WWW.BADOK.INFO euskal kulturaren transmisioa, gozamenetik

2014-08-29

Euskal musikagintzaren atariak, musikaren eta teknologia berrien berariazko erakargarritasunagatik potentzialtasun handia dauka ikastetxeetan erabiltzeko, euskal musika ezagutzeko, euskal literatura jorratzeko, euskal kulturaren historian sakontzeko, nahiz giza eta gizarte zientzietarako eta sormen laneta­rako.

 
 
WWW.BADOK.INFO euskal kulturaren transmisioa, gozamenetik

Euskal kantagintza modernoa ­abiatu zutenak —hala nola, Ez dok ­amairu, Errobi, Mikel Laboa, Lourdes Iriondo, Xabier Lete...—;  desagerturik dauden euskal musika talde enblematikoak —Negu Gorriak, Itoiz, Hertzainak...— ; gaur egunekoak —Willis Drummond, Berri Txarrak, Ken Zazpi, Gatibu, Skasti, Ze esatek!, Zea Mays, Enkore... —, nahiz atzo bezala gaur euskal musika hauspotzen ari direnak —Fermin Muguruza, Ruper Ordorika, Benito Lertxundi, Amaia Zubiria...— batzen ditu www.badok.info euskal kantagintzaren atariak. Euskal musika ezagutzeko, entzuteko eta gozatzeko material ugari eskaintzen du, euskara eta euskal kulturaren transimisoa egiteko ez eze, giza eta gizarte gaietako hainbat alor jorratzeko baliabideak eskaintzen ditu, eta noski, dantzarako eta kanturako gonbita egiten du.

Euskal kantagintzari buruzko ataria badok.info eta 2009ko abenduan sortu zuen Berria egunkariak. Orain, iragan maiatzean, eraberriturik eta ­osaturik aurkeztu dute, batetik euskal musikaren transmisioa eta hedapena egiteko bokazioz, eta bestetik, musikagileen eta hartzaileen arteko zubi-lana egiteko desioz.

Publiko zabalari zuzendua badago ere, erabilgune naturaltzat ikastetxeak ditu webguneak, eta Arrue ikerketak azaleratu dituen datu “kezkagarriak” iraultzea du desio, Jon Eskisabel webgunearen arduradunaren arabera —ikerketak jaso duenez, LMH4ko ikasleen %15ek bakarrik ­entzuten du musika euskaraz, eta DBH2koen artean, %12k—. Oraindik baliabide pedagogiko propiorik eskaintzen ez badu ere, ikastetxeetan euskal musika ezagutzeko, euskal literatura jorratzeko, euskal kulturaren historian sakontzeko, nahiz giza eta gizarte zientzietarako eta sormen lanetarako pentsatua baitago.

Lehen Hezkuntzan gorputz espresioa nahiz hizkuntzaren ezaguera, erabilera eta jabekuntza bultzatzeko balia liteke webgunea. DBHra begira dauka, alabaina, potentzialtasun handiena atari honek, batetik, teknologia berrien erakargarritasunagatik eta bestetik nerabeek oro har musikarekiko duten jarrera eta interesagatik. Teknologia berriekiko eta musikarekiko zaletasuna euskarara eta euskal kulturara gerturatzeko akuilu gisa ­erabiltzea proposatzen du webguneak.

Datu-basea, ‘player’-a eta aldizkaria

Hiru adar dauzka badok.info-k: batetik, datu base bat da, ondarearen transmisiorako eta ezagutzarako tresna handi bat. Bertan, euskal kantagintzaren historia agertzen da, kantagintza berriaren sorreratik hasita, gaur arte. 50eko hamarkadan Nemesio Etxanizek egindako ahaleginaren berri ­ematen da, esate baterako, eta baita, 60ko hamarkadako loraldiarena ere; 70eko Ipar Euskal Herriko rock mugimendua, 80etako RRVa, folkaren loraldiaz; EHko metal mugimenduaz,  trikitiak baserritik plazara egindako urratsaz... euskal kantagintzak hainbat alorretan egin duen ibilbiea jasotzen du atariak. Datu base horretan, haatik, ez dugu 60-80ko hamarkadetako informazioa soilik aurkituko, baita gaztetxoengandik gertuen egon daitezkeen taldeen azken disko berrienei buruzko informazioa ere. Haur eta gaztetxoei euskal musikagintza eskura jartzen die bada webguneak, begirada historikoa eta gaur ­egunekoa elkarbilduz.

Bigarrenik, badok.info berrituan hainbat plataforma digitaletako milaka kantu entzun daitezke webguneak duen erreproduktore propioaren bidez, era horretan, euskal musikaren zabalkundea eta kontsumorean sustapena bilatzen du webguneak. Ikasleek nahiz irakasleek euren abesti-zerrenda propioak osatu ditzakete, eta honek baliabide interesgarria eskaintzen du hezkuntzarako. Batetik, euskara eta euskal kulturaren transmisioa, ezagutza eta zabalpena gozamenetik —musika entzunaz eta kantuen hitzak irakurriaz— egiteko aukera ­ematen du, eta bestetik, euskarazko kantuen bidez giza zientzietako gai ­ugari lantzeko abiapuntua eskaintzen du, hitzen araberako bilaketa aurreratuari esker, bakoitzak nahi duen tematikaren araberako player propioak osa baitaitezke.

Webgune berrituaren hirugarren adarra informazioari loturikoa da. Aldizkari digitala ere bai baitauka badok.info-k. Gaurkotasunaren berri ­ematen du, alde batetik, baina atzera begira ere jartzen da aspaldiko diskoak eta taldeak gogora ekarriz. Analisia ere sustatzen du eta hainbat musika ­adituren iritziak ere jasotzen dira blogetan.