilizatzen. Prest gaude eraso honen aurrean mobilizatzeko hemen gauden eragileok? Azken finean gu gara aldaketa politikoa eragingo duten eragileak. Hezkuntza komunitatea zain dago, ea zer gertatzen den galdezka, ez garelako atera gurea aldarrikatzera. Bulegoetan egingo dugu lan hori edo kalera aterako gara?
Koldo Tellitu: Nire ustez, estatuarekin konfrontazio politiko sakon batera garamatza honek. Eta gakoa izango da eragileok gai izatea alderdiei eta botere politikoari hori sinestarazteko. Egoera zehatz batean etorri da hau: denbora daramagu lege berri bat behar dugula aldarrikatzen, eta denok ados gaude hizkuntza-ereduan eta curriculumean. Finantzazio alorrean baino ez ditugu
ikuspegi ezberdinak. Legegintzaldiak pasa dira, eta EAEn dugun gabeziarik handiena da ez dugula corpus juridiko bat horren aurrean benetan sakonean egiteko. Hori aldarrikatu behar dugu, batetik lehendik genuen eskakizuna delako, eta, bestetik, Werten aurrean askoz ere gauza sakonagoa ipini behar dugulako orain.
Ikastetxe bakoitzak oso argi eduki beharko du zer apustu egiten duen: intsumisioa, pase forala… herri honek hamaika formula garatu ditu. Baina kontuz, erasoak erasoak dira. Ikastolako ikasle izan naiz, eta gogoratzen dut Villar Palasí legea atera zenean, ikastolan geundenok ez genuela titulurik izango zabaldu zela eta nire ikasgelako ikasleen erdia joan zen. Erasoak erasoak dira. Horren aurrean ausardia behar da. Lehenik eta behin, eragile guztiok lortu behar dugu lege berri baten inguruan botere politikoa baldintzatzea, eta hortik aurrera bakoitzak bere ikastetxean babes gehiagorekin jokatzea era batera edo bestera.
Ikasleak espainiartzea ere legearen xedeen artean dagoela aitortu du Wertek berak. Ikuspegi soziolinguistikotik zer ondorio izango ditu erreformak?
Imanol Zubizarreta: Euskara hirugarren mailakoa izango dela esan du ahoz, baina ez du legean jartzen.
Mikel Ormazabal: Ikastetxe bakoitzak egingo balu hizkuntza-proiektu koherente bat, lege honek ez lioke eraginik sortuko, edo behintzak ikastetxeak izango luke barne indarra aurrera jarraitzeko. Ikusirik beste autonomiek ez daukatela ezer eginda, guk ibilbide garrantzitsu bat daukagu eginda azken 30 urtean, emaitza izugarri onak lortu dituena, eta are hobeak ateratzea nahi dugu. Kontsentsu bat egon da euskalduntzearen inguruan, badira desadostasun batzuk baina uste dut lan handia eta ona egiten ari dela. Hizkuntza-proiektuari ematen diogu garrantzia, eta gizarteak epaitu egingo gaitu, orain arte epaitu egin gaituen bezala. Ondo egiten badugu, aurrera. Ni horretan oinarritzen naiz. Agian berriz ere inozoa naiz eta ametsetan ari naiz.
Imanol Zubizarreta: Legeak argi dio oreka egon beharra dagoela gaztelania eta euskararen artean. Baina zer da oreka? Presentzia berbera izango dutela gaztelaniak eta euskarak? Garbi dago gure esperientziatik horren ondorioak zeintzuk diren.
Aitziber Martinez de Lagos: Kontua da hastapenetik ez dagoela orekarik bi hizkuntzen artean. Oreka egon behar du zertan? Ordu kopuruan? Eta horrek ekarriko du oreka emaitzetan ere? Hori ez da egia. Gutxiagotua den hizkuntzari ordu gutxiago eskaintzeak ez dauka inolako zentzurik.
Koldo Tellitu: Legean ez dute zehaztu nahi izan zer nahi duten. Bota egin dute eta kitto. Baina interpretazio sakon bat egin nahi badugu, zer ari dira jartzen mahai gainean? Guk hemen argi duguna da gainditu egin behar dugula hizkuntza-ereduen planteamendua, eta Kontseiluan landu genuen proposamenak helburu hori du. Justu hori guztiz barneratuta daukagunean eragile guztiok, etortzen zaigu Madrilgo proposamena, zeinak luze jota nora eramaten gaituen, B eredua orokortzera. Sinplifikatzen ari naiz, jendeak berehala uler dezan.
Werten adierazpen lausoek adierazten dute, nire ustez, hizkuntzaren kontuan amore emango dutela. Hori da nire interpretazioa. Helburu nagusia curriculumean baitute. Erasoa hortik dator, eta hizkuntzarena amu moduan erabiltzen ari dira jendea horretan zentratzeko, eztabaida horretan sartu eta bestea isilarazteko. Horrek ez du esan nahi tentuz ibili behar ez garenik. Eta horren aurrean ere esan behar dugu ezinezkoa dela hemen aplikatzea, hemen gaur egun daukaguna jada gutxi delako guretzat.
Alderdi onik ikusten diozue lege-egitasmoari?
