Eskola alternatiboak, injerentziarik gabeko hezkuntzaren bila
Haurren eskolatzearen inguruko kezka handitzen ari da Euskal Herriko familien artean eta gero eta gehiago dira ohiko hezkuntza-sistematik kanpo dauden zentroen aldeko hautua egiten dutenak. Eskola libre edo demokratiko gisa izendatzen dute askok euren burua, funtsa askatasuna baita. Eskola alternatibo ere deitzen zaie, azken batean, indarrean dagoen hezkuntza-sistematik kanpo daudelako. Euskal Herrian gero eta gehiago badira ere mota horretako eskolak, gehienak legez kanpo eta erdi-ezkutuan ari dira lanean. Guztietan darabilten pedagogia zein metodologia berberak ez diren arren, hausnarketarako balio dezaketen zenbait kritika egiten dizkiote ohiko hezkuntza-sistemari eta aintzat hartzeko moduko bestelako hainbat balio aldarrikatzen dituzte.
Ohiko hezkuntza-sistematik kanpoko zentroak ugaritzen ari dira
Historiako momentu guztietan eta gizarte orotan existitu da hezkuntza, baina horren kontzientziarik izan gabe. Berez gertatzen zen, eskolaren eta pedagogiaren beharrik gabe. Hezkuntza-sistema, gaur egun ezagutzen denaren antzeko, XVIII. mende amaieraren eta XIX. mende hasieraren artean hasi zen egituratzen. Gehienean estatuetatik bultzatuta, modu sistematizatuagoan eta planifikatuagoan hasi ziren antolatzen hezkuntza-jarduera. Harrezkero eskolaren egiteko nagusia haurrak gizarteratzea izan da eta hezkuntza eskubide unibertsal bilakatu da.
Kanpotik barrura edota goitik behera egituratua dela argudiatuta, zenbait guraso eta hezitzaileren aburuz, ohiko hezkuntza-sistemak ez ditu haurren erritmoak nahiz beharrak errespetatzen, eta ondorioz, umeak ikasteko duen berezko grina akabatzen duela diote. Euren seme-alabentzat beste era bateko eskolatzea desio dute. Horrexegatik, ohiko hezkuntza-sistemari alternatiba eskainiko dioten eskolak ari dira sortzen han eta hemen.
Eskola alternatiboek 60ko hamarraldian sekulako arrakasta izan zuten Europan eta Ameriketan. Ondorengo urteetan apur bat baretu egin zen olde hori, baina azken urteetan ere hazten ari da hezkuntza alternatiboaren aldeko hautua egiten duten familien kopurua. Horren adibide dira Euskal Herrian dauden hainbat eskola, hala nola, Lea-Artibain dagoen Kortiñe (Bizkaia), Iruñeko Tximeleta (Nafarroa) edota Behauzeko Bizi Toki (Baxe Nafarroa). Denera, ordea, 20tik gora dira. Batzuek proiektua soilik egin dute oraindik, beste batzuk hastapenetan daude, eta zenbaitek urteetako esperientzia dute. Bistakoa da egunetik egunera gero eta eskola alternatibo gehiago ari direla sortzen Euskal Herrian, eskaria handituz doa eta horietako batzuetan jendea kanpoan uzten ari dira.
Ane Ablanedo Bigarren Hezkuntzako eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea izateaz gain, haur prebentzioan aditua da eta UEUk antolatuta, “Eskola libre eta demokratikoak: gizarte aldaketarako tresna eta gako” izeneko ikastaroa eman du. Helduen klinika aztertzen hasi zenean, nahitaez jo behar izan zuen haurtzarora pertsona ez-gaixoak nola hazi aztertzeko eta hor zuzenean egin zuen topo eskolarekin. Bere esanetan, orain indarrean dagoen eskola “ez da osasungarria haurrarentzat, ez da umeak behar duten tokia”. Ohiko eskolaratze-ereduaren gabeziak ikusita, hezkuntza-sistema alternatiboak ikertzen hasi zen eta eskola libre deritzotenekin egin zuen topo.
