Unibertsitatean irakasle titulua
atera duenari eskolako ateak irekitzen zaizkio, badu homologazioa irakaskuntzan aritzeko. Ziurrenik, ordea, unibertsitatean eskuratutako jakintza eta gaitasunak ez dira nahikoa izango bizitza osoan irakasle izateari eusteko. Are gehiago, abiada bizian aldatzen ari den gizartean, beste lanbideak bezalaxe, irakasleen lanak ere asko eboluzionatu baitu azken urteetan. Hezkuntzak bizi duen orientabide “kudeatzaileaz” hitz egiten da edota irakaskuntzaren “zenbakikeriaz” (emaitzetarako bideratutako hezkuntza), eta horri gehitu behar zaio, sarri irakasleek, irakasteaz gain, laguntzaile psikologiko eta sozial lanak egin behar izaten dituztela, gazteriaren kulturatik at dauden balioen transmititzaile direla, etab.
Egoera konplexu horretan moldatuko diren ondo prestatutako irakasleengan jartzen da begirada, baina unibertsitatetik atera berri den irakasleak ereduak behar ditu, erreferentziak, baliabideak eta laguntza. Beste esparru batzuetan esan ohi da arituz
ikasten dela ofizioa eta gauza bera gertatzen da irakaskuntzan ere. Norbere burua lanean ikusi eta aztertzean konturatzen dira irakasle asko, aurrez uste zutenaren kontrara, ikasle batzuei ia kasurik ez dietela egin, uste baino azkarrago hitz egin dutela edota azaldutakoa ikasle gutxi batzuek baino ez dutela ulertu.
Horrexegatik, irakasleen prestakuntzarako azken joerak gelako jardunean egiten den lanaren analisian oinarritzen dira. Eta zentzu horretan, unibertsitate aldian eskoletan egiten diren praktikek berebiziko garrantzia hartzen dute.
Baina, nola “profesionalizatzen” dira irakasleak? Zer arazori egin behar diete aurre hasiberriek ofizioan hastean? Nola ikasten da irakasle ofizioa? Azkartu liteke profesionalizazioa?
Irakasle eskarmentudunek zer egiteko lukete hasiberrien prestaketan? Galdera horiei erantzuteko eta XXI. menderako irakasleak prestatzeko Hiprest iker-sarea sortu dute EHUko BERBA taldeko eta Mondragon Unibertsitateko MIKER taldeko irakasleek, Genevako Unibertsitateko CRAFT taldeko Itziar Plazaolaren laguntzarekin.
Hizkuntzaren irakaskuntzako irakasleak formatzen aritzen diren EHUko eta MUko formatzaile-ikertzaileek osatzen dute beraz Euskal Herriko Hiprest ikerketa-sarea. Orain dela hiru urte inguru sortu zen, irakasle-gaien edota irakasle hasiberrien prestakuntzarekin arduratuta zebiltzan irakasle multzo baten artean. Irakasleen profesionalizazioa ikertzea eta lantzea da taldearen helburua, eta oro har, didaktikaren eta pedagogiaren alorrak jorratzen badituzte ere, hizkuntzako irakasleen prestakuntzan zentratzen dira. Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza nahiz hasierako prestakuntza eta etengabeko prestakuntza dituzte jomugan. Xede beraren inguruan indarrak batu
eta elkarlanean aritzeko elkartu dira, eta jardunean denbora asko ez badaramate ere, hasi dira hainbat jardunaldi, artikulu eta ekimen burutzen, eta barne lanak ere aurrera doaz. Hiprest taldeak Donostian egin duen bilera batean elkartu da hik hasi Uri Ruiz Bikandi BERBA taldeko ordezkariarekin, Matilde Sainz MIKER taldekoarekin eta Itziar Plazaola Genevako Unibertsitateko ikerlariarekin.
Formaziorako bide berri bat ireki nahian sortu zuten Hiprest eta horretan dihardute. Bide berri horren muinean irakaskuntza jarduera dago, praktika aztertzea eta praktika egunerokoan txertatzea, finean irakasle-gaia irakaskuntza praktikarako, irakats-jardueretarako prestatzea da xedea. Ekintza-teorietan oinarrituz, irakasle hasiberriaren esperientzia dute aztergai. Irakats-jardueraren azterketa egin nahi dute irakaslearen prestakuntza bultzatzeko eta, aldi berean,
ikertzeko.
