AMELIA BARQUIN: "Laborategiko baldintzak beharko genituzke gure semeak eta alabak berdin hezteko"
Haurrak normaren barruan egon daitezen gizarteak zer nolako presioa egiten duen kontzientzia hartzea beharrezkoa dela dio Huheziko Kultura Arteko Hezkuntza irakasleak, eta ondoren, diskurtsotik praktikara urratsa egiteko gonbita luzatzen du.
Galdera xumeak planteatzen ditu Amelia Barquinek hausnarketa handiak egiteko: “Zer gertatzen da nire generoko pertsonak gustuko baditut? Edo apur bat lodia banaiz? Edo dislexia baldin badaukat? Edo nire gurasoak atzerrian jaioak baldin badira? Edo hori guztia aldi berean baldin banaiz?...” Naturaltzat jotzen ditugun hainbat jarrera ez direla hain naturalak azaltzen lan egiten du Barquinek. Arrainari bustia dagoela erakusten. Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko Kultura arteko Hezkuntza irakaslea da, eta ‘Zapia buruan, ibili munduan!’ blogaren egilea (http://abarquin.wordpress.com).
Hezkidetza eta kulturartekotasuna ditu langai Barquinek; aniztasuna, aukera berdintasuna, askatasuna, eta hitz handiekin jarraituz, sexismoa eta arrazismoa borrokatzea. Baina baita alderdi pertsonalari begirako askatasuna garatzea ere. Beste era batera esanda, haurrek euren bidea egiteko aukera izan dezatela, jendarteak ezartzen dituen patroi estuetatik askatuz. Normatik ateratzen diren haurrek eta familiek presio handia jasaten dutela baitio Huheziko irakasleak. Hazi Heziren orriotara ekarri dugu haurraren bakantasuna eta garapena errespetatzeak haurren arteko aniztasuna —soziala nahiz pertsonala— aitortzea esan nahi duela ulertzen dugulako.
Geure seme-alabak izaki bakan bezala tratatzea nahi dugu, bakoitzaren garapena eta erritmoak errespetatzea… Baina berdin ikusten ote dugu beste haurren bakantasuna?
Gure seme-alaben bakantasuna aitortzea eta erritmoak errespetatze hori, uste dut, gehiago dagoela gure diskurtsoan gure benetako praktikan baino. Esan bai; gurasook esaten dugu oso garrantzitsua dela umeen izaera eta erritmoak errespetatzea, baina bestalde, gure umeak estandard horretara hurbildu daitezen —edo hurbildu ditzagun— presioa sentitzen dugu gurasook, eta estandard teoriko horretatik atera egiten direla iruditzen zaigunean, kezkatu egiten gara. Emaitzak onak edo oso onak diren bitartean ez gara kezkatzen, baina ez dakit-zer proben arabera neurturiko emaitzak nahi baino txarragoak direnean, edo batezbestekotik behera dagoenean, urduritu egiten gara.
Heziketari buruz diskurtso bat daukagu, baina, gero, gure praktikak eta kezkak ez dira beti teoria horrekin koherenteak; normara gerturatzeko presioa sentitzen dugu.
Teoria mailan ‘aniztasuna’ oso hitz erabilia da, bai hezkuntzan eta bai diskurtso politikoetan... baina praktikan ez ote da gutxietsia?
Aniztasunaren ideiak erabat zipriztindu ditu diskurtsoak. Azken 10 urteetan gertatu da hori, lehen aniztasuna ez baitzegoen diskurtsoan ere. Modu positiboan baloratzen dut diskurtsoaren garapena, badugu erreferente bat, baina bide luze bat daukagu ibiltzeko, oraindik diskurtsotik praktikara tarte handia dago.
Baina zergatik dugu hainbeste erresistentzia aniztasuna onartzeko garaian? Teorian onartzen badugu, zergatik ez dugu praktikan gauza bera egiten?
