Heziketa berdea: naturarekin harremanean
Azken urteetan hiri eta herrietako gune berdeak gutxitu egin badira ere, natur inguruneek beste espazioek ez bezalako aukerak ematen dituzte; hala nola, benetako materialekin –ez plastikozkoak– eta errealitate konkretuekin esploratzekoa, norbere erritmora ibiltzekoa, edota hain preziatuak diren askatasuna eta lasaitasuna esperimentatzekoa. Urrutira joan beharrik gabe eta doan, gainera.
Nork ez du oroitzen zuhaitzetan txabolak egin eta lagunekin jolasean igarotako aldia? Eta, mendira joan eta ur-lokatzetan zapaburuak harrapa-tzen pasatakoa? Nork ez du atsegin udaberrian haritz eta pagoen hostoek hartzen duten berdetasunaz gozatzea? Edota belazean etzan eta jostari dabiltzan tximeletak beha-tzea? Nor ez da hunkitzen kukuaren poz-hotsa entzutean? Edota loretan dauden zuhaitzen usain gozoa aditzean?
Mendiak, zelaiak, basoak, errekak, itsasoa, hondartzak, urmaelak, urtegiak... Euskal Herrian inguruneak hamaika baliabide eskaintzen ditu naturarekin kontaktuan egoteko eta familia ugari dira denbora librea duten aldiro, hiriguneetatik urrun, mendira, itsasertzera nahiz landa-eremuren batera joan ohi direnak. Lasaitasuna, kanpoan jolasean ari-tzea, naturan gozatzea edota ariketa fisikoa egitea atsegin ohi dute gehienek. Beste batzuek ordea, gaur egungo bizimodu azkarrak eta kon-tsumo beharrak eraginda sarri, nahiago izaten dute aisialdia merkatal-zentroetan edota hirigunean igaro. Jende metaketa handiak, erosketak, zarata, edota argi artifizialak izan ohi dira toki horien bereizgarri.
Errealitate baten bi muturrak dira eta erdi-bideko aukera asko izango dira ziurrenik, batak ez duelako zertan bestea ordezkatu eta osagarriak ere izan daitezkeelako, baina zein da bien arteko diferentzia? Berdin ote dio larunbat arratsaldea batean edo bestean igarotzea? Ingurune naturalek eskaintzen ote dute beste espazioek eskaini ezin duten ezer? Eta onurarik ba ote du naturarekin kontaktuan hazteak eta hezteak?
Urte gutxian bizi-inguruneak zeharo aldatu dira herri eta hirietan. Porlanak tokia jan die berdeguneei, eta hiri-eremuak handitu ahala, gizakiak naturarekin zuen harremana txikituz joan da. Gaur egun herri eta hiri askotan haurrek kalera euren kasa irteteko autonomia galdu dute. Ordu asko igarotzen dituzte eserita, toki itxietan sartuta eta jokaera pasiboan. Baina haurrak garatuko badira, espazio irekietan mugitzeko eta jolasteko beharra daukate, eta landareekin, animaliekin eta beste haurrekin kontaktuan egotekoa. Horixe dio Heike Freire pedagogoak eta heziketa berdean adituak “Educar en Verde” liburuan: haur bat osasuntsu garatuko bada, naturarekin harremana behar duela, ezinbestean: “Helduok onartu behar genuke, afektuaz, elikadura egokiaz eta lo ondo egiteaz gain, haurrentzat hil ala bizikoa dela Lurrarekin harremana izatea”.
Richard Louv autore amerikarraren teorietatik abiatuz, heziketa berdeaz hitz egiten du Freirek, hau da, naturara gerturatu eta haurrak naturarekin kontaktuan egon daitezen bitartekoak jartzeaz, eta horretarako hainbat ideia ematen ditu. Izan ere, bere esanetan, haurrek sei-zazpi urte bete arte saltoka ibili, korrika egin, garrasika aritu edota eskalatzeko nahikoa espazio izatea litzateke egokiena, landareak eta animaliak zaintzea eta urarekin nahiz arearekin ibiltzea, libreki marraztea nahiz istorioak eta abestiak entzutea edota sortzea. Eta naturako espazioek, beste zenbait espazio itxik ez bezala, horretako guztirako aukerak ematen dituztela dio: “Natur inguruneetan nahi adina toki dute haurrek, era askotako zentzumenezko esperientziak izateko aukera zabala, eta mugitzeko nahiz jolaserako bitarteko ugari. Horrek guztiak gaitasun fisikoak eta emozionalak garatzen lagunduko die, eta baita independentzia sentimendua eta norbere eraginkortasunean nahiz gaitasunetan konfiantza hartzen lagundu ere”.
