Monica Blas: "Ingurune erosoago eta egokiago batean erditzeko aukera eman behar zaio emakumeari"
Euskadiko Emaginen Elkarteko lehendakaria da Monica Blas. Emakumeek euren buru eta gorputzekiko konfiantza galdu dutela ikusten du, eta horrek eragina duela euren sexualitatean, haurdunaldian, erditzean eta amatasunean.
1997tik dihardu emagin lanetan, eta gaur egun Euskadiko Emaginen Elkarteko lehendakaria da Monica Blas. 2009an sortu zenetik, emaginen elkartearen helburu nagusia ugalketari loturiko osasungintzaren kalitatea eta haur jaio berriaren zaintzarena bermatzea dira. Ospitaleko lanaz gain, Amane emaginen zentroa sortu du beste hainbat kiderekin Mungian, gurasoak haurdunaldian, erditzean eta erditze ostean laguntzeko. Blasek, gainera, hainbat ikerketa egin ditu, berriki episiotomiak emakumeen bizitza sexualean duen eraginaren ingurukoa.
Emaginak emakumeen osasungin- tzako profesionalak direla zehaztu nahi izan du Blasek, eta ginekologoak, aldiz, patologietako profesionalak. Elkarrizketa honetan haurdunaldian, erditzean –eta erditzeko prestakun-tzan– eta erditze ostean zentratuko gara, nahiz eta euren lana zabalagoa izan, hezkuntza psiko-afektiboaz eta antisorgailuez arduratzen baitira, zerbix eta bularreko minbiziaren prebentzioaz eta detekzioaz, menopausiaz, zoru pelbiseko patologiak zaintzeaz…
Nola erditzen gara hemen?
Diferentzia handiak daude ospitalearen arabera. Baina, orokorra da epiduralen kopuru ikaragarria handia: emakume gehienek epidurala eska-tzen dute, eta minik gabe erditu nahi dira. Bada emakume kopuru txiki bat beste mota bateko erditzea aukera-tzen duena, medikalizazio gutxiagorekin eta naturalagoa.
Zergatik jotzen dugu erditze medikalizatuetara?
90eko eta 2000ko hamarkadetan epiduralaren aldeko kanpaina handia egin zelako. Ikaragarrizko bultzada eman zitzaion. Epidurala ez da soilik minik gabeko erditze baten sinonimo, elitearen sinonimo ere izan da, hasiera batean osasungintza pribatuan ezartzen zen, eta beranduago sartu zen publikoan; askorentzat estatus baten adierazle izan zen. Horrez gain, beste ideia bat zabaldu da: osasungintzan egiten diren esku-hartzeak minik gabe egiten direnez, zergatik pasa behar du emakumeak mina erditzean? Egozten ari zirela epidurala eskatu izan didate behin baino gehiagotan, euren ideia epiduralarekin erditzea zelako. Ideia horrek, ordea, emakumeok epiduralik gabe erditzeko gai garela eta minarekin erditu gaitezkeela ez sinestera eraman gaitu.
Ideia horrek geure gorputzean konfiantzarik ez izatea ekarri duela diozu. Konfiantza falta horrek nola eragiten du erditzean?
Eragin handia dauka nork bere gorputzean konfiantzarik ez izateak, baina ez soilik erditzeko unean, baita haurdunaldian zehar ere, beldurra sortzen baitu, eta beldurrak, estresa. Beldur horri, gainera, gizartean zabalduagoa dagoen beste ideia bat eran-tsi behar zaio, erditzea arriskutsua dela transmititu baita. Haurdunaldian zehar emaginek eta ginekologoek emakumeari egiten dizkioten kontrol, ekografia, analisi eta probak ere badirudi arrisku hori bilatzeko egiten direla. Horrek guztiak emakumeari sinetsarazten dio haurdunaldi prozesua eta erditzea arriskutsuak direla.
Profesionalok ere norabide horretan formatu gara: erditzea arriskutsua dela ikasi dugu.
Zein da emaginaren egitekoa haurdunaldiko prozesuan eta erditzean?
