Luzaro psikomotrizitate eskolak 25 urte egin ditu
Hogeita bost urte egin ditu UNEDeko Luzaro psikomotrizitate eskolak irakasleen eta hezitzaileen formazioan laguntzen. Hiru arlotan banaturiko prestakuntza integrala eskaintzen du Luzarok: teorikoan, praktikoan eta pertsonalean. Azken hori da Luzaroren berezitasunetako bat. “Uste dugu zenbait ideia ezin direla teoriaren bidez bakarrik transmititu, baizik eta pertsonak bizi egin behar ditu benetan integratzeko, eta ondoren bere lanean esperimentatzeko”. Haurrarekiko eta helduarekio errespetuan, autonomian eta gaitasunetan oinarritutako prestakuntza jorratzen du Bergarako psikomotrizitate eskolak, eta koherentzia da bere jardunaren hitz klabea: psikomotrizitate gelan haurra ulertzeko eta aztertzeko jarrera bera aplikatzen du ikasleen formazioan. Alvaro Beñaran eta Natividad Sanchez Luzaroko irakasleekin mintzatu gara.
Bergarako UNED Espainiako Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitatearen babespean sortu zen Luzaro psikomotrizitate eskola, 1987. urtearen bukaeran. Urtebete lehenago, Euskal Herria, Madril, Bartzelona eta Murtziako zenbait hezitzaile elkartzen hasi ziren (Juanjo Quintela, Luis Mendez, Miguel Dominguez Sevillano, Mari Jose Insausti, Margarita Aresti eta Maria Jesus Uranga) eta Bernard Aucouturier frantziarraren psikomotrizitate praktiketan oinarritutako eskolaren proiektua landu zuten. Eusko Jaurlaritzari eta UNEDeko zuzendaritzari aurkeztu zieten egitasmoa 1987ko uztailean, eta hilabete geroago Asefop elkarteak (Psikomotrizitate Praktikarako Europarako Eskolen Elkartea) proiektua aintzatetsi zuen. Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez zuen erantzunik eman, baina hala ere, hezitzaileek eta UNEDeko zuzendaritzak proiektuarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten, aurrekontuetan aldaketa nabarmenak eginda. Hiru sentsibilizazio ikastaro antolatu zituzten, bi urteko ikastaroa hasi baino lehenagoko urrats gisa, eta 1988ko urtarrilean bi urteko lehen ikastaroan izena emateko epea zabaldu zuten. Luzaroren lehen promozio hartako ikasleen artean, Alvaro Beñaran eta Natividad Sanchez zeuden. Geroztik, Luzarori lotuta daude biak: Sanchez koordinatzaile lanetan aritu da hainbat urtez eta Beñaran irakasle da 1994az geroztik.
Egonkortasuna eta “nolabaiteko ofizialtasuna” lortu ditu Luzarok 25 urte hauetan. Izan ere, psikomotrizitate titulu ofizialik ez dago Espainiako Estatuan, ez da existitzen psikomotrizista profesionalaren figura, baina hori ez da arazo izan urtero formakuntza jaso nahi duten ikasleen “eskaera handia” izateko –hala ere, 72 ikaslerentzako tokia baino ez dago, prestakuntza behar adina kalitatearekin egin ahal izango dela bermatzeko–. Luzarora jotzen duten ikasleak “ez dira titulu bila etortzen, formazio bila baizik”, azpimarratu du Sanchezek. Bestalde, hezkuntza mailan eta instituzioen aitortzaren aldetik “gure praktika i-ia ofiziala da”, dio Beñaranek, “Euskal Herriko eskoletan psikomotrizitateaz hitz egiten denean gure praktikaz hitz egiten da, eta diputazioetan eta udaletan, zailtasunak dituzten haurrekin lan egiteko profesionalak eskatzen dituztenean, gure praktiketan formatutako profesionalak izaten dira askotan”.
Mende laurden honetan, gizartea eta ikastetxeetako errealitatea asko aldatu arren, Bertrand Aucouturierren marko teorikoari eutsi dio Luzarok –Aucouturier bera psikomotrizitate eskolaren zuzendari zientifikoa izan da duela hiru urtera arte–, estrategia berriak sartu dira, baina printzipioak gorde ditu. Egonkortasun hori harro egoteko modukotzat hartzen dute Beñaranek eta Sanchezek; izan ere, hezkuntzan azken boladako korronte teorikoen menpe aritzeko joera oso zabalduta dagoela uste du Beñaranek. “Hezkuntzan aldian aldiko korronteak sarri etortzen dira, eta benetan ulertu eta behar den bezala aplikatu gabe gainditzen dira. Kasu gehienetan sinplifikazioak egiten ditugu, besteek esandakoetan oinarriturik. Sakontasuna falta da”.