Animalien eta landareen habitat izateaz gain, natur inguruneak espazio itxiek eta hiri-guneek ez bezalako materialak eskaintzen dizkiete haurrei, hala nola, harriak, ura, lokatza, adarrak, area, ezpalak… Ez dago bi elementu berdin, makila batek ez du sekula albokoaren eite bera izango, ezta ehundura ere. Freirek azpimarratzen duen moduan, errealitate konkretuarekin harremana izatea da zenbait gauza ikasteko modu bakarra. Horrelaxe ikasten dute haurrek gorria berdetik, gozoa garratzetik, leuna latzetik edota hotza berotik bereizten. Beraz, makilak haurrari zentzumenak lantzeko aukera ematen dio, baina psikomotrizitatea hobeto garatzen ere lagunduko dio –ez baititu eskuak soilik erabiliko makila mugitzeko, baizik eta gorputz guztia–, eta baita hamaika jolasetarako bidea eman ere. Ia errealitate guztia plastikozkoa bilakatu den mundu honetan, benetako materialak erabiltzeko eta gauza konkretuekin esperimentatzeko aukera ematen die haurrei naturak.
Gela eta areto itxietan oso egituratuta dauden baliabideak egon ohi dira, eta haurra jarduera eta ekintza zehatz batzuk egitera bideratzen hala. Aldiz, natur inguruneek ez dute aurrez jarduteko molderik ezartzen, ezta ezkutuko asmorik gordetzen ere. Adituen iritziz, naturako elementuek ez diete presiorik egiten haurrei, ezta estresik eragiten ere. Ez dute haurren jarduera baldintzatzen, eta bidea irekitzen dio imajinazioari, sormenari. Unean uneko gogoaren eta ideien arabera, haurrak hamaika joko asma ditzake, beste horrenbeste abentura bizi, eraiki eta desegin. Espazio artifizialetan berriz, behin haurrek aukera guztiak ikertu dituztenean, agortu egiten dira esploraziorako bideak.
Horrez gain, areto itxiekin alderatuz, espazio irekietan haurrek sentitzen duten askatasun sentsazioa erabatekoa da. Askatasuna, hainbeste aldarrikatzen den balio hori esperimenta dezakete. Paretarik gabe, pareta horien barruan moldatzeko araudiaren premiarik gabe, eta espazio apur bat lortzearren aldamenekoarekin borroka egiteko beharrik gabe, haurrak libre sentitzen dira. Eta Freirek gogoratzen duen moduan, askatasun sentsazio horri esker, haurrak erabat sar daitezke euren jardueraren baitan, intimitaterako espazioak aurki ditzakete eta autonomo sentitzeko norbere ingurunea eratu dezakete. Helduen kontrol zorrotzetik urruti, bakoitzaren identitatea eraikitzeko ere balio die horrek.
Askatasuna ez ezik, lasaitasuna ere espazio berdeen parte da. Sosegua, patxada, baretasuna, isiltasuna...Naturak izaera lasaigarria duenez, haurrari gauza batean arreta jartzen ikasten lagun diezaiokeela eta kontzentratzeko gaitasuna areagotzen duela aipatzen du Freirek. Eta hiperaktibitatea nahiz arreta-falta duten haurren kasuan, nahastea bideratzen edo sendatzen lagun dezake. Horrez gain, espazio berdeek argitasun handiagoarekin pentsa-tzeko eta estres nahiz antsietate egoerak hobeto kudeatzeko ere mesede egiten dutela argudiatzen du: “Gure kulturan negatibotzat dauzkagun hainbat emozio, hala nola, lotsa, tristura edota haserrea, era naturalean adierazteko eta erregulatzeko aukera ematen dute espazio irekiek”. Zuhaitzekin, animaliekin nahiz landareekin eguneroko elkarreraginean haurrek erlaxatzen, espazioa erabiltzen, beldurrak gainditzen, besteekin harremanak izaten, eta euren ekintzen erantzule izaten ikasten dutela dio pedagogoak.
Naturak bere erritmoak
Gaurko haurren aitona-amona ugarik argindarrik gabeko haurtzaroa izan zuten. Eguna iluntzen hastean erretiratzen ziren etxera, egur edo ikatzaren suaz berotzen zuten sukaldea eta kandela-argitan egin behar izaten zituzten etxeko lanak. Urte gutxiren buruan, ordea, kontuak erabat aldatu dira.