Gizarteak presio handia, izugarria, egiten duelako. Nolako gizartean bizi gara? Gizarte kapitalista eta patriarkal batean, eta bi zutabe horietatik hainbat mezu transmititzen zaizkigu, batzutan, hezkuntzan zabaltzen ditugun balio eta diskurtsoekin talka egiten dutenak.
Gizarte patriarkal batean bizitzeak esan nahi du binarismoa eta heteronorma sustraian daudela, hau da, egituraz gizonezkoek eta emakumezkoek desberdinak izan behar dute eta rol desberdinekin, eta gizonek prestigio gehiagorekin... eta horrela hezten ditugu seme-alabak txiki-txikitatik.
Heteronormatik eta binarismotik ateratzen diren umeek desprestigio bat pairatzen dute gizarte honetan, eta betiko bidera itzultzeko presioa. Batzuetan presio hori oso sotila da eta beste batzuetan oso zuzena. Gizarte honek ez du aniztasun hori onartzen. Baina kulturartekotasunaz eta generoaz gain, hau da alderdi sozialaz gain, alderdi pertsonalei loturiko aniztasuna ere ez da onartzen.
Alderdi pertsonalari begira, zer nolako aniztasuna errefusatzen da?
Pertsona anitzak garela esaten dugu, adimen anitzak daudela... eta adimen emozionalarekin lotuta dago nik neure burua ondo hartzea eta estimatzea; baina zer gertatzen da nire generoko pertsonak gustuko baditut? Edo apur bat lodia banaiz? Edo dislexia baldin badaukat eta irakurtzea apur bat kostatzen baldin bazait? Edo hori guztia aldi berean baldin banaiz? Zenbat aukera dauzkat nire ingurunean neure burua ondo hartzeko eta estimatzeko? Alderdi pertsonalari loturiko zenbait ezaugarri ez daude ondo ikusiak gizartean. Hor berriro diskurtsoan eta praktikan alde handia dago esaten dugunetik egiten dugunera: gurasook esaten dugu gure umeak zoriontsu izan daitezen nahi dugula, baina aldi berean, zenbat presio pairatzen dituzte umeek bide ba-
tzuetatik ez ateratzeko? Aniztasuna bai, baina...
Zorionez, hezkuntzaren munduan beste diskurtso batzuk garatu ditugu, orain, ona izango litzateke diskurtsotik praktikarako pausoak ematea. Bestela, umeak ikastetxean diskurtso bat entzuten du irakaslearen ahotik; gero, eskolako praktikan diskurtso hori ez dela erabat gauzatzen ikusten du; gero telebistaren aurrean jartzen baldin bada beste diskurtso bat nagusitzen da... Diskurtso horien eta talka horien guztien artean formatzen gara eta bizitzen ikasten dugu ahal dugun bezala.
Normara garamatzaten presio horiei aurre egiteko, nola has gaitezke dibertsitatea onartzen?
Askatasunetik. Niri askatasunaren ideia zentrala iruditzen zait. Gakoa askatasuna da; geure buruarekiko eta besteekiko. Batzuetan errazagoa egiten zaigu geureekiko onarpen maila bat garatzea, hau da, gure umeak desberdintasun bat erakusten duenean, onarpen maila bat garatzen dugu berarekin, bai, baina besteekin ez dugu halako onarpen mailarik garatzen, eta nik uste dut enpatiarako gaitasuna zabaldu beharko genukeela gure gertuko familiatik haragoko jendearekin. Hor garapen morala dago. Gizarte honen erronka da enpatia hori zabaltzea, kontzientzia garatu eta maila morala garatzea. Ongizatea zabaltzeko modu bakarra da. Generoaren trataeran, adibidez, enfasia berdintasunean jartzen da, baina beste ardatza askatasuna da eta hori ezinbestekoa da: norbera izateko askatasuna. Galdera da ea posible den, erraza den egungo hezkuntza sisteman neska izatea eta ausarta, mugitua, indartsua eta arropa zikinak erabiltzea, hori erraza da gaur egun gure eskolan? Posible da mutila izatea eta delikatua, elkarrizketa-zalea, afektiboa izatea? Ondo ikusia dago? Erraza da gaur egun zure generoko pertsona bat gustuko duzula esatea? Hor ez gara ari berdintasunaz hitz egiten, askatasunaz baizik. Input gehienek esaten badigute hori ez dela bidea, estandarrera gerturatzeko presioa sentituko dugu, ikusiko dugu ez dela erraza bide tradizionaletatik ateratzea, umeek presio handia bizi izaten dute, horregatik da hain garrantzitsua gurasook enpatiarako gaitasuna izatea.