Haurdunaldiko prozesuan segimendua, laguntza eta kontrolak egiten dituena emagina da, eta baita taldeetan jaiotzarako prestatzen dituena ere. Erditze arruntean espezializatua dagoen profesionala emagina da, eta ez ginekologoa. Ginekologoa emakumearen patologietako medikua da. Erditzearen unean, ginekologo obstetrak esku hartuko du prozesua bere onetik ateratzen denean. Horrela funtzionatzen du sistema publikoak, pribatuan gauzak bestela izan dira.
Bikoteek ba al dute erditzeari buruzko aski informazio?
Erditzeko prestakuntzara iristen direnean, beste erditze bat izan ez duten emakumeak, oro har, informazio gutxirekin etortzen dira. Gure bizitza osoan gure gorputzetik urrundurik gaude, gure hilekoaren ziklotik... eta ez dakigu zer gertatzen zaigun. Haurdunaldian aldaketa asko gertatzen dira, prozesu horretan normalak direnak, baina ezagutzen ez baditugu gaixotasun moduan bizi ditugunak: uteroaren handitzea, bizkarreko mina, oinak handitzea... Oso medikalizaturik bizi garenez, eta edozein molestiaren aurrean zerbait hartzera ohituak gaudenez, haurdunaldian ere jarrera hori dugu, prozesu arruntak gaixotasun moduan bizitzen ditugu.
Horrez gain, gaur egun haur gutxiago jaiotzen dira eta, ondorioz, gertu-gertuan ditugu emakume haurdunen kopurua ere txikiagoa da, eta horrek eragiten du haurdunaldia ez ezagu-tzea. Modu sanoan eta askatasunez oso gutxi hitz egiten da haurdunaldiz, erditzeaz, erditze osteaz eta hazieraz, eta horrek guztiak zaildu egiten du informazio egokia zabaltzea.
Informazio faltak nola eragiten dio erditzeari?
Gero eta informazio gutxiago izan, orduan eta baliabide gutxiago ditu emakumeak erditzeari aurre egiteko. Adibidez, garrantzitsua da emakumeak erditzea nolakoa den ezagu-tzea, eta hasiera eta hasiera ez dena ezagutzeko gai izatea, ospitalera joateko une egokia zein den jakin dezan eta ez dadin azkarregi joan. Beste alde batetik, erditze-minei aurre egiteko baliabideen inguruko informazioa oso interesgarria da, epiduralaz aparteko baliabideak eta epiduralak ekar ditzakeen arriskuak ezagutzen badituzu, erabaki bat edo beste har-tzeko bitarteko gehiago izango dituzu. Informaturik egotea emakumearen mesedetan izango da.
Ze arrisku ditu epiduralak?
Epidurala guztiz naturalizatua dago, garai batean amniozentesia zegoen bezala. Hura ikaragarria zen. Basurtuko erietxean emakumeen % 98-99k epiduralarekin erditzen dira. Astakeria bat da. Emakumeek argi eduki behar dute erditzeak denbora eskatzen duela. Emakume asko oso azkar joaten dira ospitalera, eta horrek nekarazi egiten du. Etxean dauden bitartean lasai mugitu daitezke, baineran egon daitezke, bertan mina arindu, baloiaren gainean pelbiseko mugimenduak egin... Gaur egun erditzea aktibo dagoenean ospitaleratu daitezen ahalegintzen gara.
Ikerketek argi erakusten dute, eta geuk ere gure eguneroko lanean ikusten dugu, epiduralak erditze instrumentala izateko arrisku handiagoak dakartzala. Epiduralak mugitu ezina dakarkio emakumeari, eta erditzean mugimenduak garrantzi handia dauka, haurra ondo koka dadin, adibidez. Beldurrak epidurala eska-tzera bazaramatza, jakin behar duzu horrek mugiezintasuna ekarriko dizula eta erditzea mantsotuko duela... emakume asko ez dira jabetzen horrek guztiak haurra egozteko unean arriskuak eta arazoak ekar ditzakeela.
Epidurala hain zabaldua egoteak mina arintzeko beste baliabide batzuk ezagutzeko aukera gutxitzen du. Baina egon badaude. Ura, mugimendua... horiek gainera, mina arintzeaz gainera, dilatatzen laguntzen digute. Noski, baliabide horiek, ordea, emakumeen eskura egon behar dira, ez da aski emaginok ikastaroetan baineraren berri ematea gero erietxean ez badago bainerarik.