Eskola bat librea eta demokratikoa izan dadin eduki beharreko gakoak ikertu ditu irakasleak. Argi du eskola alternatibo guztiek ez dutela zertan onak izan, baina Euskal Herrian zenbait eredu gomendagarri behatu ditu eta baita hezkuntza-sistema barneko hainbat eredurekin alderatu ere. Alde batean zein bestean, bietan aurkitu ditu funtzionamendu osasuntsua izan dezaketen eskolak: “Eskola alternatibo onak daude, baina hezkuntza arautuaren barruan ere badaude adibide eredugarriak, zenbait eskola txiki adibidez. Oso kontuan izan beharko genituzke hasierako ikastolak ere. Gainera, gaur egun haur zein hezitzaile gehienak sistema barruan daude eta horiek ere zaindu behar ditugu. Ezin dugu pentsatu sistematik kanpo dena oso ona denik eta barruko guztia oso txarra, baizik eta hezkuntza libre eta demokratiko baterako gakoak zeintzuk diren ulertu behar dugu eta gauden tokian gaudela aurrera egin”.
Eskola libreen funtzionamendu eta metodologiaren oinarrian hainbat pedagogia eta eredu daude, hala nola Alexander Neill eta Summerhill eskola, Montessori metodoa, Rebeca eta Mauricio Wild-en hezkuntza aktiboa nahiz Pestalozzi eskola, Freinet, Freire edota Illich-en teoriak, Paideia eskola, etab. Edonola ere, Ablanedoren iritziz, garrantzitsuena ez da zein pedagogia erabiltzen den, haurra ez baita gauza bat edo beste ikastera derrigortu behar, baizik eta hezitzaileek nola jokatzen duten haurrari ikasteko giro, espazio nahiz material egokiak eskaintzeko eta behar ez den interbentzio edo injerentziarik ez egiteko: “Ez dago zertan pedagogia bat hartu eta ehuneko ehun jarraitu, baizik eta bakoitzaren ingurunera eta egoerara, hau da, norbera den horretara egokitu behar da pedagogia batek zein bestek diotena”. Pedagogiak aplikatzeko daude, baina irakaslearen aburuz, eskola libreen kasuan badaude kontuan izan beharreko aurreragoko hainbat printzipio: hezitzailearen jokabidea ez zuzentzailea izatea, umeari bere kasa ikasten eta bere bidea egiten uztea, haurrari bizitzara benetan zertarako etorria den aurkitzen laguntzea, zein dohain dituen eta zer gustatzen zaion jakin dezan baliabideak eskaintzea, eta elkarbizitzan trebatzea umeen arteko antolamenduaren eta harremanen bidez.
Printzipio horiei jarraitu nahi zietelako erabaki zuten Miren Camisonek, bi umeren amak eta haur filosofiako irakasleak, eta haren bikotekideak euren haurrak eskola libre batera bidaltzea. Haurdunalditik hasi ziren hazieraren eta hezieraren inguruan ikertzen eta eskola arruntak euren nahiak ez zituela asetzen ohartu ziren.
Camisonen hitzetan, eskola libreek ohiko eskolarekin alderatuta duten abantaila nagusia pertsonaren bizitza prozesuak errespetatzea da, eta Rebeca eta Mauricio Wild-en hezkuntza aktiboaren filosofia dakar gogora. Autore horiek haurrak eta beraien prozesuak giza eboluzioarekin eta bizitzarekin lotuta ulertzen dituzte, eta beraz, eskolak pertsonen beharrei ematen dizkien erantzunek beste modu batekoak izan behar dutela uste dute. “Askotan komentatzen da eskola arruntetan haurrak berez duen jakin-mina galduz doala, baita irizpide kritikoa ere, eskola alternatiboen helburua da hori guztia mantentzea, prozesuak blokeatu gabe. Baina autodidakta izateko ekintzaile izan behar da. Hezkuntza aktiboak esan nahi du haurrek eurek erabakiko dutela eskolan zer egin. Eta horrekin estuki lotuta dago autodiziplina. Gaur egun pedagogia askok esaten dute haurrari ez zaiola erakutsi behar, baizik eta berak ikasi behar duela. Eta hori bizitzari zentzua aurkitzearekin dago lotua. Norberak deskubritu behar du nolakoa den mundua eta nolako erlazioak gertatzen diren hor. Sarri eskola arruntean errealitatea zatikatuta irakasten da, irakasgai bakoitza bere aldetik lantzen da. Ulermena zatikatzen denean, azkenean haurra egiten ari den horrek zentzua galtzen du, zeren gu izaki globalak gara eta globaltasun horreta ulertzen dugu ingurunea eta errealitatea”.