Juan Jose Alvarez UNEDeko zuzendari ohiak hasieratik emandako babesa eskertu dute Beñaranek eta Sanchezek. “Beti esaten du Psikomotrizitate Eskola dela UNEDen bandera-ontzia”. Iñaki Esparza UNEDeko egungo zuzendariak, Manolo Cainzos Psikopedagogiako koordinatzaileak eta UNEDeko Idazkaritzako langileek eskolaren alde egindakoa ere nabarmendu dute. Gaurko egunean, haurren hezkuntzako alorrean ari diren taldeen aldetik, batez ere ikastetxeetatik, eskaera handia dago umeen heltze-prozesuan psikomotrizitateak duen garrantzia ulertzeko eta garatzeko. Hori dela eta, urteak igaro ahala beste hainbat jarduera antolatzeko eta prestakuntza dibertsifikatzeko erabakia hartu dute Luzaroko arduradunek. Horien artean azpimarratzekoak dira Etengabeko Prestakuntza ikastaroak eta bi urtez behin antolatzen dituzten Jardunaldiak, hezkuntzako psikomotrizitate-praktikak bukatu dituzten ikasleen beharrak asetzeko sortutakoak. Halaber, Cuadernos de Psicomotricidad aldizkaria argitaratzen dute, ikastetxeentzat aholkularitza lana egiten dute, eta lankidetza jorratzen dute Asefopen barruan dauden beste herrialdeetako eskolekin. Halaber, prestakuntza modulo berri bat zabaldu zuten 2005ean, zailtasunak dituzten haurrekin lan egiteko psikomotrizitate laguntzakoa.
Haurraren prozesua
Duela hogeita bost urte ez bezala, psikomotrizitateaz asko hitz egiten da gaur egun, eta nolabaiteko adostasuna dago “umea globaltasunean hartzen” duen praktika gisa definitzerakoan, baina definizio hori praktikara eramateko joera ezberdinak daude. “Helduaren ikuspegitik, haurra bere osotasunean errespetatzean” datza psikomotrizistaren lana, dio Beñaranek. Luzaroko irakasleei “haurraren heldutasun psikologikoaren prozesua” interesatzen zaie. “Haurrak heldutasun psikologikorako prozesu bat egiten du bizitzan. Hasieran organismo bat da, garatu ahala psikismoa sortuz joaten da eta harremanak direla medio heldutasunera iristen da maila afektiboan, kognitiboan eta fisikoan. Prozesu hori interesatzen zaigu, badakigulako zailtasunak izaten direla prozesu horretan, haurrek larritasunak eta angustiak bizi dituztela, norberak bere buruarekikoak zein besteekikoak (atxikimendua, banaketa...). Larritasun horien aurrean bere burua ziurtatzeko baliabideak sortzeko aukera bat eskaintzen dio psikomotrizitateak haurrari”. Baliabide horiek sortu ahal izateko ingurugiro bat eskaintzen diote haurrari, denbora bat, espazio bat, material bat eta heldu bat jartzen dituzte haurraren eskura, baina “ez dugu haurra zuzentzen, ez diogu irakasten nola sortu baliabide horiek”, zehaztu du Beñaranek. “Gure metodologian oinarrituta, bere historia behatu eta aztertzen dugu”, erantsi du Sanchezek. Haurraren eta helduaren arteko harremanean oinarritutako metodologia da, ez teknikan.