Sainzek azaldu bezala, profesionaltasunean formatzeko bide berri bat urratu nahi dutelako elkartu dira eta dagoeneko urratzen ari dira: “Jardunaldiak antolatu eta artikuluak publikatzeaz gain, metodologia berriarekin saioak egiten hasiak gara eta lehen esperientziak baditugu”.
Sainzek, Ruiz Bikandik eta Plazaolak urte askoko esperientzia dute
irakasleen prestakuntzan. Eskarmentu handia dute jendeari teoriak zer dioen azaltzen eta praktikak nola
egin behar diren esplikatzen. Baina konturatu dira, sarri, eurek predikatutako horrek praktikan eragin kaskarra izan duela, eta uste dute bideak bestelakoa izan behar duela: “Kontua ez da norbaitek goitik esatea zer egin behar duzun eta nola egin behar den, hori ere ondo egon liteke, baina benetan aldaketa ez dator hortik. Norberak bere lanean ari delarik lana aztertzetik etorriko da aldaketa”.
Prestaketa eta ikerketa xede
Hiprestek helburu bikoitza du:
irakasleen prestaketa batetik, eta prestaketaren ikerketa bestetik. Ruiz Bikandik dioen moduan, batak bestea elikatzen du. Teoria eta praktika uztartzen dira Hipresten. “Guk prestakuntza egiten dugu eta prestakuntza ikertzen dugu, nola prestatzen den hasiberria eta nola prestatzen den profesionala, lanean dabilena. Prestatze-moduak, bideak, oztopoak… ikertzen ditugu. Gaur egun jende askok pentsatzen du edonork balio dezakeela irakasle izateko, irakasle izatea oso erraza balitz bezala, baina ez da horrela. Gure zeregina da irakasleen lanaren atzean dagoen konplexutasuna, zailtasuna eta finezia hori agerian uztea, baina ez gatoz kritikatzera, gauzak ahalik eta hobekien egiteko behar diren faktoreak aldi berean maneiatzen saiatzera baizik”.
Irakasleen prestakuntza bera prozesu modura ulertzen du Hiprestek, hau da, irakaskuntza bera, eta baita prestakuntza ere, jarduerak diren aldetik aztertzen ditu. Prestakuntza bera prozesutzat hartzeak esan nahi du irakaslearen hasierako ekintzak aztertzea hasiberriaren ekintzetatik aurrerabidea zer-nolakoa den jakiteko.
Irakaskuntzarako formatzeak, klasean ekiteko formatzea esan nahi du, heziketa-ekintzak aurrera eramateko formatzea. Formazioan beharrezkoa da ikaslearen edo irakasle hasiberriaren gaitasunetatik abiatzea, hau da, ekiteko dituen ahalmenetatik.
Prestakuntza bera prozesua den heinean, lehenik eta behin, zuzenean ikaslearen edo irakasle hasiberriaren ekintzetatik abiatuta, irakaskuntzarako beharrezkoak diren eta hizkuntzen irakaskuntzarako garrantzitsuak diren ekintza tipikoak identifikatu behar direla diote unibertsitateko irakasleek. Bigarrenik, prozesuan zehar hasiberriak dituen gaitasunen eta
ahalmenen transformazioa ikertzen da eta irakaskuntzako ekintza egokiak egitera bideratzen laguntzen zaio. Hirugarrenik, formakuntza-ikerkuntza metodoak eraikitzen dira eta aldi berean horrek ikasleen gain duen eragina kritikoki aztertzen da.
Hiprest iker-sareak irakasle-gaien eta irakasle hasiberrien lanaren gaineko azterketa eta lanketa egitea du helburu, nola practicum aldian hala
ikastetxeko jardunean. Horrexegatik metodologia erabilienetako bat da gelako jardunaren bideo grabazioak egitea eta ondoren grabazio horiek
ikuskatu eta horien gaineko hausnarketa egitea, prestatzailearen laguntzarekin. Bideoan grabatzeak aukera ematen dio ikasleari edo irakasle hasiberriari bere jarduerarekin edo lanarekin aurrez aurre jarri eta konfrontatzeko, eta behin bizitakoa berriz bizitzeko.