Hezkuntza librerako gakoak
Eskola libre deiturikoek erdigunean haurra jartzen dute. Helburu nagusia da haurrak autonomia eta iniziatiba izatea, jakin-min edo kuriositate naturala mantentzea, pertsona libreak, autodidaktak eta sortzaileak lortzea, eta horri loturik baita autodiziplina bultzatzea ere. Dotore geratu ohi dira helburuak bata bestearen atzetik jarrita. Alde nabarmenik ere ez da ikusten gainera, eskola alternatiboek nahiz ohiko hezkuntza-sistemak izan ditzaketen helburuekin. Baina paperean idazten den horretatik benetan eskola-praktikan egiten den horretara jauzi nabarmena egon ohi da. Xede horiek lortzeko ordea, nola jokatu? Zer egin? Nola antolatu espazioa? Zein material erabili? Hezitzaileek zein rol hartu? Giro egokia nola lortu? Hezkuntza libre eta demokratikoen inguruko hainbat klabe ematen dituzte Camisonek eta Ablanedok, eskola alternatibo nahiz arruntei baliagarri izan dakizkiekeenak.
Prozesu biologiko-ebolutiboak errespetatzea: haurrak bere kabuz ikas dezan beharrezkoa da prozesu biologikoari arreta jarri eta haurraren prozesu psiko-sozio-biologiko orokorrak eta bere behar pertsonalak zeintzuk diren ikertu eta horiek errespetatzea. Camisonek, Wild-tarrei jarraiki azaldutako teoriak, natura prozesuak hartzen ditu kontuan gizakiaren eboluzioa ulertzeko. Bere esanetan, gizakiaren eboluzioa lehenengo zelulatik abiatzen da. Sortzen den lehenengo zelula ingurune batean dago, natura ingurune batean. Elikatzeko ingurune horretako elementuak behar ditu, baina ez edozein elementu, garapenerako behar duena soilik. Zelula horrek mintz bat du eta mintz horrek erregulatu egiten du zelula horrek zer behar duen eta zer ez, eta baldin eta mintz hori osasuntsu badago, zelulak behar ez dituen elementuei ez die uzten sartzen.
Teoria horren arabera, pertsona zelula-anitzeko izakia da eta natura legeen barnean dago nahiz eta berezkoak dituen beste ezaugarri batzuk ere badituen. Erreferentzia puntu hori ardatz hartuta hainbat galdera planteatzen ditu Camisonek: “Zeintzuk dira bizirik dagoen organismo horren ezaugarriak eta beharrak bizitza-prozesuko etapa bakoitzean? Eta bereziki jaiotzen garenetik nerabezaroa bukatu arte? Etapa horretan finkatzen baita gure izaera-egitura izaki gisa.
Eta zer gertatuko da behar horiek errespetatzen ez badira? Adibidez, haurtxo bat libre mugi dadin errespetatu behar da, baina zer gertatzen da hori baimentzen ez diogunean?” Eta hainbat adibide jartzen ditu: “Esaterako, haurtxoak besoetatik ‘zintzilik’ eramaten ditugunean ibiltzen ikas dezaten, artean inoren laguntzarik gabe, euren kabuz bakar-bakarrik ibiltzeko gai ez direnean, injerentzia bat egiten ari gara. Izan ere, haurtxoaren organismoa oraindik ez dago prest funtzio hori bere kabuz eta laguntzarik gabe betetzeko. Zer eragin izango du horrek bere organismoan (giharretan, tonuan, nerbio sisteman, gorputz orekan, burmuinean, emozioetan, eraikitzen dituen harremanetan…)?”.
Irakasleak dioenez, eskolak haurraren prozesuak kontuan hartzen ez baditu eta bertako inguruneak haurrari haren etapa ebolutiboarekin bat ez datozen hainbat gauza inposatzen badizkio, injerentzia bat gertatzen da eta horrek haurraren garapenean eragin kaltegarria izan dezake. “Adibidez, 13-14 urtetik aurrera pertsona bat nahiko heldua dago, gutxi-asko, eragiketa abstraktuekin hasteko, baina ez lehenago. Eta etapa horren aurretik egiten bada, organismoa bortxatzen ari gara. Eta ulermena ordezkatzen duen memorizazio-prozesu mekanikoa martxan jarriko da umearengan”. Kritika hori egiten dio Camisonek eskola arruntari.