Luzaroko irakasleen psikomotrizitate saio bakoitzak ibilbide bat du, norabide batekin: sentsazioetatik pentsamoldera. Hasieran, gorputzean eta sentsazioetan zentratzen dira haurrak: koltxonetan bota, erori, txiribueltak egin, korrika... “Haurra gorputzean ondo sustraitzea” dute helburu praktika horiek, “gure hipotesia baita gorputzean grabatuta daudela norberaren historia, afektuak... Horiek ukitzean hasten dira konektatzen irudiak. Sentsazio eta emozio horiek irudiekin integratzea nahi dugu, eta hori lortzen bada, haurra jolasten hasten da, espazioa eraikitzen eta maila sinboliko ezberdinetan gora eta gora egiten. Eta buka dezake pentsamenduan, hitzen alorrean eraikuntzak egiten”. Ibilbidean zehar haurrek erakusten dute nola aurkitzen diren, eta psikomotriztistek lagundu egiten diete, “ahal dugun neurrian”, ondo egoten eta aurrera egiten, baina beti “plazeraren bidez eta haurrek eurek erabakita”, adierazi du Sanchezek. Saioaren amaieran, sentitu eta jolastu ostean, errepresentazio txokoan esertzen dira; lasaitasunerako momentua da. “Emozionalki lasai sentitzen direnean gai dira ipuin bat entzuteko edo kontatzeko, marrazteko, hitz egiteko, plastilina lantzeko...”. Prozesu osoan helduak hartzen duen jarrerari funtsezko garrantzia ematen diote Luzaroko irakasleek: “gai izan behar du umea behatzeko eta ulertzeko, eta hor sartzen da jokoan helduaren prestakuntza”.
Luzarok eskaintzen duen bi urteko ikastaroak prestakuntza teorikoa, praktikoa eta pertsonala barnebiltzen du. Azken hori, prestakuntza pertsonala, Luzaroren berezitasunetako bat da sorreratik. “Oso inportantea da helduak haurrarekin dagoenean ondo bereiztea zer den haurrarena eta zer den berea. Jakin behar du non dituen hutsuneak, non dagoen gustura, zer nolako haurrekin identifikatzen den gehiago, zer nolako haurrak ez dituen onartzen... Horretarako, alegia, bere lana hobeto bideratzeko, beharrezkoa du prestakuntza pertsonala. Zenbait ideia ezin dira teoriaren bidez bakarrik transmititu, bizi egin behar dira benetan barneratzeko eta norbere lantokian esperimentatzeko. Esaterako, gerta daiteke pertsona batek enpatiari buruzko teoria guztiak ezagutzea baina pertsona bera enpatikoa ez izatea. Guri interesatzen zaiguna da ikustea ea pertsona hori gai den umearekin enpatizatzeko eta umearen irakurketa egiteko. Beste horrenbeste esan daiteke errespetuaz. Horrelako baloreak ezin dira ahoz transmititu, bizi egin behar dira”.
Zer egin eta nola egin
Aldi berean, elkarri lotuta, eta batetik besterako joan-etorri etengabean garatzen dituzte prestakuntza pertsonala, teorikoa eta praktikoa. “Teoria inportantea da baldin eta laguntzen badigu haurrarekin bizi duguna argitzen. Ez dugu teoria plazer intelektualerako bakarrik nahi, praktikan aritzeko teoria interesatzen zaigu. Ez da hain inportantea esaten duzuna, egiten duzuna eta nola egiten duzun baizik ”. Nola egin horretan, helduaren autonomia ardatzean jartzen du Luzarok. Izan ere, ñabardura garrantzitsua egin du Beñarak: Luzarok ez ditu pertsonak formatzen, “haien formazioan lagundu egiten du. Ez diegu esaten zer dagoen ondo eta zer gaizki, horrek guretzako baliorik ez duelako. Prozesua da balio duena: helduari ispilu bat jartzen diogu, bera transformatzeko eta aurrera egiteko”. Alegia, psikomotrizitate gelan haurrekiko duten ikuspegiarekin koherentea den jarrera aplikatzen dute helduaren formazioan. Formazio instruktibista baztertzen du.
Hortaz, hasiera ez da erraza izaten ikasleentzat. “Inseguritatea” egon ohi da abiapuntuan, harridura ere bai, “eta gure eginkizuna da pertsona seguru sentiaraztea, baina ez zuzentzen, baizik eta bere buruari eusten. Donald Winnicotten esaldi famatua (amak eusten dio umeari, nork eusten dio amari?) gurera ekartzen dugu: profesionalak (psikomotrizista, hezitzailea...) eutsi behar die haurrei, baina nork eusten dio profesionalari?”. Izan ere, haur txikiekin egindako lan pertsonala “lan zaila” dela dio psikomotrizista eta pedagogo terapeutak: “Umeei gertatzen zaizkien gauzek zerikusi handia dute norbere historiarekin, norbere sustraiekin, eta emozionalki asko ukitzen dute heldua. Hortaz, haurrekin lan egiten duenak oso ondo egon behar du emozionalki, ondo eutsita, bere burua ondo ezagutu behar du. Gu saiatzen gara helduak ondo estrukturatzen, ahalik eta lasaitasun handienaz egin dezaten beren lana”.