Jardueraren analisia –formaziorako eta ikerketarako metodoen oinarria– alor zentrala bihurtu da giza eta gizarte zientzia gehienetan, horien artean baita hezkuntza zientzietan ere, zehazki, irakasleriaren formazioan. Modelo klasikoagoekin kontrastean, formazio-eredu horrek lehen planoan jartzen du lan erreala, hau da, irakasleak berak egiten edo eraikitzen duen irakaskuntza-modu hori.
Plazaolak gogoratzen duen moduan, kontua ez da soilik grabaketa bat ikusi eta gero hori zer iruditzen den (ondo, gaizki…) esatea, baizik
eta metodo zehatz baten bidez aztertutako jarduera horretan identifikatzea zer doan ondo eta zein liratekeen hobetu beharreko alderdiak: “Nolabaiteko mikroskopio bat jartzen dugu ahalik eta zehaztasun handienarekin aztertu ahal izateko jarduera horretan xehetasunik txikiena ere nola ari den aurrera eramaten”.
Era berean gaineratzen du prestakuntza ez dela jakintsu batek esan dezakeena kontuan hartzea eta kito, baizik eta bitarteko metodologiko baten bidez norbera egiten ari den hori behatzea eta horri buruz hausnartzea. “Ikerketa askok aditzera eman dutenez, irakasleek ez dakite, benetan, nola irakasten duten. Grabazioak
egin eta horiek ikustean eta aztertzean jabetzen dira. Xedea da taldean aztertzea bakoitzaren lana. Hasieran talde txikitan egin behar da. Inork ez du atsegin aztertua izatea. Dena den, hobetzeko bidea dela jakinda, prest
egon beharko genuke taldean aritzeko. Egokiena ikastetxeko proiektuan jasotzea litzateke. Alegia, lan-taldea edo lanbidea hobetzea, ez pertsona bakoitzaren lana soilik. Azken finean, lanbide batekoak gara eta taldean
egin behar dugu lan. Horrela emaitza taldearena izango da, proiektuarena”.
Egile batek jarduera bat aurrera daramanean zenbaitetan izan ditzake arrazoi on batzuk egiten duena egiten duen bezala egiteko. Jarduteko une horretan esku hartu duten baldintza horiek, arrazoi horiek edo egoera horiek aztertu nahi dituzte Hipresteko kideek, ondoren aldatu beharko litzatekeena zer den ikusteko. Norbere jarduera hainbat aldiz ikusita kezkak sor daitezke: jarduerako une bat hobetzeko aukera edo beharra dagoela irudituz gero, zein puntutan jokatu beharko litzateke beste modu batera? Nire burua nola defendatu dut momentuan? Zergatik hartu dut jarrera hori? Eta jokaera horrek zein ondorio izan ditu? Irakasleek ere beste profesional guztien antzera gaitasun nahiz indar mugatuak dituztela ohartarazten du Plazaolak, horrek bideratzen dituela hainbatetan hartzen dituzten erabakiak hartzera. “Hobeto ulertu behar dugu zergatik egiten diren gauzak egiten diren bezala eta ez hasieratik esan, ‘hori gaizki dago’. Beste era batera jokatu behar da, atentzioa jartzea nahi dugun horretan fokua jarriz, eta hala hasiberria bera konturatuko da hainbat jokaeraz: ‘hemen haur batzuk albo batera utzi ditut, hemen aspertu egin dira…’ Horrek zuzenean egileari klabeak ematen dizkio ekite modu hori aldatzeko, hobetzeko. Aldaketa hori ez da etorriko kanpotik kontseiluak ematen zaizkiolako, baizik eta agertzen diren heinean egilea bera konturatu delako bere jardueraren muinaz”.
Metodologia horrek irakasle mota guztientzat balio du, eta gainera, metodologia antzekoak erabiltzen dira beste lanbide batzuetako prestakuntzetan ere, goi mailako kirolean, kasu. “Lanbide guztien lanaren azterketa interesgarria bada ere, irakaslearen lana zer den aztertzea interesatzen zaigu guri, gelan zer gertatzen den
ezagutzea eta hortik abiatzea. Irakasleak lana nola egiten duen jasotzea”.