Curriculumaren gainetik haurraren barne grina: curriculuma eta bertan zehazten diren edukiak askotan haurraren ikasketa prozesua oztopa dezaketela diote Camisonek nahiz Ablanedok, curriculumaren bidez goitik behera esaten baita norbanakoak zein eduki zehatz ikasi behar dituen. “Denok ikasten ditugu gauza berberak momentu berberean eta horrek ez du inolako logikarik”, dio Ablanedok, eta zera gaineratzen du Camisonek: “Haurrak berak aukeratu du zerbait zehatza ikertzea bere beharra hori delako eta bere bizi esperientziak hala eskatzen diolako edota norbaitek inposatu dio?”. Irakasle bien hitzetan, eskola libreetan haurrak berak aukeratu beharko luke zein ikerketa lerro jorratu nahi duen, normalki, ingurunean duenetik eta aurreko esperientziatik abiatuta.
Ikaste prozesuak baimentzea: eskola libreen printzipioa da umeak berezkoa duela ikasteko grina, eta hortaz, ez zaiola zertan ezer irakatsi. Camisonek esplikatzen duen eran, haurra bere ekimenez ikasten doa: “Ikasketa mota horrek balio handiagoa du, benetan gure bizitzan zentzua duena ikasten baitugu”. Piagetek dio ulertzea asmatzea dela, norberak sortzen duela ulermena eta inork ezin duela norbere ordez sortu. Ideia hori bera konstruktibismoak ere jasotzen du, ikaslea dela bere ikasketa prozesuaren subjektua dioenean. Hortaz, hezkuntza-sistema alternatiboen arabera, eskolak bideak jarri behar dizkio ikasleari bere ikaste prozesuak aurrera eraman ditzan eta ez besterik.
Metodologia ez zuzentzailea: eskola libreetako pedagogia ez da gidatzailea izango, ez ditu haurren prozesuak zuzenduko, baizik eta espazio, giro eta material egokiak prestatzen saiatuko da. Hiru zutabe nagusi horiek izan ohi dira kontuan eskola alternatiboetan eta ez da irakasgairik izaten. Eskola libreak barneko zein kanpoko espazioak sortzen ahalegintzen dira, eta Camisonek azaldutako moduan, kanpokoa barnekoa bezain garrantzitsua izan ohi da. Kanpoaldean ahalik eta ingurune zabalena edukitzea litzateke egokiena, baita mugimendurako espazioak ere: natura-espazio zabalak; zuhaitzekin, egurrekin, harriekin, lurrarekin jolasteko lekuak; kulunkatzeko eta igotzeko egiturak; tirolinak eta salto egiteko ohe elastikoak; etab.
Horiekin batera eskola libre gehienetan egon ohi dira hondartegi handi bat eta urarekin jolasteko toki bat. “Urarekin eta hondarrarekin jolastea oso garrantzitsua da, material ez-egituratuak direlako. Kanpoaldean gaitasun fisiko eta emozionalak, zentzumenak eta gauzak eraikitzeko gaitasuna lantzen dira, bestak beste. Era berean, komenigarria litzateke jolas sinboliko guztia ere barruan eta kanpoan egin ahal izatea. Wild-tarrek argi dute haurrak urarekin, lurrarekin, makilekin nahi ahala jolastu behar duela, gero matematikak ondo ulertu ahal izateko, naturarekin eta animaliekin harremanak izatea ezinbestekoa dela bizitzan bestelako konexioak eta loturak egin ahal izateko, gero konexio horiek izango baitira eragiketa abstraktuagoak ulertzeko oinarria”. Barrualdean berriz, beste hainbat espazio egongo dira: mugimendurako espazioa, joko sinbolikorako espazioa, arterako espazioa, sukaldea eta jangela, aroztegia, material egituratu eta ez egituratuen espazioa, etab.