Gizartean eta hezkuntzan nagusi diren ikuspegiak eta joerak bestelakoak dira ordea, “zuzentzera eta eztabaidatzera jotzen dugu, eremu horretan seguruago sentitzen garelako”. Aldiz, Luzaroren lan egiteko moduak ahalegin bat eskatzen dio ikasleari, “tentsio jasangarriari eusteko prest egon behar du, etengabe gogoratu behar ditu zeintzuk diren gure printzipioak, hala ez bada zailtasunak agertzen direnean oso erraza delako beste jarrera bat hartzea”. Bizi duten esperientziak barruak mugiarazten dizkie sarri, eta haurra ikusteko eta harekin lan egiteko moduan ez ezik maila pertsonalean ere aldaketak ekartzen dizkie. “Maiz esaten digute formatzeaz gain bizitza pertsonalean transformazioak sumatu dituztela, baita hezitzaile gisa. Haurra hobeto ezagutzeko ez ezik eurak aldatzeko ere balio izan die prestakuntzak”, dio Sanchezek. “Jendea ez da gehiago gustura sentitzen besteak zuzentzen”, gaineratu du Alvaro Beñaranek.
Bere sorreratik hainbat printzipiorekiko atxikimendua du gorde du Luzarok. Horietako lehenengoa, errespetua da, haurrari zein helduari. “Argi daukagu pertsona bakoitza seguru sentitu behar dela, ez arriskuan. Guk pertsonari laguntzen diogu egoera horretatik ateratzen, izan haur izan heldu. Horretarako, gure protokoloak ditugu: ikuskapenak egiten ditugu, elkarrizketak talde txikietan...”.
Autonomia da beste printzipioetako bat. “Pertsonak bere burua transformatzeko duen gaitasuna interesatzen zaigu; ikastaroan erakusten badu gaitasun hori, guretzat nahikoa da”. Bestalde, ez dute epairik ematen, ezta ebaluaketarik egiten ere. “Guk jarrera bat transmititzen dugu, ez iritzi bat; pertsonak sentitu behar du aurrera egiteko bide bat daukala. Ez du zertan egiten duena kopiatu behar; probatu, aldatu, esperimentatu behar du, zentzudun jokatu”. Azkenik, pertsonaren gaitasunari erreparatzen diote Luzaron, ez zailtasunei. “Elkarrizketetan ikasleei egiten diegun lehen galdera da nola sentitu den, nola ikusten duen bere burua.... Pertsonaren gaitasunak ikusi eta azaleratu nahi ditugu, hark bere erantzunak aurkitu ahal izateko”.
Ikastaroan izena eman ahal izateko, ikasketak bukatuta edukitzea eta gutxienez 3 urteko lan esperientzia izatea eskatzen dute. Horrez gain, prestakuntza hasi aurretik sentsibilizazio ikastaroa egin behar dute ikasle guztiek, prestakuntzaren nondik norakoa jasotzeko eta egon litezkeen zalantzak argitzeko. Lehen ikasturtean, haurraren behaketa da ardatza. Luzaroko irakasleek psikomotrizitatea lantzen duten lekuetara joaten dira ikasleak eta ikusten dute nola egiten duten lan. “Gu ez gara teorikoak, gu praktikan ari gara, lanean, eta ikasleek ikusten gaituzte, ez dugu ezer ezkutatzen. Horrek garrantzia du, ikusten dutelako ez dagoela uniformitaterik gure artean, printzipioetan bat gatozela baina psikomotrizitatea lantzeko oso estilo ezberdinak daudela. Horrek segurtasun eta askatasun handia ematen die ikasleei,ohartzen dira beraiek ere sor dezaketela”.
Bigarren ikasturtean, praktika autonomoak egin behar dituzte ikasleek, euren lantokietan, eta irakasleak dira joaten direnak gainbegiratzea in situ egitera. Ikasleek erabaki propioak hartu eta esperimentatzeko momentua izaten da. “Guk aholkatzen diegu lehen urtean ortodoxoak izatea, eta prozesu bat egin ostean hastea probatzen eta autonomoak izaten. Halaber, estrategia berri bat aplikatzen dutenean, baloratu behar dute lortzen dena gure printzipioekin koherentea den, alegia, ea erabakitako estrategia horrek autonomia ematen dion haurrari”. Beñaranek aitortu duenez, askotan “irakasleak baino hobeto” asmatu egiten dute ikasleek euren erabakietan.