Erditzean tresnak erabiltzen direnean episiotomia bat egin behar izaten da ia beti, eta episiotomia hori, hasteko, epiduralik gabeko erditzeetakoa baino handiagoa izan ohi da. Ebakidura horrek erditze ostean deserosotasunak ekar ditzakete, puntuen molestiak...
Epiduralak nola eragiten dio haurrari?
Haurra jaio eta lehen bi orduetan alerta egoeran dago haurra, amarekin lehen kontaktua egin behar du, titiari heldu behar dio... epiduralarekin jaiotzen diren haur askok erreflexu gutxiago dituzte, eta horrek edoskitzea ondo ezar dadin galaraz dezake.
Episiotomiari buruzko ikerketa egin duzu hainbat emaginekin. Zer da episiotomia eta zergatik egiten da?
Perineoan egiten den ebaki bat da episiotomia, haurrak burua atera behar duenean egiten da. Emagin askok ikasi genuen –eta hala zioten obstetriziako liburu gehienek duela dutxi arte– lehenerdi guztiei episiotomia egin behar zitzaiela, eta neuk ere episiotomia bat daukat neure lehenengo erditzean egina. Esaten zen ebaki horrek uteroa erortzea saihesten zuela, baita txizari ezin eustea ere, ipurtestean urratu handiagoak egitea ere... baina denborak erakutsi du emakume guztiek ez dutela episiotomiarik behar euren lehen erditzean eta, gainera, ez dituela gauza horiek guztiak saihesten.
Episiotomia bat naturalki egiten den urradura bat jostea baino errazagoa da, baina modu naturalean egiten den urradura hori episiotomia bat baino txikiagoa izango da beti. Eta, gainera, urradura hori benetan behar den lekuan egingo da, eta agian episiotomia bat ez.
Ikasi dugun guztia desikasi behar dugu gai honi buruz, eta kostatzen ari zaigu. Gaur eguneko emaginak alderantziz ari dira ikasten: ohikoa episiotomiarik gabe erditzea dela, eta salbuespena dela episiotomia egitea. Aldaketa hori oso handia da.
Zuen ikerketak aztertu du nola eragiten dien episiotomiak koito bidezko sexu harremanetan emakumeei. Zer ondorio atera dituzue?
Ondorio ikaragarriak ditu episiotomiak. Txiza edo eginkariari ezin eustea, gasen inkontinentzia, bizitza sexualaren eskastea... Erditu osteko bizitza sexualaz oso gutxi hitz egiten da, baina erditzeko esku-hartzeek ondorio handiak izan ditzakete; episiotomiaren kasuan hala direla ikusi dugu. Bilboko eskualdean egin genuen ikerketa eta emaitzak oso esanguratsuak izan ziren:
Erditu eta urtebetera –urtebetera bizitza sexualak lehengora itzulia egon beharko bailuke– episiotomia egin zieten eta egin ez zietenei galdeketa egin genien. Episiotomia zutenek lehen baino bizitza sexual okerragoa zeukaten, eta historia oso gogorren lekuko izan ginen.
Episiotomia bat egiten bada erabat justifikatua izan behar da: haurra arriskuan dagoelako eta egozpen fasea laburtu behar duzulako.
Zer zesarea kopuru ditugu?
Osasunaren Munduko Erakundeak gomendatzen duen gehienezko tasaren azpitik gaude. Baina alde handia dago osasungintza publikoan eta pribatuan egiten denaren artean.
Zergatik ez da egokia zesarea bidezko erditze bat programatzea?
Nola zergatik ez den egokia? Ebakun-tza bat delako, sabel-kirurgia delako!
Emakume ezagun askok egiten dute...
Zesarea batek dituen arriskuak handiak dira. Ebakuntza bat da. Erdi-tzea prozesu fisiologiko bat da, eta emakume guztiok prestatuak gaude horretarako. Zesareak bizkarrezurreko anestesia eskatzen du, kirurgia... Emakume ezagunek zesarea bidez erditzeak ez du batere laguntzen haurra “goitik ateratzearen mitoak” dituen arriskuak azaltzen. Haurrek erditze kanaletik ateratzeko beharra daukate; erditzean sortzen diren hormonez gain, ateratze hutsak birikak estutu bezala egiten ditu eta horrek haurrak barnean dituen likidoak –haurrek likidoa daukate arnas aparatuaren barrenean eta inguruan– kanporatzen ditu eta airea sartzen da. Goitik ateratzen baduzu, prozesu hori guztia ez du biziko eta egokitzapen arazoak izan ditzake. Baginatik erditu ezin diren emakumeen kasuan –izan haurrak ezin duelako edo amak arrazoiren batengatik ezin duelako– erabili behar da zesarea.