Irakasle izango direnen irakasle zara Huhezin. Gazteek zer ikuspegi daukate berdintasunaz?
Berdintasunari buruzko mintegi bat ematen dugu hemen, eta gure lehenengo asmoa naturala iruditzen zaigun errealitatea desnaturalizatzea da. Guk oso betaurreko zorrotzak dauzkagu beste kulturetako parekotasun ezak edo desberdintasunak detektatzeko, baina gure ingurunean daudenak detektatzeko ez gaude trebatuta. Eta ingurune honetan bizi garenez, ez ditugu ikusi ere egiten. Nola azaldu arrain bati bustia dagoela?
Zapiarena da adibide garbiena: Emakume musulmanengan zapia ikusten dugu eta gizarte patriarkal baten ondorio bat dela esaten dugu, emakumeek gizonengandik jaso duten presio baten ondorioa. Eta zer dira, bada, emakumeok hemen hotz egiten duenean daramatzagun eskoteak? Ikasleek esaten dute eurek aukeratu egin dutela depilatzea, hotz egiten duenean eskoteak eta minigonak erabiltzea, takoi altuak erabiltzea... Baina emakume musulmenek gauza bera esaten dute, eurek aukeratu egin dutela zapia. Depilazioa edo takoiak hemengo gizarte patriarkalaren ondorio dira, baina ez gara ohartzen. Denok ikusten dugu besteen desberdintasuna, baina geure arteko parekidetasun eza ikustea kosta egiten zaigu.
Beste adibide bat jarriko dut: emakume musulman batzuk ginekologoarenera bikotekidearekin joaten direlako kritikak entzun izan ditut autoktotonoon artean, eta haien juizioa da, gizonek ez dutela nahi azterketa profesional bat egin diezaioten emazteari eurak aurrean egon gabe. Nik neuk aste honetan ikusi dut emakumezko autoktonoak ere gizonak edo mutil lagunak lagunduta joaten direla ginekologoarenera. Autoktonook gizonarekin joaten bagara ginekologoarenera, juizioa berdina izango da? Arabiar itxura baldin badu gizonak juizio bat egiten dugu, eta ez badu, beste bat.
Hemengo zenbait emakumek oraindik ere pentsatzen dute hankak eta izterrak depilatu behar dituztela ginekologoarenera joateko! Nor, zenbat emakume ausartzen gara gure gizartean ez depilatzen?
Egunerokotasuneko gai batzuek laguntzen digute naturala iruditzen zaiguna desnaturalizatzen; baina horretarako analisi ahalegin bat egin behar da.
Baina, analisia eginda ere, gurasoek ba ote dituzte beraien seme-alabak parekidetasunean hezteko tresnak eskura?
Askotan entzuten dut esaldi hau: “Nik berdin hezi ditut, baina ze desberdinak diren nire alaba eta nire semea!”. Berdin hezten ditugu? Posible da berdin heztea gure gizartean? Nik esango nuke ezetz, gure semeak eta alabak berdin hezteko laborategi bateko baldintzak beharko genituzke. Errealitatea ez da parekidea inondik inora.
