"Gure kultura epe laburrean putzura joan ez dadin, hezkuntzan egin behar da bidea"

2013-12-10

Kongon bere burua aurkitzeko ahaleginetan zela, oinarrizko hainbat gauzen balioaz jabetu zen, tartean, hezkuntzaren balioaz. Haurra-hezkuntza-gizartea kateaz jabetu zen, eta baita hezkuntza-musikaren artekoaz ere. handik bueltan, haurrei zuzenduriko kontzertuak eskaintzen hasi zen, haiengan baitu esperantza:  “Orain ez badugu kulturan eragiten, gero ez da izango publikorik”.

 

 

 

 
 
"Gure kultura epe  laburrean putzura joan ez dadin, hezkuntzan  egin behar da bidea"

 

Iñaki Garitaonaindia (Legazpi, Gipuzkoa, 1963) punk-aren olatuan iritsi zen musikaren lehen lerrora, Hertzainak taldearen abeslari karismaduna bihurtu zen gero, eta azken hogei urtean bakarka ari da. Udaberrian ‘Ez da amaiera’ diskoa argitaratu zuen eta orain,  disko horretako kantu batzuk eta zaharrago batzuk berriz grabatu ditu, zuzenean, estudioan, eta ‘Elkar studio sessions. Live analogic recording’ izenburupean argitaratu. Beste aro bati, haurrentzat kontzertuak emateari heldu dio berriki, ilusioz. 

Umeekin izan duzun harremanak nola eragin dizu zure sorkuntzan?

Lehenengo eta behin, nire alabarekiko  harremanean presentzia handia izan du musikak. Ni  bananduta nagoenez, nirekin dagoenean nirea da ardura osoa eta harreman horretan musikak garrantzia handia dauka. Alaba nirekin kontzertuetara eramaten hasi nin-tzen, bai hemen eta bai kanpoan, oporretan geundenean ere. Segituan ikusi nuen alaba giroan oso erraz sartzen zela, musika bizi egiten zuela, xukatu, eta ez zela aspertzen. Etxean ere musika asko entzuten dugu elkarrekin, denetik, rocka... Alabarekin oso gertutik bizi izan dut haurrek nola gozatzen duten musikaz, baina Kongora egin nuen bidaian erabaki nuen haurren-tzako kontzertuak egiten hastea.

2009an bospasei hilabete igaro zenituen Kongon. Nolako harremana izan zenuen, bada, han haurrekin?

Neure burua aurkitzera joan nintzen, Kongora, beste behin. Basamortuko herrixka hartan, lasaitasuna aurki-tzeaz gain, argiago ikusten duzu hemen ikusten ez duzuna, adibidez, hezkuntzaren balioa.

Bizitzan zehar, hainbat momentutan, bidegurutze batera iristen zara, eta ez dakizu ezkerrera, eskuinera, aurrera edo atzera nora jo. Egoera horretan iritsi nintzen ni Kongora. Nire barruko ordena bilatzen lagundu zidan testuingurua izan zen hangoa. Hemen ezin nuen behar nuen ordena hori jarri,  abiaduran, iparra galduta, gauza handiei begira gaude sarri, eta gauza txikiak ikusteko gaitasuna galdua daukagu. Momentu bital horretan erantzunak bilatzeko misio batera joatea erabaki nuen, nahiz eta ez den batere erraza izaten misio batean sartzea. 

Zein zen zure egitekoa misio horren barruan?