Herri eta hiri gehienak argi artifizialez daude argiztatuta. Ez dira inoiz erabat iluntzen. Hiri ingurune zenbaitetan, ia-ia ezinezkoa da izarrak ikustea. Etxetik kotxera, kotxetik lantokira edo eskolara, eta atzera bueltako bizimoduak zaildu egiten du kanpoan dagoen eguraldiari erreparatzea, edota zein urtaro den jakitea. Denboraren bizipena aldrebestu egiten du horrek. Naturak bere erritmoak diru. Ez du presarik. Naturaren denbora organikoa, pausatua eta konstantea da, ziklo luzeak ditu eta zerikusi gutxi du erlojupeko gizartearen denbora mekanikoarekin. Lehena gizakiaren berezko erritmoetara egokitzen da; bigarrenak berriz, kanpotik barrura ezartzen dio gizakiari denboraren nozioa eta etengabeko azelerazioan bizitzera darama.
Naturan denbora ez da lineala, baizik eta zikloak behin eta berriz itzultzen dira: ura, urtaroak, ilargiaren aldiak, eguna eta gaua… “Educar en verde” liburuak jasotzen duen eran, naturak izaki bizidun bakoitzaren erritmoak errespetatzen ditu. Erritmo horiek ezin dira aldatu, ezta azkartu ere. Eta aldi berean beste guztiarekin harmonian daude: bederatzi hilabete behar dira haurraren hazia amaren sabelean gara dadin, eta hamabi gereziondoa atzera ere loratzeko.
Gaur egun dena presaka egin nahi izaten da, azkar, ahalik eta azkarren. Naturak, ordea, pazientzia eskatzen du, patxada, beste erritmo bat. Naturaren denbora tarte luze, jarraitu eta sosegatu horiek pertsonei erlaxatzen eta lurrarekin konektatzen lagun diezaiekete. Gauza berbera gertatzen da ortu bat lantzean ere: hazia ereiten denetik, landarea hazi eta fruitua ematen duen arterainoko prozesua behatu eta prozesu horretan bertan parte har dezake haurrak. Prozesu horrek haurrei pazientzia izatearen garrantzia zenbaterainokoa den erakusten die eta baita denborarekin harreman lasaiagoa eta pausatuagoa edukitzen ere.
Esploratzeko aukera handiagoak
Eremu itxietatik aire zabalera atera eta ortua lantzeko esperientzia hori zuzenean bizi izan dute Txatxilipurdi Euskara eta Aisialdi Elkarteko hezitzaileek Arrasateko Santamañako ludotekan. Barruko espazio txikiaren eta ume kopuru handiaren ondorioz, zarata izugarria zela eta umeen artean ezinegona sortu zela ohartu ziren. Hortaz, kanpora irtetea eta ortua lantzen hastea erabaki zuten, eta pixkanaka haurren jarreran eta jokaeretan aldaketak antzematen hasi ziren: “Hainbat adinetako umeen artean harremanak sendotzeko balio izan du, zarata nabarmen txikitu da eta haurren artean gatazka gutxiago daude”, azaldu du Amaia Etxabe elkarteko kideak. Izan ere, naturarekiko harremanaren ondorioz, konturatu dira haurrak askoz ere lasaiago daudela eta esploratzeko nahiz ikasteko aukera handiagoak dituztela.
Txatxilipurdiren proiektuaren oinarrietako bat harremanen ingurukoa da, eta horren barruan bizilagunekiko harremanak nahiz naturarekikoak lantzen dituzte. Orain dela bizpahiru urtetik ona, kanpoan ibiltzeak umearen garapenerako duen garrantziaren gainean kontzientzia hartuz joan dira, eta gaur egun lehen baino gehiago ahalegintzen dira naturarekin harremana duten ekintzak egiten: “Espazio itxietatik espazio irekietara pasa gara eta kalea hartzera egin dugu jauzi. Espazio irekietan egoten gara nagusiki, eta hor nahita nahiez, naturarekin askoz ere harreman handiagoa dago. Herrian bertan dauzkagun espazio berdeak erabili eta haiei zukua ateratzen saiatzen gara”.
Aldaketak haurren garapenean emaitza onak eman dituela frogatu duten arren, bada kezkarik gizarteko hainbat esparruren eta guraso zenbaiten aldetik. Izan ere, Txatxilipurdiko kideen esanetan, natura ezezaguna bilakatu da eta ezezagunari beldurra izan ohi zaio eta arriskutsutzat jotzen da. Hala dio Mireia Baz Txatxilipurdiko kideak: “Beldurraren gizartea arrisku guztiak kentzen ahalegintzen da, baina benetan arriskuekin bizitzen ikasi behar dute haurrek. Horrek umeei lagundu egingo die euren gatazkak eta beldurrak gainditzen. Gainera askotan, helduon beldurrak izan ohi dira umeak mugatzen dituztenak. ‘Ez igo zuhaitzera jausi egingo zara eta’ esan ohi dute guraso askok. Igual eurei eragingo die horrek beldurra, baina ez haurrari eta baliteke gainera haurraren psikomotrizitatearen garapen egokirako onuragarria izatea zuhaitzera igotzea, hortaz, igual askotan komeni da hori egiten uztea. Gainera, probatuta dago arrisku gehiago daudela lau pareten artean kanpoan baino”.
