Jaiotzean ez gara ez neska, ez mutil

2013-03-26

Generoa eraiki egiten da. Ikasi egiten da neskak edo mutilak bezala pentsatzen, jokatzen eta sentitzen. Genero-rolek eta estereotipoek norbera pertsona gisa
garatzea oztopatzen dutela ikusten duten guraso eta hezitzaileek, kontzienteki
aldatu behar dituzte jarrerak eta jokaerak haurrak hezkidetzan hezi nahi badituzte.

 
 
Jaiotzean ez gara ez neska, ez mutil

Gero eta guraso gehiagok hezi nahi dituzte euren seme-alabak berdintasunean, genero-estereotipoetatik at eta identitate sexual aske bat garatuz. Jarrera sexistak saihesten saiatzen dira: alabei baloiak ematen dizkiete jolasteko, semeei panpinak; arrosa eta urdina biei janzten dizkiete... Baina, hala eta guztiz ere, sarri aurkitzen dute euren burua noraezean: zer egin semeak eskolara joateko soinekoa jantzi nahi duela esaten dizunean? edo alabak, “amak bezala”, etxeko lanak egitera soilik jolastu nahi duenean? “Haurrak hezkidetzan hezteko lehenik eta behin norberak kontzientzia hartu behar du, hau da, betaurrekoak aldatu behar ditu”, azaldu du Izaskun Guarrotxena Bizkaiko Urtxintxako hezitzaileak.

Generoa zer den ulertzea da beronek ezartzen dituen rol eta estereotipoak desmuntatzeko lehen pausoa. “Haur bat, jaiotzen den unetik, bere sozializazio-prozesuan zehar, jasotzen eta ikasten duen guztiarekin, generoa eraikitzen ari da; genero-eraikuntza hori ez da askea: jendarte honetan emakumezkoa ala gizonezkoa izan behar zara”, azaldu du Guarrotxenak. Sexuaren arabera, genero bat ala beste ezartzen zaio, beraz, pertsonari, rol batzuk ala besteak. Era horretan, haurra jaio aurretik ere, izango denaren proiek-zioa egiten hasten dira ingurukoak, jokatuko dituen eta ez dituen rolak aurreikusten, haurdunalditik beretik, lehen galdera ez bada, bigarrena baita, “neska ala mutila izango da?”. Ondorioz, neska edo mutila izan, batzuengandik eta besteengandik espero dena desberdina izan ohi da.

Mundua bitan banatua dagoela iruditu arren, banaketa hori ez da berezkoa, kulturaren arabera ezarritakoa baizik —gure kasuan, erlijio kristautik eratorritako kulturaren araberakoa, nagusiki—. Biologian oinarritzen da, ustez, banaketa binario hori: sexu arrarekin jaio direnak gizonezkoen generoaren kaxoian sartzen ditugu, eta, biologikoki eme jaiotzen direnak, beste kaxoian, emakumeen generoari dagokionean. Horrela, gizarte honetan bi kaxoi bakarrik daudela dirudi. Alabaina, biologiak berak desmuntatzen du jendartea bitan banatzeko berari atxikitzen zaion arrazoia: gauza  jakina da arren eta emeen artean, badaudela jaiotzez intersexuak diren pertsonak edo bi sexuekin jaiotzen direnak —bietarik bat, sarri arra, kentzen zaie normalki—.

Zergatik bereizten dira orduan bi genero? Horrela azaltzen du Lola Ferreiro Diaz ikertzaileak: “Hasiera-hasieran, gizonak emakumearekiko jabekuntza eskuratu ondoren sortu ziren genero-sistemak, era horretan soilik lor zezakeen boterean betierekotzea. Beraz, genero-rolak izaeran finkatutako kontrol-azpisistema bat dira, elementu kontzientedun eta inkontzienteduna”.

Ikasitakoa zalantzan jarri
Generoa eraiki egiten da, beraz, garapen-prozesuan; hezi. Ikasi egiten da neska ala mutil izaten, ezarrita eta errotuta dauden eredu eta patroi batzuen arabera. “Eskolan, etxean eta kalean ikasi egiten da neska ala mutil gisa jokatzen, pentsatzen eta sentitzen, nahiz eta sarri modu inkontzientean izan”, Guarrotxenaren arabera. “Eta argiak dira sentitzeko, pentsatzeko eta jokatzeko eredu binario horren ondorioak gure jendartean, hasi itxura fisikoan duen eraginetik —janzkeran, koloreetan edota gorpuzkeran, kasu— eta emozioen kudeaketaraino”.