Ondoren dator praktiken memoria aurkeztea ikasle bakoitzak. “Memoria horretan ikusten da zein den ikaslearen egoera maila pertsonalean zein umearekikoan. Prozesua integratzen, azaltzen, bere lanarekiko distantzia hartzen eta gogoeta egiten kapaza dela erakusteko momentua da; bizitako esperientziari hitza jartzen dio”. Horrekin nahikoa izaten da, ez dago ebaluaketarik, ez dago notarik. Beñaranek berriz gogoratu duenez, “guk ez dugu epaitzen, ez dugu esaten zer dagoen ondo eta zer gaizki; guretzat prozesua da balio duena”.
---------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
“IRTENBIDE PERFEKTUA" EMAN ORDEZ, GURASOEI KONPETENTEAK IZATEN LAGUNDU
Hezkuntzaren esparruan egun premiazkoa den behar bati erantzuteko, prestakuntza-modulu bat eskaintzen du Luzarok 2005. urteaz geroztik. Heltze-prozesua modu orekatuan egiteko zailtasunak dituzten umeei psikomotrizitatearen bidez laguntzeko aukera jartzen dute gurasoen eskura. “Psikomotrizitate gelan ebaluaketa bat egiten dugu, haurra globaltasunean hartzen dugu, zertan lagundu dezakegun aztertzen dugu, eta ikusten badugu haurrak bide bat egin dezakeela gelan eta gurasoak prest baldin badaude, aurrera egiten dugu”, azaldu du Nati Sanchezek. Zailtasunak gainditzeko baliabideak sortzeko ezintasunen bat duten umeak eskolaren esparruan hauteman daitezke.
“Ezintasun hori mota askotakoa izan daiteke: organikoa, harremanetarakoa... Kasuotan, haurra blokeatu egiten da, ezin du baliabiderik sortu, eta lan espefizikoa egin behar da harekin. Haurraren mundu arkaikoan sartzen gara orduan, bizitzaren hastapenetara joaten gara”, azaldu du Alvaro Beñaranek. Zailtasunak dituzten haurrek ezaugarri komun batzuk dituzte. “Sinbolizazio zailtasunak dituzte (hori argi ikusten da jolasterakoan, arazoak dituzte), komunikazioan zailtasunak... Esan daiteke haur horiek ezin izan dutela bestea eraiki behar den bezala, arrazoi batengatik edo bestearengatik bestea beren bizitzan ez da agertu behar den bezala”. Luzaroko psikomotrizisten zeregina bestea eraikitzea da, “saiatzen gara haurrarentzat bestea izaten, sinbolizatzeko aukera ere irekitzen. Hori da gure funtsezko lana”. Ez dira sintometan oinarritzen. Esaterako, haur batek hitz egiteko arazoak baldin baditu, logopedara eraman aurretik arazoaren muina non dagoen aztertu beharra dagoela uste dute. “Komunikazio arazoak egon daitezke ezintasun horren muinean, eta horiek desataskatu beharra dago lehenik eta behin. Haurrarengan komunikatzeko gogoa piztu behar da, eta hori lortu ondoren, seguruenik, logopedarengana eraman beharko da, hitz egiten ikasteko”.
Izan ere, psikomotrizistaren esku-hartzea nahikoa izaten da batzuetan, baina beste batzuetan espezialista batengana jo beharra dago. Alde horretatik, “oso inportantea da gurasoei espektatiba faltsuak ez ematea, argi adieraztea zer egin dezakegun eta zer ez”, azpimarratu du Beñaranek. Izan ere, sarri “irtenbide perfektuaren bila” joaten dira gurasoak haiengana, “baina guk ez diegu hori eman behar, beste zerbait baizik: sinestarazi behar diegu eurek ere badutela erantzun egoki bat”. Psikomotrizitate gelan haurrekin eta prestakuntza ikastaroan helduekin izan ohi duten jarrera bera izaten dute gurasoekiko harremanetan. Berriz ere, koherentzia da hitza. “Konpetenteak izaten laguntzen diegu, segurtasuna eta autonomia ematen saiatzen gara, errespetuz tratazen...”. Gaur egungo gurasoengan, “hauskortasuna eta inseguritatea” antzematen dituzte Beñaranek eta Sanchezek.