Antolaketari dagokionez, kontuan izan beharreko bi irizpide aipatzen ditu Camisonek: batetik, giro prestatua, eta bestetik, giro lasaia. Helduen egitekoa izango da bi irizpide horiek bermatzea. “Beraz, espazio bakoitzean heldu bat egongo da giro lasaia ziurtatzeko, gainontzean ezinezkoa izango baita beste jarduera guztia behar bezala gertatzea. Ezin da alor kognitiboa ongi garatu pertsona bat alerta badago”. Giro prestatuak berriz, materialarekin du zerikusia. Camisonek adierazi bezala, material asko egon behar da barrualdeko aretoetan haurrak bere kasa irakasgai guztiak landu ditzan: matematika, hizkuntzak, plastika, musika… “Baina giro prestatuarena haratago doa. Horrek esan nahi du umeak zein prozesu bizitzen ari diren behatzen ari garela eta haiek zein behar dituzten adi gaudela. Giro prestatua zerbait dinamikoa izango da, haurren beharrak eta interesak ere denbora guztian aldatzen baitoaz. Gainera, urtero eskoletan ume berriak sartzen dira eta uneoro bertan dauden haurren arabera antolatu behar da guztia. Horregatik, helduak umeari oso adi egon behar du, zentzumen guztiak oso irekita”. Alderdi horri loturik, eskoletako ratioak ere garrantzia handia hartzen du, ezinezkoa baita giro prestatuaren eta lasaiaren irizpide bikoitz hori bermatzea, eskolan heldu gutxi badaude edota espazioak txikiak badira: “Ume asko badaude, heldu asko behar dira eta espazio oso handiak”.
Arauak haurrek eurek eginak: eskola libreetan haurrak sartzen direnean helduek ezarritako hainbat muga izan ohi dituzte, elkarbizitza arauak, hain zuzen. Behin eskolan hasten direnean, ordea, eta batez ere Lehen Hezkuntzatik aurrera, haurrek ere parte hartzen dute ezarrita dauden muga horiek berreraikitzen eta arau berriak egiten. “Goitik ezarritako arauek ez dute balio, baizik eta haurrek eurek probatu, esperimentatu eta ikusi behar dute zerk balio duen eta zerk ez, eta horren inguruko gogoeta egin”. Zenbait eskolatan asanbladak egiten dituzte mugak ezarri eta elkarbizitza araudia zehazteko.
Helduaren rola, haurrarekin egotea: eskola alternatiboetan helduaren egitekoa haurraren alboan egotea behar luke izan, haurra akonpainatzea. Heldua izango da bestalde, haurrentzat giro egokia bermatuko duena ere, elkarbizitza arauak ziurtatuz, errespetuzko eta lasaitasunezko giroa sortuz eta haurrek dituzten beharrak uneoro akonpainatuz. Camisonek zehaztutako eran, heldua denbora guztian haurren prozesuak behatzen ariko da eta beharrezkoa denean soilik hartuko du esku, hau da, umeek eskatzen diotenean, ekintza zehatzetan (ipuinak kontatuz, tailerrak antolatuz edo emanez…) edo konfliktoak daudenean, errespetuzko giroa bermatuz.
Baina mugak ongi jarriak daudenean eta taldeak muga horiek onartuta dituenean, esku-hartzea oso txikia izan ohi da. “Ohiko beste galdera bat izan ohi da helduek ez ote duten ezer-ezer irakasten. Haur bat material batetara gerturatzen bada eta horrekin nola jolasten den galdetzen badu, helduak deskripzio bat egingo dio azalduz material hori berak nola erabiltzen duen, gero haurrak nahi badu modu horretan jolas dezan edo beste erabilera bat eman diezaion. Hala, haurrak handitzen doazen heinean, euren ardurak hartuko dituzte intereseko proiektuak aurrera ateratzeko, eta sortzen diren tailerretan modu askean parte hartzeko”.
Umeak berak erabakitzen du zer egin: eskola libreetan umeak erabakitzen du zer egin nahi duen momentu bakoitzean, “ekintza haurraren barrutik kanpora dator, eta ez alderantziz”. Camisonek dio ez dela horren erraza batek ikasi eta egin nahi duena aukeratzea: “Nola antolatuko dut nik eskolan nagoen denbora hori guztia? Bakarrik edo norbaitekin? Zein dinamika sortuko ditut? Eskola hauetan inork ez dizu esaten zer ikasi behar duzun, ezta bakarrik, besteren batekin edota gehiagorekin antolatuko zaren ere hori egiteko”.