Neskak, abiapuntutik, diskriminazio-egoera batean ezartzen ditu, eta mutilak harremanetan —hala nola adiskide-, bikote- nahiz lan-harremanetan— botere postuetan egoteko hazten diren neurrian, bestelako emozio eta sentimenduak ukatuak izango zaizkie. Txiki-txikitatik negarra ukatzen zaie mutilei, adibidez, eta hortik, beste zenbait emozio garatzea ere bai.
Neskei agresibitatea ukatzen zaie, agresibitateari betoa jarri behar dio eta frustrazioak erreprimitu behar ditu, genero femeninoari ez baitzaio jokabide oldarkorrik onartzen jendarte honetan; aldiz, mutilen kasuan agresibitatea baimendu eta, are gehiago, sustatu egiten da  —kirol lehiakorren eta jostailuen bidez—, eta eredu maskulinoan frustrazioaren arazoa helburua lortzen denean konpondu egiten da. Ondorioz, Ferreirok dioenez, gizonek beren helburuak askoz ere gehiagotan lortzen dituzte, edo bestela, agresibitatez gailentzeko hezita daude; eta emakumeek, aldiz, helburuak erdietsi gabe amore ematen dute, euren nahiak deslegitimizatzera ohitzen baitira.
 
Kontzientzia hartu
Hezkidetzan hezteko, bi generoen dikotomia apurtzeko, botere harremanak deusezteko eta identitate sexual askeak sortzeko, esan bezala, ez da aski hori nahi izatea. Izan ere, gaur eguneko helduok eredu sexista baten arabera sozializatu gara, eta genero-sistema horren arabera garatu dugu adimena, gizarteratzea, emozioak (arlo afektiboan), balioak eta gaitasunak, eta gorputza bera. Gizartean eta eskolan eredu androzentrista denez nagusi, eta tradizioz gizonezkoek egin dituzten gauzak nabarmentzen eta balioesten direnez, horren aurka kontzienteki egin ezean, jarrera sexistak hartzera ohituak gaudela dio Guarrotxenak. “Kontzienteki gauzak beste era batera egin ezean, jendarteko eskema sexistak erreproduzitzen ditugu, edo bestela, neskek balio, gaitasun eta jarrera maskulinoetarantz jotzea bultzatzen dugu, horiek baitira jendartean balioa eta arrakasta dutenak”.Maskulinitate hegemoniko hori zabaltzen ari da nesken artean ere, Bea Ugarte Gasteizko Berri-tzeguneko aholkulariaren arabera. “Larria da”, dio Ugartek, “gustatzen ez zaizkigun balio maskulino asko (pertsonaren zoriontasunerako kaltegarriak direlako) barneratzen ari dira neskak ere, berdin sentitzeko”.

Asko dira landu beharreko esparruak haurrak hezkidetzan hezteko, baina, hasteko, zaindu beharreko lau faktore nabarmendu ditu Izaskun Guarrotxenak:

1-Helduen jarrerak: bai gurasoen eta baita hezitzaileen jarrerak zain-tzea lehenesten du, bizitzako lehen urteetan haurrek helduen jarreretatik jasotzen baitute gehien. Eta jarrerek, azken batean, sinesmenak, sentimenduak eta ekintzak azal-tzen dituzte, eta horrela alda litezke ohiturak. Haurrei nola zuzentzen gatzaizkien behatzera gonbidatzen ditu guraso eta helduak, baina baita helduen arteko jarrerak zaintzera ere: 
*Zer hitz —zer adjektibo— erabil-
tzen ditugu neskei eta mutilei zuzentzeko? Zein doinu? Gorputzarekin zer adierazten diegu? Nola ukitzen ditugu? Nola besarkatzen?
*Nola komunikatzen gara helduok? Nork zer rol jokatzen du etxean? Berdintasunean harremantzen gara?

2-Hezkuntza afektibo sexuala:
sexualitatea askatzailea eta osasungarria dela ulertu eta adierazi beharrean, gaiaren inguruan ikuspegi heteropatriarkala nagusitzen dela oraindik dio Guarrotxenak. Beraz, sexualitatea plazer iturri dela ulertzea eta hala bizitzea da lehen urratsa, eta plazera motor motibagarri garrantzitsu bat dela ulertzea.

3-Jolasak: haurren sozializazio-prozesuan eta mundua ulertzen ikasteko prozesuan jolasak duen garrantzia ikusirik, jolasen gainean —proposamenetan, materialetan eta erabilpenean— “betaurrekoak jantzita” izatea komenigarritzat jotzen du Guarrotxenak. “Jolasak ez dira berez sexistak ez lehiakorrak, norberak bihur ditzake hala”. 

4-Ipuinak: haurraren imaginarioa sortzeko garaian ipuinek duten garrantziaz jabeturik, zer nolako ipuin ereduak proposatzen zaizkien aztertu behar da:
*Zein dira protagonistak? Zein roletan agertzen dira gizonak eta emakumezkoak? Zer itxura dute batzuek eta besteek? Zer bikote- eta familia-eredu azaltzen dira?