Galdera konkretuak eginez ikusiko dugu ez dela posible semeak eta alabak berdin heztea: pentsatzen baduzu berdin hezten dituzula semea eta alaba, esaidazu ea zure seme txikiak jasotzen dituen alaba nagusiaren arropak? Denak? Berdin orrazten dituzu? Arropa berberak janzten dizkiezu? Zapata berberak? Alaba txikiak neba nagusiaren arropa guztiak jasotzen ditu? Zein bai eta zein ez? Gela nola dekoratu diozu? Zuen umea beste genero batekoa balitz, zer irudituko litzaizuke gela hori? Etxetik kalera bidaltzen ditugunean ekipamendu zehatz bat jartzen diegu munduari aurre egiteko, eta ez da gauza bera minigona eta sandaliatxo batzuekin bidal-
tzea eskolara edo kirol prakak eta kirol zapatila batzuekin bidaltzea. Ez da berdina munduari minigonarekin aurre egitea edo kirol prakekin egitea. Ez ditugu berdin hezten neskak eta mutilak; batzuk gure gizartean prestigio gehiago duten balioetan hezten ditugu eta besteak, gutxiago dutenetan. Oso galdera xumeak dira, baina gure praktika diskurtsotik ze distantziatara dagoen ikusteko balio digute.
Baina esango dizute alabak berak aukeratzen duela arrosa edo Hello Kitty...
Eskatuko ez du bada, kolore horretan sozializatu baldin badugu txikitatik! Neskak ahi arrosean murgiltzen ditugu, ia-ia ito arte, beste aukera bibentzial eta estetikoak ezagutzeko alternatibarik gabe.
Eta zer transmititzen du arrosak?
Nolakoa izan behar duen neska batek. Guk transmititzen dizkiegun mezuak honako hauek dira: suabea, biguna, hotzana, afektiboa... eta hori guztia ‘pack’ berean produktu batzuen bidez eskuratzen diogu, eta arrosa da ‘pack’ guztiaren ikurra. Bide hori hemen sortu dugu, erabat kulturala da. Eta mutilek berehala detektatzen dute hori neskentzako gauza bat dela eta horregatik balio gutxiagokoa dela. Mutilentzako arbuiagarria da arrosa kolorea, berehala ulertzen baitute “nesken gauzek” balio gutxiago dutela gure gizartean. Mutilek oso txikitatik eta modu inkontzientean barneratu dute zerk duen prestigioa eta zerk ez. Neska batek, berriz, urdina den zerbait onar dezake, bai baitaki horrek ez diola prestigio gutxiago ematen.
Horrelako kasuetan gurasook antena jarrita edukitzea interesgarria litzateke parekidetasun-eza, desprestigioa eta presioa detektatzeko. Geure buruari galdetu beharko genioke zer nolakoak diren etxean sartzen ditugun produktuak: Zer ari dira ikasten gure seme-alabak produktu horien bidez? Printzesismoan hazten badugu alaba, horrek ze ondorio dauzka? Eta semea super heroien munduan eta kotxeen munduan hezten badugu, zer transmititu nahi diogu? Interesgarria da inbertsioaren araua jarraitzea ere: Opari hau aukeratu badut Elenerentzat, Mikeli oparituko nioke?
Jaiotzen diren momentutik beretik bide batetik edo bestetik joateko estimuluak jasotzen ari dira.
Parekideak izateko, berdin hezi behar ditugu neskak eta mutilak? Berdin ilea, arropak, haiei zuzentzean erabiltzen dugun ahots tonua...?
Eremu desberdinak daude. Helduok haurrekin erabiltzen dugun tonua, nire ustez, berdina izan behar litzateke neskei edo mutilei zuzentzean. Nire ustez, gaur egun ez da justifikatzen neskekin modu batean hitz egitea eta mutilekin beste batean egitea, neska bati egunero “ze polita”, “kutuna”, “zelako arropa polita daramazun”, “eman patxo bat...” esaten badiogu goxo-goxo, eta mutil bati, aldiz, tonu gogorragoan, “etorri partida bat jokatzera!”, “ze handia!”, “ze indartsua!...” haur bakoitzak, neska ala mutila izan, oso gauza desberdina jasotzen du. Nik uste dut horri buelta potolo bat eman behar diogula familietan eta eskoletan. Horrela jokatzen dugunean gizartean dagoena islatzen dugu, bai, baina, era berean, berproduzitzen ari gara parekidetasun falta hori. Mundu hori bersortu nahi dugu? Umeak ikasten ari dira momentu oro, eta gure jarrerarekin bakoitza ikasten ari da zer dagokion, printzesa ala heroi izatea, eta horrek neska-mutilengan eragina dauka.