Eskola libreei askotan leporatzen zaie haurrei nahi dutena egiten uzten dietela, baina nola ulertzen da ‘nahi dutena’ egitea? Hezkuntza alternatiboaren testuinguruan ondokoa esan nahi du Camisonen hitzetan: “Eurek aukeratzen duten ekintza hezitzaileari ekitea inork esan gabe zer ikertu behar duten. Horretarako prestatuta egongo da eskola eta bertako helduak. Nahi dutena egiteak ez du esan nahi beste pertsonak edo gauzak kontuan eduki gabe aritzea, baizik eta barruan daramatena ateratzen laguntzea, uztea eta behar horietan akonpainatzea modu pertsonalizatu batean. Askatasunaz ari gara, baina askatasuna mugen artean ulertuz, noski. Horretarako daude elkarbizitza arauak eta funtzionamendua berrikusteko bilerak haur eta helduen artean, elkarbizitzaren mugak, arduraren eta konpromezuen mugarriak, etab. Askatasuna ez dugu nahastu behar libertinajearekin, ezta egozentrismoarekin ere. Askatasuna da testuinguruak ematen dizkigun aukerak probestea norbere nahiak, beharrak edota interesak asebetzeko, modu arduratsu eta sortzaile batean”.
Autonomia, izaera autodidakta, autodiziplina: haurraren barrutik kanporako jarrera erakusten duten hiru kontzeptu dira horiek, Camisonen esanetan; hau da, haurrak naturalki ikertu, sortu eta deskubrituko du eta naturalki egingo ditu hainbat ekintza, ez kanpotik esan diotelako. Eta haurra autodidakta izango da, baldin eta autonomian hezten bada.
Horrekin lotuta dago beste kontzeptu bat ere: autodiziplina. “Helduak ez dio haurrari esango zertan jolastu behar den edo zer egin behar duen, hori haurraren beraren erabakia izango da. Jolas horretan aritzeak, ordea, diziplina eskatzen dio. Baina diziplina norbere barnetik aterea denean, gauza berbera dira diziplina eta pasioa. Wild-tarrek oso polit esaten dute: ‘jolasa eta lana gauza bera da’. Batzutan kontrakoa iruditzen bazaigu ere, jolasik edota jarduerarik txikienarekin ere lan handia ari da egiten haurra”.
Etorkizuna ezbaian
Eskola libreei irla batean bizitzea egozten zaie maiz, eta haurrak errealitatetik kanpo heztea, bizitza, benetan, beste era batekoa delako. Eta haur horiek gero sistema arruntean egokitzeko zailtasunak izango dituztela esan ohi da. Baina Ablanedok azaldutako moduan, guztiz kontrakoa gertatzen da, haur horiek oso ongi antzematen baitute zein diren leku bakoitzeko arauak: “Probatuta dago eskola horietan ibili diren haurrak sistema arrunteko eskoletan sartu direnean oso ondo moldatu direla. Izan ere, euren heziketan sistemak ez die kalterik eragin, ingurunea ez da eurekin maltzurra izan. Badakite toki batean ezin dutela egin bestean egin zezaketena, eta kito. Ez daukate, adibidez, institutura iristen direnean ume batzuek izan ohi duten erreaktibotasuna”.
Hezkuntza librearen bitartez haurren zenbait gaitasun bereziki lantzen direla diote adituek, hala nola, erlazioetarako edota egoera berrietara egokitzeko gaitasuna, baita erabakitzeko eta zer nahi duten jakiteko ahalmena ere: “Guri gertatu izan zaigu institutuan ikasleei nahi dutena egiteko eskatzea egun batez, eta haiek ez jakitea zer egin, ez baitaude horretan ohituta. Hori saihesten ahalegindu behar dugu”.
Aitzitik, Ablanedoren ustez, eskola libreek badute gabezia bat, une batean ezaugarri ona dena hurrengo batean txar bilaka baitaiteke. Haur batek ez ditu haur asko behar inguruan, baina nerabezaroan taldea oso inportantea da. “Igual horrelako eskola batean egotea motz gera dakioke nerabe bati. Horrexegatik, batzuetan ikasleek eurek eskatzen dute beste eskola batera joan nahi dutela, eta gehienean Bigarren Hezkuntza egitera ohiko sistemaren barneko ikastetxeren batera joaten dira”.