Basamortuko herrixka batean, eskola profesionalean jardun nintzen (ez pentsatu hemengo eskola profesional baten antzik izan dezakeenik). Nire lehenengo egitekoa hango eskolan hasitako eraikin berri baten arduraduna izatea zen, ordena jartzea egokitu zitzaidan. Pentsa, neure barneko ordenaren bila joan nintzen, eta eraikuntza-lanetan ordena pixka bat jartzea egokitu zitzaidan! Oso langileak izan arren, ez daude ordenera ohituak, guk berriz, ordena hori serietik dakargu. Baina denetik egitea egokitu zitzaidan.  Tailer mekanikoa geneukan, aroztegia, igeltseritza… eta neskekin joskintza eta konfekzioa lantzen genituen. 14 -18 urte bitarteko neska-mutilak genituen, eta uda partean Lubunbashitik kaleko umeak ekartzen genituen, gerra-garaian kale gorrian gelditutako ume ugari baitzeuden hirian. Haurrekin egotea oso gustuko nuenez, eurekin lan egiten nuen oinarrizko hezkuntzan. Dena den, horrelako leku batera iristen zarenean, zure rola oso irekia da, egoerara moldatu behar duzu. Dena dago egiteko, ez baitago ezer. 

Ez naizenez hezkuntzako profesional bat, eskolara sartzean, nire helburua izan zen han zeuden umeekin harreman bat sortzea. Behin harreman hori sortuta, etorriko dira irakasgaiak emateko aukerak, hango hezkuntza-proi-ektua oso oinarrizkoa zenez ez neukan horretan sartzeko arazorik. Musika erabiltzen nuen klaseak girotzeko, hori egiten bai baitakit, nire esparrua hori baita. Dena oso oinarrizkoa zen, jolasa eta musikaren bidez lortzen nuen zerbait irakastea haur haiei, matematikak edo frantsesa, adibidez. 

Eta zuk zeuk, zer ikasi zenuen ume haiekin?

Ikaragarri. Hemengo egoerarekin konparaturik, argi ikusi nuen hemen ere ez gaudela hain ondo. Ez dakit nora begira bizi garen, baina ez behintzat barrura, geure arimari begira.

Horrelako leku basati batean argi eta garbi ikusten da umea-hezkuntza-gizartea katea. Han lotura horren garrantziaz jabetu nintzen, ze garrantzitsua zen haur haiek ikastea! Eta ikasi nuen, baita ere, horrelako testuinguru batean gauzak egiten nola hasi, agenteak mugitzen eta elkar-tzen nola hasi. Hori izan zen Kongoko irakaspen garrantzitsuena.

Zer ikusten duzu hemen okerrago?

Oinarrizko gauzetan dugun hu-tsuneaz ari naiz. Nik nire alabarekin ikusten dut, oinarrizko gauzak falta direla. Zein da nire alabaren —eta bere adinekoen— hezkuntzaren proiektua? Nota onak ateratzea, ez da gehiago. Baina tartean hainbat gauza egin barik gelditzen dira, eta gauza horiek inportanteak dira. Hezkun-tza ez da nota onak ateratzea. Gauza gehiago da, eta berez, oso erraza da gauza horiek betetzea, baina jarrera bat behar da. Euskal kulturarekiko jarrera bat, adibidez. Nik hori hezkunta dela ulertzen dut, bai etxean ematen den hezkuntza, baina baita eskolaren ardura den hezkuntza ere. Nire alaba ikastolan dago eta oso harreman txikia daukate euskal kulturarekin. Non bizi gara bada? Kongon eskolan erabat sartua zegoen musika, gizarte osoan oso sartua dago, musika oinarrizko elementu bat baita beraientzat.

Nola bizi dute han musika?

Ni hara iritsi nintzenean Erramu eguneko ospakizunak ikusi nituen, komunitate osoa kalean kantuan eta dan-
tzan ari zen. Dena erritmoa eta kantua da haientzat, bizi egiten dute. Musika tresnak oso oinarrizkoak dira, baina orduak egiten dituzte musika jotzen eta dantzan, erritmoa oso barneratua daukate.

Eurekin elizan jotzen hasi nintzen, herriz herri (eliza ere ezin dugu hemengo elizarekin konparatu). Musika harremanetan sakontzeko bidea da, nor bere barruarekin, ondokoarekin... Herrixka batera joan, eta zuria izateagatik, harrera abegikorra egiten dizuete, tribuko nagusia eta herriko jende inportantea dator zu agurtzera, hau da, herriko irakaslea. Haiek, dauden egoeran egonda, ikaragarrizko esperantza daukate jarrita hezkun-tzan eta irakasleengan. Eta hemen hori ahaztu egin dugu. Hortaz jabetu nintzen han. Eta baita hezkuntzaren eta musikaren arteko loturaz ere. Euskal musikak eskoletan egon behar du! Baina, nola sartuko dugu euskal kultura ikastoletan ez badago giroan euskal kulturarik, eta, gainera, goian ez badago interesik?