Jardueraren azterketaren bidezko lanketak profesionalizazioa sendotzeko balio du Plazaolaren aburuz,
edota practicuma eraginkorrago bihurtzeko. Praktika-aldia azken urteetan luzatu egin den arren eta ikasleek eskola bat baino gehiagotan praktikak egin eta eredu diferenteak ezagutzeko aukera duten arren, horrekin ez da nahikoa, ikasleak berak
izan behar du laneko esperientzia jasotzeko aukera. “Praktika-aldia orain egiten den bezala egin edota proposatzen ari garen metodologiarekin
egin, iruditzen zaigu alde nabarmena egon daitekeela, eta metodologia berriarekin askoz ere etekin handiagoa aterako zaiola. Praktika-aldia egin duzu, egon zera hainbat astean eskola batean, hor noski esperientzia bat jaso duzu, baina esperientzia hori ez bada lantzen, ez bada beste norbaitekin berraztertzen, berrikusten, ez du fruitu asko emango. Aldiz, hori grabatuta gordetzen baduzu eta zure prestatzailearekin edo antzeko zeregina duen norbaitekin berriro gertaera horietara bueltatu, elkarrekin ikusi eta aztertzen baduzu, askoz ere emaitza hobea lortuko duzu: ‘Hemen badirudi ikasleak aspertzen hasi direla… eta orduan akaso ariketa hau ez al zen luzeegia? Ulertu al dute?… Ikusten da badaudela lau ikasle txoko batean eta ez dutela batere parterik hartzen, nola egingo dugu ikasle horiek gureganatzeko ariketa kolektibo bat egiten dugunean?’ Hamaika gauza berriro
ikusiz, aztertuz, landuz gero, asko hobetu eta profesionalizatu liteke lana”.
Norbere buruarekin konfrontatuz
Jardueraren azterketaren gaineko hausnarketa egiteko auto-konfrontazioa da erabiltzen den metodoetako bat. Formatzen ari den pertsonak formatzaile-ikertzailearekin batera eskolako jardueraren grabazioa ikusten du, eta bitarte horretan laneko jarduna komentatzen eta analizatzen dute.
Erabilitako metodologiak, hau da, auto-konfrontazioak aukera ematen dio egileari bere jarduerari zentzua
emateko, izan ere bera da bizitakoaren gakoak ezagutzen dituena. Giza jarduera ezin da ezagutu behatzetik soilik, oso kontuan hartu behar dira
egilearen arrazoiak, helburuak eta kezkak, eta horiek behatzailearentzat ezkutuan egon daitezke. Horregatik, beste hainbat lanetan egiten den modura, ekintzen aztarnak, bereziki grabaketarenak erabiltzen dira ikaslea
edo irakasle hasiberria bere ekintzaren aurrean jarriz, ekintzaren nondik norakoak agertu ditzan. Auto-konfrontazioari esker egileak, ikertzailearen laguntzaz, bere jarduera “kanpotik” behatu eta irakaskuntza ekintza berriak hobetzeko aldagaiak
identifika ditzake.
Formazio-metodo horrek izaera dinamikoa du, aurrera eramaterakoan hainbat ustekabeko alderdi ager daitezke, bai testuinguru sozial jakin batean gertatzen delako eta baita taldekoa delako ere. Auto-konfrontazioak, ordea, egoera berrietara egokitu eta orain arte ezezagunak ziren
egoeren aurrean hobeto moldatzeko aukera ematen du.
Irakasle-gaien edo irakasle hasiberrien jarduera aztertzerakoan, badirudi hizkuntzen irakasleei dagokionez –eta beste irakasgaietako irakasleekin edota beste ofizioekin berdin gertatuko da– badaudela egiteko modu batzuk guztiek partekatzen dituztenak. “Ekintza tipiko” deitzen zaie
eta, adituen esanetan, horien berri
izateak asko lagunduko luke formazioa: “Mundua ezagutzeko dugun lehen modua da objektu, gertaera edo egoera tipiko bat, tipo batetakoa balitz bezala atzematea. Adibidez, egoera bat ‘erosketa saioa’ dela atzematen dugu badugulako egoera-ekintza tipo horien esperientzia. Tipo hori objektiboa da, barnean sartzeaz bat
identifikatzen dugu eta partaideek elkar ulertzea bideratzen du”.
