Erdimina arintzeko, bainuontzia

2014-09-04

Erditzeko bainuontzi bereziak jartzen hasi dira  Euskal Herriko hainbat ospitaletan. Mina leuntzeko eta dilatazioan laguntzeko erabil daitezke; ez ordea, umea bertan izateko. Erditzea arrunta
–medikalizatu gabea– izatea da bainuontzia erabili ahal izateko baldintzetako bat.

 
 
Erdimina arintzeko, bainuontzia

Mina baretzeko eta erditzea samurtzeko aspalditik erabili izan da ura Europako hainbat herrialdetan. Euskal Herrian, ordea, oso kontu berria da. Debagoieneko ospitalean orain dela bi urte jarri zuten erditzeko bainuontzi berezia. Antzera Zumarragakoan eta bide horretan doaz Mendarokoan ere. Debagoienekoan eta Donostiakoan badira etxekoak bezalako bainerak ere, erdiminarentzat onuragarriak, ospitaleko estandarretara egokituta egon ez arren.

Erditzeko bainuontzi espezifikoek badituzte besteek ez bazalako hainbat berezitasun. Oso handiak izan ohi dira, emakumeak bertan mugitzeko eta nahi duen postura hartzeko aukera izan dezan. Gainera, oso azkar bete eta husten dira, andrearen momentuko beharretara egokitzeko (bainuontzira sartzea desio badu segituan betetzen da; atera nahi badu berriz, une batetik bestera husten da). Larrialdietarako atea ere badute bainuontziek, eta osasungintzako estandarrak nahiz ospitaleko segurtasun-arauak betetzen dituzte.

Mina arintzeko erabiltzen da oro har bainuontzia erditzeetan. Erdiminari aurre egiteko dauden beste metodo batzuen alternatiba da, anestesia epiduralarena, esaterako. Areago, epidurala jarrita duen andreak ezin du bainerara sartu. Izan ere, erditze arruntetan erabili ohi da, hau da, batere medikalizatu gabeetan. Urak, halere, ez du mina erabat kentzen, leundu baizik. David Moreno Debagoieneko ospitaleko emaginak azaldu bezala, emakumearen araberakoa izan ohi da bainuontziaren erabilera: “Emakume batzuk aldi baterako uretan sartzen dira, tarte batez egoten dira eta gero atera egiten dira. Gorputzak eskatzen dienaren arabera jokatzen dute”.

Erdimina baretzeko ez ezik, dilatazioan laguntzeko ere baliagarri izan ohi da ura. Normalki, erditzea aurreratuta dagoenean eta dilatazioa 4 cm-tik gorakoa denean gomendatzen dute bainuontzia erabiltzea. Fase horretatik aurrera urak erditzeari aurrera egiten lagun diezaioke, eta kasu batzuetan, azkartu ere egiten du. Bainuontzian azkarregi sartuz gero, berriz, artean uzkurdurak gogorrak eta jarraituak ez direnean, erditzea apur bat geratu egin daiteke, nahiz eta horrek konponbide erraza izan: emakumea baineratik ateratzea. “Erditzearen amaiera aldera erabiltzea gomendatzen dugu guk, baina horrek ez du esan nahi aurrez erabili ezin denik. Informazioa eman eta hitz egin ostean, andreak erditzearen hasierako fasean bainuontzia erabiltzea erabakitzen badu, ez dago arazorik”.Emaginak adierazi bezala, ura da erditzeetan erabiltzen den metodo ez farmakologiko eraginkorrenetariko bat eta gainera beste ekintza batzuen osagarri izan daiteke; hala nola, masajeak, baloia, mugimenduak, oxido nitrosoa, dutxa...

Osasun-sistemaren sareko ospitaleetan emazteen eskura jartzen hasi diren bainuontziak ezin dira umea bertan izateko erabili, hau da, haurra ezin da jaio uretan, eragozpen fisiko-sanitariorik egon ez arren, osasun-sistemako araudiak hala ezartzen baitu. “Berez haurra uretan izateko inolako eragozpenik ez dago. Emakumea uretan eroso balego eta, erditzearen azken fasean, indarra egiten bertan jarraitu nahiko balu, aukera bat gehiago izan beharko luke. Oraindik, ordea, osasun-sistemako protokoloak ez du onartzen, kontrakotasunak eragiten dituen gaia delako eta adostasunik ez dagoelako. Etorkizunean, baliteke aukera hori ere zabaltzea”.