Imanol Zubizarreta: Zirriborro batetik bestera egongo ziren hobekuntza batzuk, baina ikusita nondik hasten garen, ez.
Aitziber Martinez de Lagos: Guk ezin diogu alderdi onik ikusi. Batetik, ez delako hezkuntza komunitatearekin hitz egin, alderdi politiko baten zirriborro bat da, estatu mailan eta herri honi inposatzen zaiona. Arlo pedagogikotik ere ez, ez dagoelako hezkuntza-komunitatean eztabaidatua. Eta are gutxiago da herri honetatik eta herri honentzat sortua, gure ezaugarriekin, baizik eta kanpotik ezarritakoa da, eta ez ditu dauzkagun eskumen gutxi horiek ere errespetatzen.
Imanol Zubizarreta: Eskola publikoaren aldetik, erlijioaren trataeran eta beste kontu batzuetan ere kriston atzerapausoa da.
Aitziber Martinez de Lagos: Murrizketak jarri dituzte krisi ekonomiko baten aitzakipean, baina gero momentu batean pertsona batek ez badu A ereduan ikasteko aukerarik administrazioak zuzenean ordainduko dio sare pribatuan plaza. Horretarako badago dirua.
Koldo Tellitu: Memoria ekonomikoa falta zaio legeari. Baina egiten duten planteamenduarekin zertarako behar du memoria ekonomikoa? Irakaskuntza merketuko du, hori ziur. Sistematik aterako du jendea oso azkar.
Zein enplazamendu egiten diezue Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari?
Imanol Zubizarreta: Berreskuratu dezala duela hiru urteko proposamena. PSE-EEk jarritako esperientzia horiek [3 elekoak] hiru urterako ziren eta orain ebaluatu beharko dira. Bitxia da, baina beste gobernu batek egin beharko du ebaluaketa hori. Nahiz eta hiru urte galdu, orain da momentua planteamendu hura berreskuratzeko, adostasun handia zegoelako, eta martxan jartzeko.
Koldo Tellitu: Madriletik datorren eraso honek ez du zertan gure ibilbidea baldintzatu. Jaurlaritzari eta administrazio guztiei eskatu behar zaiena, gure ikuspegitik, da hezkuntza-sistema osoa arautzen duen lege berri bat. 2013an gaude eta oraindik ez dugu lege hori. Eta daukagun paktua agortua dago orain dela 20 urte. Adostua dago lege horren oinarri nagusiak zeintzuk izan behar diren: hizkuntza-ereduen aldaketa eta gure curriculumaren garapena. Finantziazioaren alorra dago eztabaidatzeko, publiko-pribatua.
Imanol Zubizarreta: Lege hori adosteko arazo bera daukagu. Madriletik datorren legea beti egongo da gainetik.
Koldo Tellitu: Konfrontazio politikoan sartzen gara.
Imanol Zubizarreta: Marra gorriak ipini behar dira. Adostu hezkuntza-komunitatean, politikan eta gizarte mailan zeintzuk diren marra horiek. Eta gainditzen badira, denok aurka egitea, politikoak barne.
Mikel Ormazabal: Murrizketak aitzakia hartuz, ez ditzagun murriztu hainbat planteamendu, PSE-EErekin kolokan geratu direnak: berrikuntza, inklusioa, zailtasunak dituzten ikasleekin lan egitea… Daukagun dirua hobeto erabilita, murrizketarik egin gabe jarraitu dezakegula uste dut, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu nioke daukaguna ondo erabiltzea.
Aitziber Martinez de Lagos: Legea eskatzea agian berria da, baina berriro ere Oinarrizko Hezkuntza Akordioa gogora ekartzen dut, hori da kontsentsurik zabalena lortu zuena. Hor ez da bakarrik hizkuntza, curriculuma eta finantziazioaz hitz egiten –gainera, finantziazioarena badago definitua, publiko herritarra izan behar duela esaten du, eta nik uste dut hemen gaudenotatik asko ados agertu ginela–, legearen oinarriak zeintzuk diren ere markatua dago
akordio horretan. Hortik abiatutako eta Euskal Herri osorako pentsatutako lege batekin, ados. Bitarte horretan zer egin? Bulego batean negoziatzen ibili behar gara edo herri bezala pentsatu eta herriz herri joan ikastetxeetan tresna eraikitzaileak martxan jartzen? Bide horretan egin dezakegu Oinarrizko Hezkuntza Akordioak jasotzen duena.
Horrez gain, ez daukagu gunerik hezkuntza-sistema propioaren inguruan hausnartu, eztabaidatu eta proposamen berriak planteatzeko. Agian gune hori sortu behar dugu. Administrazioetatik gaindi. Agian orain da momentua herri bezala pentsatu eta eragiteko.
Koldo Tellitu: Jaurlaritzarentzat Werten erasoa estrategikoki pagotxa da. Horren aurka jo besterik ez badu egiten, oso eroso egongo da Jaurlaritza. Guk eragileok egin behar duguna da erasoari erantzuteaz gain, lehendik pendiente zeuden hainbat konturi heltzera behartu Jaurlaritza. Bestela aukera paregabea du beste lau urte ezer egin gabe pasatzeko.