Plazaolak azaldu bezala, hizkuntzen irakaskuntzan ekintza tipiko bat da adibidez, irakasle batek ikasle talde batekin elkarrizketan ari delarik, nola kudeatzen duen ikasleen hizketarako txanda; beste bat izan liteke,
esaterako, aurrezagutzena, hau da,
edozein irakasgairekin hasi baino lehen irakaslea saiatuko da ikasleek dagoeneko gai horri buruz dituzten aurrezagutzak aterarazten. Baina nola landu aurrezagutzak modu interesgarri batean ikaslearengan irrika sortarazteko? “Ikusi nahi genuke zein
ezaugarri dituzten hasiberriek egindako ekintza tipiko horiek. Agian, hasiberriak saia daitezke aurrezagutzak ateratzen, baina akaso oztopoak aurkitzen dituzte hori egiterakoan, zer oztopo dira horiek? Jakingo bagenu non dauden oztopoak, zein diren zailtasunak, orduan eta zuzenago
egin ahal izango genituzke gure prestaketak”.
Ondo bidean, Hiprest proiektuaren baitan, sareko hainbat partaidek aurrera eramango dituzten analisiek aukera emango dute hizkuntzen irakaskuntzarako garrantzitsuak diren hezkuntza-jarduera tipikoak identifikatzeko, ikasleen eta irakasle hasiberrien jarduteko moduak ezagutzeko eta baita horien aldaerak ere eta ondorioz irakaskuntzaren kalitatea hobetzen laguntzeko.
Probatzen duenak, gustuko du
Hiprest sortu berria den arren, ari da bidea egiten eta fruituak ematen. Taldekideak jakitun dira irakasleen formaziorako eurek prestatutako metodologiak badituela arriskuak, baina aldi berean baita sekulako potentzialitatea ere: “Kulturalki, ebaluatuak izan garenean, ‘oso gaizki’, ‘oso ongi’ terminoekin baloratu gaituzte. Beraz, uste dut hasieran irakasleek beldur hori izaten dutela, ‘nire burua grabatuko dut eta esango didate hau oso ondo eta hau oso gaizki’ eta dikotomia hori apurtzea oso zaila bada
ere, iruditzen zait lortzen ari garela. Eskola batzuek formaziorako proposamen berri hori onartzen dute, egiten dute eta gero oso ondo baloratzen dute, nahiz eta izugarrizko esfortzua izan”, azaldu du Sainzek.
Hipresteko kideen aburuz, irakasle profesionalak jakin behar du bere jardueraren aurrean jartzen eta begiratzen, norbere buruari begiratzen
eta hobetze bidean jartzen, baina, batez ere, besteei, ingurukoei, ikasleei erreparatzen jakin behar du.
Praktika-aldia egiten ari diren irakasleekin nahiz irakasle hasiberriekin dagoeneko praktikara eraman dute metodologia hau, eta adituek
azaldu dutenez, irakasle hasiberrien esanetan behin eta berriro ageri da, bideoa ikustean jabetu direla jardueraren hainbat alderdirekin: hitza eskatzen ari zen ikaslea ez ikusi izana;
ikasle batzuei ia kasurik ez egina; hitz jarioa uste baino azkarragoa izana,
etab. “Azken batean, prestatzailearen laguntzaz, irakasle hasi berriak parte hartu dueneko jardueraren alderdi
ugariz ohartu behar du. Grabaketak erakusten du baita ere gure buruaz dugun irudia ez datorrela bat egin dugunarekin. Metodologia honek jardueraren hainbat ekintza berri ikustea posible egiten du; bestetik, jarduera egina dagoenez, egileak geroalditik hitz egin dezake iraganaz. Hau da ekintzari zentzua berremateko momentu aproposena. Laburbilduz
esango dugu jarduera barnetik eta ondoren ekite egoeratik at behatzea dela prestaketarako aproposa den lehen mugimendua”.