Gainera, haur bakoitzak bere momentua dauka. Erditzerako jartzen den data ez da zehatza, ez baitakigu zehazki noiz izan den kontzebitua, beraz erditze bat programatzen badugu ez dakigu zehazki irteteko prest dagoen ala ez.
Hainbat kasutan emakumearen borondatearen aurka egiten dira zesareak, beharrezko ez den kasuetan. Nola bizitzen dute emakume horiek halako zesarea bat egin izana?
Kasu askotan oso gaizki. Oso-oso gaizki. Hainbat emakumek erditzea lapurtu diotela sentitzen dute. Zesarea egiten dieten unean ez dira jabetzen zer ari zaizkien egiten, baina ‘a posteori’ trauma handiak izan ditzakete emakume horiek.
Osasungintza publikoan zesareak beharrezko diren kasuetan egiten dira ia-ia beti.
Emagin asko eta asko erditzearen berezko bidea errespeta dadin oso kontzientziatuak eta formatuak zaudete, emakumeak ere hain kontzientziatuak al daude?
Neuk ere galdera horixe bera egiten diot egunero neure buruari, ez dakit emakume asko jabetzen diren zeinen garrantzitsua den erditzearen kontzientzia hartzea! Gizarteak duen indarra handiagoa da. Badira kontzientziaturik dauden emakumeak, informatuak daudenak eta nola erditu nahi diren dakitenak. Emakumeak kontziente izan ala ez, guztiok lan egin behar dugu erditzea –izan epiduralarekin, naturala edo zesarea bidezkoa– errespetatua izan behar duela. Profesionalok lagundu egin behar dugu bikotea epidurala jartzeko erabaki horretan, baina jakin egin behar du ondorioz zenbait ekintza egin beharko ditudala, eta agian erditzea geldiaraziko dugula.
‘Erditzeko plana’ edo ‘jaiotzeko plana’ deiturikoa oso garrantzitsua irudi-tzen zait. Ez bakarrik ospitalearen-tzat, baita bikotearentzat ere. Bikoteak lan pertsonal bat egin behar du: nolako erditzea nahi duten pentsatu behar dute, hausnartu, prestatu, norberari ondoen zer datorkion pentsatu, ikusi epiduralaz gain badaudela beste baliabide batzuk, edo egozpeneko unean mahai gainean etzanda egoteaz aparte badaudela egozteko beste modu batzuk, lau hankan, zutik, albozka... Izan ere, postura batzuek lagundu egiten diote erditzeari, baina emakumeak aukera horiek badituela jakin behar du aurrez, erditzean emaginak eskaintzen dionean ez baitu ulertuko bestela.
Edoskitzearen aldeko jarrera irmoa hartu duzue emaginek.
Edoskitzeak biberoiaren munstroaren aurka egin behar du borroka, eta baita gure gertuko jende askoren kontra ere. Emakumeok eradoskitzeko dugun gaitasunaz zalantza handia egiten da, biberoia izan baita norma azken hamarkadetan.
Guraso izatean lehentasunak eta denborak ikaragarri aldatzen dira eta doikuntza bat beharrezkoa da, eta baita horretan lagunduko zaituenik ere. Gizartean, amatasuna eta edoskitzea gauza asko albo batera uztera behartzen zaituzten jarduera gisa ikusten dira, baina benetan aukerak dira falta direnak.
Emakume asko dira eradoski nahi bai, baina ezin izaten dutenak.
Faktore asko daude ezin duzula pen-tsarazten dizutenak. Ez da ezin duzula, baizik eta uste duzula ezin duzula. Eta, gainera, ez daukazu lagunduko zaituen erreferentziazko pertsonarik, konfiantza emango dizuna eta badezakezula ikusaraziko dizunik. Duela gutxi arte, mastitis bat edo arazoren bat zuen emakumeari segituan mozten zioten esnea. Edoskitzea inber-tsio bat da haurraren eta amaren osasunerako.