Helduok, bai gurasook baina baita hezitzaileok ere, geure buruari galdetu beharko genioke noiz uzten diogun mutilak laztantzeari; haiekin tonu samurra erabiltzeari; neskekin tonu goxoan hitz egiten jarraitzen dugu, baina mutilekin zergatik ez? Gorputz hizkuntza zergatik gogortzen dugu mutilekin? Hori guztia aztertu behar dugu, umeek ez baitute haiekiko gogorragoa izatea eskatzen, guk helduok sortzen dugun mundu bat da. Autoanalisia egin behar dugu beti.
Eta ahots tonuaz aparte?
Orokorrean hitz eginda, ez da posible neskak eta mutilak berdin tratatzea. Ezinezkoa da. Familia ez da gune bakarra, eta gizarteak, ikaragarrizko eragina dauka. Telebistaren aurrean egunean ordubete pasatzen badute, adibidez, pentsa zenbat estimulu sexista jasotzen dituzten. Etxean beste diskurtso batzuk jasoko ditu, agian beste eredu batzuk ere jasoko ditu, baina telebistak, gizarteak... diskurtso horiek indar eta pisu handia dute.
Gure gizartea kapitalista eta patriarkala eta kontsumorako bideratua den heinean, edertasunaren patroiak oso estuak dira batez ere emakumeekiko. Eta oso erronka handia daukagu, borroka latza, produktu kulturalek bidaltzen dituzten mezuen aurrean. 10-11 urteko neskak depilatu egiten dira, ilea lisatzen dute... baina hiru monster high panpina baldin badituzu eredu, zer egingo duzu?
Posible da binarismotik, neskak eta mutilak bi izate dikotomiko balira bezala, eta horrek dakarren heteronormatik at heztea seme-alabak?
Nik uste dut daukagun erronka dela gure seme-alabei eta eskoletako haurrei askatasunerako bideak irekitzea. Kanpotik —pelikulak, marrazki bizidunak, bideoklipak, mainstream musika, komunikabideak...— jasotzen dituzten estimuluen aurrean bestelako aukera batzuk eskaini beharko genizkieke haurrei esparru edukatiboetan —eskolan, familian—. Marrazki bizidunetan, adibidez, zenbat pertsonaia agertzen dira disgaitasunekin? Pertsona herren bat, down sindromeduna...? Zenbat pertsonaia daude jokaera homosexual edo lesbianak dituztenak? Edo beltzak, txinatarrak...? Sexu bereko gurasoak dituztenak? Ez dut inoiz kasu bat bera ere aurkitu, eta hori gizartean egon badago, egunerokoa da, baina haurrek ez daukate horrelako erreferenterik marrazki bizidunetan eta egunero kontsumitzen dituzten produktu kulturaletan. Niri absentzia hauek oso esanguratsuak iruditzen zaizkit. Korronte nagusitik heltzen zaizkien mezuak beldurgarriak dira eta mezu alternatiboak bilatu behar ditugu guraso eta hezitzaileok. Familian eta eskolan jasotzen duten askatasunak lagunduko die, eta kudeatuko dute beste iturrietatik jasotzen dutena. Horretarako, nire ustez, feminismoa da hitz gakoa, erreinbidikatu behar den tresna bat, bereziki hezkuntzan. Mundua analizatzeko corpus bat da.