Eskola alternatibo batzuek esperientzia luzea dute eta emaitza probatuak. Beste eskola batzuen ibilbidea oraindik ezagutzeko dago, izan ere proiektuan garatzen ari dira edo hastapenetan daude: “Ematen du batzuetan horrelako eskolek badutela halako xarma erromantiko bat, baina alternatiboa izateagatik ez du zertan ona izan”. Badira sortu eta urte batzuren buruan, zailtasunak tarteko, jarduna eteten duten zentroak ere.
Horrez gain, eskola alternatibo gehienak ez dira legalak eta egoera nahiko prekarioetan diraute lanean. Izan ere, diru-laguntzarik jasotzen ez dutenez, beharrezko diru guztia gurasoek jartzen dute. Baina kuotak altuegiak izatea ere eragozpena da familia zenbaitentzat, ondorioz, maiz bertako hezitzaileak egoera nahiko kaskarretan lan egiten dute. Eta zentroak ere, normalki autogestionatuak izaten dira. Oro har, horretaz gurasoak arduratzen dira, baita beharrezko materialak inguratzeaz eta mantenuaz ere. Hezitzaileen lana ildo pedagogikoari dagokiona izan ohi da. Baina erdi-ezkutuan aritu behar horrek zailtasun eta neke ugari eragiten dizkie guraso nahiz hezitzaileei, “ez baita erraza beti borrokan aritzea”.
Sistemaren barnean aldaketa posible da?
Eskola libreen edo alternatiboen gakoak ezin dira aplikatu hezkuntza-sistema arautuan? Haur eta irakasle gehienak sistema horretan dabiltzala kontuan izanik edonori burura dakiokeen galdera da. Ablanedok argi dio: “Zaila da, baina urratsak egin daitezke”. Hainbat gako garrantzitsu hezitzailearen eta ikaslearen arteko harremanean egon daitezkeela dio, heziketa bi pertsonen arteko erlazioan gertatzen den zerbait baita. “Erlazio hori kalitatezkoa bada, ezkutuko botererik edo autoritarismo kamuflaturik ez badago eta helduak umearekiko duen begirada aldatzen badu, asko da”.
Zentzu horretan hezitzaileak bere buruari begiratzen jakiteak ere sekulako garrantzia duela uste du irakasleak: “Niretzat zer da bizitza? Zer gizatasuna? Eta zer heziketa? Galdera horiek erantzuten saiatuz egoera asko alda daiteke. Erlatibizatzen jakitea ere oso garrantzitsua da, programari beldurra kentzea eta dena eman beharrik ere ez dagoela barneratzea. Egia da selektibitatea hor dagoela, baina hori azken bi urteetan da garrantzitsuena, aurreko mailetan ez horrenbeste. Irakasleok jarrera aldatu behar dugu eta pentsatu guk irakatsiko diogun horrek ez diola haurrari ezertarako balio, zeren benetan balio baldin badio berak ikasiko du. Zu zaren horri garrantzia kenduz, jarrera aldatuz, egoera alda daiteke”.
Hezitzaile on batez hitz egiterakoan kontuan hartu behar da bakoitzaren garapen pertsonala Ablanedoren iritziz, hau da, zer gaitasun duen bere barnera begiratzeko eta antzemateko umearekiko harremanean zer den berea eta zer umearena. “Hezitzaile on batek asko begiratu behar dio bere buruari. Gu sistema bateko ume gara eta heziketarekin zerikusia duela esan diguten hori guztia oso txertatuta dugu gure barnean. Ikasitako hori desikasten hastea litzateke lehen egitekoa”.
Camison, bestalde, sinetsita dago sistema arruntean ere aldaketak egin daitezkeela: “Gauzak asko aldatu behar dira. Eta jendearen burua eta bihotza ere bai. Mundu ikuskera osoa. Paradigma aldaketa behar da. Hezkuntza librerako paradigma aldaketa hori ezin da bi egunetan egin, baina krisi momentuak oso politak izan daitezke horretarako”.