Metodologia honekin, bestalde, Sainzek, Ruiz Bikandik eta Plazaolak diotenaren arabera, ataza eta lan errealaren artean dagoen haustura agerian geratzen da, hau da, grabazioan euren burua ikustean, irakasle asko harritu egiten dira beste era batera aritzen direla uste dutelako eta ez datozelako bat ustez berak egindako papera eta grabaketan ageri zaiona:
“Egitasmotik lan errealera egon den tarteaz ohartzeak, mugimendu berria eragiten die irakasle hasiberriei. Esan dezakegu esperientziaren ondarea biderkatu egiten duela, garapen profesionalaren gakoa dela”.
Horrez gain, unibertsitateko irakasleek azaldu bezala, hizketaren
ezaugarriek ere maiz harritzen dituzte irakasleak euren burua hizketan
ikus-entzuten dutenean. Euren aburuz irakasleen hizkerak garrantzia handia du hizkuntzen irakaskuntzan, aspalditik hizkuntzen didaktikak defendatzen duen moduan: “Saioen grabaketaren gainean lan egitea hizkuntza-irakasleentzako tresna bikaina dela probatu ahal izan dugu”.
Orain artean egin dituzten probetan ikusi dute irakasle hasiberrien saioak bideoz jasotzea eta horien aurrean jarduera aztertzea prestakuntzarako oso baliagarria izan daitekeela, eta hasiberriek practicumaren bidez jasotako esperientzia indartu eta sendotu egiten dela.
Unibertsitateko irakasleen ustez, argi dago hizkuntzaren irakaskuntza ez dela metodo hauekin hobetu daitekeen bakarra, irakaskuntza materia oro eta pedagogiaren hainbat alderdi lantzeko balio dezakeela, eta irakasle hasiberriaren prestatze-prozesuan jarraitzeak hainbat ezagutza aditzera
emango lituzkeela, aditu bihurtzearen klabeak ikusarazten lagunduz.
Orain arteko urratsekin jarraitzeko erakundeen “benetako partaidetza” aldarrikatzen dute Sainzek, Ruiz Bikandik eta Plazaolak, eskolekin,
eta batik bat, bertako tutoreekin. “Irakasleen prestakuntzak badu bere aurrean erronka ugari, gizartearen hobekuntzarako bide nagusia dugunez, horretarako egingo diren ahaleginek benetan merezi dutela uste dugu”.
Eztabaida sozio-zientifikoan oinarritzen da
grabazioen gaineko hausnarketa
Irakasleen formaziorako Hiprestek proposatutako metodologian eztabaida erabiltzen da erreferentzia intelektual, linguistiko eta enpiriko gisara. Elkarrizketan oinarritutako eztabaida filosofikoa da. Eztabaida mota hori begirada partzialetik (bai/ez; ondo/gaizki) haratago doa eta egia zabalagoa eta integratzaileagoa aurkitzen saiatzen da. MUko MIKER taldea ari da bereziki teoria hau lantzen.
Sainzek gogoratzen duten moduan, ezin da ahaztu gure gizarte globalizatuak dituen erronkei behar bezala erantzuteko gizabanako kritikoak eta ondo prestatuak behar direla, bizi dugun egoera konplexuari erantzun egokiak emango bazaizkio, eskolak hiritar kritikoak sortu behar dituela, etorkizuneko gizarteko egoera berriei erantzuteko gai izango direnak.
Zentzu horretan, argumentazioaren didaktika edo eztabaida komunikabideetan ohikoa den eztabaidatik aldendu beharko litzateke, eredu horretan garrantzitsuena norgehiagoka eta bestearen ikuspuntua baliogabetzea baita. Proposatzen duten eztabaida sozio-zientifikoaren xedea da partaide guztien artean aurrera egitea aztertzen den gaia lantzeko.
Eztabaida lehiakorraren eta kolaboratiboaren artean bereizten dute, bigarrenaren alde eginaz. Horretarako beharrezkoa da besteei entzutea eta solaskideak esan duena kontuan hartuz aurrera egitea, hau da, bestearen ikuspegitik abiatuta espazio komunak eraikitzea. Eztabaida mota hori da beraz, bideoz grabatutako saioen azterketa eta lanketa egiteko Hiprestek proposatutakoa.