Ez duzu interesik ikusten?

Ez. Oso arduratua nago gai horrekin: euskal musikak lekua izan behar du ikastetxeetan, haurrek eta gaztetxoek ezagutu egin behar dute euskal musika, entzun, gozatu... Horren inguruan proposamenak egin behar dira, pentsatu, indarrak batu... Epe luzerako hezkuntza-mailako proposamen bat egin behar da.

Gure kultura putzura doa epe laburrean. Diskoak ez dira saltzen… Hori horrela izan ez dadin, hezkuntzan egin behar da bidea. Ez da egun batetik bestera egiteko proiektua, baina hori da dagoen bidea. Nik ez dut besterik ikusten. Ni gaztea nintzenean saskibaloia zer zen? Baina hezkuntzan sartu zuten, eta epe luzera emaitzak eman ditu. Nik ez dut ikusten euskal kulturaren inguruan halako proiekturik dagoenik. Euskal editorial mundua gaur egun zein egoeratan dagoen ikusi besterik ez dago. Nola dago? Ekonomikoki lur jota. Horrek erakusten du euskal kulturaren balioa zein den; psikologikoki eta ideologikoki eragin egiten digu gizarte honetan euskal kulturari ematen zaion balio eskasak. Ohitu gara gauza handiak goraipa-tzera, makrokontzertuetara jendea joaten da sarrera oso garesti bat ordainduz, eta kontzertu txiki batera ez da jendea joaten. Zertan ari gara? Musika entzutera ala ebentoetara doa jendea? Hausnartzen baduzu, ikusten duzu musikak zer balio duen gizarte honetan. Ikuskizunak dauka garrantzia; eta hezkuntzan, berriz, notek; eta bidean gauza asko galtzen ditugu; oso oinarrizkoak diren gauzak.

Kongon ‘Ez da amaiera’ diskoa ere prestatu zenuen. Disko horretan badago ausardia, badago jolasa, umeen izpirituarekin lotzen diren gauza asko…

Horretan saiatu gara behintzat. Eskolan lanean ari nintzela hasi nintzen 

diskoaren ideiak mamitzen eta baita ordura arte egin nuen musika umeekin nola lotu zitekeen pentsatzen ere.  

Han mamiturikoarekin, estudioan sartu ginenean, margolari batek bozeto baten gainean lan egiten duenean bezala egin nahi izan genuen diskoa, eta han jasotzen genuen inspirazioarekin amaitu obra. Arrisku handia da, lana egin ondoren ikusten baituzu puntu batzuetan ausartegia izan zarela, eta beste batzuetan gutxiegi.

Kongotik bueltan, haurrentzako kon-tzertuak antolatzen hasi zinen, aipatu duzun kezka horri erantzunteko?

Kongoko esperientziak begiak ireki zizkidan. Han sortu zen herriz herri haurrentzako kontzertuak egiteko idei hau. Esan bezala, han gauza txikiei ikaragarrizko garrantzia ematen diete, eta horregatik saiatu gara hemen herri txikietara gerturatzen, haur txikiekin lan egiteko asmoarekin.

Nolako esperientzia ari da izaten haurrekin kontzertuak egitearena?

Denetarik ikusten ari gara. Hainbat herritan oso ondo funtzionatzen du. Idiazabalen proba bitxi bat egin genuen: lehenengo eguerdi partean proba bat egin genuen umeekin, eta guztion artean konplizidade bat lortu genuen, erritmoa eta melodia landu genituen, eta umeek eta guk dantzan amaitu genuen. Ondoren, arratsaldean saio irekia egin genuenean ume pila bat etorri ziren, baina goizeko haiek dagoeneko gure kide zirenez, oso giro polita sortu zen. Oso ondo atera zitzaigun. Baina beste leku batzuetan gauzak oso gaizki atera izan dira. Leku askotan gurasoak sartzen dira, eta zaildu egiten du giroa. 