Gizarte kapitalista eta patriarkal batean bizi garela nabarmendu duzu hasieratik. Gizarte honetan ze leku daukate etorkinek —eta etorkinen seme-alabek—?
Gizarte kapitalista batean bizitzeak zer esan nahi du? Batzuek etekin ekonomiko handiak edo oso handiak ateratzeko beste batzuek oso txikiak atera behar dituztela. Eta etekin handi horiei loturik dago kontsumoa; kontsumoak prestigio handia duen gizarte batean bizi gara. Kontsumorako sarbide txikiagoa daukatenek prestigio gutxiago daukate gure gizartean. Aniztasun horrekin ditugu benetan arazoak. Eta zer gertatzen da etorkinekin? Bada, pobreak direla.
Batzuetan kultur aniztasunaz hitz egiten dugunean, “kultur” osagaiari arreta handia jartzen diogu, baina gurea bezalako harrera gizarteetan etorkinekiko dugun mesfidantza lotuagoa dago egoera sozioekonomikoarekin; ez da atzerritarrak direlako, ez ditugu nahi pobreak direlako. Atzerritarrak ez badira pobreak ez daukagu haiekiko halako mesfidan-
tzarik; nire umeen klasera saskibaloi talde bateko jokalari baten umea baldin badator, ez zait etorkina iruditzen ume hori. Baina sukaldari txinatar baten umea baldin bada, orduan etorkina da, eta pentsatzen dut agian nire umearen eskolako hezkuntza-kalitatea jaitsiko dela.
Beraz, erresistentzia ez diogu aniztasunari, baizik eta pobreziari?
Adela Cortina filosofoak hitz bat sortu zuen horretarako: aporofobia. Beldurra eta mesfidantza ez diogu atzerritarrari, baizik eta pobreari, ahula denari. Eta “kulturarteko” hitzak batzuetan despistatzen gaitu, gakoa ez baitago kultur aniztasunean. Egoera sozioekonomikoan baizik, eta hor estereotipoak sartzen dira, nolakoak diren beste kultura batzuetakoak, nolako estereotipoa duten arabiarrek, latinoek...
Estereotipoez mintzo zara, baina 25 umeko gela batean, ezagutzen ditugun umeak ditugunean inguruan... gela horretan gizarte kapitalistaren ezaugarriek halako indarra daukate? Gela horretan, komunitate txiki horretan, ezin ote ditugu gauzak beste era batera egin?
Hala izan beharko litzateke, eta nik uste dut kasu askotan hala dela, umeak ondo integratzen direla geletan, eta bide bat egiten dutela elkarrekin; baina alderdi sozioekonomikoa oso indartsua da. Umeek, badirudi berehala garatzen dutela prestigioa zerk daukan jakiteko antena bat, eta berehala igertzen dute gizarte honetan kontsumorako gaitasuna oso prestigiotsua dela. Haur bakoitzak asteburuan egin duenaren arabera, ea auzoan geratu den edo eski irteera bat egin duen... oporretan auzoan geratu den ala Eurodisneyra joan den... berehala ohartzen dira nork gastatu dezakeen gehiago; marken kontua berehala sartzen da... Horiek guztiak prestigio ikurrak dira eta eragina daukate haurren arteko harremanetan. Horrelako adibideekin, oso-oso txikitatik ikasten dituzte umeek parekotasun-ezari buruzko hainbat gauza, nork kontsumi ditzaketen gauza batzuk eta nork ez...