Beldurra, zergatik?
Beldurraren gizarteaz hitz egiten hasi ziren XX. mendearen bigarren erdian AEBetako zenbait pentsalari; hala nola, Noam Chomsky linguista edota Barry Glassner soziologoa. Kontrol sozialerako erreminta nagusia da haien esanetan beldurrean oinarritutako kultura, eta kultura hori boteretik, kontu handiz, sortzen eta zabaltzen da. Adituek diote, haurren hazieraren eta hezieraren inguruko gaietan beldurraren erabilera areagotu egiten dela. Carl Honore kazetariak eta ‘slow’ mugimenduan adituak dioenez, adibidez, azken urteetan haurren segurtasunaren gaineko ardura paroxismora heldu da, eta horren erakusle izan daiteke zenbait ingurunetan Webcamak erabiltzea haurrak uneoro kontrolpean izateko.
Naturarekin ere antzeko zerbait gertatu da. Gizartean naturaren aurkako hamaika aurreiritzi sortu dira eta arriskutsutzat eta mehatxatzailetzat jotzen da: lurra edo lokatza “kaka” da, haur bat hotzetan ibili bada edo busti egin bada, ziur katarroa harrapatuko duela edo gaixotu egingo dela, eta oinutsik ibiltzen bada, seguru hankak hondatuko dituela.
Indibidualismoak eta isolamendu sozialak haurren zaintza familiako pertsona gutxi batzuen esku geratzea ekarri duela aipatzen du Heike Freirek “Educar en Verde” liburuan, eta horrek kontrolarekin obsesionatuta bizi den gizarte bat eraiki duela, arriskua eta ustekabea onartzeko gai ez dena, nahiz eta horiek ere bizitzaren funtsezko zati izan. Helduon beldurrak haurrek euren biziraupenerako eta babeserako ezinbestekoak diren gaitasunak eskuratzea eragoz dezake: “Aurreko belaunaldiek inolako preokupaziorik gabe disfrutatzen zituzten hainbat jarduera arazo arriskutsu bilakatu dira orain eta haurrek horiek egin ditzaten onartzen duten gurasoak arduragabetzat jotzen dira”.
Gaur egun, zenbait gurasok ez diete euren seme-alabei bakarrik jolasten uzten, baina aldi berean onartzen dute eurek haien adinean eta are lehenago kalean bakarrik ibiltzen zirela, lasai ederrean. Izan ere, Freirek dioen moduan, gaur egun haurrak orain dela 30 urte baino askoz ere gehiago kontrolatzen dira, eta helduen beldurrak tarteko, haurrei jartzen zaizkien mugak gero eta zorrotzagoak dira: “Gurpil zoro batean gaude sartuta, eta beraz, zenbat eta segurtasun handiagoa izan, orduan eta ageriago gaude arriskuaren aurrean; zenbat eta gehiago babestu gure haurrak, paradoxikoki, orduan eta babesgabeago dira”.
Aldiz, adituek aipatzen duten eran, naturarekin kontaktuan bizitzea onuragarria da, ez soilik haurrentzat, baita helduentzat ere. Natur inguruneak etxe alboan daude Euskal Herriko ia biztanle gehienen kasuan, eta erabakia hartzea nahikoa da basoan, mendian, itsasoan, parkean denbora librea igarotzeko. Gainera, aisialdiko bestelako ekintza gehienek ez bezala, ez du ia gasturik eskatzen eguna edo arratsa oihanean, errekan, zelaian, urtegian igarotzeak. Hala dio Freirek: “Ingurumenarekin harreman osasuntsuago bat izateko bidea irekitzeak eskuak zikintzean eta hankak bustitzean sentitzen den plazerari atea zabaltzea esan nahi du; geldiago joatea, zentzumenei arreta jarriz eta isiltasunaz gozatuz; gure alderdirik “animalienarekin” eta “basatienarekin” bat egitea. Xalotasunez biziz gero, naturak ingurune fisikoaren eta pertsonaren arteko elkarrekintzarako aukera asko ematen ditu, eta gainera, prezio oso ekonomikoetan. Erlaxaziorako, hausnarketarako eta introspekziorako espazioa eskaintzen digu eta horrek haurrei eragin dakizkiekeen onurek bizi osoan irauten dute”.