Baina ama askok presioa sentitzen dute ez diotelako haurrari bularra eman.
Emakume batek erabaki bat hartzen duenean babestua sentitu behar da, eta emaginak lagundu egin behar dio. Baiezkoa erabakitzen badu, gure ahalegina izango da nahi hori betetzea, eta lortu dezan baliabideak emango dizkiogu, gure kulturan ikusezin bihurtu baitute edoskitzea denbora luzez. Arazoak egon daitezke, mina, arrakalak... baina normalki aholkularitza onarekin konpondu ahal izaten dira. Bestetik, emakume batek ez duela bularra eman nahi esaten dizunean, erabaki horretan berdin-berdin lagundu behar dio emaginak, eta baliabideak emango dizkio esnea mozteko.
Bikoteaz mintzo zara, eta ez amari buruz bakarrik.
Bikotearen prozesua da –bikotea dagoen kasuetan–. Bikotekideak, izan gizonezko edo emakumezko, guztian parte hartu behar du. Baina, sozialki eta kulturalki emakumeok gure gorputzetatik urrundurik baldin bagaude, pentsa haurdunaldiaren prozesua bere baitan bizitzen ari ez den per-tsona zeinen urrun egongo den! Lan handia egin da bikotekideak erditzeko gelan sar daitezen, baina behin han daudela, ez dakite zer egin dezaketen. Nik oso beharrezko direla ikusten dut, baina, era berean, oso galdurik ikusten ditut. Aldiz, bikotekidea haurdunalditik prestatu baldin bada, erditzearen fisiologia ezagutzen badu, dilatazioa eta egozpena nolakoak diren baldin badaki eta euren neska-lagunaren beharrak ezagutzen badituzte, badakite une batzuetan masajea eman beharko diotela, beste batzuetan laztan bat beharko duela, beroa jartzea... beste une batzuetan aldiz, ez du nahiko ukitu ere egiterik... oso lagungarri izango dira. Baina hori guztia ikasi egin behar da, gizartean ez baita hori transmititu.
Baina jaiotzerako prestakuntza ikastaroetan, bikotekideek ez dute lekurik sarri...
Ez dute leku fisikorik ere, ordutegiak desegokiak dira lanean ari direnentzat, eta ez daukate baimenik... hori guztia erraztuko bagenu, handia izango li-tzateke aldaketa. Bikotekide askok ez dute kontsulta bat bera ere zapaldu prozesu osoan zehar, eta hori, erdi-tzean nabaritu egiten da, eta kasu askotan erditze ostean ere bai. Zenbat eta beranduago sartu prozesuan, orduan eta gehiago kostako zaio parte izatea.
Ez ote litzateke aukerarik egongo erditzen lagunduko dizun emagina aurretik ezagutu ahal izateko, azken batean, erditzeko ikastaroetako emagina eta ospitalekoa bi pertsona oso diferente izan daitezke...
Egon dira saiakerak, eta gaur egun eskualdeak eta ospitaleak hobeto antolaturik daude eta gertutasuna handiagoa da. Baina gaur egun oso zaila da hori, Gurutzetako ospitalean 50-60 emagin daude, eta zaila da jakiten zu erdituko zarenean zein egongo den. Europan beste sistema batzuk dituzte, eta Erresuma Batuan, adibidez, lehen arretako emaginak guardiak egiten ditu ospitalean.
Dena den, emaginak eta emaginak daude, bai eta emagin formatuak eta birziklatuak behar ditugu, baina baita pediatrak, erizainak, ginekologoak... ere. Erabiltzaile gisa eskubidea dugu jasotzen ari garen zerbitzua eskasa iruditzen zaigula esateko.
Oraindik oso kopuru txikia izan arren, gero eta emakume gehiago erditzen dira etxean. Horrek eragin al dio ospitaleko erditzeari?
Oraindik oso kopuru txikiak dira trans-zendentziarik izan dezaten erietxeetan. Europan tasa altuak dituzte, eta ikerketak erditze horiek babesten dituzte, ospitalean baino arrisku gehiago ez duela erakusten du, ezta arazo gehiago ere...
