Andreen konfiantzazko figura bilakatu dira emaginak

2014-01-16

Asko aldatu da urte gutxian emaginaren funtzioa. Emakumeak inolako erabakirik ez zuen erditzeak laguntzetik, andreak prozesuaren erdigunean jarri eta haiei babesa ematera igaro da. Haurdunaldiak, erditzeak nahiz erditze osteak eragiten dituen zalantzen aurrean, andre askoren erreferentziazko figura izan ohi da sarri.

 
 
Andreen konfiantzazko figura bilakatu dira emaginak

Amatasunean emakumeari laguntzea, bere protagonismoaz andrea kontzientziatzea, eta hartzen dituen erabakietan babesa ematea, horiexek dira Saioa Galdos eta Edurne Elorza emaginen hitzetan euren egiteko nagusiak. Erizaintza amaitu eta beste bi urtez emaginetarako ikasi ostean, langintza horretan hasi berri dira. Oinarrizko arretako emaginak dira, emakumeak artatzen dituzte erditze aurretik eta ondoren. Argi dute emakumeak izan behar duela bere amatasun prozesuaren protagonista eta euren egitekoa aldamenean egotea eta babesa ematea dela. Baina kontuak ez dira beti horrela izan, emaginek jokatzen duten papera asko aldatu baita azken urteetan. Horren berri ondo daki Lurdes Tranchek: “Gu lanean hasi ginenean emakumeari ez zitzaion uzten erabakitzen. Zekitenek erabakitzen zuten: medikuek, ginekologoek, emaginek… haiek baitziren zekitenak, profesinoalak. Gauzak asko aldatu dira. Gaur egun erditzea emakumearen prozesua dela onartzen da eta berak baduela zer esan eta erabakia”. Osakidetzan diharduten hainbat belaunalditako  hiru emagin horiekin elkartu da Hazi Hezi emaginen funtzioaz, euren lanaren garrantziaz eta profesioak izan duen bilakaeraz hitz egiteko.

 

Haurraren bila ari delarik edota haurdun geratzen denean artatzen dute lehen aldiz emaginek emakumea. Eta haurdunaldi osoan zehar kontaktuan egoten dira. Lehen bisita 7-8. aste inguruan izaten da, edo behintzat 10.a baino lehen. Gero, ginekologoek eta emaginek, hilabete batean batak eta hurrengoak besteak, begiratzen dute andrea. 6. hilabete inguruan ostera, erditze aurreko taldeetan lanean hasten dira. Hortxe hasten da emaginaren eta emakumearen arteko harremana sendotzen: “Andreentzat erreferentziazko figura gara, euren konfiantzazko pertsona bilakatzen gara. Emakumeek edozein duda edo edozein zailtasun dutela, gu hor gaude”, dio Elorzak. Haurdunaldian zehar hainbat informazio eskaintzen diete andreei emaginek, zenbait gai lantzen dituzte emakumeekin, hala euren prozesuaren kontzientzia har dezaten.

 

Haurdunaldian, lehen umearen esperoan daudenen kasuan behintzat, erditzea izaten da kezka nagusia. Hala dio Galdosek: “Nahiz eta klaseetan askotan esaten diegun erditzea egun bat dela eta maiz gogorrena ondorena edo edoskitzaroa izaten dela, askok ez dute hori sinesten eta ez dute horren kontzientziarik hartzen”. Beraz, emaginak saiatzen dira  erditzeari dagokionez emakumea zentroan jartzen
eta ahalik eta informazio gehiena eskaintzen, gero emakumeak berak hainbat erabaki har ditzan. Tranchek azaldu bezala, urte batzuk badaramatzate jada emakumeari protagonismoa ematen saiatzen, beti ere kontuan izanik, emaginak emakume osasuntsuekin ari direla lanean eta ez gaixoekin: “
Emakumeari galdetzen diogu ea nola erditu nahiko lukeen eta horrek sekulako harridura sortzen du askorengan. Epidurala hartu edo ez, erditzeko zein postura nahi duten, argiztapena, musika, ispilua nahi duen edo ez… hori guztia erabakitzeko aukera dutela esaten diegu”.

 

Zenbait emakumek euren erditze plana eramaten dute aurrez hainbat ospitaletara eta dena normal badoa gehiena errespetatu beharko litzateke. Baina Galdosek adierazi bezala, eurek gomendatzen dutena da ospitalean tokatzen den emaginari azaltzeko nolako erditzea nahi duten, bera izango delako erditzean lagunduko diona: “Kalean askok emaginok ginekologoei gauzak emateko gaudela uste badute ere, guztiz bestela dira kontuak. Erditzea ondo badoa ginekologoa ez da ezertara sartzen eta emagina da emakumearekin denbora guztian egoten dena”. Haurdunaldian erditzera pentsaera irekiarekin joan daitezen ere kontzientziatzen dituzte andreak, erditze unea irudikatutakotik oso bestelakoa izan daitekeelako eta gauza bat espero arren, agian ezinezkoa izan daitekeelako: “Erditze unean bertan, ospitaleko emaginarekin komunikatzeko aukera eta unean uneko erabakiak hartzen joateko aukera izango dutela esaten diegu. Era berean, urgentziaren bat sortzen bada agian erabaki guztiak ere ez direla bere esku egongo azaltzen diegu aurrez. Idealizazioak eragindako frustrazioak saihestu nahi ditugu hala”, dio Elorzak.