Kontua da zaila ari zaigula gertatzen, ez baitago biderik egina. Oso ondo joaten denean, Idiazabalgoa edo Arrasateko gaztetxekoa adibidez, ikaragarri gozatzen dute haurrek eta baita geuk ere, denok sartzen gara buru-belarri saioan. Baina gauzak ondo ez doazenean —normalean gurasoak sartzen direlako—, inork ez du uler-
tzen zertan ari zaren, gurasoek ez dute ulertzen ez dela eurentzako kontzertu bat… eta, egia esan, gogo guztiak kentzen dizkizute. Adiskide askok esaten didate ea zertan ari naizen umeentzako kontzertuak eskaintzen, haiek ere ez dute ulertzen!

Ez gaude ohituta umeentzako kon-tzertuak egitera, ez umeak eta ez gurasoak. Ez daukagu kultura hori.

Ni neu ere ez nago haurren aurrean gauzak egitera ohituta, konbentitzuta nago hori egin nahi dudala eta egin behar dudala, baina zaila da, ez da erraza, niretzat ez behintzat. 

Espektakulua irekia baldin bada, 3 urtetik 14 urtera bitarteko haurrak etortzen badira, oso zaila da guztiengana iristea, 10 urtekoengana iristen baldin banaiz, 3koak eta 14koak aspertu egin daitezke. Garbi dago hori guztia akotatu egin behar dela, baina zaila bihurtzen da antolatzaileei hori adieraztea. 

Buelta asko eman behar zaizkio egiturari, akaso esparrua ez da gu proposatzen ari garena, beste zerbait bilatu behar da. Seguruenik, haurrak kon-tzertu aretoetara ekarri beharrean, artistok sartu behar dugu eskoletara. Nire kasuan musika, beste kasu ba-tzuetan arte plastikoak eraman behar dituzte. Akaso euskal kultura modu horretan hezkuntza-mailan sartzen baldin badugu, haur horiek ere balioetsiko dute egiten duguna, bestela, gero oso zaila izango da umeek euskal kultura bizitzea eta atxikimendua izatea. Hutsetik kontzertu bat egiten badugu, zaila da bere horretan uler-tzea. Beste prozesu bat behar dugu, musika hezkuntzaren protokoloaren barruan sartu behar dugu, baina epe luzeko proiektu gisa. Guk ez badugu geurea balioesten, nork egingo du? Orain ez badugu hezkuntzan eragiten, gero ez da egongo publikorik. Ez dago besterik. Hori argi ikusi nuen Kongon. Guk geuk, euskaldunok, ez badiogu balioa ematen geureari, zeinek egingo du? Ez du horrek esan nahi kultura anglosaxoiaren edo espainiarraren kontra jarri behar dugunik, kasu horretan ere galtzeko guztiak guk baitauzkagu, baina kultura ez badugu hezkuntzan sartzen galbidera goaz herri bezala.

Zer nolako publikoa osatzen dute umeek?

Umeena izugarrizko publiko interesgarria da. Gurasoak ez daudenean askoz hobeto funtzionatzen dute saioek, gozamen hutsa izaten da. Gaur eguneko gurasoak hain gara protekzionistak, geure umeak bakarrik ikusten ditugula askotan, ez besteak, ez testuingurua… Nik honelaxe ikusten dut: umeak tximinoak dira, ni tximinoa naiz, gurasoak, ordea, une horretan gorilak dira, eta atzean egon behar dute; guk, tximinook, gure artean, tximinoon artean gure saioa egin dezagun. Baina gurasoak ez dira atzean jartzeko gauza. Kontzertu arruntetan umeak ez dira ikusten, nahiz eta eurentzako aproposak izan daitezkeen, eta pena da. Badirudi haurrek  haurrentzako prestaturiko gauzetan bakarrik hartu dezaketela parte, eta ez dut uste horrela denik.