Nik uste dut bidea emaginek gidaturiko erditze-etxeetarantz joango dela, ingurune erosoago eta egokiago batean erditzeko aukera eman behar zaio emakumeari, urgentzia batean behar diren baliabide guztiak eskura izanda. Ezin dira haurdun guztiak inbutu beretik pasarazi: erditze arrunta eta patologikoa bereizi behar dira.
Elkarrizketan zehar behin eta berriz esan duzu gure gorputza eta gure sexualitatea ez ditugula ezagutzen, paradoxikoa da ze, sexuak inoiz baino toki gehiago hartzen du komunikabideetan...
Gaiztoa da nola ikusarazi diguten emakumeoi geure sexualitatea. Neska txiki garenetik gure sexualitatea ezkutatu egiten zaigu, tabua da, baina tabu dira, baita ere, gure hilekoa, fluxua... usaina ere kendu egin nahi digute telebistako iragarkien bidez! Pilulak ere eragin zuzena dauka gure hileroko zikloan eta gure gorputzean, eta emakume askok ez dute euren bizitza ugalkorra antisorgailurik gabe igaro.
Haurdunaldiaz, erditzeaz eta erditze osteaz tabu asko daude?
Amatasun senari buruz ere oso gutxi hitz egiten da. Jendeak uste du haurdun egon, haurra jaio eta automatikoki haurtxo hori maite behar duzula eta berarekin maitemindu behar duzula; baina ez da beti hala izaten. Hori emakumeek ez dakite, eta gertatzen zaienean oso esperientzia gogorra bizi izaten dute ez baitituzte espero zituzten sentimenduak. Niri horri buruz hitz egitea gustatzen zait, gertatzen zaionak jakin dezan ez dela gauza arraro bat, ez dela ama txar bat.
Erditu osteko tristuraz ere ez da hitz egiten, baina ohikoa da. Ez da iristen depresio bat izatera, baina erditu ostean desoreka hormonal handia gertatzen da, eta hori guztia bere onera etorri bitartean negargura eta tristura ohikoak dira. Baina gertatzen zaizuna ez baduzu ulertzen, eta gainera nekaturik eta lo gutxirekin baldin bazaude... gauzak zaildu egin daitezke.
Hitz egiguzu erditze osteaz. Berrogeialdiak ez ditu berrogei egun irauten, ezta?
Lehenengo berrogei egunak dira zailenak, baina gerokoa ere gogorra izan daiteke. Paradoxikoa da: haurdunaldian zehar oso kontrolatua zaude, baina behin haurra jaio ostean bisita bakanen bat egingo diozu emaginari eta kito. Ama taldeak, masaje taldeak, edoskitze taldeak etab. hasi dira, eta amentzat gogortxoa izan daitekeen une horretan egoera antzekoan dauden emakumeak ezagutzea eta emaginekin harremanetan jarraitzea lagungarria izan ohi da.
Abortua ere gai tabu bat da, baina emaginok laguntzen duzue abortuan.
Orain bogan dago, eta arinkeriaz hitz egiten da haurdunaldiaren etenaz. Baina guk emakumeei eta bikoteei laguntzen diegu trantze horretan eta ezin da halako arinkeriaz hitz egin.
Espainiako Estatuko Justizia ministroak ezarri nahi duen lege berriak zuengan ere ondorioak izango ditu.
Abortuak egin egingo dira. Ez dakit nola antolatuko diren, baina egingo dira. Bestela, zertarako egin behar dira hainbeste proba, kontrol, ekografia... gero ez badago haurdunaldia eteteko aukerarik? Ez dauka zentzurik! Ezin baduzu zure gorputzaren gaineko erabakirik hartu, zertarako esango dizut nik 1/52ko arriskua duzula Down sindromedun haur bat edukitzeko? Gaur egungo azterketa eta kontrol neurri guztiak, gaur egungo haurdunaldiko kontrol sistema azken finean, alferrik izango litzateke lege berriarekin.
Nik oraindik esperantza dut lege hau ez dela dagoen horretan aurrera aterako. Gutxienez 1985eko legeak ematen zituen aukerak behar ditugu, harekin ere ez ginateke gaur eguneko egoerara iritsiko baina, 1985ekoak aurkezten zituen hiru aukerekin gaur egun adinako abortuak egin ditzakegu.