Debagoieneko ospitalean erditzen diren emakumeek, oro har, badute bainuontzia erabiltzeko aukeraren berri. Batetik, bailarako emagin guztiek ezagutzen dituztelako ospitalea eta bertako zerbitzuak; eta bestetik, 39. astetik aurrera haurdunaldiko kontrolak ospitalean bertan egiten dizkietelako emakumeei eta erdi-tzerakoan dituzten aukerak zeintzuk diren azaltzen dietelako: “Kontrolak egitera etortzen direnean, galdetegi bat pasatzen diegu andreei; euren erditze-plana egiteko aukera dute. Bertan zehazten dituzte zeintzuk diren euren lehentasunak, zer erabili nahi duten eta zer ez, epiduralarekin erditu nahi duten edo gabe, bainuontzia erabiltzeko asmorik baduten, etab.”. Beraz, erditzera doanerako, emakumearen asmoen berri izaten dute ospitalean, eta momentua iristean andrearekin berarekin hitz egiten dute. Izan ere, erditze-planean zehaztu ez arren, emakumeak unean bertan erabaki dezake adibidez, bainuontzia erabiltzea; eta berak eskatu ez arren, emaginek ere gomenda diezaiokete. “Esate baterako, emakume batek epiduralik gabe erditu nahi badu, guk mina arintzeko hainbat aukera eskaintzen dizkiogu. Baliteke, akaso, berak hasieran bainuontzia erabil- tzeko asmorik ez izatea, baina gure gomendioen ondoren animatzea. Arropa kendu eta uretan sartzea besterik ez da. Ez dauka misterio gehiagorik eta proba egiteak behintzat merezi du”.

Oraindik emakumeen % 10ek baino gutxiagok erabiltzen dute bainuontzia Debagoieneko kasuan. Kontuan izan behar da, ordea, % 80 baino gehiago erditzen direla epiduralarekin eta kasu horietan ezin dela bainuontzirik erabili. “Emakume batzuk aurretik argi izaten dute bainuontzia erabiliko dutela; unea iristean, ordea, uretan oso gaizki senti daitezke. Kontrakoa ere gerta daiteke, aurrez eskatu ez, eta gero uretan askoz ere erosoago egotea. Erditzeetan ez dago modu hoberik edo okerragorik. Aukera asko unean bertan egin behar izaten dira”.

Etxeko erditzeen kasuan zer?

Morenok etxeko erditzeak ere artatzen ditu. Kasu horietan mina arintzeko eta dilatazioa azkartzeko etxeko bainuontziak erabil daitezke, baina erditzeetarako bainera bereziak ere badaude. Bainuontzi puzgarriak dira, ospitalekoak bezain zabalak, eta akaso erosoagoak, barrubigunak baitira, ohe puzgarrien ehundura berekoak, eta ez ospitaletakoak bezain gogorrak. Etxean erditzeak artatzen dituzten emagin taldeek bainuontziak erosi ohi dituzte batean eta bestean erabiltzeko. Hori bai, erditze bakoitzean, erabili eta botatzeko zorro bat jartzen dute, bainuontzia bera ez zikintzeko.

Etxeko kasuan, ez dago inolako arazorik uretan erditzeko: “Egozte-fasea heltzen denean, emazteak uretan jarraitu nahi badu, haurra bainuontzian bertan izan dezake. Haurrarentzat ez dago inolako diferentziarik; uretan jaiotzea ez da ez hobea eta ezta okerragoa ere. Alde bakarra emakumearen desiran eta erosotasunean egon daiteke”.

Filosofia aldaketaren fruitua

Emakumeei erditze-aldirako aukerak zabaldu nahi zaizkielako eta errespetuzko erditzea bultzatzeko xedearekin hasi dira hainbat ospitaletan bainuontziak erabiltzen. Debagoienekoan, azken urteetan, erditzeetako filosofia aldatuz joan dira eta eman ditu horrek fruituak, gero eta erditze arrunt gehiago izaten baitituzte, nahiz eta oraindik medikalizazioa altua izan. Andreei ahalik eta informazio zabalena ematen saiatzen dira, dituzten aukerez baliatuz, eurek erabaki dezaten zer nolako erditzea eduki nahi duten.

Poliki, baina erditzeak artatzeko moduan ere aldaketak gertatzen ari direla uste du Morenok: “Ebakuntza kirurgiko bat egiterako orduan inork ez luke ulertuko orain dela 30 urteko teknika berberak erabiltzea. Hortaz, erditzeen kasuan ere, ezin dugu onartu orduan bezala jarraitzea”.  Horrexegatik, emaginen egitekoa emakume bakoitzaren izateko modura eta hark hartzen dituen erabakietara egokitzea dela aitor- tzen du, eta bainuontzia erabiltzea aukera bat gehiago besterik ez dela: “Onena da? Ez. Baditu abantailak? Bai. Arazo guztiak konpontzen ditu? Ez, epiduralak, oxido nitrosoak edota posturaz aldatzeak konpontzen ez dituen bezala. Guztien bilduma da ona, emakumeak aukera guztiak eskura izatea, gero bat bakarra erabiliko ez badu ere”.