Gainera, bada etorkinekin loturiko gai bat gurasook arduratzen gaituena baina gutxitan aitortzen duguna: gure umeek egin ditzaketen lagunek, eskolako sare sozialak arduratzen gaitu, etorkizunean garrantzitsua izan daitekeela iruditzen baitzaigu. Egia esan, esperientziak esaten digu baietz, sare sozialean aurkitzen direla aukerak, eta beraz garrantzitsua dela. Sare sozial hori gure maila sozial bereko edo hobekoa izan dadin nahi izaten dugu gurasook, ez dugu aitortzen badakigulako ez dela politikoki zuzena, baina, askotan zalantza egiten da, adibidez, nor gonbidatu merienda batera, maila sozial berekoak edo hobekoak bai, baina beheragokoak? Zaila da berbalizatzea, baina gurasoen kezken artean dago. Eta eskola aukeratzen dugunean ere pentsatzen dugu gure seme-alabek zer nolako jendea ezagutuko duten. Hauxe da bizi dugun gizartea: diskurtso mailan balio batzuk hobesten ditugu eta praktikan beste kezka batzuk ditugu.
Etxean bertan hipokrisiatik pixka bat badago, ezta?
Ez nuke hipokrisia esango, kontua da denok gaudela diskurtso desberdinek zeharkatuta, kontzientzia handiagoz edo txikiagoz, eta ahal dugun bezala kudeatzen ditugula diskurtsoa eta praktika. Baina batzuetan kontziente gara gizarteak zer presio egiten duen guregan eta gure umeengan, eta hori guztia kudeatu behar dugula. Interesgarria da hori guztia kontzientziara ekartzea. Ea, nik zeri diot beldurra? Nire umeak pobreekin harremanak izateari beldurra diot? Lagun batzuk pobreagoak izateari zer oker ikusten diot? Hezkuntza-kalitatea jaitsiko dela pentsatzen dut? Autoanalisia egin behar dugu.
Hezkuntza-kalitatea jaisten dela egia da?
Estereotipo hori oso zabaldua dago, eta ez da egia. Gure seme-alabak atzera geldituko direla pentsatzen dugu... baina pentsa, diskurtsoan esaten dugu gure seme-alaben berezko erritmoa errespetatzea nahi dugula, baina gero, praktikan, benetako praktikan gure umea artaldearen barruan ondo zentraturik egotea nahi dugu. Bestalde, familia askotan eta eskola askotan, beste kontzientzia maila batekin bizikidetza oso ona da, eta esperientzia oso onak daude, eta hori ere jakinarazi egin behar da.
Immigrazioa da eskolari mende honen hasieran gertatu zaion gauzarik potoloena. Inork ez zuen espero eta, bat-batean, fenomenoak hartu duen dimentsioa ikaragarria izan da, eta hezkuntza-sistema prestakuntzarik gabe harrapatu du. Ikasturte erdian, bosgarren mailara txinatar bat etor-
tzen zaion irakasleak zer egin behar du? Hezkuntza-sistema gauza izan da hori guztia kudeatzeko, ikasi du, formatu dira irakasleak, lehenengo urduritasunak pasa dira.
Zer eragin izan dezake ikastetxe batentzako haur etorkinak bertan matrikulatzeak?
Nik esango nuke etorkinak hartu dituzten eskolak hobeagoak direla hartu ez dituztenak baino. Baina ez nago etorkinak bakarrik hartzearen alde. Kontrakoa, uste dut ez dela batere eredu ona eskolak egotea non etorkinak bakarrik dauden. Ze integrazio da hori? Kanpotik etorritako ume guztiak elkarrekin baldin badaude ez dago aniztasunik, ez behintzat aniztasun sozioekonomikorik, pobre guztiak elkarrekin baitaude. Pobreak meta-tzen ari gara ikastetxe batzuetan, eta horrek zer pentsatua eman beharko liguke.
Jendea —bai kanpotik etorri direnak, baina baita autoktono asko ere— oso egoera gogorrean daude; familia osoa gela batean bizi denean, argindarrik gabe, afaltzeko ezer berorik ez daukatenak... Ze bizitza da hori? Horrek ez du eragiten errendimendu eskolarrean? Eta adimen emozionalean?
Zuk esan duzu eskola hobea dela, baina PISAko datuek erakusten dute etorkinek nota okerragoak ateratzen dituztela...