 

Haurra izan eta lehen astean emaginak atzera ere emakumeekin elkar-
tzen dira eta programa pertsonalizatua egiten diete. Edoskitzearekin zailtasunak dituztenen kasuan, sarritan lauzpabost kontsulta egiten dituzte, arazorik ez dutenekin aldiz batere ez hilabete eta erdi igarotzen den arte. Tarte hori igarota emakume guztiak artatzen dituzte eta hortik aurrera erditze ondorengo taldeko ekintzekin hasten dira. Gutxi gora-behera hori da egiten duten bidea, nahiz eta gero zentro bakoitzak bere erara moldatzen duen. Talde horien inguruan ere tabuak sortu ohi direla diote emaginek eta emakume batzuek ez dutela talde horietara joan nahi izaten euren intimitatea galtzeko beldurrez. Horrexegatik, haurdunaldian bertan edoskitze-taldeak bisitatzera gonbidatzen dituzte, zer den jakin dezaten eta erreparorik izan ez dezaten.

 

Erditze ondoan emaginek tratatzen duten arazo nagusia edoskitzearen ingurukoa izan ohi da, emakume askok umea ditian jarri eta tira egiteko orduan zailtasunak izaten baitituzte. Kasu horietan, sarri emakumeek asko sufritzen dute, eta ondorioz, edoskitzeari uzten diote. Beste arazo bat izan ohi da umea etenik gabe eskean aritzea. Elorzak esplikatutako eran, emakume askori kosta egiten zaio ulertzea edoskitzea ia etengabeko egiteko bat dela eta sarri 24 ordutan hortxe egotea tokatzen dela: “Gaur egun ohituta gaude dena programatuta edukitzen, eta biberoiarekin ikasi dugu hiru orduero eman eta nahikoa dela. Baina edoskitze gehienetan hori ez da nahikoa eta askotan egun osoan umearekin egotea tokatzen da eta andre askok hori ulertu arte gaizki pasatzen dute”.

 

Emaginen esanetan, ordea, garrantzitsuena da emakumeak nahi duen hori kontuan izatea. Galdosek kontsultatik pasa berri zaion emakume baten adibidea jartzen du: “Andreak mastitisa pasa du, baina edoskitzen jarraitu nahi du, eta gaur etorri da andre hori bere amarekin eta ama hasi zaio: ‘horrenbeste diti eta histori, begira zu  zeinen ondo alimentatuta zauden eta edoskitze artifizialekoa zara’. Familiak asko eragin dezake, baina benetan inporta diona da emakumeak nahi duena errespetatzea”.

 

Amen segurtasunik eza da une honetan amatasunaren punturik ahulenetako bat Trancheren iritziz. Izan ere, ama askori ez zaio uzten nahi duen bezala ama izaten. Ama askok diote zenbait gairi buruz kalean hitz egitera ez direla hausartzen badakitelako ezatabaidarako bidea irekiko dutela. Emaginak irudipena du ama asko “txikituta” daudela. Beraz, amek kalean esaten ez dituztenak emaginei esaten dizkiete: “Nik uste dut egoera horietan dauden emakumeek gure babesa asko eskertzen dutela. Guk galdetzen diegu: ‘Zuk zer nahi duzu? Nola jokatu behar duzula iruditzen zaizu?’ eta ematen diguten erantzun horretan emakumeei laguntzen saiatzen gara”. Horrexegatik emaginek diote erditze ondorengo taldeak eta edoskitze taldeak emakumeentzat oso garrantzitsuak direla, zalantzak partekatzen dituztelako, ulertuta sentitzen direlako eta babestuta. Emakumeengandik gertu egoteko eta eskuragai izateko ahalegina egiten dute emaginek. Konfiantza ematen diete andreei, edozein zalantzarekin deitzeko esaten, eta telefonoz ez ezik Internet bidez ere kontaktuan egoten dira.

 

Oraingo amen amonek emakume-sareak zituztela dio Tranchek: etxean geratutako emakume ezkongabea, bizilaguna, dendakoa, etab. Orain, ordea, zirkulu askoz itxiagoetan bizi gara bere hitzetan, eta emakume askok amatasuna bakardadean bizi du. Erditze ondorengo taldeek garai bateko sare hori ordezkatzen dute emaginaren aburuz: “Emakumeek asko eskertzen dute erditze ondoko taldeetan parte hartzea. Askotan taldea amaitzean pena handia hartzen dute eta nik aurrerantzean ere gelditzen jarraitzera animatzen ditut, euren arteko babes hori oso garrantzitsua dela uste baitut”.