Ez etorkinenak soilik, maila sozioekonomiko baxuko familietako umeen emaitzak baxuagoak dira besteenak baino. Etorkinen seme-alaben emaitza baxuak badirudi ez daudela lotuak jatorriarekin baizik eta egoera sozioekonomikoarekin. Begira ze irakurketa egin dezakegun: eskolak badaki maila sozioekonomiko ertaina edo altua daukaten familien seme-alabekin lan egiten, orain erronka da beste errealitate batzuk bizi dituzten umeei erantzutea eskolak.
Hala ere, ikasgela berean egon arren, emaitza baxuak ez dira “kutsatzen”. Ikerketek argi erakusten dute etorkinak dauden ikasleen geletan emaitza baxuak ez direla beste ikasleetara pasatzen.
Zein dira kultur aniztasunaren aberastasunak?
Desberdintasunek ikaskuntzarako aukera bikainak eskaintzen dituzte, desberdintasunak baliabide dohaineko, ugari eta berriztagarriak dira. Gure artean berdinak bagara, edo oso antzekoak baldin bagara, oso aspergarri izateaz gain, zer ikas dezakegu elkarrengandik? Bestalde, ikasteko aukerak murritzagoak dira. Horrez gain, gero eta argiago dago mundu globalean bizi garela, eta ez dakigu gure umeei zer egokituko zaien, ziurtasunak ezabatzen ari baitira, eta bideak irekitizen ari dira; anbiguotasun handia dugu aurretik. Ez dakigu gure seme-alabak non —Euskal Herrian, Estatuan, Europan, edo beste kontinente batean...— biziko diren, zeinekin... Mundu honetan bizi ahal izateko, gaur eta hemen, garatu behar ditugu kulturartekotasun konpetentziak. Orain asko hitz egiten da kultur arteko adimenaz, enpresaren munduari aplikatuta, baina bizitza orokorrean aplika liteke, adimentsua, gai zara beste pertsona batzuekin bizitzeko, izan hemen edo beste nonbait? Horretarako elkarbizitzen, elkar errespetatzen... ikasi behar dugu. Anbiguotasuna umore onez paira-tzen, bestea erabat ulertu gabe bizitzen, gatazkak kudeatzen... hori guztia ikastea funtsezkoa da. Etorkinak, edo etorkinen seme-alabak dauzkaten eskoletan ume guztiek daukate ingurune bat non posible den hori guztia ikastea. Beste eskola batzuetan ez dago ume bat bera era kanpotik etorri denik, edo kanpotik etorritako familietakoak direnak. Horiek hamaika jardunaldi interkultural egin beharko dituzte!
Jatorri marokoarreko lagun bat baldin badaukazu esperientzia horrek bibentzialki ezabatzen ditu kultura horri buruzko hainbat estereotipo. Ume horrek ez ditu esango besteok hainbatetan esaten ditugun topikoak marokoarrei buruz, nola esango du bada berak Marokotik etorritako lagunak baldin baditu?
Egokitu zaigun munduan, benetako munduan bizitzeko aukera ederra da, baldin eta aniztasuna dagoen eskola horretan aniztasuna ondo aprobetxatzen baldin bada. Baina eskola askotan aniztasuna ondo baliatzen dute, eta altxor moduan estimatzen dute. Hor dauden ume guztiak ikasten ari dira mundu anitz batean bizitzen, eta hori momentu honetan konpetentzia oso garrantzitsua da.
Hitz egiten ari gara harrera gizartea garen aldetik, baina gaur egun dagoeneko ez gara harrera gizartea. Bitxia da ze denbora gutxian aldatzen diren gauzak! Immigrazioa ikaragarrizko fenomenoa izan da hamarkada batean, eta orain hemengo gazteak beste leku batzuetara joaten ari gara, eta hori lezio ederra da. Hemen jaiotako gazteei egokitzen ari zaie orain beste herrialde batzuetara joatea, eta adimen kultural hori baldin badaukate askoz hobeto moldatuko dira, baina estereotipoz gainezka baldin badaude, desabantailan egongo dira.